literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Euskaldunon Egunkaria, 1995-07-16
Koldo Izagirre:
«Duintasun nazionalari dagokionez badugu kubatarrengandik zer ikasia»

Kubara egindako bidaia batean oinarrituriko ‘Ez duk erraza, konpai!’ eleberria eman zuen argitara Koldo Izagirrek joan den hilean, Susa argitaletxearen eskutik. Egilearekin izan gara hizketan, liburuaz ezezik beste hainbat gairen inguruan. Besteak beste, berak eta beste zenbait euskal idazlek idazle kubatarrekiko elkartasunez sortu nahi duten Lezama erakundeaz.

Lan kontuek hartara beharturik joan zen Kubara Koldo Izagirre, bidaia hartaz liburua idatziko zuenik pentsatu gabe. Baina Kubara joatea ez zen, Izagirrerentzat, edozein tokitara joatea. “Lehendik ere, nire adineko guztiok bezala, informazio asko nuen Kubari buruz, erreferentzia puntu garrantzitsua izan baita. Kubako literatura ere dexente irakurria naiz, eta beti sentitu izan dut literatura hori oso hurbil”. Horregatik, ez da harritzekoa bidaia haren fruituen artean azkenean liburua ere izatea.

Kubara joan zinenean ba al zenuen liburu hau idazteko asmorik?

Ez, ez. Badira enkarguz egindako kronika bikainak ere, baina arriskutsua iruditzen zait bidaia bati hartaz idazteko asmoz ekitea, nahi izan gabe ere errealitatea distortsionatzera eraman baitzaitzake horrek. Lan kontuek eraman ninduten Kubara, eta, han nintzela, hainbat apunte hartzen hasi nintzen. Gero, ordea, kronika haiek oso lehorrak geratuko zitzaizkidala iritzirik, ia-ia konturatu gabe, kronikei fikzio baten egitura ematen hasi nintzen. Horrek beste bide batzuk zabaldu zizkidan: mito kolektiboak eta kubatarraren izaera azaltzeko, eta baita neure burua gehiago inplikatzeko ere. Elkartasunetik baino gehiago, konplizitatetik dago idatzia liburua.

Fikzioak, beraz, narrazioa zeuk nahi izandako lekura eramateko aukera eman dizu.

Bai. Errealitatea edertzeko aukera ematen du fikzioak, eta baita entzunez jasotako informazioa hurbilago egiteko askatasuna ere.

Ben Jellounek Siziliara egindako bidaiaren kontaketa aipatu duzu bidai-liburu eredugarri gisa. Hori izan al duzu buruan zeurea idaztean?

Ez, neuk geroztik irakurri bainuen Ben Jellouneri lana. Nik nahikoa ondo ezagutzen ditut Euskal Herriaz idatzi zuten XIX. mendeko bidaiarien kronikak, Victor Hugo, Alexandre Dumas, Theofile Gauthier... Nik uste dut horietatik guztietatik zerbait geratuko zitzaidala. Ez talentua, noski, baina bai iritziak emateko askatasuna. Liburua iritziz beteta dago, iritzia ematen ari naiz une oro. Alde horretatik arrisku handia hartu dudalakoan nago. Baina besteek horixe egin dute gutaz idaztean eta neuk ere horrelaxe jokatu dut.

Joan aurretik Kuba zuretzat mitoa zen. Zer sentitu zenuen mito harekin aurrez aurre topo egitean?

Frustraziorik ez, esentzian balore unibertsal eta sozialistak —elkartasuna, nazioartekotza, duintasun nazionala, doantasuna...— aurkitu baititut han, kontraesan askorekin bada ere. Izenburuak iradokitzen duen bezala, oso zaila da balore horiei eustea, are zailagoa blokeoarekin. Hala ere, nik uste dut blokeoa aitzakia bihur litekeela. Hori esaten dute handik exiliatutako askok, eta, exiliotik hori esatea mingarria bada ere, arrazoi puntu bat badutenik ezin da ukatu.

Liburua gaztelaniara itzulirik Kuban argitaratuko balitz, nola uste duzu hartuko luketela kubatarrek?

Nik uste dut kubatarrek autokritikarako ahalmen handia garatu dutela azken urteotan. Berez beti izan da sozialismoaren praktika autokritikarena. Zenbait jokabide patetikoren sorburua ere izan da hori, noski, autokritikaren ordez desenkusa nazkagarriak egin izan baitira batzuetan. Baina, dena den, sozialismoaren eta bloke sobietarraren suntsipenaren ondoren autokritika behar baten praktika ikusi dute Kuban. Ez zait iruditzen nire liburuak kubatar kontzientea eskandalizatuko lukeenik. Beharbada mina eman lezake kanpotar batek idatzia izateak. Nik uste dut han erdaraz baino gehiago eskandalizatuko lukeela gaztelaniaz baina hemen, zenbait jende behintzat, ze kubatarrek badakite hori eta gehiago.

Aipatu duzun autokritikarako ahalmen horren adibidetzat har al daiteke Gutierrez Alearen ‘Fresa y chocolate’ filmea?

Bai. Sekulako manipulazioa egon da filme horren inguruan. Mundu guztiak uste du Kuban debekatu egin dutela, hori zabaldu baitu Europako prentsak, bai Erroman, bai Madrilen eta beste hainbat lekutan. Baina ez da egia. Duela hiru urte sei hilabete egin zituen filme horrek karteldegian, eta zinema aretoak bete-bete egin ziren. Filmea Senel Pazen narrazio batean oinarritua dago, hau da, idazleen azken belaunaldiko kide baten lanean. Belaunaldi horretako idazleetan autokritikarako joera eta askatasun handia nabari da. Kuban geratzea erabaki dute, eta geratze horrek eskubidea ematen die kritikara-ko. Kubatarrek ulertu dute beharrezkoa zaiela kritika onartzea, beren makinefla arintzeko eta konkurrentzia, produktibitatea eta seriotasuna bermatzeko.

Formaren aldetik, kapituluen artean tartekatutako ‘Fideltasunak’ dira liburuaren elementurik bereziena.

Nik uste dut ez direla adabaki hutsa, badutela beren funtzioa narrazioan. Atal horietan egiten ditudan kronikek —txinatarren egunkaria, euskaldunen arrastoak eta horrelako bitxikeriak— sinesgarritasuna ematen diote narrazioari. Kontalaria kazetaria da, eta bere lana ere agertzen da atal horietan.

Zer ikasi behar genuke guk kubatarrengandik?

Erresistentzia. Kubatarrek, irlandarrek bezala, badute erresistentzia ahalmena, konbatibitatea. Guri harrigarri egiten zaigun neurrirainokoa da kubatarren duintasun nazionala, eta horretan badugu haiengandik zer ikasia. Kubatarren duintasun nazionala ez da nazionalismo hutsa. Ez dute ez arrazaren eta ez kulturaren harrotasunik, dena da mestizaia, baina oso lotuak daude iraultzaren zenbait lorpenekin.

 

Bilaketa