literaturaren zubitegia

1.064 idazle / 5.124 idazlan
7.830 esteka / 6.329 kritika / 1.828 aipamen / 5.568 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2015-11-20
[iturburua]
Andoni Urzelai:
«Kultura elitista gatzik gabea bultzatzen dute agintariek»

Andoni Urzelaik Karanbola toxikoak narrazio liburua plazaratu berri du Susa argitaletxearen eskutik. Euskal kulturgintza umorearen jomugan jartzen ditu lan honek, baina pertsonon kezka unibertsalei ere leku eginez.

Txiolari baten anonimotasunaz mintzo narrazioetako batean: “Duelu bati gezurretako pistola batekin aurre egitea bezalako zerbait zen hura: groteskoa”. “Groteskoa” hitza lehen narrazioan bertan topatu dugu, eta esanguratsua iruditu zaigu. Egungo euskal jendarte burges honen erretratua groteskoa behar zuen ezinbestean? Bilatu egin duzu era horretako erretratu bat egitea, edo ezin zen bestelakoa izan?

Tira, Karanbola Toxikoakeko 17 narrazioen asmoa ez da, printzipioz, errealitate konkretu baten erretratua egitea, errealitate jakin baten girotutako hainbat pertsonen gorabeherak kontatzea, baizik. Ez nuke esango, gainera, pertsonaia guztiek errealitate bertsua konpartitzen dutenik, batzuen eta besteen background-a diferentea baita. Edozelan ere, esan liteke antzerako eszeptizismo eta zinismoaz egiten diotela aurre guztiek egokitu zaien bizimoduari.

Lehenengo narrazioak abiatzen du karanbolen hurrenkera; anonimatura kondenatutako pertsona baten ezinegona islatzen da bertan, gizartean nolabait nabarmendu beharraren premiaz, barren-barrenean izen eta ospea baino ez du eta desio; maila bat edo bestean askok sentitzen dugun desio ezkutua, bestalde.

Ez dirudi erraza horrelako errealitate batean abiatzea, norbera errealitate horren erdigunean jarri gabe. Ariketa egin behar izan duzu zeure burua, autoironiaren bidetik, hor kokatzeko?

Nire izaera eta egoera pertsonaletik abiatzen naiz pertsonaiak eraikitzeko orduan. Hau da: klase sozial ertaineko gizon heldu eta koldar samar bat. Koldarra, arrazoiz mozorrotutako aitzakien azpian ezkutatzen dudalako instintuak agintzen didana. Hauxe diost niri instintuak: bizitza laburra duk, motel; ez hadi lelokeriatan entretenitu, egin ezak gogoak eskatzen diana. Zer eskatzen dit gogoak? Karibe edo bazterren baten hankaz gora bizitzea, ez behar izatea hilero 1500 euro hala moduz irauten segitzeko... Ondorioz, nire pertsonaiek nik dauzkadan kezka existentzial mozolo bertsuak darabilte buruan. Eta ez daukat, ezta, nire buruaz trufatzeko ezelako arazorik, noski. Ez nuke idatziko horrela balitz. Hori ikasi dut gutxienik...

Berehala deigarria egiten den liburuaren ezaugarri bat: euskal kulturako hainbat erakunde eta jarrera umore garratzaren jomugan jartzea. Euskal kulturgintza umoretik deseraikitzea, tarteka egin beharreko ariketa osasungarria da? Zergatik sortu zaizu zuri behar hori?

Liburuan zehar badago kulturaren inguruko hausnar/kritika bat. Behartutakoa batetik, idazle zapuztu baten pertsonaia erretxinduak behartzen bainau euskal kultura subentzionatuarekiko kritika eraikitzera, pertsonaiaren arkitektura ideologikoa egituratze aldera, hain zuzen. Kritika orokor horren zati bat konpartitu dezaket, ez dut guztiz nire egiten, ordea. Bestea da agintariek darabilten kultur eredu miserablea edo gizartearen apatia salatzea. Hiritarren kuriositate faltak eragindako kezka oso presente dago zenbait narraziotan. Eta ni ere kezkatzen nau axolagabekeria horrek, esan gabe doa.

