literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Berria, 2003-10-10
Edorta Jimenez:
«Liburu bakoitza terapia da»

Besteren bizitzak imajinatzean oinarritutako narratibak ez du gogobetetzen jadanik Edorta Jimenez, eta errealitateari eta historiari lotuago dagoen narratiba egin nahi du. Joera horren fruitu da Kilkerren hotsak nobela plazaratu berria.

Donostiako Alde Zaharreko taberna batean izan dugu solaskide Edorta Jimenez (Mundaka, 1953), Susa argitaletxearen eskutik plazaratu berri duen Kilkerren hotsak aurkeztu aurreko minutuetan. Ohiko adierazkortasun indartsu eta kutsakorrez eman dizkigu azalpenak. 36ko Gerraz, Euskal Herriaren historiaz eta egungo egoeraz, literaturaz...

Bizkaia, 1937ko maiatza. Leku eta garai hori aukeratu dituzu nobelarako, eta nobelako kontalariak ere 1937ko maiatzean Bizkaian gertatutakoaren garrantzia azpimarratzen du.

Robert Capa argazkilariaren arrastoan jarri nintzen eta Capa 1937ko maiatzean izan zen Bizkaian. Gerrak batailarik bataila erabakitzen dira, baina, diotenez, gerraren geroa han eta orduan erabaki zen, neurri batean. Gerrak Euskal Herriaren geroa erabaki zuen, eta gerra hura, nire ustez, ez da oraindik amaitu.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Nobela hau, nahiz eta 1937an kokatua izan, badirudi gaurkoa dela. Faxistak nagusitu ziren orduan, eta gaur, larrukolorez aldaturik, haien ondorengoak agintean dira. Badira nobelan izen batzuk gaur egun izen ezagunak direnak, garrantzi eta eragin handikoak Euskal Herrian.

Gerra hartako kontuak gogoratuz asko ikasteko aukera dago, beraz.

Bai. Mallonaren kasua, adibidez, begiratzekoa da. Onenak ere, nahiz eta kristau fededun eta fede oneko izan, ezin dezake besterik espero faxisten aldetik fusilamendua baino, baldin eta Mallonak planteatu zuena planteatzen badu: Errepublikaren barruko Errepublika baskoa kasu hartan, esparru autonomoagoa gaur egun. Paralelismoak bistan dira. Gaur egun ere baditugu Mallona bezalakoak, fede onez eta borondate onez, joko arau demokratikoen bidez, edozer eskura daitekeela pentsatzen dutenak. Nik ez diot ez horren alde nagoenik ez kontra nagoenik; baina hori ez da egia, edo ez da behintzat historian egia izan inoiz.

Nahiz eta fikzioa izan, elementu historiko erreal asko dago nobelaren barruan, gertaera ezezagun eta dokumentu argitaragabeak barne.

Nobelan ageri diren Mallonari buruzko dokumentu denak egiazkoak dira, batzuk sekula argitaratu gabekoak, eta oso esker oneko nago haren biloba Alex eta Joselurengana. Hilak dira biak.

Pertsonaia historiko errealak ere badira, aski ezagunak: Robert Capa, David Seymour Chim, Lauaxeta...

Niretzat oso garrantzitsua da sinesgarritasuna. Alegia, nik neuk sinestea giroa. Ez naiz sekula gerran izan, eta askoz sinesgarriagoa zait ezagutzen dudan paisaia: Bilboko Areatza, Arriaga, Torrontegi hotela... Gainera, nobelaren asmoa ez da gerrako gertaerak kontatzea, Mallonaren heriotzara eta horrek erakusten duenera iristea baizik.

Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan liburua kaleratuko duzu datorren hilean. Ikerketa historiko hori lotua dago Kilkerren hotsak nobelako elementu askorekin.

Hortik dator guztia. Liburu horretarako lanean ari nintzela sortu zitzaidan Kilkerren hotsak idazteko asmoa. Renon nengoen, Hemingwayren eta euskaldunen arteko harremanak ikertzen, eta Jaurlaritzako zerbitzu sekretuetako dokumentu bat eskuratu nuen, Ciscar gudontziko kapitainari buruzkoa. Dokumentu harekin txinparta moduko bat piztu zitzaidan: ikusi nuen banuela aspaldidanik bilatzen nuen pertsonaia, nobela bat kontatzeko. Nobelako lehen esaldia etorri zitzaidan apirilaren amaierako egun batean, eta, beste lanak alde batera utzita, idazteari ekin nion bulkada baten aginduz edo. Gero, nobelak beste gauza batzuk ikertzera eta dokumentatzera behartu nau.

