literaturaren zubitegia

1.064 idazle / 5.124 idazlan
7.830 esteka / 6.329 kritika / 1.828 aipamen / 5.568 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Hitzen uberan, 2015-04-17
[iturburua]
Mikel Peruarena Ansa:
«Nire lanetan badago beti formarekiko lilura bat»

Aste honetan bertan zabaldu denez, Mikel Peruarenaren Su zelaiak liburuak irabazi du 2014ko 111 Akademia saria, idazleek eta literatur zaleek bereziki preziatzen duten aipamena. Elkarrizketa hau egiteko unean Mikel Peruarenak bazekien finalista zela, eta pozik hartu gintuen.

Inbutu gisako egitura batekin eraiki du Mikel Peruarenak Su zelaiak nobela: modu koralean hasten den narrazioan izenak, aurpegiak, historiaren barruko istorioak amiltzen, galtzen, hiltzen azalduko dira, inbutuaren lepo gero eta estuagoan ezin kabiturik. Lehen Mundu Gerran Euskal Herria, frantsestua izango den jendarte baten patua.

Ez obeditu inoriren ostean bigarren nobela duzu Su zelaiak, baina poeta ezagutu zintugun, edo poesia idazten behintzat. Zer geratzen da ahots hartatik, bada haren eraginik nobeletan?

Krisi handi bat daukat poesiarekin, dagoeneko ez dakit poesia zer den, erabat galduta nago. Azkenengo urteetan idatzi ditut gauza batzuk baina ez naute konbenzitzen. Ez dakit poesia egiten dudan edo zer, ez dakit lehen egiten nuena poesia zen ere... Nazkatu egin nintzen poesiarekin, “o poeta e um fingidor”, hortik asko dagoela iruditzen zait, sentimenduak esajeratzeko horrelako inpostura moduko bat. Gombrowicz-en Contra los poetas irakurri nuen eta esan nuen “bai, hau horrela da”. Edo ahotsa aurkitu ezinik egongo nintzen agian...

Momentu batean proba batzuk egin nituen narrazioarekin, hor oso gustura aurkitzen naiz. Baina narrazioaren barruan ere ez dakit oso ondo zer den nobela bat, zer den narrazio bat, zer den deskribapen bat... generoen arteko mugetan ez dut gehiegi sinesten, posible da denek elkar elikatzea ezer oso garbia izan gabe. Beharbada lehen egiten nuena ez da erabat poesia eta beharbada orain egiten dudana ez da erabat narrazio hutsa. Nire lanetan badago beti formarekiko lilura bat, edo edertasuna bilatu nahi bat testuan, nahiz eta narratiboa izan. Baina hori nahiago nuke irakurleek eta kritikoek esango balute, norberak egiten duena epaitzea askotan oso zaila da.

Bai Ez obeditu inori bai Su zelaiaken ez ohiko garaiak jorratu dituzu. Ez ohikoekin esan nahi dut batez ere Hego Euskal Herriko literaturan gutxi jorratu diren garaiak direla. Zerk eramaten zaitu garai horietara, hutsune hori sentitzeak…?

Nik beti eduki dut historiarekiko zaletasun bat. Memoria historikoaren inguruan asko hitz egiten da, oso politizatua dago zentzu txarrean, batik bat 36eko gerrarekin, trantsizioarekin eta horrelako gauzekin lotzen delako eta hor kaka asko agertzen delako... 36ko gerrari buruz nik ezer gutxi gehiago aportatuko dut ikertu dena eta idatzi dena baino, uste dut badaudela garai hori bezain interesgarriak diren beste batzuk ez ditugunak ezagutzen, eta errepikatzea baino nahiago dut originaltasuna bilatzea edo beste zerbait ekartzea gaietan, ahal dela.

Horrelako garaietan murgiltzeko dokumentazio lana izan da gakoa. 36eko gerrarekin egin izan den ez bezala, ezin izan duzu jo lehen eskuko testigantzetara... Iraganera bideratutako kazetari sen bat dago oinarrian? Zer nolako bidaia da dokumentazioan zehar egindako hori?

