literaturaren zubitegia

1.061 idazle / 5.104 idazlan
7.824 esteka / 6.290 kritika / 1.828 aipamen / 5.566 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Ariane Kamio
Gara, 2018-12-15
[iturburua]
Idurre Eskisabel Larraņaga:
«Dena jaten dugu, dena irentsi, kontsumitu: mundua, besteak eta gu geu, geure burua»

Arrazoiaz bestalde aritzeko balio izan dio poesiak Idurre Eskisabeli (Beasain, 1970), zurrunaren muga saihesteko. “Goseak janak” (Susa) du bere lehen poema liburua. Sentipena darie bere hitzei, lurrin humanoa; arnasadun izateak dira, bazter habietan eraikitako sentipen garunak. 

“Goseak janak”. Nahi eta ezin baten posizioan jarritako poema sorta perfilatzen du izenburuak. Hala da?

Ez dakit bereziki nahi eta ezinaz ari naizen. Tira, nahia badago, eta, horrenbestez, baita ezina ere haren ezinbesteko ordaina den neurrian, baina ezina baino deslilura esango nuke: idealaren eta errealitate izendatu ohi dugun horren arteko talka, tentsio hori. Izenburuak, hain justu, horrekin denarekin du lotura. Izan ere, gosea izateko lehen pultsioa da, bizitzeko oinarrizko bulkada. Bizirik irauteko jan egin behar da. Eta ez bakarrik zentzu estuan, fisiologikoan. Adiera zabalean bizitzari eusteko behar da baita ere jakiteko gosea, ekiteko gosea, bilatzekoa, aldatzekoa… Beraz, badago bizi grina hori poemarioan, gosea presente dago bizi indar den zentzu eder horretan. Baina, halaber, gehiegizko goseak, gose aseezinak, jan egin zaitzake.

Gose autofagozitatua?

Autofagotizatzailea, bai. Arestian aipatu dudan gose primigenio, beharrezko eta eder horrez gain gose aseezinaren adiera makurragoa ere presente dago poemetan. Uste dut gaur egungo eta hemengo jendeon ezaugarrietako bat dela gehiegizko goseak jandakoak garela, bizitza geure buruetara iltzatuta esperientzia intentsuen oturuntza amaiezin gisa ulertzen dugun Gargantua saldoa. Gainera, zenbat eta gehiago jaten eman orduan eta gehiago hazten den gose bat da. Horrenbestez, dena jaten dugu, dena irentsi, kontsumitu: mundua, besteak eta gu geu, geure burua. Gose suntsitzailea da bai, autofagotizatzailea, kanibalismoaren goia.

Bezpera goseak jandako sorkuntzak daude bertan. Haurtzaroa aipatzen da askotan. Ezin atzera itzuli bat dago?

Atzera itzuli ezina bainoago nostalgia esango nuke. Bai, bada haurtzaro min bat, bizipen pertsonaletik abiatuta, eta, halaber, bada haurtzaro min bat gaurkotua, eta dimentsio kolektiboago bat, sozialago bat, politikoago bat duena. Izan ere, haurtzaroa zerbait bada —hala izan zen, behintzat, niretzat, eta hala da poemarioan mintzo den ni poetikoarentzat— jolasaren erreinua da, hau da, posibilitateena. Haurra zerbait bada errealitate izendatu dugun hesi hertsatzaile horretatik kanpo ibiltzeko gaitasuna eta baimena duen izaki hori da. Zentzu horretan, atzera itzuli ezina baino errealitate izendatu horren hormetatik kanpo ibiltzeko, edo sikiera, horma horiek zabaltzeko aukeraren nahia, aldarrikapena eta gonbidapena daudela esango nuke.

Inozentzia. Zenbateko balioa du inozentziak eta bere galerak Idurre Eskisabelengan?

Egun inozentzia eta ontasuna prentsa txarra duten hitzak dira, eta iruditzen zait berraztertu beharko genukeela zer dagoen inozentziaren eta ontasunaren mespretxu horretan: zergatik parekatzen ditugun inozokeriarekin, laño izatearekin, tonto izatearekin… Niretzako kontrakoa da inozentziaren esanahia —eta baita ontasunarena ere—: oso jarrera kontziente eta zailak iruditzen zaizkit, egikaritzekotan berariaz landu beharrekoak. Inozentzia lehenago aipatu dudan errealitate izendatutako horretatik aparte edo hura zabaltzen aritzeko lehen tresna dela uste baitut: aurreiritziak erauztea, begiak garbitzea. Azken batean, bizitzaren, besteen eta norberaren aurrean hartzen den jarrera izatea posibilitateak ireki eta zabaltzekoa. Mundu berriak irudikatzekoa. Sinestekoa. Bizitzan egoteko modu bat. Esango nuke, denik eta balio iraultzaileenetakoa dela egun inozentzia.

