literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Miel Anjel Elustondo
Argia, 2014-12-28
[iturburua]
Jose Luis Otamendi:
«Zerbaitek egingo bagaitu, jendarteak egingo gaitu»

Ekonomia tratatuaren titulua dakar baina poema liburu betea da Kapital publikoa (Susa, 2014). “Denona den hori da kapital publikoa”, esan zuen Jose Luis Otamendik liburua aurkeztu zuenean: “Inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak”. Gogoeta eta poetika, liburu eginak, egoera sozio-politikoaren eta eguneroko bizimoduaren hari mehean.

Diozunez, denona den hori duzu kapital publikoa. Irakurtzen ari nintzen eran, estu idazten jardun duzula iruditu zait…

Estutzat zer daukazun! Estua baldin bada norberak zabarrean egin duena findu nahia, lastoa kendu, ahal den mamienera iritsi, apaindu… horretan bai, estua naiz. Artisau alderdia zorroztua daukat aspaldi. Baina bestela ez dut estu jotzeko asmorik izaten. Are gehiago, libreena, gustukoena, esparru honetantxe sentitzen naiz, poesian. Dena dela, poemak gutxitan irteten du urak kanilatik bezala; gutxitan. Batzuetan gertatzen da hori ere! Gehienetan, hala ere, meatzari lana tokatzen da: harria jo eta jo harria, barruko lokatzetan ibili… “Hara! Hementxe harri koxkorra!”. Bada, hura hartu, garbitu, aztertu, ea harritxintxor harekin xenda polit bat osa litekeen inorako. Horixe da bidea gehienetan. Nire jarduna, bestalde, oso mekanikoa izan ohi da, ia eguneroko lana dut idaztekoa, oso sarri idazten dut, baina gero ikusi eta… orbela da gehiena! Hortik zer edo zer ateratzerako! Bitartean, orbela metatzen da, koadernoak bete eta bete egiten ditut, eta okasiorako atera, behar denean, noizean behin.

Kasu honetan bezala, liburua argitaratzeko garaia heltzen den arte…

Liburua ontzeari begira hasten naizenean, gauzak ganoraz hartzeko garaia dut. Ordu arte, idatzi eta idatzi, ez dut besterik egiten. Eta ez dakit zergatik behar dudan idatzi egunero ere. Autolaguntzatik ere izango du, seguru asko! Geure buruari egunean tartetxo bat eskaintzeko edo. Hori ibili dut, harik eta lehengo urteko udan, Gorka Arrese editoreak liburu honi begira ari ginela, garbi ikusarazi zidan arte: “Hor ari haiz hi, koadernoak bete eta bete!”. Hain da ona editorea, esan gabe ari zitzaidan adierazten egunero idazteari laga behar niola: “Bestela ez duk libururik egingo!”. Eta halaxe, etena egin nuen, eta joan den urteko udaz gero okasiorako besterik ez dut idatzi, dela barruak indar handiagoz eskatzen zidalako, edo zerbait nahi nuelako osatu, propio, nora edo norako.

Gainerakoan, poemak idatzi, eguneroko lanean…

Aurreko poema liburua [Erlojuen mekanika, 2007] egin nuenetik, ia-ia egunero idatzi. Testuak idatzi, ez poemak. Testuak, poema izatera iritsi litezkeenak, edo ez. Oso sarri idazten dut, bai, eta, gehienetan, egunari ekiteko garaian, goizetik. Liburu honetako hirugarren atalak ere, Gosaria eta legea-k, badu hortik: eguneroko gauza txiki horiek eta. Jaiki orduko, asko, gosaltzen edo gosaldu aurretik, eskolara lanera joan aurretik, koaderno-orrialde bat bete. Eta, horrela, zortzi-hamar koaderno metatu zitzaizkidan!

Barruko lokatzetan ibiliz idatzi…

Idazten duzularik —nik behinik behin—, norabait iritsi nahi duzu, baten batengana: eta baten bat hori jendea ez bada, norberaren barruan mamia bilatzea da. Barruko lokatz hori, askotan, kanpoko edozein albistek, berrik, kezkak edo sentimenduk ematen du. Ez dago besterik, edo nik ez dut besterik ikusten, behinik behin, axaletik begiratuta.