Era ezberdineko eragileak jarri dituzu umorearen jomugan: Etxepare Institutua edo Gerediaga Elkartea bezalako erakundeetatik hasi eta sortzaileetaraino iritsi zara, “sortzaile” deiturikoen artean batez ere idazleak izan dituzu kontagai. Zer nolako arkua marraztu duzu batetik bestera?

Inortxok aintzat hartzen ez duen aktibista baten inguruan —Mikel—, dago eraikia liburuko trama nagusia. Mikelengan ernatzen da kultura ofizialekin zerikusia duen guztiarekiko herra intimo bat. Horrexek bultzatzen du pertsonaia kultur erakundeen aurkako gurutzadara. Kultura du jomugan idazle arbuiatua delako, baina izan zitekeen elizaren aurkako gudulari homosexuala balitz, esaterako. Umorea baliatu dut hor kontatzen direnak —astakeria potoloak tartean—, arintzeko. Era berean, badago eredu kulturalarekiko hausnar neurrizkoago bat. Guggenheim eta Tabakalerari deitzen diogu hemen kultura, eraikin soil baino ez direnean. Kultura elitista gatzik gabea bultzatzen dute agintariek, eta guk berau jan kabiarra dastatzen ari garelakoan. Perretxikoak beste kultur erakunde ofizial daude gurean, eta inpresioa dut asko eta askok norbere estruktura betikotzea baino ez dutela helburu gaur egun.

Irakurlearen aldetik lerro artean erakunderen bat, edo pertsona ezagunen bat, edo errealitateko pasarteren bat ezagutzeak -edo ezagutu uste izateak- ez du ahalegina amarillismoaren edo esamesaren ertzean jartzen? Horren beldur izan zara?

Horrexegatik ez dira, hain zuzen, benetako izen-abizenaz agertzen errealitatetik hartutako pertsonaia gehienak. Emango luke bestela mendeku hartu nahian nabilela zenbait jendekin eta ez da horrela inondik inora. Errealitatean erretratu bat baino ez da; deformatua, handitua. Zentzu honetan, baliteke nik buruan dauzkadan pertsonak eta irakurleak dituenak ez izatea norbanako berdinak.

Euskal kulturgintzarekiko ironia hori deigarria egiten den arren, ez litzateke justua lan hau ezaugarri horretara mugatzea: “Errazkinen iritziz pertsona orok dauka bere beldur partikular eta transferiezina, Armagedoi intimoa”. Liburua irakurri ahala, oinarri-oinarrian liburua pertsonei buruz, haien beldur eta argitzal ekidin ezinei buruz mintzo dela topatzen ahal du irakurleak. Halako batean kulturarekikoak azpigai iruditu zaizkigu, pertsonaia patetiko hauen beldurren alboan. Zer dago, funtsean, liburuaren oinarrian?

Esango nuke liburuaren oinarrian kezka existentzial unibertsalak daudela: bakardade eta heriotzari izua, bizitza konprenitu nahia... Finean, gaueko ordu txikitan gogora tupustean etortzen zaizkigun pentsamendu aitorrezin horiek. K taldearen inguruan eraikitako trama irakurleari jarritako amua baino ez da nik benetan irentsarazi nahi diodana aurkezteko.

Pertsona orok ezkutatu nahi lituzkeen -baina ezkutatu ezin dituen- miserien katalogo moduko bat topatu dugu liburuan: frustrazioa, porrota, zinismoa, depresioa, obsesioa, bakardadea, egoa, nartzisimoa... pertsonak erremediorik gabeko animalia patetikoak gara? Ez dago ezer salbatzerik?