Haurtzaro minez zarela esateak pudorea ematen dizula edo zizula aitortu zenuen liburua aurkezterakoan. Zergatik?

Ba, aurreko galderan aipatu dudan inozentziaren prentsa txarraren ildo horretatik. Nago, egungo plazetan nor izateko eman behar dela halako irudi bat edozeren azpiak atzemateko gai zarenarena; edo are, edozertan azpiak daudela uste duzunarena. Dialektika baino oilar jokoa sumatzen dut askotan, sakoneko ideien kontrastean modu eraikitzailean aritzekoa baino anekdotatik abiatuta norgehiagoka hutsal xamarretatik garaile ateratzeko gose aseezina. Eta uste dut hori asko praktikatzen dela intelektualitate mozorroz zinismoarekin mugan. Jakina, panorama horretan haurtzaro minarena aitortzeak, inozentzia erreibindikatzeak, lotsa puntua ematen du.

Ibilbide zirkularrean doaz zure poemak, gurasotasunak eramanda bigarren inozentzia baten galeraraino. Ispilua ikusten duzu zure oinordekoaren inozentzia galtze horretan?

Tira, uste dut alaba eta semeekin ispilu jokoak sortzea gaur egungo kontestuan saihetsezina dela, hain zuzen ere, erabaki pentsatu eta landuen ondorioz izaten garelako guraso, haur kopuru txikienak, eta, horrenbestez, bakoitzari eskaintzen diogun arreta eta bakoitzarengan ezartzen dugun espektatiba ikaragarriak dira. Baina gurasotasunari buruzko poema horiek idaztea, justu, ispilu efektu horren kontrako, edo gehiegizkoa izan dadin eragozteko, konjuru bat izan dira niretzat. Eta bestetasun baten aitortza: sortu den pertsona berri hori, bera eta beregaina dela lehen unetik, gurasoak —amak kasu honetan— proposatzen duen ispilu jokoaz apartekoa. Eta, era berean, badago beste berri horren inozentzia eta desliluratzea ere, hain zuzen ere, gurasoez besteko izatearen kontzientzia hartzearekin, edo gurasoon txikitasuna agerian geratzearekin lotzen dena. Azken batean, bi desliluren elkarketa dago, eta desliluren elkartze horretatik sortzen da lilura berri baten aukera.

Oso fisikoak dira zure poemak, ukigarriak, usaingarriak, dastagarriak. Gorputzari emanak direla dirudite. Azaldu apur bat mesedez.

Ba, justu, horrekin ez dut azalpen handirik… Poema hauen fisikotasunaren kontziente gerora egin naiz, hain zuzen ere, besteek irakurri eta aipatu didatenean. Besteen bidez ohartu naiz baietz, diozun bezala, gorputzak presentzia handia duela poemetan, eta baita gorputzak zeharkatzen dituen bizipen eta sentipenek ere. Ez da aurretiaz pentsatutako zerbait izan. Hala atera dira.

Eta, bide batez, gorputzaz hitz egiterakoan, emakume baten gorputzetik ari zara. Ni poetiko femenino batetik. Ahalduntze bat ere bada hor.

Bai, gerora gorputzarena aipatu didatenean, eta hortaz pentsatzen jarri naizenean, ohartu naiz fisikotasun handi hori emakume izatearekin oso lotuta dagoela. Izan ere, uste dut emakume izateak bestetasun gisa ulertuta zeharkatzen duela poemategi guztia, batzuetan kontzienteki, oso berariaz, eta oso posizionatuta, eta beste batzuetan oharkabean, ezarian. Badago emakume izate bat ni poetikoak murrizte gisa bizi duena; hau da, une batean ume izateari laga eta emakume izatea hertsatzaile zaio pertsonaren dimentsio osoa izateko, edo bere hutsean pertsona izateko traba. Emakume izateak pertsona izateari gaina hartzen dio, eta hori murriztailea da subjektutasunaren ardatza gizontasunean kokatzen den testuinguruan. Eta emakumetasunaren gain hartze hori gorputzaren bidez gertatzen da. Horregatik, poemategiaren parte batean gorputza traba da ni horrentzat, pertsonatasun oso horretara heltzeko galga, ahotsaren eta buruaren ezabatzaile. Gero, ordea, poemategian proposatzen den ibilbide horretan gorputzaren birjabetze bat dago, eta hura bihurtzen da pertsonatasun oso horretara abiatzeko ezinbesteko ipar.