Kazetaria naiz eta segur aski horrek ere eragina dauka liburuak egiteko aurreko lan horretan, dokumentazio horretan. Dokumentazioa eta informazioa lortzeko bide asko daude, ez bakarrik zuzeneko testigantzak. Ahozko testigantzak askotan oso tranpatiak eta gezurtiak izan daitezke, ez dute zertan hobeak izan, nahiz eta batzuetan askoz ere balio gehiago ematen diegun. Lan hori askotan garaiko dokumentuekin eta agiriekin osatu behar da, kontrastatu egin behar da. Kasu honetan ahozko testigantzak biltzea ezinezkoa zen lehenengo pertsonan, jo nezakeen akaso seme alabengana edo ilobengana baina bigarren edo hirugarren eskuko lekukotzak izango lirateke... Ahozko edo zuzeneko testigantzak eman diezazukeena batez ere sentimendua da: nola bizi zuten gertatutakoa, nola sentitzen zuten, zer pentsatzen zuten... horrelako elementuak dira asko, horregatik bigarren edo hirugarren eskutik jasotzea ez da oso praktikoa. Azkenean beste batek bizitakoari buruz hitz egingo lizukete. Badaude testigantza batzuk idatziak, soldaduen egunerokoak, gutunak, garaiko bertsoak, kronikak... horiek bai irakurri ditut, batzuk. Gauza asko protagonistek berauek idatzi zituzten garaian bertan. Eskualduna pieza klabea izan da.

Aldi berean zalantza handiak sortzen dizkizu dokumentazio lanak: material pilo bat aurkitzen duzu oso ona, oso kronika interesanteak, biziak, ondo idatziak, eta esaten duzu: “nik zer idatziko dut ordukoek baino hobeto?”. Gainezka egiten dizu informazioak. Denbora asko egon naiz ataskatua horregatik, ez nekielako zer kontatu, nola kontatu, zer aportatu nezakeen eginda zegoenetik aparte. Konturatu nintzen material asko egonda ere oso ezezaguna dela, eskura dago interneten baina jendearengana ez da iristen edo jendea ez da horretara iristen. Bi urte pasa nituen begiratzen eta gero beste bi urte bueltaka, eta denbora horretan guztian ez nuen ikusi ez ikerketarik, ez gaia kazetetan, ez ezer. “Material hau daukat eta egin beharko dut zerbait”, pentsatu nuen.

Eskualduna aipatu duzu: Patri Urkizuk 1914-1918: lekukoak liburua plazaratu berri du liburu bat eta Eskualduna izan du iturri nagusi, Eneko Bidegainen Lehen mundu gerra  eta Euskal Herria lanean ere garrantzitsua izan da, Susak azken urtean eduki horiek azaleratzen joateko ahalegina egin du... Hor ikusten da momentuan gauzak idaztearen eta jasotzearen garrantzia, Eskualdunarik ez balitz liburu hau oso ezberdina izango zen.

Ba bai, ez dut ezinezkoa izango zenik esango, baina... Suerte handia daukagu Eskualduna bezalako periodiko bat edukitzeaz garai hartan. Astekaria zen, ostiraletan agertzen zen, hasieran zortzi orrialdekoa, gero laukoa, bikoa ere bolada batzuetan papera gerra kontuengatik murriztu zenean. Altxor bat da, hor denetik dago: bertsoak, beste periodiko batzuetan agertutako kroniken erreferentziak, soldaduek frentetik bidalitako kronikak, idazleenak... Kazetaritza erreferente bat daukagu hor ez duguna batere ezagutzen, mende bat baino gehiagoko tradizioa daukagu euskarazko kazetaritzan eta ematen du ez dela existitzen, bitxia da hori. Uste dut transmisioa galdu egin dela, eta kazetari eskoletan kontuan hartu behar litzatekeela.

Zer beste iturri izan duzu?

Gerrako nobelei buruzko asko dago, bai frantsesez, bai alemanez, ingelesez ere...

Baina erdaretan beti ere...

Bai, eta beste batzuen bizipenetan. Hizkuntza minorizatuko pertsona baten ikuspegia nolakoa zen gerra hartan ez dizute kontatuko ingelesek, adibidez. Eskualdunean ere beharbada ez, baina gauza batzuk bai ikusten dituzu eta identifikatzen dituzu beharbada ingeles batek edo Parisko batek ez lituzkeenak identifikatuko. Momentu batean pentsatu nuen aurreneko gerrari buruz hegoaldean gehiago dakigula Paths of glory Stanley Kubricken pelikulagatik euskaldunek beraiek bere esperientziari buruz kontatu dutenagatik baino. Idazle batzuk dauzkagu esperientzia haren kronika egin dutenak baina ez ditu inork ezagutzen, Kubrick ordea bai. Gure menpekotasun kulturalaren beste adibide bat da, esanguratsua. Niri dagokidanez, kronikagile horiek egon ez balira ez dakit liburu hau posible izango zen.

