literaturaren zubitegia

1.065 idazle / 5.132 idazlan
7.836 esteka / 6.342 kritika / 1.828 aipamen / 5.568 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Amagoia Iban
Euskaldunon Egunkaria, 1999-06-27
Jon Gaztelumendi:
«Idatzi, bai, ari naiz, lehen bezala ari naiz orain ere»

Puerto de Santamariako kartzelan (Cadiz) idatzi zituen Jon Gaztelumendi oreretarrak bere lehen liburua osatu duten ipuinak. Leku beretik erantzun die gure galderei, senideen mezulari lanari esker. Bere Haizea mindu gabe-ri buruz eta aurrera begira dituen proiektuei buruz mintzo zaigu idazlea.

Espainiako kartzelarik gogorrenetako batean Haizea mindu gabe idaztea “ustekabean aurkitutako bidea izan da”, Jon Gaztelumendiren aburuz. Bi urteren buruan idatzi ditu bertan biltzen diren 11 ipuinak, eta lehena idazten hasi eta azkenak idatzi bitartean izandako bilakaera ez du denboran neurtu nahi: “Denbora ez da ezeren eragile izan, hori uste dut, nahiz eta azken bi urte hauetan gertatutakoak gertatu. Bilakaera beste lekutik egin du, hots, kontatzeko erarekin jolasten jarraitzea planoak txertatuz eta abar”.

Planoak aipatzen ditu oreretarrak; estilo hori lantzerakoan garaturiko estiloan, bere hitzetan, “euskaldunzaharrek kontatzeko duten ahalmena kontuan hartu, balizko erritmo bat aztertu, hori izan da erreferentzia nagusia. Euskaldunok kontalari onak garela uste dut, ahozko literaturaren eragina gertu behar du, eta gurasoek, zentzu horretan, euskara asko dakite... Hor dago erreferentzia nagusia: nola kontatu (hitz eginez), hala idatzi”.

Bere liburuko Koldo Izagirreren eleberria izeneko ipuinaren zentzuari buruz galdetuta, hauxe dio: “1997aren amaieran idatzirik dago. Ez zegoen omenalditxo asmorik hain juxtu, baina maite dugu Koldo, hurbilekoa dugu. Bere abizena eta preso dagoen lagunarena berdinak ziren... Koldo behar zuen hor, ez beste inor”.

 

Liburuko izenak

Izagirrerena ez da, ordea, liburuan ageri den izen propio bakarra. Goizalde Atxutegi ageri da lehenik, liburuaren detonantea, esaterako. “Berari idatzitako ipuinak dira eta nabarmen azaltzen da hori. Maddi jaio zen eguna ipuinean bera sartzen dut, planoekin berriro ere jolasean aritzeko, esperimentatzeko... Ez da inongo keinurik beraz. Keinua izenburua litzateke. Maddi iloba dugu eta 1998ko urtarrilaren 18an jaio zen, eta ez nuen horren berririk izan, jakina. Barrukoek bi-hiru eguneko atzerapenarekin jasotzen baititugu antzeko albisteak”.

Goizalde Atxutegirekin sorturiko gutun-ipuin jokoan sakonduz, zera dio: “Goizalderi ipuin batzuk idatzi, lagunei gustatu, liburu batean bildu... Bai, argitaratzeko orduan gertuagotik ikusi dut akuilua, baina tira, egia da ez nengoela literatura egiteko irrikan lagun baten zain. Horrela sortu eta horrela joan da amilka”.

 

Preso sozialez

Preso sozialek bere ipuinetan duten leku garrantzitsuari buruz, Lolo, izatekotan, talde baten arketipoa litzateke, talde handi batena. “Baina giroa, tratua, bakardadea, uztasuna... egoera baten arketipoa badela esaten ausartuko nintzateke, preso askok eta askok bizi dutena”.

Haizea mindu gabe liburuan ageri diren pertsonaiekin jarraituz, Baratzeko lanak ipuinean aitzurrean ari dena aita duela dio, eta “beragandik bildutako uzta” dela erantsi. Literatura egiten jarraitzeko asmoa du: “Idatzi, bai, ari naiz, lehen bezala ari naiz orain ere. Jarraituko dut beraz, poliki, orain arte moduan”.

 

Bilaketa