literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Xalba Ramirez
Hirutxuloko Hitza, 2024-09-06
[iturburua]
Beņat Sarasola:
«Beti daude frankotiratzaileak, 'mainstream'-aren aurrean erreakzionatzeko prest»

Donostiako euskal idazle ezagunenetako bat da Beñat Sarasola. Bi poema liburu argitaratuta, eta bigarren eleberria aurkeztu berritan dugu: “Lehenengo elkarrizketa da hau”, dio. Pozik dago egindako lanarekin. Ez da gutxiagorako: Frank O'Hara poeta eta bere maitalea, Txillida eta Oteiza, frankismoa eta MOMAko erakusketa bat... dena nahasten dituen eleberria baita Coca-Cola bat zurekin. Eta dena, O'Harak poema batean Donostia aipatzen zuelako.

Zergatik Frank O’Hara?

O’Hararen poesia aspalditik irakurtzen dut, oso zalea naiz. 2007ko, nire lehen poesia liburuan, Kaxa huts bat (Susa), bada O’Hararen idazkeran oinarritutako poema bat. Alea-n, (Susa, 2009) are gehiago. Orain konturatu naiz horretaz, O’Hararekin bueltaka ibilita.

Garai hartan topatu nuen Having a coke with you poema eta bertan aipatzen dira Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze eta Baiona. Zergatik Frank O’Hararen moduko poeta ospetsu batek, MOMAn lan egiten zuena (New Yorkeko Arte Modernoko Museoa), aipatzen ditu Euskal Herriko herri hauek? Poema hori nondik zetorren inguruan tiraka-tiraka sortu da nobela hau.

Eleberriaren eta kronikaren artean geratzen da.

Hasiera batean, saiakera literario bat idazteko asmoa nuen, baina ez nuen lortzen saiakeraren tonuarekin asmatzea. Beraz, nik nobelatzat dut, baina benetako gertakarietan oinarrituta dago: pertsonaien eta gertakarien %99 errealak dira. Benetako material ugari erabili ditut: eskutitzak, txostenak, poemak…

Benetako pertsonaiak fikzionatzerako orduan, ez al duzu ardura sentitzen?

Ez da erraza. Lehen aldia da pertsona errealak fikzionatzen ditudala. Abantaila bat da protagonista nagusia ez dela oso ezaguna gure testuinguruan (AEBetan bai). Pertsonaia sinesgarri bat sortu behar duzu, berdin du fikziozkoa izan edo benetakoa izan, eraikuntza prozesua antzekoa da. Gertatzen dena da oso-oso gertukoak diren pertsonekin zailagoa dela, aurreirudi bat dugulako, pertsonaiarekin bat ez datorrena. Esate baterako, Harkaitz Canoren Fakirraren Ahotsa nobelako zailtasunetako bat da Imanolen inguruan genuen irudia. Nik problema hori izan dut Oteizarekin eta Txillidarekin, baina literaturaren tranpa batzuk erabili ditut, sinesgarritasuna emateko asmotan. Nahikotxo agertzen diren arren, ez dute kasik haien ahotik hitz egiten. Oteizarena bereziki zen zaila, oso ezaguna delako eta oso izaera muturrekoa zuelako.

Zer du istorio honek horren berezia, bada?

1960an, O’Harak zuzendu zuen New spanish painting and sculpture izeneko erakusketa bat MOMAn, eta, besteak beste, Oteizak eta Txillidak parte hartu zuten. O’Hara irakurtzen nuenean, ez nuen ideiarik hemengo artistekin harremanik ba ote zuen. Eta deskubritzerakoan flipatu egin nuen. O’Hararen inguruan mundu mailako artistak biltzen ziren: Pollock, Willem de Kooning, musikariak, idazleak… Izugarria zen zer ingurutan maneiatzen zen. Interesgarria zen niretzat bi mundu horiek batzean zer gertatu zen. Euskal Herriko ikuspuntutik, zer zen MOMAn erakustea, eta alderantziz, estatubatuar batentzat, Euskal Herri frankista batean izan zituen harremanak.

Ikusi dudanagatik, ordurako, Txillida bere karrera propioa egiten ari zen, erakusketa monografikoak antolatzen eta abar. Bere karrera eraikitzeko ez zen oso interesgarria erakusketa hau. Oteizak ere ez zien kasu askorik egiten, eta horregatik Nestor Basterretxearekin harremanetan jarri zen O’Hara. Ordurako, eskultura abandonatua zuen, eta Montevideoko gerra galdu horretan zebilen —eleberrian aipatzen den eta oso ezaguna ez den Battle auzia—.