Funtsean zerk erakarri zintuen gai honekin, zein izan zen lotura esateko une batean: “hau da kontatu nahi dudana”.

Ez dakit zer izan zen... oso argi neukan garaia, giroa eta gaia: Lehen Mundu Gerra Euskal Herrian, baina ez dakit nondik sortu zen. Gero Eskualduna irakurtzen eta materiala biltzen hasi nintzen moduan oso argi ikusi nuen material literario ikaragarria dagoela hor: nola eragiten duen gerra batek gizarte baten transformazio erabatekoa, Ipar Euskal Herria errotik aldatu zuen, sekulako drama eragin zuen, aldaketa, frantsestea... horrek pertsonengan duen eragina ikaragarria da, herri oso bat zipriztindu zuen. Idatz ditzakezu milaka istorio: emigrazioari buruz, emakumeen bizimoduaren aldaketei buruz, emakumeak lan munduan sartzeari buruz... infilidadeak, apaizak, gatazka sozialak... konturatzen nintzen heinean gero eta gehiago lotzen nintzen. Nola ez dugu hau literaturan gehiago esplotatu? Harrigarria egiten zait. Pentsa estatu batuarrak ze gutxi egon ziren Lehen Mundu Gerran eta nola esplotatu duten zineman adibidez, edo literaturan. Euskaldunak han egon ginen, gure historiaren parte da, baina oso gutxi esplotatu dugu hori kulturalki... hortaz ohartzen nindoan bezala pentsatu nuen gaia atera behar zela, landu behar dela.

Aurkezpenean aipatu zenuen denbora asko  pasa zela liburua idazteko ikuspuntua topatu arte…

Bai, hainbeste material neukan... eta haietako asko pasadizo txikiak ziren, zertzelada bat, pertsonaia bat, izen bat, leku bat… nola kontatu hori dena? Hartu nezakeen desertore bat adibidez, istorio oso polita izango zen. Liburuan azaltzen den Etien Bonnat boxeolaria hasieran pertsonaia nagusi izateko sortutakoa zen, teorian beste pertsonekin borrokatzeko entrenatzen den pertsona bat ze egoeratan aurkitzen da frentean benetan hil ala bizi beste baten aurka borrokatu behar duenean? Interesatzen zitzaidan borroka jolas bezala, borroka joko bezala. Hori hasi nintzen garatzen adibidez, eta ez nuen aurkitzen modua pertsonaia baten bidez kontatzeko kontatu nahi nuen guztia, ataskatuta egon naiz hor denbora pila bat.

Beste aukera bat saga familiar bat egitea zen: bakoitza joan daiteke punta batera eta horrek ematen dizu aukera gai ezberdinei buruz hitz egiteko, baina oso tradizionala ikusten nuen, alde batetik manikeoa ere: jarri ditut pertsonaje hauek elkarrekin hau dena kontatu ahal izateko... zilegi da baina ez ninduen konbenzitzen. Hasi nintzen pentsatzen “beharbada narrazio laburren bilduma bat izan daiteke, eta horrek amaieran osotasun bat izan?”. Hortik jarraitu nuen pentsatzen: "hauek denak gerrara doaz, batzuk hiltzen joango dira, beste batzuk zauritzen…" hor hasi zen nobelaren egitura edo inbutuaren ideia hori sortzen, horrek desataskatu ninduen, narrazio solteen eta nobelaren arteko hibrido moduko bat eginez.

Inbutuaren kontzeptua aipatu zenuen aurkezpenean, liburua irakurri ondoren logika handia topatzen zaio egitura horri. Baina berehala burura datorren galdera: nola kudeatzen da horrelako egitura bat? Imajinatzen zaitut CSI edo horrelako telesail yankeetan bezala, pistaz eta hariz jositako arbela handi baten aurrean, hari begira orduak pasatzen, obsesionatua harien arteko loturekin...

