literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Mikel Lizarralde
Berria, 2022-02-13
Kirmen Uribe:
«Bizitzak emandako bigarren aukera bat da literatura»

Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzari tiraka, emakumeek bere bizitzan izan duten garrantziari buruzko nobela bat ondu du Kirmen Uribek: 'Izurdeen aurreko bizitza'.

New Yorkeko Liburutegi Publikoko Cullam sormen beka eskuratuta, Kirmen Uribe idazle eta Berriako podcast egileak (Ondarroa, Bizkaia, 1970) Atlantikoaren beste aldean hartu zuen aterpe 2018ko udan, eta han, Manhattango Upper West Side auzoan, garai batean Hannah Arendt, Nina Simone eta George Gerschwinen bizileku izan zen eremuan, idatzi du bere azkeneko nobela, Izurdeen aurreko bizitza (Susa), AEBen eta Euskal Herriaren artean igeri egiten duena. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitza ardatz hartuta, nobelak iraganari begiratzen dio, Euskal Herriaren historia hurbileko gertaerak biltzen dituen hari mataza baten bidez. New Yorketik eta pantailaren bestaldetik erantzun die galderoi.

Izan duzu tentaldirik liburua Rosika Schwimmerren figuran zentratzeko?

Ez. Hasieratik nuen argi ez zela Rosikari buruzko liburu bat izango, baizik eta Rosika aitzakia bat izango zela nire bizitzan garrantzitsuak izan diren emakumeei buruz idazteko. Intuizioak mugitzen du idazlea hasieran, eta gero hasten da ikertzen, eskema bat egiten, liburuak zein forma izango duen pentsatzen... baina intuizioak esaten zidan Rosikari buruz Edith Wynnerrek idatzi baina amaitu gabe utzi zuen biografia biltzen duten kutxak irekiko nituela New Yorken; ikusiko nuela bukatu gabeko liburu bat barrutik! Hori oso erakargarria egiten zitzaidan. Arkeologia lana egin nahi nuen. Garrantzitsua zen kontatzea Rosikaren bizitza, Edith Wynnerrek zer lan egin zuen ere bai, baina baita kutxa horiek zabaltzeak nigan zer eragin izan zuen ere. Halako esperimentu bat izan zen hasieran.

Liburutegi publikoan Schwimmerri buruzko 176 kutxa daude.

176 kutxa horietan dago publikatu ezin den liburu bat! Wynnerrek nahi zuen Rosikaren bizitza osoa eraman paperera, xehetasun guztiekin, baina hori ezinezkoa da... 10.000 orrialdeko liburu bat litzateke. Horrek pentsatzera eraman nau. Zer den literatura, zer den liburu bat idaztea, eta zein alde dagoen bizitza errealarekin. Azken batean, kontua ez da dena kontatzea, baizik eta nola kontatu. Isaac Babel idazle errusiarrak esan zuen ondo jarritako puntu bat labana bat baino zuzenago doala bihotzera. Zer kontatu baino inportanteagoa da nola kontatu. Wynnerrek dena kontatu nahi zuen, eta nire kasua ezberdina izan da. Nik garrantzia eman diot nola horri, formari, niretzat berebizikoa baita.

Pandemia aurretik hasi zinen nobela idazten, eta pandemiak berak ere eragin du liburuaren egituran. Izan duzu, Wynnerrek bezala, ez bukatzeko beldurrik?

Ez, baina erabili egin dut beldur hori literaturarako. Orhan Pamukek esaten du bi idazle mota daudela: intuitiboki eta asko pentsatu gabe idazten duena, eta idazlana aurrez asko lantzen duena. Ni bigarren multzokoa naiz [barrez]. Eskema asko egiten ditut, liburua nire buruan ikusi behar dut idatzi aurretik. Hasierako zatian kontatzen dut New Yorkerako egokitzapena, haurrena, Rosikaren borroka... baina, bat-batean, pandemia iritsi zen, eta bizitzak berak eman zidan aukera liburuan Noraren [Uri idazlearen emaztea] ahotsa sartzeko. Hasieratik nuen argi bigarren zatia, haurtzaroari dagokiona, Norak kontatu behar zuela, baina ez nuen ikusten nola. Ezin da sartu beste ahots bat inolako justifikaziorik gabe, irakurlea aztoratu edo galdu egiten delako. Pandemiak, berriz, ireki zidan bide bat.

