literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Maitane Legarreta
111 Akademia, 2017-07-23
[iturburua]
Mari Luz Esteban:
«Euskal gizarteak gutxieneko maila badu berdintasunari eta feminismoari dagokienez»

Mari Luz Esteban (Pedrosa de Valdeporres, Espainia, 1959) EHUko irakaslea da gizarte antropologia sailean eta 70eko hamarkadatik dihardu mugimendu feministan. Feminismoak izandako ezaugarriak eta aldaketak aztertu ditu Feminismoa eta politikaren eraldaketak (Susa, Lisipe bilduma) liburuan eta, batez ere, kezka sortzen duten gaien inguruko galderak planteatu ditu.

Egin duzun azterketan aldaketak topatu dituzu baina baita jarraikortasuna ere.

Hausnartzen hasi naizenean, pentsatzen nuena baino aldaketa gehiago egon direla konturatu naiz. Gauza berriak ikusten dira. era berean, jarraikortasuna dago: mugimendua bizirik dago, maila batean indartsu, gai da bere burua berritzeko, belaunaldi berriak sartzen dira… Izaera herrikoia ere mantendu du neurri batean.

Mugimendu heterogeneotzat jotzen duzu baina gizartearen zati batek ez du hala ikusten oraindik.

Oso kanpotik begiratzen diotenek beti ikusten dituzte eurentzat ezaugarri erradikalenak direnak, zentzu horretan homogeneizatu egiten dute. Heterogeneoa da baina bat da. Nik uste dut hitz egin daitekeela Euskal Herriko mugimendu feministaz. Hemen batasun bat dago, baina heterogeneoa.

Sektore batzuetan feminismo kontzeptua ulertu ezina ere bada, ezta?

Oraindik ere bada feminismoa eta matxismoa maila berean jartzen duenik. Dena den, euskal gizarteak gutxieneko maila badu berdintasunari eta feminismoari dagokionez, berdintasunaren ideia nahiko orokortua dago.

Hori baino, esango nuke gizartearen sektore batek pentsatzen duela feminismoa iraganaren kontua dela. Gazte askok uste dute euren gurasoen edo amen kontua zela, gizartea zen modukoa zelako, eta gaur egun ez dela hainbeste behar. Onartzen dute feminismoaren maila bat, gutxieneko hori denek daukate, baina argudioekin hasten zarenean, teoriekin, batzuetan erresistentziak daude. Berniza bezalakoa da, pixka bat harraskatzen hasiz gero, arazoak edo erreakzioak sortzen dira.

Izan diren aldaketetara jota, indibidualizazioak badu eragina.

Aktibismoan gero eta gehiago da neuretik jardutea, norberaren emozioetatik, eta horrek baditu arazoak. Gizartea aldatzeak eskatzen du ez egotea beti eroso, gustuko ez dituzun gauzak egitea… Lehenengo militantzia moduak zurrunegiak zirela esaten da eta maila batean politika zela bizitzaren erdigunea; orain malgutu egin da eta ondo dago, baina batzuetan beste aldera pasatzen da jendea. Orduan, nola aldatzen dira gauzak, nola egiten diozu aurre arazo bati?

“Iritzi feminismoaren” arriskuak ere azpimarratu dituzu.

Abiapuntua ona da; euskarazko komunikabideetan ondo kokatua dago feminismoa, kazetari asko dira feministak… Bultzada ikusten da, gaztelaniazkoan ikusten ez dena orokorrean. Horrek ekarri duena da izan propioak lantzen direla, iritziak nahi dira, kolaborazioak… Hortaz, garrantzia hartzen du nor agertzen den eta nor ez, eta badirudi agertzen denak badakiela zer den feminismoa, zer egin behar den eta nola aldatu behar den gizartea… Kezka daukat horren inguruan.

Unibertsitate eta ikerketa munduan boterearen horizontaltasuna ezbaian al dago?

Feminismoak beti aldarrikatu du horizontaltasuna eta beti praktikatu nahi izan du, gaur egun ere maila batean balio garrantzitsua da. Mugimendua dibertsifikatu egin denez, arloa berez hierarkikoa baldin bada, egitura horretan sartuko da. Konbinatu behar ditugu, beraz, eremu batzuk horizontalak direnak eta beste batzuk ez direnak baina beste konpentsazio maila batzuk dituztenak. Oreka hori aurkitzea da gakoa.