Frankismoaren paperaz, eta arte txapelketen interes politikoez hitz egiten duzu.

Nahiko ikertua dago gaia, eta behintzat arte ikasketetan nahiko jakina da. Frankismoa saiatu zen baliatzen, eta neurri handi batean lortu zuen, pintura eta eskultura abangoardistena nazioartean erregimena zuritzeko, irudi moderno eta aurrerakoia emanez. Hor bada puntu interesgarri bat, artista batzuk erabaki zuten erakusketa horiekin ez zutela kolaboratuko.

Ez da ahaztu behar bai MOMA, eta baita, bereziki, Frank O’Harak lan egiten zuen departamentua, CIAk bultzatu zituela, nazioartean, artearen bidez, Estatu Batuen hegemonia kulturala lortzeko. Interes politiko eta kultural eta artistikoak nahasten ziren garai horietan.

Frankismoak, arte abstraktua erabiltzea erabaki zuen, helburu horretarako.

Esan izan da paradoxikoa izan zela hain justu arte abstraktua erabili izana frankismoak. Normalean, erregimen kontserbadoreenek abangoardiako artea eta arte abstraktua kontsideratu izan dute bigarren mailako arte moduan, ez duelako mezu politiko zuzen bat helarazten, eta, beraz, ez delako baliagarria erregimenarentzat. Inteligenteak izan ziren, konturatu zirelako nazioartean sona handia hartzen ari ziren artistak zirela, eta komeni zitzaiela hori babestea.

Oteizak, 1957an, Sao Pauloko bienala irabazi zuen, Txillidak, 1958an, Veneziakoa, eta biak dira komisario frankistek bultzatutako eta antolatutako bienalak. Bienaletan parte hartzea erabat zegoen frankismotik bultzatuta.

Gonzalez Robles komisarioa agertzen da nobelan.

Bera izan zen bienal hauen antolatzailea eta pertsonaia inportanteena nazioarteko harremanetarako. Berak erabakitzen zuen zein artistek ordezkatuko zuten Espainia.

AEBetan egin dituzu bi egonaldi ikerketa lana egiteko.

Pribilegiatu bat naiz hori egin ahal izateko. Bi egonaldi egin ditut New Yorken azken bi urteetan, artxibo lana egiten, batez ere. Dokumentazio lan handia egin dut, batez ere, MOMAn. Madrilen ere hainbat artxibo arakatu ditut. Lortu dudan informazioaren ehuneko handi bat kanpoan geratu da, zedarritu behar duzu gaia.

Zer da gehien harritu zaituen aurkikuntza?

Erakusketa hau, MOMAn egon ostean, AEBetatik ibili zen bueltaka. Ondoren, Oteizaren pieza bat saldu egin zuten. Saiatu nintzen pieza hori gaur egun non dagoen topatzen, baina kale itsu batera iritsi nintzen eta ez nuen lortu. 1961ean, Robert Lynn Batts Tobin izeneko dirudun batek erosi zuen. Bera hil zenetik, bere oinordekotza fundazio batek kudeatzen du, eta haiekin jarri nintzen harremanean. Haiek, ordea, pieza hori ez dute lokalizatzen. Ez dakigu ea erosi bezain pronto saldu zuen, diru gehiago egiteko, edo bera hil ondoren bere ondarea banatu zenean pista galdu ote zitzaion. Kontua da inork ez dakiela non dagoen. Nire ideietako bat zen pieza lokalizatzea, baina ez zen posible izan.

Idazle talde batekin ere izan zara egonaldietan.

Bigarren urtean, idazle erresidentzia batean parte hartzeko aukera izan nuen. Nobela oso aurreratua nuen eta amaitzeko erabili nituen lau asteak. Kirmen Uribe eta Miren Agur Meabe egon dira lehendik ere. Berriro ere, pribilegio bat. Ordura arte, sekulan ez nuen lau astez jarraian idazteko aukerarik izan.

Kolektiboki lan egitea gustatzen al zaizu?