Liburuko lehen parte osoa Urik kontatzen du, zure alter ego-a izan daitekeenak. Nola kudeatzen duzu idazle-narratzaile harremana?

Horrekin jolastu nahi nuen, iruditzen zitzaidalako ondo zetorrela lehenengo parte horretan. Nobela autofikzionala, Kirmen dago hemen, Nora emaztea, umeak... horrek egiantzekotasun handia ematen dio kontakizunari. Baina, lehen partea autofikzionala den moduan, bigarren zatian erabat askatu naiz. Saul Bellowk esaten zuen pertsona bati gauza bat gehituz pertsonaia bihurtzen dela. Nik esango nuke gehituz edo kenduz bihurtzen duzula pertsonaia. Bigarren parte horretan jauzi bat dago; idazlea alde batera pasatzen da, eta Noraren bitartez kontatzen da idazleari gertatzen zaiona. Egia da parte horretako pertsonaiak errealitatetik datozela, baina fikzioa askoz presenteago dago, askoz libreago ibili naiz. Emakumearen ahotsa erabiltzearenak ematen zidan errespetu puntu bat. Baina eroso sentitu naiz Noraren ahotsean. Benetan gozatu dut Norak bere lagunik onenari, Maiderri, idazten dion gutun hori idazten.

Izan ere, emakumeek garrantzi handia dute liburuan.

Nobeletan edukiak esanahia dauka, baina formak ere bai; esan egiten ditu gauzak. Horregatik, liburuan ahots aldaketa egiten dudanean, esan nahi dudana da gizonezkook entzun egin behar ditugula emakumeak, eta ahotsa eman behar diegula beren ikuspegitik hitz egin dezaten. Emakumezko asko dago liburuan, baina nire bizitzan ere hala izan da. Haurra nintzela gizonak itsasoan zeuden, eta ni emakumeen inguruan hazi nintzen. Asko egoten nintzen amarekin, izekorekin eta haien lagunekin, eta kontatu nahi izan dut garai hura.

Nobela bat idaztean zerekiko ardura duzu? Edukiak zenbateraino baldintzatzen du forma?

Nire ustez, formarekin egiten du aurrera literaturak, formaren aldaketekin. Eta formak aldatzen dira, gizartean aldaketak gertatzen direlako. Kazetaritzarekin literatura aldatu zen, zinemarekin berdin, eta orain ere, sare sozialekin, aldatzen ari da. New Yorkeko unibertsitatean ikasleei idazketa eskolak ematen dizkiedanean, beti esaten diet: “Izan libreak, eta planteatu orain arte planteatu ez diren nobela formak”. Dena baitago egiteko. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan esaten zen dena eginda zegoela, baina ez! 1990eko hamarkadan bizitza aldatu egin zitzaigun. Inprentaren ondoren, ehunka urtetan izan den iraultzarik handiena Internet izan da, eta horrek dena aldatu du. Orain, dena dago egiteko forma aldetik. Uste dut formari garrantzi handia eman behar zaiola, idazketari berari. Askotan gaiari ematen diogu garrantzia, baina gaiak forma bat behar du. Ezin dugu tradizio hegemonikoek bezala idatzi, ezin ditugu kopia hutsak egin. Guk gure historiatik idatzi behar dugu. Euskarak tradizio intermitentea dauka, eta igual liburu intermitenteak idatzi behar ditugu, liburu hautsiak. Gainera, hegemoniko ez izate horrek aukera ematen digu gauza berriak planteatzeko. Harold Bloomek esaten zuen libururik onenak egiten direla norbere ereduak ahaztu eta barrutik idazten denean. Gero berez ateratzen dira eraginak, baina behintzat saiatu libre idazten eta inoiz idatzi ez den hori idazten.

Nazioartean euskal idazlerik ezagunenetako bat zara, Euskal Herriari buruz idatzita ere. Zer aurkitu dute kanpoko irakurleek zure literaturan?