Kar-kar... Egia da pertsonaia gehienak oso gutxi agertzen direla, eta horrek ez duela eskatzen pertsonaia guztia garatzea. Nik badakit pertsonaje bakoitza gutxi gorabehera non atera den eta gero berriz atera behar bada erraza zait jotzea zegoen lekura eta berreskuratzea. Taula batean bai apuntatzen joan nintzen zeintzuk ziren hiltzen zihoazenak, norbait hil bada ez ateratzeko hiru kapitulu barru. Hor kontatzen hasi nintzen momentu batean eta pertsonaje erreal, fikziozko eta asmatuen artean ehunetik gora ateratzen zitzaizkidan, neure burua izutu nuen pixka bat. Nekagarria izan da alde batetik, baina ez hain zaila. Desberdina litzateke horietatik hamarrek edukiko balute garapen inportanteago bat, edo presentzia handiago bat, edo protagonistago izango balira, horrek bost edo sei liburuko lan batera eramango ninduke.

Horrekin batera badago beste kapa bat dela xehetasunena. Zein neurritan dira hauek fikziozko, edo dokumentatutakoak?

Niretzako inportanteak dira narrazioetan xehetasunak egiantza ematen diotelako. Ni ez naiz egon trintxera batean borrokatzen, hori bigarren edo hirugarren eskutik jasotako informazioa da. Gauza asko badira errealak, adibidez motxilan zeramazkiten gauzen deskripzioa… ez dakit nongo liburutatik hartutako zerbait, edo Eskualdunatik, nobela batetik… horietan aipatzen diren gauzak gero hibridatu egiten ditut. Xehetasun asko errealak dira, eta niretzat inportanteak dira egiantza hori emateko narrazioari. Beste deskripzio batzuk asmatuak dira, gela baten deskripzioa… Hala ere ez zaizkit gustatzen deskripzio xeheak, aspertu egiten naute. Gaur egun erabat zentzugabe iruditzen zaizkit, baina momentu jakin batean paragrafo batean hiru esalditan xehetasun oso zehatz batzuk ematea erritmoa ematen duela iruditzen zait, batzuetan deskribapenak oso zehatzak izan gabe nahikoa dira irakurleak bere irudia sortzeko. Tentsio bat daukat deskripzioekin, zenbaiteraino zehaztu behar den edo ez.

Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak gidatzen du liburua, baina bada hainbat azpigai eta hari ere. Deigarri egin zaizkidanen artean emakumeena, apuntatzen da baina ez da ardatz nagusietako bat. Pentsatzen dut hor askoz informazio gutxiago egongo dela.

Bai, oso gauza gutxi. Orain gogoan daukat adibidez gerra garaian Frantziako gobernuak sari batzuk eman zizkiela laborari lanak egiten ari ziren emakumeei, landa lanak nolabait bultzatzeko. Gerran zeuden, gizonik ez zegoen lurra lantzeko, edo umeak eta zaharrak eta ezinduak zeuden bakarrik, esaldi pare bat, baina horrek bakarrik mundu oso bat imajinatzeko aukera ematen dizu: emakume bat hasi izan balitz lanean segarekin apezak zer imajinatuko zuen, edo ondoko baserrian bizi zen mutil zaharrak…

Oso argi neukan ez nuela trintxeretako nobela bat egin nahi, eta hor duda batzuk ibili nituen momentu batean, ez ote zuen erretagoardiako nobela bat izan behar ere. Gerrako nobelak egiterakoan normalean gerrako deskribapenak egitera eta lubakietan sartzera jotzen dugu, baina oso garbi neukan ez zuela horrela izan behar. Aldi berean konturatu nintzen gerrako historia hori dena ez daukagula apenas kontatua, hori ere kontatu nahi nuela, beraz ekilibrio zaila izan da. Agian erronkarik handiena erretagoardiako emakume baten istorioa kontatzea izango zen, ihesi egin diot horri beldurragatik: akziorik ez dago, beraz edo asmatu dezakezu emakume oso heroiko bat, erizain bat gerran dabilela… edo gero estereotipoak daude. Beti ekintza pasiboetan irudikatu behar ditugu emakumeak, edo ekintzaile? Garaiarekin fidel izateko, emakumeen gehiengoa non zegoen zer egiten zuen? Kezka horiek denak hor ibili dira, emakume bat aktiboegia izan gabe ere bere bizitzarekin jarraitzen duena gerrak irauten duen bitartean, hori kontatzea erronkarik handiena izango litzateke.

Beste azpigai bat: intsumisio hitza aipatzen da liburuan. Irakurtzerakoan oso kontzeptu modernoa iruditu zait, existitzen zen intsumisioaren kontzeptua bere horretan?