Zerbitzu sekretuen munduan barneratu zara.

Nire ikerlanetan konturatu naiz informazio zerbitzuentzat egiten zuela lan Hemingwayk, baina gauza bera egin zutela euskaldunek Kuban eta Amerikan, Buñuelek Parisen.. eta nork ez? Horregatik da nobelako kontalaria, Uriarte, atze-guardiako zerbitzu sekretuetakoa. Horrek askatasuna eman dit Bilbon zehar ibiltzeko, eta baita gerrari buruzko gogoetak egiteko ere. Esaterako, Uriartek hasieratik ematen du gerra galdutzat.

Gertaera biziak, prosa arina... Aise irakurtzen den liburua da.

Nobela erraza egitea izan da nire asmoa, eta uste dut nire nobelarik errazena dela hau. Amore eman dut euskara batu estandarraren arauetan, ulergarritasunaren alde jokatu dut. Lehendik zeuzkan zama batzuetatik libratu eta irakurlearen bila joan naiz.

Arriskua du dokumentazio lan handia egiteak nobela baterako: irakurlea itotzea.

Gidoigintzan beti esaten da pertsonaien biografia ahalik eta luzeenak idatzi behar direla, nahiz eta gero zertzeladak baino ez pasatu gidoira. Egileak pertsonaiak ezagutu behar ditu, ezagutu behar du giroa, ezagutu behar ditu gertaerak... Asko ezagutu behar du, askoren artean hautatu ahal izateko, beti narrazioaren mesedetan. Informazio asko izateak informazio gehiegi ematetik libra gaitzake, hautatzeko bidea ematen duelako. Betiere sinesgarritasunaren alde, betiere irakurleak nobelan agertzen den lekuan dagoela senti dezan. Horregatik ez ditut deskribatzen agertzen diren lekuak eta pertsonaiak. Hor datoz, eta nigana datozen neurrian nahiko nuke irakurlearengana joan daitezen.

Azken urteetan 36ko Gerra nahiko aipatua da euskal literaturan.

Niretzat liburu bakoitza terapia da, eta bizitza honetan izan dudan oztoparririk handiena gerra izan da. Gure aitak galdu zuen gerra: anarkistek; eta gure amak galdu zuen gerra: abertzaleek. Gerrako liburu batean sartu eta negar egiten nuen. Hori gainditzeko unea iritsi da, gerra zergatik galdu zen aztertu eta ondorioak ateratzeko. Euskal Herriaren historian, lehen karlistalditik gaurdaino, 25 edo 30 urterik behin itun bat izaten da, eta urte horien buruan itunak huts egiten du. Orain galdetzen ahal diogu geure buruari zerk huts egin duen 1978ko itun hartan, itun hura zergatik eta zeren ondorioz sortu zen. Ez zen parekotasunean egin, inposatua zen. Horregatik ez du funtzionatzen.

Pertsonaia errealak eta fikziozkoak nahastu dituzu... Azkeen urteetan nahiko zabaldua dago joera hori.

Nik uste dut beti egon dela joera hori. Batek daki Madame Bovary-ren atzean ez ote zegoen benetako Madame Bovary bat. Nire ustez, idazlearen arriskurik handiena polizia bihurtzea da: jendea ikusi eta besteen bizitza imajinatzea. Errealismora hurreratu naiz krisialdi baten ondoren. Horregatik idatzi ditut kronikak-eta. Errealitateak ematen ditu gaiak, Poliziaren zereginetan murgildu gabe ere idazteko. Nobela psikologikoa, kaleko pertsonaietan oinarritutako narratiba, dokumentaziorik eskatzen ez duena, auzokoen bizitza imajinatzea eta hori guztia, Quim Monzoren Gauza guztien zergatia liburuko ipuinak adibidez, hori errazegia da. Orain ez dut hori egin nahi. Beste material bat nahi dut, beste egiazkotasun bat. Nire kezka da zer erantzukizun dugun errealitatearekin idazten dugunean.

 

Bilaketa