New Yorkeko liburutegikoekin hitz egin nuenean, esan zidaten: “Soilik Rosika Schwimmerri buruz egin izan bazenu lana, ez genuen onartuko”. Haiei interesatzen zaiena da Euskal Herriaz ere jakitea. Izan nahi dute tradizio isilduen berri. Gero eta jakin-min handiagoa dago bazterrera utzi dituzten hizkuntza horien inguruan. Nire lanetatik erakartzen duena hori da. Alde batetik, formaren aldetik gauza berriak egitea; eta, bestetik, bizitasun handia duen kultura gutxitu baten parte izatea. Euskal Herriari buruz asko hitz egiten da, baina ez kanpotik, baizik eta gainetik. Niri hori ez zait gustatzen. Uste dut gure historia guk kontatu behar dugula. Nire liburuek bihotza beti dute Euskal Herrian. Badute eta izango dute; nahiz eta gero pertsonaiak munduan zehar ibili.

Nobela honetan, Schwimmerren ahalegin bakezaleez gain, hitz egiten duzu intsumisioaren mugimenduaz, 1980ko hamarkadako borroka feministaz, arrantzaleez, gatazka politikoaz... Hari asko dago. Halakoetan ez diozu beldurrik dispertsioari?

Lanketa handia egiten dut: trantsizioak ondo lotzea, gai bat behin bakarrik ez agertzea... Bereziki lantzen dut idazketa eta trantsizioak nola egin. Nola agertzen diren gaiak, ez daitezen izan irakurlearentzako traba. Liburu hau idazteko orduan asko ezabatu dut, eta berriro idatzi. Askotan pentsatzen dut nire liburuek bi plano dituztela. Bat da konposizioa bera, kanpotik ikusten dena, baina gero detaile asko sartzen ditut. Miniaturak sartzea gustatzen zait, baina betiere kolorea emateko eta irakurlea ez galtzeko moduan. Azkenean, pertsona ez da alde bakarrekoa; bizipen asko ditu, eta horiek markatzen dute pertsona bera. Zer bizi izan du Norak? Maiderrek? Bizi izan dute arrantzaren gainbehera, matxismo handia... hori dena kontuan izan behar da pertsonaia bat barrutik ezagutzeko. Nik barrutik erakutsi nahi ditut pertsonaiak. Ezagutu egiten badituzu ulertu egiten dituzulako, nahiz eta ez egon ados haiekin.

“Fikzioa memoria baita, denboraz biderkatua. Denboraren joanak gertakizunak aldatu eta fikzio bihurtzen ditu”, esaten du Urik pasarte batean. Zenbateraino da garrantzitsua memoria horri eustea? Zenbateraino fikziorako baliabide?

Bi aldeak bizi ditut. Memoria kolektiboari eutsi behar zaio; horregatik gara euskaldun. Baina literatura guztia oinarritzen da guk bizi izan dugun horretan. Bizitzak ematen dizun bigarren aukera bat da literatura. Liburu bat idazten duzunean, kontatzen duzu bizi izandakoa, baina, aldi berean, bizi izan duzun horretatik askatzen zara behin idatzita. Urik, hasieran, liburutegian dagoenean, min batzuk ditu, eta kontatu behar ditu. Baina, gero, Noraren laguntzaz, adiskidetu egiten da iraganarekin. Nobela ilun hasten da, baina bukaera argitsu bat dauka. Uste dut idazteak lagundu egiten digula; idaztean min horietatik askatzen gara.

Liburuko azken orrietan, haurrei eman diezu ahotsa, Uri eta Noraren seme-alabei. Hori ere bada itxaropenerako keinu bat?

Liburuan gure haurtzaroa azaltzen da, Uri, Nora eta Maiderrena, eta gaur egungo haurrekin bukatzen da. Nahi dugu gure seme-alabek ez izatea guk haurtzaroan izan genituen tentsio horiek guztiak. Guretzat gizarteak pisu handia zuen. Gizarte matxista zen, bortitza oro har. Baina, bukaeran, boterea haurrei ematen diet, etorkizuna haiek dutelako. Neurri batean bada euskal gizarteari egiten diodan gonbita. Joan gaitezen bide horretatik, elkar ulertzearen bidetik. Eta uste dut bagoazela.