Bai, baina emigrazioaren gaiari lotuta. Garai hartan Ipar Euskal Herriko milaka eta milaka pertsona joan ziren batez ere latinoamerikara, oso gazte, gehienak artzain edo neskame. Hamazazpi-hemezortzi-hemeretzi-hogei urterekin emigratuta soldaduska egin gabe geratzen ziren. Horiek ziren intsumisoak, ez propio armadari ihes egindakoak, soldaduska egiteko garaian emigratu egin zutenak baizik. Egongo ziren batzuk soldaduskatik ihesi joan zirenak, baina haiek Ameriketan zeuden eta kito. Zer gertatu zen? Gerra hasi zela bitartean, batzuk propio bueltatu ziren gerra egitera, gehienak han gelditu ziren. Batzuk etorri eta atxilotu egin zituzten intsumiso izateagatik, soldaduskan ez zirelako egon… kasuistika zabala da. Intsumisoen kasu hori ez dut uste kontzientzia antimilitarista baten muina zenik, hori sortzekotan sortuko zen gehiago behin gerran egon zirenen artean, nik uste.

Zer nolako ahalegina egin behar izan duzu, garaiko gizartean kokatzeaz gain, garaiko Ipar Euskal Herriko gizartean barneratzen?

Ahalegina bai, baina parte batean nahiko erraza izan da Eskualdunak giro baten berri ematen dizulako: egoera animikoa, pentsamenduak, sentimenduak, eztabaidagaiak, jendeak zer pentsatzen zuen… Kontuan hartzekoa da Eskualdunak bere garaian 5000 harpidedun eduki zituela Ipar Euskal Herrian bakarrik. Hori gaur egun Euskal Herri osorako euskarazko edozein aldizkarirentzat arrakasta gailena litzateke. Orain bezala garai hartan ere bazegoen kosta eta barrualdearen arteko holako bereizketa bat. Barrualdean Eskualdunak sekulako arrakasta zeukan, ia etxe guztietara iristen zen, kostaldera ez hainbeste. Eremu euskaldunagoa eta frantsestuagoa existitzen zen, horregatik Eskualduna oso termometroa ona da eskualdunak nola bizi ziren ikusteko. Aldi berean oso katoliko eta ultrakontserbadorea zen, gaur egun esango genuke fronte nazionaletik eskubirago legokeela kasik, eta gai sozialetan oraindik gehiago. Bazeuden ezkerrerago zeuden beste foku batzuk, eta oreka bat bilatu behar izan dut, gerturatu osotasunean zeuden sentimenduetara.

Horren harira konturatzen zara gauza batzuk ez direla apenas aldatzen, ematen du ez direla urteak pasatzen. Batzuetan orduko gertaera bat gaur egun nola biziko genukeen imajinatzea ez da hain zaila egiten, azkenean pertsonak garelako eta sentimendu batzuk ez direlako aldatzen: beldurra orain dela ehun urte eta orain berdintsua da, aldatuko da objektua, zeri diozun beldurra. Alde horretatik niri ez zait hainbeste kostatu ordukoetan kokatzea, dudak ere beti sortzen diren arren…

Eneko Bidegainek lan handia egin du azaltzen zer gertatu zen XX. mendean Ipar Euskal Herria frantsesteko orduan. Konfirmatu zaizkizu hark idatzitakoak, topatu duzu horren arrastorik?

Eneko ezagutzen dut Berriatik eta banekien lan horretan ari zela. Pasa nizkion apunte batzuk ere, berak beraz bazekien zer edo zer egiteko ideiarekin nenbilela, hori orain dela bost-sei urte. Gero ez dugu elkarren berri izan, bakoitza bere aldetik ibili gara. Orain dela bi urte edo elkarrizketaren bat ikusi nion, horko gauza batzuk irakurri eta konturatu nintzen ondorio berdintsuetara iristen ari ginela bakoitza bere aldetik joanda. Egia da iturriak antzekoak izan ditugula, Eskualduna batez ere, baina hala ere alde horretatik harrituta geratu naiz. Gauza asko oso osagarriak dira, bitxia da, ez dagoelako informazio sistematizatu bat; txatalak daude, baina ez “Ipar Euskal Herriko aurreneko mundu gerrako historia” ofizial bat. Horrek nolabaiteko patxada ematen dizu ere, bi lagunek nahiz eta iturri antzekoak izan bere kasa lan eginda antzeko ondorioetan ibilita... Eneko ez balitz egon zalantza gehiago edukiko nituen, baina bere lanak nolabait erreafirmatu egin nau, patxada bat eman dit.