Kapital publikoa du izenburu liburuak, baina ez da ekonomiaz ari… Zainetan murrailak (1987), Poza eta gero (1990) Lur bat zure minari (1995)… zure poema liburu batzuen izenburuak! Kapital publikoa, aldiz, badiotsut, ekonomia tratatua liteke…

Kapital hitzaren adiera aniztasunak gauza askotaz jarduteko bidea egin dit. Kapitala, ondasun edo ondare izan liteke. Hitzaren alderdi polisemikoa baliatu nahi izan dut minena, edo kuttunena dugun horri deitzeko: gure ondarea, geratzen zaiguna, denon eskura dagoena, baina, aldi berean, zaintzea ere denon ardura duguna —galtzen badugu denok galtzen dugulako—, inporta gabe lagatzerik ez daukagun zerbait… Ondare komun eta kolektiboa. Bizitzaren ikuspegi horixe azpimarratu nahi izan dut, elkarrekin banatzeko daukagun hori. Kapitalak, bestalde, denboraren menpeko morrontza, sistema kapitalista esan nahi du, gure eguneroko bizimodua hankaz gora jartzen ari den tramankulu beldurgarri hori, hemen bezala munduko edozein bazterretan jende modu guztiak bere onetik ateratzen dituena. Bikoiztasun horrekin jokatzeko bidea eman dit izenburuak, bai maiteenak ditudan gauzei buruz hitz egiteko, bai salagarrienak iruditzen zaizkidan alderdi batzuk aipatzeko. Eta modu intimoaz, letra xehez hitz egin gurean diren gai larriez, alde biak uztartzeko ahalegin bat, samurtasunaren ekarpena egin kontu publikoei…

Gure eguneroko bizimodua hankaz gora jarria… Krisiak gogor jo du Urola bailaran.

Bai, gogor... Gogoa horretara jarrita ere eduki dut nik, eta jende askok halaxe jarrita daukala uste dut. Seguru asko, beste herri batean biziko banintz, antzekoa litzateke egoera, nahiz eta xamurragoa izan beharbada. Egoera latz honek badu isla liburuan, bai, gertutik bizi dugu, eta nahitaez, denok harrapatzen gaitu. Baina geure mundu txiki honetatik landa ere hainbeste gauza dago ikusi nahi duenarentzat, hainbeste bidegabe eta abandonu, hainbeste dira pertsonak eta duintasun ahantziak…

Lana galdutako auzoa nahiz laguna ez da arrotz Kapital publikoan…

Lanik gabe geratu diren lankideak baditut, gertuko jendea ere dexente… Hori liburura ekartzea normala, ez?

Hiru ataletan banatu duzu liburua: Bake hotza, Jendea oinez, Gosaria eta legea…

Azken aldera hasi nintzen poemen ezpala ikusten, azkeneko sei hilabetean esango nuke. Batean, lagunei irakurtzera eman eta, laster: “Hemen, halako tankerako poemak nagusitzen direla ematen dik! Hemen, joera intimistagoa ageri duk. Hemen, lehengo poemen arrastoan habil”. Horiek aditu, gogoan hartu eta azkeneko aldian hiru ezpal ikusi nituen, eta metatxoak egiten saiatu nintzen, liburua osatzeari begira. Baina idazten ari naizela, barruak edo gogoak agintzen didan joera hartzen du testuak, ez dago besterik. Geroko lana da antolatzea.

45 poema dira liburuan, baina askoz gehiago zenituen idatziak…

Ehun baino gehiago. Baina galbahea pasatu beharra dago, eta bizpahirutan ere bai! Lanaren osotasunari begira, kalterik ez egiteko ahaleginean jardun dugu. Horregatik behar izaten dira irakurlea, eta editorea. Norbera tamaina bateraino bakarrik da lanaren osotasuna zuzen ikusteko; joera nagusiak, bai. Bestalde, hain urragarria da zenbait testu erauzteak dakarren mina! Poema askok bizikizun jakinekoak dituzte, baina, zalantzaren aurrean, beti kendu! Horixe da, nire ustez, joerarik osasungarriena liburuari begira: kendu. Norberak plano nagusia ikusten du. Gero, jardunaren poderioz, ikasi egiten da besteren susmoak eta keinuak serio hartzen. Ondokoak ere baditu bere arrazoiak. Azkenean, horiek gogoan hartu eta iritsi den lekura iritsi da liburu hau.