Aldaera iraultzailearen eta instituzionalizazioaren dualismo hori ere bada gaur egun.

Euskal Herriko ezkerraren marka da, ez bakarrik feministarena, eta gutxi ari gara pentsatzen. Bata eta bestea uztartzen saiatzen ari gara. Planteatzen den galdera da parte-hartze instituzional horrek ez ote zaituen neutralizatzen mugimendu modura. Erne egon behar dugu eta esperientziak ebaluatu, eta iruditzen zait ebaluazio gutxi egin dugula. Horretaz gogoeta egin behar dugu.

Estatugintza feministaren gaiarekin zalantzak dituzu.

Ni ez nago horren kontra baina galderak sortzen zaizkit. Horretaz hitz egiten denean, ez dut bidea markatua ikusten: zer da estatu feminista, nola egingo dugu daukagu baliabideekin… Kezkatzen nau ideia fetitxe bat bihurtzen delako eta errepikatzen delako sakondu gabe. Ez dakigu independentzia etorriko den ala ez baina etorriko balitz ere, estatugintza feminista urrun ikusten dut. Interesgarria da eztabaidarako eta abar, baina mugimendua indartzen jarriko nuke lehentasuna: aberasten, birkokatzen…

Feminismoa eta euskalgintza ere uztartu dira azken urteotan.

Feminismoa izan daiteke tresna bat euskalgintza nola egin pentsatzeko. Mugimendu ezberdinak dira, egoera ezberdinekin; euskalgintzan ez daude gazte asko eta hori kezkagarria da. Pentsatu behar da euskararekin zer egin. Euskaraz mintzo da euskal feminismoa eta nahiko berria da, azken hamarkadan ageriago gelditu da.

Azpiratzeko bi ezaugarri lotu dituzte: euskaldun eta emakume izatea.

Gizarte batean hainbat azpiratze arazo daude: generoa, klasea, adina, sexu-orientazioa… eta hizkuntza ere izan daiteke beste bat. Hizkuntzari dagokionez, feminismoan gaur egun euskara ikastea bada balio erantsia eta estatus bat ematen dizu beste emakumeekiko, euskaraz ez dakitenen aurrean. Bi norabidetan begiratzen badugu, analisia konplexuagoa da. Momentu batean azpiratzen zaituen faktorea da baina beste une batean besteekiko estatus batean jartzen zaituena.

Itun feminista berri baten premia aldarrikatu duzu, ezberdintasun soziala eta ekonomikoa erdigunean jartzen dituena.

Klasea kontuan hartzea zailagoa izaten da eta hala izan da feminismoan ere. Iruditzen zait errazagoa dela pentsatzea sexualitate ezberdinak daudela eta hori ondo kudeatzea. Arrazarekin erne egon behar dugu. Klase soziala ageriagoa da eta askotan ahazten dugu.

Zergatik iruditzen zaizu konplexuagoa kudeatzeko?

Horrek eramaten gaitu pentsatzera emakume guztiak ez garela berdinak, nahiz eta printzipioz, orokorrean, gizonekiko posizio baxuagoa eduki. Zer egingo dugu emakume batzuen pribilegioekin…

Pribilegioak ditugula onartzea gehiago kostatzen da.

Jakina. Horrek esan nahi du mugimendu feministan, ez bakarrik gizonek, emakume batzuek ere pribilegioak galdu beharko ditugula. Hori ez da hain erraza bizitzeko eta onartzeko. Pentsatzen dugu badugula eskubidea gizonen pare egoteko baina horrek suposatzen du sistema orokorrean pertsona batzuk jartzen direla gainean ekonomikoki edo… Ez da erraza kudeatzea, ezta hori guztia kontuan hartzen duen teoria osatzea ere.

Lidergo femeninoa handitu da baina ez du esan nahi lidergo feminista dagoenik.

