literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Juan Luis Zabala
Berria, 2003-10-31
Juanra Madariaga:
«Ezkutuan gordetzen duenak egiten du arriskugarri izozmendia, pertsonak bezala»

‘Izozmendiak’ aurkeztu zuen atzo Juan Ramon Madariagak (Bilbo, 1962), bere zazpigarren poema liburua. Bizitza, amodioa eta heriotza ditu bere poesiaren gai nagusitzat, eta liburu berria bizitzari eskaini dio

Bada esaterik ez dela egundaino beste ezein euskal poeta iritsi Juan Ramon Madariaga aurten iritsi den altuerara, Cho Oyuren gailurra urratu baitu, Juanito Oiartzabalekin batera. Ez du mendia lanbide, Nontzeberri kultur egitasmoa baizik, Lutxo Egia lankide duela. Hala ere, poesia du Madariagak mundua ulertzen saiatzeko eta munduarekin harremana sortzeko bide nagusi eta kutunena.

Zazpigarren liburua duzu Izozmendiak. Zer leku hartzen du zure obran?

Poesia idazten hasi nintzenean, pentsatu nuen hiru gai nagusi direla poesiak lantzen dituenak: bizitza, amodioa eta heriotza. Galera errepikatuak poemarioan, beste gai batzuk ere agertu arren, heriotza izan nuen mintzagai. Amodioa batzuetan etorri zen gero. Orain, liburu berrian, uste dut bizitzaren gaia landu dudala batez ere; bizipen hurbilagoak jaso ditut, urbanoagoak. Heriotza eta amodioa ez ditut baztertu, baina uste dut gai horiek liburu haietan definitzen eta sailkatzen saiatu nintzela. Izozmendiak-en bizitzari dagozkion beste eremu batzuetan murgildu naiz.

Zergatik izenburu hori?

Etengabeko mugimenduan dauden glaziarretatik askatzen dira izozmendiak. Izena ere izaten dute, NASAkoek jarria. Askatzen diren une beretik, ezagutzen ez dituzten legeei kasu eginez, itsasorantz abiatzen dira. Poemarioaren lehen zatiak Izozmendien xedea du izenburu. Ur gazira ur geza eramatea izan daiteke izozmendien xedeetako bat, xede ona. Baina bigarren zatia Izozmendien noraeza da. Xedeak galdu eta mehatxu bihur daitezke izomendiak. Geu legez. Izozmendiak, pertsonak legez, oso politak dira itsasoan, baina nabigaziorako arriskugarriak ere bai, ezkutuan dutelako parte handiena. Gure antza dute horretan.

Badira eguneroko bizimoduari dagozkion elementuak, badaude esperientzietan oinarritutako poemak...

Kasu askotan ez dira nireak, ikusi ditudanak baizik. Ez dakit nori irakurri nion gure lana begiratzea dela, eta ondo begiratzen baduzu ondo pentsatzen duzula. Egunerokotasunean oinarritutako pentsamenduak daude poemetan, baina ez egunerokotasun arruntean, bazterreko egunerokotasunean baizik, ondo ezagutzen edo ondo islatzen ez dugun egunerokotasun horretan.

Forma aldetik, joera jakin batean koka daiteke Izozmendiak?.

Hori oso zaila da zehazten. Esan didate akaso hizkuntzaren aldetik badagoela aldaketarik liburu honetan, baina formaren aldetik nire poesiak ez duela aldaketa handirik izan. Nik poeta modernoak irakurtzen ditut zaharrak baino gehiago, eta saiatu naiz errealismora jotzen. Baina ez naiz ausartzen nire poesia hor kokatzen dela esaten. Badira esperientzia batetik abiatzen diren poemak, baina beste poema askotan badago hausnarketarako joera ere. Beraz, ez da zehazki esperientziaren poesia, baina ezta azken boladan asko zabaldu den poesia filosofikoa ere.

Ez dago, beraz, joera jakin bati lotua.

Kritikoek diote Euskal Herrian egiten den poesia nebulosa bat dela, bakoitzak bere estiloa duela eta bere ildoari jarraitzen diola. Espainian esperientziaren poesia nagusitu da urte batzuetan, eta orain beste esperientzia mota bat ari da nagusitzen. Gu, hemen, ez gara hortik pasatu. Nire kasuan, bada esperientzian oinarritutako poemarik, baina fikziozko esperientzia izaten da horrelakoetan abiapuntua. Ez naiz oso autobiografikoa poemetan.

Bitoriano Gandiaga, Roger Wolfe, Roque Dalton, Horacio Quiroga eta Yukio Mishima aipatzen dituzu, besteak beste, liburuan. Zerbaiten adierazgarri dira izen horiek?