Bake hotza. Joan deneko hamar urte honetako gertaera sozio-politikoen oihartzun dira poemak. Sozio-politika, sozio-poetika egina.

Bereizezinak egiten zaizkit politika eta poesia, bereizezinak poesia politikoaz ari naizenean… Orain dela hamar, hamabost urte, izan zen Susa argitaletxeak argitaratutako opuskulo txiki bat, Poema politikoak [Amukoak bilduma] izendatu nuena. Ez nuen deskubrimendu handirik egin, jakina, hoskidetasunez ere errazkeria delako, baina, liburu honetan gertaera sozio-politikoak, edo sozio-poetikoak, iragazki poetikotik pasatutakoak dira. Poetiko nahiz politiko, gauza berbera dira gure liburu honi dagokionez. Ni neure ikuspegia ematen saiatu naiz, neure jardunetik, poesiatik. Poema guztietan hitz egiten da gure egoeraz, baina, batez ere, lehenengo atalean. Azpimarra handiagoz, preseski.

“Jendea oinez”, gaurko egunari begirako testuak direla esan zenuen aurkezpenean…

Badu hortik, bai, sinple esanda. Eman dezagun Aiete aurrekoak direla lehen ataleko poemak. Gero, oraingoa, itxaropenez baina ardura handiz bizi dugun garai hau: “prozesua” eta mila izen baino gehiago eman zaizkion aldi hau. Ni, horri poetikoki erantzuten saiatu naiz, nola ikusten dudan ikusten. Aurreko ataleko ezpalak ere badira “Jendea oinez” honetan, baina, nire ustez, nahitaezkoa da agertzea, handik gatozenez! Lasa eta Zabala, hildakoak, itxaropenak, poesiaren egitekoa, aurrera begira zer egin behar dugun… Kezka horiek.

Ziurtasunak urri zure liburuan. Galderak dira askozaz gehiago…

Bai, non eta galdera bera aurrera egiten segitzeko metodoa ez den. Honaino iritsi ahal izateko makuluak ez ote dira galderak, hemen tente eusteko.

Eider Rodriguezek Joseba Sarrionandiaren itsasoei buruz egindako lana Itsasoa da bide bakarra (Utriusque Vasconiae, 2014) irakurtzen harrapatu nau zure liburuak. Ziurgabetasuna da ziurtasunik handiena, galderek ez dute erantzunik…

Poesiaren egitekoa ez da galderak erantzutea. Pentsatzen dut gehiago dela galderak formulatzea. Galderek laguntzen dute aurrera segitzen, galdera gehiago egiten. Dena dela, nik liburuan egiten ditudan galdera asko baieztapenak dira, aldi berean. Badute baieztapenetik, nahiz eta beldurrak, pudoreak, baieztapen gisa agertzera ez eman. Galdera erretoriko hutsak al dira, bada? Batzuetan bai, baina ez beti. Galdera asko nork bere buruari egindakoak dira, ni edo gu honi egindakoak. Batzuetan errietalari xamarra, nik uste, banaizela. Eta neure buruari errieta egiten diodanean, neure antzeko nahiz oso bestelako direnei ere eztena sartu nahian ari naiz… Poesiak gauza askotarako bidea ematen du. Da genero bat —beharbada nik egiten dudan eran eginda—, zaila tranpan harrapatzen: lausoa, hitz, konparazio, metafora… Baina neurri handian horrixe zor dio poesiak bere handitasuna. Bestela, Kapital publikoa Engelsen tratatua izango litzateke, hau da, Familia, jabetza pribatua eta estatua.

Gosaria eta legea-n, hirugarren atalean dago inon baino presenteago kapital publiko hori?

Kapital intimoa, muinekoa, bai. Ahalegina egin dut, behintzat, txikitasunaren kapitala azpimarratzeko. Intimotasunetik, nitasun indibidualetik jardun dut, baina, aldi berean, bai gure modukoekin bai zeharo bestelakoak direnekin ere konektatzera eraman gaitzaketen bizikizunak, eguneroko gauza txikiak ekartzera, izan maitasuna, izan lana... Jende artean galtzeko dei bat ere bada atal hau, eta liburua.