Estatu mailan emakume feministak heldu dira goi mailako zenbait botere postutara; Euskal Herrian maila baxuagoan, ez hain kolektibo. Ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean. Hala ere, nik pentsatzen dut emakumeak badaude ondo dagoela. Bestela, ematen du berdin dela gizonezkoa edo emakumezkoa egotea, eta ez da berdin-berdina. Nik nahiago dut parekidetasuna egotea eta gero, edo aldi berean, borrokatuko dugu feminismoa sartzeko. Feministak badaude suposatzen da boterea kudeatzeko beste modu bat izango dela, kolektiboagoa, gai batzuk sartuko direla bestela sartzen ez direnak…

Indarkeria matxistaren hazkundea ikusten dela dio zenbaitek.

Begoña Pernasek aipatzen du feminismoarekin pentsatzen genuela berdintasuna etorriko zela eta indarkeria amaitu. Buelta eman dio horri eta esaten du berdintasunaren aukera heltzen denean, erreakzioa izan daitekeela indarkeria mota ezberdinak sortzea. Ez dago argi gaur egun indarkeria gehiago dagoen, dagoena da ikusgarritasun handiagoa. Emakumeak ez gaude prest lehen onartzen genituen gauzak onartzeko.Lehen onargarria zenak gaur egun eztabaida sortzen du, eta gizonen aldetik erreakzioa.

Zaintzaren gaia ere plazaratu duzu.

Ni kezkatuta nago feminismoak baduelako zaintza emozioekin nahasteko joera. Lanak eta lanak daude, baina badaude pertsonekin egiten diren beste lan batzuk non ez dugun hainbeste sartzen emozioen kontua. Emakumeak askoz lotuagoak gaude emozio batzuekin, gizonak beste batzuekin… Generoa antolatzeko modua dago eta batzuetan feminismoa ere horretan jausten da. Emozioak garrantzitsuak dira eta landu behar dira, enpatia egon behar du zaintzaile eta gaixoaren artean baina, batez ere, hiz egin behar da zer den ondo zaintzea. Aztertzen hasita, zati batean egongo dira enpatia eta afektuak eta beste zti garrantzitsu batean izango da teknika: nola egin, zer testuingurutan, zer ordutegi… Ondo zaintzea ez da bakarrik afektuaren kontua, baita baldintzena ere: ordu kopurua, zaintzailearen soldata, musu-truk egiten bada 24 orduz ez izatea…

Liburuaren epilogoan gorputzari egin diozu tokia.

Feminista izatea da zure gorputza moldatzea modu batez, askatasuna sartzea zure praktiketan, desioa. Feminista egiten zara zure gorpuztasunaren inguruan lanean eta horrek kokatzen zaitu gizartean modu batean edo bestean, bere kontraesanekin, jakina. Ez bazara feminista gauza batzuk ez dituzu egingo, eta feminista bazara fisikoki ere gaitasun batzuk lantzen dituzu. Gorputz bat lantzea izango litzateke, gorputz kolektiboa, elkar harremanean dauden gorputzak.

Hirugarren aro batean sartu omen da mugimendua.

Beste momentu batean gaude. Bilgune feministak trantsizio feministaz hitz egiten du bizitzen ari garena ezaugarritzeko. Gurean, aurrekariak aurrekari, feminismoa 70eko hamarkadaren amaieran hasi zen. XX. mendea izan daiteke aro bat, XXI. mendea hasten denean aldaketa batzuk ikusten dira antolakuntzan, feminismoaren dibertsifikazioa areagotzen, eta gaur egun trantsizio moduan gaude, hirugarren aroaren hasieran.

Nolakoa izango da hirugarren aroa?

Ez dakigu eta ez jakitea ere interesgarria da. Agian ez dira sortuko gauza berri-berriak, baizik eta kontu berri batzuk eta lehenago zeudenen areagotzea. Gauza asko daude ikusteko: instituzioak eta mugimenduak nola uztartuko ditugun, belaunaldi berriek zer egiten duten feminismoarekin, ikasketen formakuntza feministak zer ondorio dakartzan, botere instituzionalean feministak sartzen diren ala ez, euskal munduan zer arrakasta daukan, gizon sarrekin zer gertatzen den, eragiteko autonomia mantentzen dugun…

 

Bilaketa