Nola bizi izan duzu ehungarren urteurreneko efemeridea? Hainbeste denbora pasa duzu gaian murgilduta, modako efemeridea bilakatu denean ezer berria topatu duzu atera diren materialetan? Ze irakurketa mota egin da oro har?

Hego Euskal Herrian ez du oihartzun handirik eduki egia esan, Ipar Euskal Herrian atera dira lanen batzuk, erakusketaren bat... baino nahiko apal pasa da. Frantzian bai ari dira egiten sekulako lana, eta hor bi joera daude: batetik bada irakurketa ildo interesante bat, gerran ahaztutako gauza batzuetaz hitz egin duena, tokatu zitzaidan Bordelen egotea adibidez “Emakumeak gerran” erakusketan. Ildo horrek beste ahots batzuk berreskuratzeko eta nolabaiteko irakurketa kritiko bat egiteko ahalegina egiten du. Bestetik bada ildo ofizialista bat “gugatik hil ziren heroiak” eta abar dioena, oso akritikoa dena. Oro har espero zitekeena, ez nau ezerk harritu bereziki. Baina nik bai espero nuen guk gure partetik zerbait gehiago egingo genuela, hor uste dut oraindik motz gaudela, Patri Urkizurena, Eneko Bidegainena, nirea… ez askoz gehiago. Pena ematen dit horrek, orain gaude gauzak ateratzeko, etorkizunean horren kritika ere egin ahal izateko.

Ez obeditu inorirekin gogoan dut aipatu zenuela, liburua idazteko orduan ariketa bezala pentsatzen zenuela “hau nola esango ote zuen nire amonak”, bazegoen ahalegin bat hizkuntza eta sinesgarritasunaren aldetik. Kasu honetan beste hautu bat dago, euskalkiaren alde.

Kasu honetan amona hilda zegoen, eta gainera ezingo nion galdetu iparraldeko hizkeraren joerengatik eta joskerengatik, baina bai joan naiz nire hiztegi propioa osatzen, gauzak irakurri ahala nahi gabe ikasi egiten da. Hainbeste zipriztindu nau garaiko hizkuntzak, Eskualdunak eta garaiko idazleen hizkuntzak, egiantza izateko horrela izan behar zuela, ez zegoen beste aukerarik. Ez da hain prozesu zaila izan niretzako, nik gainera joera daukat beste euskalkietako gauzak ikasteko... gero badago aukera estetiko linguistiko bat: iruditzen zait euskara batua estandarizatuegia daukagula zentzu txarrean, euskara batuak kolore asko onartzen ditu eta malgutasun handia dauka, nik uste dut esploratu beharra daukagula. Euskalkiak kolore hori, malgutasun edo adierazkortasun hori emateko aukera bat dira, eta nik uste dut batuaren barruan ere esploratu behar dugula hori.

Gero kontuan hartu behar da ere hiztegi batuak eta Euskaltzaindiak bere erritmoa daukala eta hitz askoren gaineko erabakiak hartu gabe daudela. Orotariko euskal hiztegia hor daukagun altxor bat da, milaka flexio, joera, joskera, joko, hitz ditugu hor, hiztegi batuak onartu gabe ez dauzkanak.

Transmisioari eta memoriari dagokionez, nahiz eta interneten garaian egon ez ote gara ari gauza asko bazterrean idatzi gabe uzten? Batzuetan uste dugu interneten dagoela dena eta ez da egia. Nola da posible ez egotea, adibidez, gertu samar dagoen 90eko hamarkadako hainbat eta hainbat kontu, gai poltikoak, sozialak… kontzientzia baten beharrean gaude oraindik, transmisioari begira, gauzak kontatzeari begira?

Dudarik gabe. Nik uste bizi garela ugaritasunaren ilusioaren garaian, eta aldi berean ugaritasunaren tirania ere bada pixka bat. Badirudi denetik ikaragarri pila daukagula eta ez da horrela. Gauza asko dauzkagu kontatzeko, eta gauza asko dauzkagu berrikusteko. Gauza asko berrikusi egin behar dira, nahiz eta kontatuak egon bere garaian. Hala ere, ni saiatzen naiz istorio hauek guztiek gugan gaur egun zer eragin duten aztertzen, norbera eta irakurlea orduko joera-jarrera-ikuspegi-sentimenduetan identifikatuta sentitzen… nik uste dut hor badagoela lan interesante bat egiteko, nahiz eta iraganaz izan gure buruaz ari garelako.

 

Bilaketa