Niretzat, lehen aldia zen eta oso interesgarria. Euskarazko proiektu batekin, gainera. Erresidentzia honek, mundu osoko hizkuntzak eta nazio identitateak elkartzea bilatzen du. Ni, hasiera batean, halako inpostore sindrometxoarekin nindoan, New Yorken, ingelesez, mundu guztiko idazle batzuekin, argitaletxe handietan argitaratzen dutenak, eta ni, hemendik, euskaraz idazten. Gero, konturatzen zara idazle gehienon kezkak eta zalantzak oso antzekoak direla. Mundu zabaleko idazleekin hori partekatzea oso interesgarria da. Harreman ona egin genuen, eta elkar lagundu genuen. Eskutitzekin zebilen kide bat izan nuen, eta oso-oso aberasgarria izan zen.

Horrelako proiekturik Euskal Herrian imajinatzen?

Interesgarria litzake, noski. Baina batez ere, mundu osoko idazleekin harremana garatzeko. Literaturak duen gauzetako bat da dena dela hizkuntza. Euskaraz idazten baduzu —beste arteetan ez bezala—, muga oso presente duzu salto egiteko. Edo itzulia zara, edo bestela oso zaila da beste idazle batzuekin harremana izatea. Geure ingurura mugatzen gara bestela. Eta hori bultzatzea ondo legoke.

‘Deklaratzekorik ez’, zure aurreko nobela, gaztelerara itzultzea zer izan zen zuretzat?

Sentimendu nahiko arraroekin bizi nuen. Testuinguru oso zehatza du, euskal gatazkarekin eta abar, eta testuingurutik ateratzen ari zela iruditzen zitzaidan. Konturatu behar duzu, itzulpenaren zati bat, hain zuzen, hori bera dela, eta irakurlearen papera dela hori. Badago desplazamendu moduko bat itzultzerakoan, nahiko arraroa egiten zaizuna hasieran. Azken finean, idazten dudanean euskal irakurlea dut gogoan nik. Oso anitza da eta abar, baina bat da. Gaztelerara aldatzerakoan asko aldatzen da. Termino batzuk, adibidez, erraz ulertzekoak dira guretzat. Euskalgintza, adibidez. Hori gaztelerara nola pasatu? Azalpen luzeegia eginez gero, irakurlea tontotzat hartzen duzula dirudi.

Azkeneko eleberria 2019an idatzi zenuen. Oso ezberdinak dira biak.

Nik ere ezberdintzat ditut. Aurrekoan protagonistaren ikuspuntutik zegoen kontatuta guztia, eta hau koralagoa dela esango nuke. Tonu aldetik oso ezberdinak dira ere, O’Hararen poesiarengandik kutsatuagoa dago, tonu alaiago eta bizipoz horren isla. Editoreak esan zidan tonu aldaketagatik harritu zela.

Idazterako orduan zer bilatzen duzu?

Ez dut gehiegi planifikatzen. Saiakera bat izateko asmoa nuen honekin, eta fikzioarekin probatu nuenean, disfrutatzen hasi nintzen, eta hortik tiratu nuen. Badaude idazleak idazten sufritzen dutenak… Nik, normalean, ez dut sufritzen; kontrakoa, gozatu egiten dut. Edizio lanetan ezberdina da, noski, baina oro har, gozatzen dudalako idazten dut. Ez dakizu zer ideiak eramango zaituen nora, eta hori da maite dudana. Nahiko modu intuitiboan heltzen diet gaiei eta ez daukat planifikatuta nola idatziko dudan. Istorioak forma batera eramatea espero dut. Idaztea da arte bat, zentzu klasiko horretan: egin ahala joan behar duzu ebazten. Idatzi ahala doa sortzen. Ideia txiki batetik hasi tiraka, eta ea non amaitzen duen.

Eta irakurtzerako orduan, zer da bilatzen duzuna?

Saiatzen naiz harritu nazala. Adibidez, eraman ezin dudana da aurreko intentzioa oso nabaria den hori. Ikusten duzunean dena ideia bakarrera bideratuta dagoela… ezin dut horrekin. Nobela batean sartzean bilatzen dudana da espero ez nuen norabait eramatea. Pelikula bateko sinopsian pelikula osoa baldin badago, ez zait interesatzen.

‘Separata’ kritiken blog entzutetsu bat izan zenuen. Zergatik utzi zenuen?

Blogen garaia zen hura: Sareinak, Volgako batelariak edo Elearazi ere bazeuden. Sare sozialen garaia heltzerakoan gainbehera izan zuten, eta jada ez dute batere inpakturik. Kultura ikuspegitik askoz ere emankorragoak ziren blogetako testuak. Orain, horrelako espaziorik ez dago apenas; testu falta sumatzen dut. Denbora faltagatik utzi nuen, baina gaur egun horrelako oso gutxi dago eta pena ematen dit, egia esan.