Tira, miseriak... Badugu gaur egun joera gustatzen ez zaizkigun gauzak miseria lez izendatu eta bazter uzteko. Porrota, egoa, izua, angustia... horiek ez dira miseriak gizakien nortasunaren ezaugarriak baizik: sentitzen dugun egoneza horrexegatik ez balitz, seko aspertu eta hil egingo ginateke, lore ihartua bezala. "Miserien" katalogo guzti hori bizkarrean dugula egin behar dugu bidea, nahitaez. Noski, bizitzak badu poza eta barrerako tartea ere; igarotze penosoegia litzateke bestela. Niri, idazle moduan, bizitza honi logika apur bat aurkitzea interesatzen zait; norbanakoaren zokorik ilunenei argi apur bat ematen saiatzea, hain zuzen. Eta logika apur bat aurkitzeko galdera zail eta gordinei erantzun behar zaie.

Bestetik, oso humanoak dira pertsonaiak zentzu gertukoan, bere traketsean badituzte enpatia sor dezaketen ezaugarriak ere:

Bizitzarekin zer egin hausnartzen zuen bitartean erraza suertatzen zitzaion erabakia geroratzea. Bizitzarekin zer egin erabaki duenean, ordea, zalantzek eta galderek erasan diote.”

Heriotzari diogun beldurrak, bakardadearen itzalaren eraginak, onartuak izateko dugun beharrak... horiek guztiek pertsonaia hauen beste ikuspegi bat ematen dute, patetikotasunean bezala bat egin dezakegu horretan irakurleok pertsonaiekin. Liburuak aurrera egin ahala garrantzia handiagoa hartzen dute gainera horrelako gaiek, euskal kulturari buruzkoek baino... Hala da?

Kulturaren inguruan sortzen den tramak narrazioetan planteatzen diren gaiak arintzea dute helburu. Finean, bidaia bat planteatzen diot irakurleari. Eta ahalik eta bidaia dibertigarriena proposatu nahi izan diot, nahiz eta bidaia horretatik seko aztoratuta itzuliko dela jakin.

Liburu hau narrazio-liburu gisa plazaratu da, eta egia da, narrazioak dira. Baina momentu batzuetan zalantza: pertsonaiak errepikatu egiten dira, narrazioak autonomoak dira baina era berean haien arteko loturak etengabeak dira... Zergatik ez da liburu hau nobela bat?

Liburu hau hartu dezake irakurleak nobela gisa edo narrazio bilduma gisa. Nik neuk ipuin bakoitza mikro-mundu bat balitz moduan ikusten dut. Demagun etxebizitza bloke bateko apartamentuak direla narrazioetako bakoitza, igogailuari gora eta behera sakatzen dion atezaina naiz ni, batzuk eta besteen bizipenak lotuz eta elkar gurutzatuz.

Ez da azkenaldian plazaratu duzun liburu bakarra: gazteleraz Demencia (Baile del Sol, 2015) izeneko nobela plazaratu duzu. Elkarrizketa hau prestatzen hasi garen arte ez genuen liburu horren berri: esanguratsua, gutxienez, bada. Planeta ezberdinetan argitaratu dituzu liburuok? Nolakoa da, euskaraz ere argitaratzen duen idazle batentzat, erdarazko nobelagintzaren planeta?

Tira, aipatzen duzun liburua, Demencia, duela 6 bat urte idatzi nuen eta harrez gero dantzan ibili da; editorialez editorial. Erdarazko mundu editoriala zabalegia da gauza onerako. Ni bezalako idazle mirrin eta izenik gabeko batentzat bai, gutxienik. Itsaso zabalean listua botatzea bezalako zerbait izan da. Gainera, asko nekatzen nau idatzi ondorengo erromeria lastimoso horrek (atez ate kredentzialak erakutsiz ibili beharrak). Oso modu obsesiboan idazten dut (denbora laburrean eta gorputz eta arima horri emana), eta behin lana amaituta, distantzia fisiko eta mentala behar izaten dut idatzitakoarekiko. Zentzu horretan, euskal mundu editoriala hein berean da zorrotza, baina askozaz hurbilagoa.

Demenciako Andoni Urzelai eta Karanbola toxikoak liburukoa, idazle bera dira? Gai berak, idazkera berak lantzen dituzte?