Munduari begiratzeko manera bat, oso pertsonala, proposatzen duzu lan horretan. Baina munduan isolatu gabe, besteak ere bilatu dituzu. Eta sentipen oinarrizkoenei bide eman diezu. Kidetasuna badago, baita amorrua ere. Zeren bilaketa da hori?

Esango nuke humano egiten gaituena besteekin etengabe eta ezinbestean josten dugun harremana dela. Besteekin eta besteen bidez gara, sortze beretik. Baina, aldi berean, gure tentsio oinarrizkoenen abiaburuan norberaren eta besteen arteko harreman hori dago: komunikazio erabatekoaren ezina, eta, horrenbestez, amorrua, hutsunea, bakartzearen mamua, zentzua galtzearen kezka… Eta, aldi berean, tarteka-tarteka baina aldiro gertatzen den bestearekin edo besteekin bat egitea, lotze sentipena, ulermen bristada. Eta horrek, ematen duen atsedena, eta, batez ere, bizi grina.

Naturak zenbaterainoko garrantzia du zure poesian?

Naturaren presentziarekin gertatu zait gorputzarenarekin gertatu zaidan gauza bera. Hau da, ez naiz propio ibili naturako irudien bila, baina besteek esandakoagatik, jabetu naiz irudi asko naturakoak direla. Badaudela inurriak, badagoela lurra, badaudela txorikumeak, inkluso txibia erraldoiak. Hor dago, baina horrela atera delako. Egia da nigan badagoela edo pertsona moduan atseden handia ematen didan ideia dela humanooz gaindi, eta humanoon mundu zoro eta gure gose aseezin eta gose autosuntsitzaile horrez gaindi, eta paraleloan, badaudela gu biziko ez bagina bezala bizi diren inurriak edo txibia erraldoiak. Badagoela gutaz gaindiko beste mundu bat, beste izate bat eta beste bizitza posibilitate bat eta horrek nolabait lasaitu egiten nau.

Kazetari izan zara urte askoan, orain irakasle unibertsitatean. Iritzi zutabeak idazten jarraitzen duzu maiz. Ibilbide arrazionala izan duzu, baina poesian alde erantzia erabili behar izan duzu.

Ziur aski ariketa konpentsagarri bat da. Kasi betidanik idatzi ditut poemak, batzuetan landuago… Batzuek karikaturak egiten dituzten bezala, nik zirriborro horiek egiten nituen. Kazetaritzak eta artikulugintzak, nahiz eta gero bakoitzak gure bideak bilatzen ditugun eta jantzi horren baitan gure jostura propioak topatzen ditugun, egia da badaukala bizkarrezur bat arrazoiketan oinarritzen dena. Arrazoiketaren bidez mamitu ezin nituen bizipen eta sentipenak mamitzeko bidea izan da poesia. Nahiz eta, paradoxikoki, nolabait arrazoitik kanpo edo arrazoitik ulertzea, sentitzea, bizitzea, kostatzen zaidan horri zentzua emateko bidea izan baita ere.

Arrazional eta irrazional. Nondarrago da Idurre Eskisabel?

Uste dut nolabait poesia izan badela egitura arrazional horretatik iskin egiteko modua, era berean esango nuke nire poesian badagoela nahi ez dela ere etortzen zaidan parte arrazionala eta, askotan oharkabean bada ere, koherentzia. Ez dakit bilatu dudan, baina topatu egin dut arrazoiketa modu bat. Beti pentsatu dut nire parte emozionala oso fuertea dela, baina justu poemario honen batez ere publikatze prozesuan ohartu naiz batetik, arrazoia edo argudiaketa ze babes inportantea zaidan nigandik ateratzeko edo plazara ateratzeko, eta baita ere, nire buruarekin ari naizenean ere, parte arrazional hori oso inportantea dela. Orduan deskubritu dut nigan parte arrazionalago bat, teorian irrazionalagoa den ariketa baten bidez.

 

Bilaketa