Askotan hitz egiten da, euskal kulturaren kritika faltaz. Zein izan beharko luke kritikaren helburua?

Ez da erraza kritika egitea, ez. Gaur egungo ikuspuntutik, esango nuke nahiko gaztea nintzela, eta gaur egun saiatzen naiz ez irakurtzen idatzi nuena [barrez]. Ez dut esaten damutik, baina iruditzen zait beste modu batean egingo niokeela aurre kritika lanari. Hori esanda, kritika ezinbestekoa dela iruditzen zait. Gaur egun, kritikaren eta marketinaren artean ez dago ia mugarik. Penagarria da, irakurle moduan, erreferenteak behar dituzulako gidatzeko. Gauza asko argitaratzen dira eta interesatzen zaizunera joateko, kritika ezinbestekoa da. Hori galdu da, eta pena da. Betikoa da: merkatuaren gero eta presio handiagoa dago esparru guztietan, eta kritikak merkatuari frenoa egiteko tresna izan beharko luke.

Inpresioa dut bai euskal kulturan, eta baita euskal literaturan, ez dela sobera asmatzen eztabaidekin. Zer gabezia daude?

Espazio falta ikaragarria dago. Ez naiz nostalgiko jarriko, baina Internet aurreko garaian baziren fanzine eta aldizkari eta espazio mordoa kritikarako, eta uste dut hori galdu egin dela. Oso zaila egiten zait azken hilabeteetan zer argitaratu den jakiteko nora jo behar den esatea. Zerk merezi du? Ez dakit. Zeren, sare sozialetan dagoena da autopromoa —ni neu ere hor nagoela, e—, eta marea horretan zaila da gidatzea. Komunikabide ohikoetan espaziotxo bat duzu, baina hortik kanpo ia ezer ez. Eta ez bakarrik idatzian: jendea elkartuko den espazioak. Donostian zer esaterik ez! Ez dago enkontrurako leku kulturalik apenas. Hiriko gaztetxeen gainbehera, tabernak ere itxi dizkigute… Zorionez, duela gutxi egon nintzen Zentro Sozialistako jardunaldietan eta poztu nintzen politikaren eta artearen arteko harremanaz hitz egin zelako. Espazioak eraiki edo bultzatu behar dira, hartu-eman eta eztabaida kulturaletarako.

Irakurzaletasuna ere, behera doa?

Argitaletxeetan kezka handia dago salmenten beheraldiarekin. Irakurtzen dugu, baina oso modu ezberdinean; etengabe gaude Whatsappekin eta horrelakoekin. Arnas luzeko testuekin dugu arazoa. Bi hiru orriko erreportajeak, neronek ere, askotan ez ditut irakurtzen. Titularra irakurri, eta diagonalki… Gailu teknologiko batzuk oso barneratuta ditugu eta irakurtzeko modu berri bat barneratu dugu. Horrekin bat ez datozen “produktuekin” zailtasunak ditugu. Gizarte ereduarekin du zerikusia, eta beraz, toki askotatik egin behar zaio tira, ez soilik literaturatik. Eta aipatzen duguna, hiri honen bilakaerarekin zerikusi zuzena du, zalantzarik gabe.

Bestetik, noski, euskararen gaia dago, are gehiago zailtzen duena. Kezkatzeko arrazoiak badaude. Pentsatu nahi dut horren erreakzioa etorriko dela.

Pentsatu “nahi” duzu?

Ikusten ditut aldaketak. Duela urte batzuk ez bezala, idazle gazte asko gauza interesgarriak egiten, berriak, indar handiarekin, taldeak sortzen… Horrek harritzen nau. Gizarteko joera nagusia bat izan arren, gazteek beti harritzen dute. Beti daude frankotiratzaileak, mainstream-aren aurrean erreakzionatzeko prest.

Zer aipatuko zenuke?

Idazle gazteak taldeetan ari dira antolatzen —Behe Banda, Pomada, Gasteizeko jardunaldiak…—, magma interesgarria da eta publikazio interesgarriak egin dituzte. Alde horretatik, euskal literatura azken bost urteotan, sormen eta etorkizun aldetik, oso osasun onean ikusten dut. Kontrastea da: joera bat izan arren, badira beste bideak.

 

Bilaketa