Hizkuntza eta Trama bat dela edo bestea, badaude nigan obsesio konstante batzuk, nahitaez nire lanetan azaltzen direnak: heriotza, bakardadea, eromena... Beraz, baietz esango nuke: Demencia eta Karanbola toxikoak morroi berberak idatzi ditu, bai. Gainerakoan, erdaraz idazten ere modu naturalean aritu naizela esan behar...

Karanbola toxikoak lanera bueltatuta, idazlearen rola etengabe hankaz gora jartzen duzu, idazteko ezintasunaren aurrean egoaren biziraupenerako twitterren babesa hartzen duen izaki grotesko bat marraztuz (besteak beste) “Bere alter egoaren txio harroputzek besterik adieraz dezaketen arren, autoestimutik gutxi du eta zinismo merketik sobera. (...) Zein klasetako maltzurkeria darabil naturak, talentua daukazunaren sinesmena itsatsi baina berau gauzatzeko gaitasuna ukatzen badizu?”. Non kokatzen zara zu idazle bezala, zer da egun idaztea zuretzat?

Idazle izatea nahi nuke nik, totala. Hau da: idaztetik bizi ahal izatea, beste ezer baino gehiago gustatzen baitzait nire txorakeriei forma eman eta lau haizetara zabaltzea (idazle ororen banitatea). Ezin dudanez, idazten dut afizioz. Noski, batzuetan tormentua balitz bezala bizi dut idaztea, liburuko pertsonaia bezala. Dostoievski izan nahi eta ezin hori...

Liburuen patuaz ezkor (edo errealista?) samar sumatu ditugu liburuko pertsonaiak, ipuin batean topatzen ahal den “Liburuaren bideak, terapia baterako zirriborroa” testu laburragoan kasu. Zergatik argitaratu, beraz, liburu hau?

Kulturari dagokionez, beste hainbat gauzari buruz bezala, bestalde, oso ezkorra naiz. Ikusten dut lo hartutako giza-multzoa, uneoro hau edo besteagatik shock egoera konstantean egotera behartua, bere baitan kiribildua... Lau katuk irakurtzen dute, lau katu joaten dira antzerki saio edo kontzertuetara, lau katuk militatzen hemen edo han. Finean, lau katuk eragiten eta sortzen dute eta beste lauk haiek sortutakoa kontsumitu. Eta okerrena da lau horiek beti katu berberak direla, gainera. Zergatik idatzi ezerk ez badu inportantziarik, eraginik, hortaz? Ba, besteak beste, horrelako gauzak esateko, edo?

Eta irakurle gisa, zer eskatzen diozu liburu bati?

Irakurle gisa erantzunak bilatzen ditut liburuetan, edo gutxienik bizitza begiratu eta ulertzeko balio diezadala. Ez ditut entretenimendu hutsezko liburuak maite, horretarako nahiago dut Bond-en film bat ikustea. Irakurtzea, entretenigarria izateaz gain, lagungarri ere suerta dakiguke eta ezelako dudarik gabe. Ez dut esango inteligenteago bihurtzen zaituenik, ez baita horrela; baina bai existentzia konprenitzen lagun zaitzakeela. Bizitza krudela da: jaiotzen gara, hala moduz bizi gaitezke 60/70 urte, eta akabo kontua! Egia natural hori ez da irensten erraza. Irakurtzeak, zure kezka igualtsuak dituztenen bizipen eta hausnarketak konpartitzeak, heriotza arrazionalizatzen lagun diezazuke, esaterako. Bizitza ulertzen lagundu, gutxienik; norbere pentsamendu-armazoia sendotu. Tira, on egiten dizkigun gauzei atxiki behar gatzaizkiela eta, nik dakidala, irakurtzeak ez dio sekula txarto egin inori (gera bitez kanpo Biblia, Corana, auto-laguntza, gastronomia eta autore txarren liburuak, noski. Kar...kar...).

 

Bilaketa