Oraintxe esan duzu: zenbat jende zure Kapital publikoa-n. Jendez beterik dago liburua!

Baita azala bera ere! [Xabier Gantzarainek egina] Jende aurrean esan nahi dut nire kapitala, liburura dator, publiko egin nahi dut. Esan egin nahi dut zuek zaituztedala inportanteak, zer inporta zaidan esan nahi dut, eta esaten ari naiz. Izenburutik ere oso gertu izan dut jendea. Badago dei bat, aldarrikapena nahi baduzu: “Galdu gaitezen jende artean. Zerbaitek egingo bagaitu, jendarteak egingo gaitu!”.

Gogoan dut liburu honetako poema bat irakurtzen ari eta neure buruari hots egin niola: “Lur bat zure minari!”. Zenbat dago liburu honetan, lehengo lanetan ibilitako gogo eta minetatik?

Ez dakit, bada. Uste dut haietatik asko egon behar duela, baina ez dut neure burua gauza ikusten gaiak-eta zeharo aldatzeko. Kezka bertsuek mugitzen naute beti, eta ahalegintzen naiz garaian garaiko janzkera poetikoa ematen. Horrexek ematen dizkit lanik handienak, behin eta berriro liburu berdina ez egiteko. Hortxe ikusten dut nik krisi arriskua, eta horixe da hainbeste denbora argitaratu gabe egoteko arrazoietako bat. Bat, behintzat. “Lehengo arnasa bazegok hemen!”. Bai, baina noiz lagatzen dio lehengoa izateari, eta noiz hasten da beste aire bat hartzen? Bada, ondotik baten batek esaten duenean: “Hi, hemen bazegok beste ziri bat, lehengoan ageri ez dena!”. Orduan, hari tiratu!. Bestela, nik esango nuke bai Lur bat zure minari liburuko oihartzunak, bai lehenagokoak ere, ageri direla liburu honetan. Baina poemaren egikerari edo taxuari begira, egia da Lur bat-ek inflexio puntu bat markatzen duela nire bidean. Haiekin zorretan dago hau, dudarik gabe. Nik ere nahiko nuke beti zeharo berri eta diferentea egin poema, baina horretarako balio izan behar da! Askotan jardun dugu esaten, zenbateraino idazten dugu nahi duguna? Datorrena idazten dugu, eta datorren horretan jokatzea dagokigu. “Hatorren bezala ez haut aterako!”, ez, baina hortik asko dago!

Denbora kristalezkoa da oraindik, harako poema hartan idatzi zenuen moduan?

Bai, dudarik gabe. Oso-oso hauskorra, oso-oso gardena, ikusteko gauza denarentzat, eta argialdia baldin badago! Ze, bistakoa da denok argi bila gabiltzana, baina ez dago erraz!

 

Gurpil borobila ez

“Lehenengo poeman bertan esaten dut nola bizi izan dudan joan den hamarraldia: bihotzerrearekin. Horixe da memorian geratzen zaidana: bihotzerrea, eta luxuzko lekutik bizita ere! Ikusteko gauza izan naizen heinean, bihotzerrearekin, eta min handiagoekin ere bai. Hala ere, nagoen lekutik, ustez, behar nuen lekuan egonda. Lekurik desegokienean ez nengoela jakinda, nolabait esanda. Kezkarekin, errearekin, baina hortxe. Gurpil hau ertz askokoa da. Borobiletik gutxi dauka gurpil honek!”.

 

 

Oraingo gazteak

“Ez dut uste oraingo gazteek guk gure garaian hainbeste bizi dutenik egoera politikoa. Zorionez. Gurea perbertsioa da eta. Garen belaunaldikoak izanda, garaiari erantzun beharra geneukan, eta batzuek era batera, beste batzuek bestera, erantzuten saiatu gara. Oraingo gazteak, nik ikusten ditudanak, kontziente dira non bizi diren. Gure aldean zailtasun gehiago egokitu zaie. Marka da gero! Gure ondorengo belaunaldia gureak baino segurtasun gutxiagoz ekin dio bere etorkizunari. Kezka politikoak badituzte, sozialak baino gehiago, nahiz eta krisiak kezka pizten lagundu duen”.

 

Bilaketa