Schwimmerrek bere herria utzi eta AEBetara egin zuen; Urik eta Norak ere bai... Migratzaileari aldatzen zaio sorterriari buruzko ikuspegia?

Lasaitasuna hartzen du sorterriaz pentsatzeko. Nobela ere bada ariketa hori. Hasieran, New Yorkera zatoz, egokitu egin behar duzu, eta iragana, neurri batean, ahaztu egiten zaizu. Baina, gero, iraganak pisua hartzen du nobelan. Zure izatea ezin duzu atzean utzi. Horregatik erabili dut izurdeen eta laminen istorio hori. Euskal tradizioan esaten da izurdeak pertsonak zirela, baina laminak maitatzeagatik izurde bilakatu zirela, zigor gisa. Ederra iruditzen zitzaidan istorio hori. Tradizio grekoan, laminek hil egiten dituzte maitaleak, baina euskal tradizioan izurde bilakatzen dituzte, eta, beraz, bigarren aukera bat ematen diete. Bigarren aukerarena oso presente izan behar dugu gure gizarte honetan. Bigarren aukera eman behar diogu jendeari, gizarteari oro har, aurrera egin dezagun. Eskuzabalak izan behar dugu.

Duela aste gutxi zure inguruko polemika bat piztu zen sare sozialetan. ETAren indarkeriaz galdetu zizuten, egoera deseroso batean. Zein gogoeta pizten dizute halakoek?

Hori azpijoko bat izan zen. Gazte batek deitu zidan euskal kulturaz eta Euskal Herriaz galdera batzuk egin nahi zizkidala esanez, eta ni halakoetan beti izaten naiz prest laguntzeko. Agian inozoegia naiz. Eta berehala hasi zitzaidan ETAri buruz galdetzen, behin eta berriro galdetzen ere, eta ni isildu egin nintzen. Ez nekielako hori nola erabiliko zuten. Askotan hitz egiten da ETAk eragindako beldurraz, eta hori hor dago, baina euskal idazleok eta sortzaileok beste beldur batzuk ere baditugu, Espainiako eskumak eragiten dituenak. Zerbait esan eta erabiliko dute beren intereserako. Beti entzun nahi dute beraiek entzun nahi dutena. Badago errelatoaren gaineko obsesio bat, baina errealitatea ez da hain sinplea. Min asko daude Euskal Herrian, eta saiatu behar dugu zauri guztiak ixten eta aurrera begiratzen. Ni halakoetan isilik gelditzen naiz, sartuz gero okerragoa delako. Guk kontatu behar dugu bizi izandakoa, bere aniztasun osoan.

Zer eman dizu New Yorkek?

Ni beti izan naiz ikasi nahi duen pertsona bat, ezinegon handikoa, eta New Yorkek modua ematen dit ikasteko. Literaturaz, arteaz, zientziaz... Energia baikor handia du hiriak. Eta horretan ari naiz, ikasten. Betiere euskaraz, euskaragatik eta euskararentzat. Ez dakit noiz arte geldituko garen. Gaur egungo abiaduran, ez dut planteatzen zer egingo dugun datorren urtean. Nire literaturan hiru fase daude: Gasteizkoa ikasketa fase bat izan zen, eta han sortu ziren Bitartean heldu eskutik, Jainko txiki eta jostalari hura, eta baita Bilbao-New York-Bilbao ere. Ondarroan Mussche, Elkarrekin esnatzeko ordua eta 17 segundo mamitu ziren, eta New Yorkekoa izango litzateke azken liburuaren fasea. Ez dakit zenbat nobela etorriko diren New Yorken, baina beste bat, behintzat, bai.

Bazabiltza horretan?

Bai. Planak egitea asko gustatzen zait, eta baditut buruan beste pare bat liburu. Ideiak baditut; denbora da arazoa. Saiatuko naiz gauza onak egiten, kalitatezkoak, eta etorriko dira etorri behar dutenean.

 

Bilaketa