Ez dut uste. Kuriositate gisa, hala ere, esan daiteke aipatzen ditudan ia guztiak hilak direla, eta gehienek bere buruaz beste egin zutela. Beti interesatu izan zait poesiaren munduan bizi den pertsona batek zeren ondorioz egin dezakeen aukera hori, nola aukera dezakeen hiltzeko modu hori. Poesia munduarekin harreman bat sortzeko bide bat da, eta beren buruak hil dituzten idazle horiek harreman hori eten nahi izanak beti harritu nau.

Nolakoa izango da munduarekin harremana sortzeko bide hori hasi berri dugun XXI. mendean?

Ni, poesiaren bidez, mundua konprenitzen saiatzen naiz. Seguru asko ez dut lortzen, eta horren ondorio da etenik gabe idazten jarraitzea. Inoiz pentsatu izan dut idazteari uztea, baina gero berriro agertu izan zait idazteko nahia edo grina. Zerbaitek huts egin duelako, ez dudalako lortu mundua konprenitzea. Azken batean, norberak dituen ezintasunen aurrean bidea bilatzeko modu bat da. Jose Emilio Pachecok dioenez, “batzuek bizitzen ez jakiteagatik ordaintzen duten prezioa da poesia”. Hori izan daiteke gakoa. Ez dakigu bizitzen, eta nola bizi behar dugun jakiteko batzuek poesiara jotzen dugu, beste batzuek beste zeregin batzuetara jotzen duten moduan. Esplikaezina dena esplikatzen saiatzeko.

Poesia errezitaldien bidez eta musikaren bidez zabaltzeko joera asko zabaldu da gure artean azkenaldian. Zer iritzi duzu joera horretaz?

Niri polita iruditzen zait. Idazteko ere, nik musika behar izaten dut, ezin dut isiltasunean idatzi. Musikaren eta poesiaren artean beti ikusi izan dut lotura, neure esperientzian behintzat. Horrelako saioetan izan naizenetan, konturatu naiz musika lagungarri izan daitekeela poesia hobeto heltzeko. Iñigo Aranbarriren Harrien lauhazka liburuko poema batzuk, liburuan irensten zailak iruditu zitzaizkidanak, ikaragarri politak iruditu zitzaizkidan horrelako saio batean entzunda.

Zu zeu ez zara asko ibili zeure poemak ematen.

Pare bat saio egin ditut. Oso gustura aritu nintzen. Ez dakit jendearentzat nolakoa izango zen saioa, baina neu oso gustura sentitu nintzen oholtzaren gainean, atzeko musikak lagunduta.

‘Amodioa batzuetan’ liburuarekin, BBK-Euskaltzaindiaren sariaz gain, Kritikaren saria irabazi eta euskarazko Euskadi Literatura sariko finalista izan zinen. Hala ere, ez zara poeta ezagun eta hedabideetan aipatuenetako bat.

Ez diot garrantzi handirik ematen horri. Badira oso poeta onak, ni baino hobeak direnak: Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Igor Estankona... Niretzat oso pozgarria izan zen Euskadi sarian finalista izatea. Harritu eta poztu ninduen. Hala ere, pozik handiena, benetan gozagarria, lagun idazleek nire poemak komentatzen dizkidatenekoa izaten da.

Poesiatik kanpo ezer gutxi argitaratu duzu: haur eta gazte literaturako ipuin bat edo beste, itzulpen batzuk...

Ez naiz gustura sentitzen ipuingintzan. Nabari egiten dut ez dudala generoa kontrolatzen. Oso ipuin txikiak badira, horrenbestean, baina neurri handiagoetan ez naiz eroso sentitzen. Dena den, badut parte hartu dudan mendi espedizioetan hartutako ohartxoetan oinarritutako liburua osatzeko asmoa. Ez da izango kronika moduan, egunkari moduan baizik. Ohar horiek idazten oso gustura sentitu naiz. Espedizioetako unerik goxoenen artean izaten dira eguraldi txarrarekin, dendatik irten ezinda, ohartxoak idazten pasatakoak. Baina ez daukat presarik liburua gauzatzeko.

Gaztelaniazko poesia liburu ere baduzu argitaratua, Física. Zerk bultzatzen zaitu poema jakin batzuk gaztelaniaz idaztera?

Irakurraldi batzuen ondorio dira Física-ko poemak. Euskararen ondoren, gaztelania dut irakurketarako hizkuntzarik erabiliena, eta nire ama hizkuntza ere gaztelania da. Tarteka zerbait idatzi nuen gaztelaniaz, eta halako batean bildu eta argitaratzeko moduko material bat nuela jabetu nintzen. Uste dut Física argitaratuz geroztik ez dudala gaztelaniazko beste poemarik idatzi.

 

Bilaketa