literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Amalur Artola
Gara, 2019-06-08
[iturburua]
Beņat Sarasola:
«Maiz historialarienak baino emankorragoak izaten dira ekarpen literarioak»

Literaturatik hur ibilia da Beñat Sarasola (Donostia, 1984), izan olerkari, literatura kritikari edo telebista aurkezle gisa, baina artean nobelarik eman gabea zen. “Deklaratzekorik ez” (Susa) du lehen eleberria, su eztitan ondua, euskal gatazka kaleetatik atera eta pertsonaia baten barrunbeetara daramana. Berea da hitza. 

Bere iragana atzetik jarraika datorkion gaztearen trantzea zirriborratu du Beñat Sarasolak “Deklaratzekorik ez” (Susa) lehen eleberrian. Gatazka politikoaren agertokian norbanakoak bizi ditzakeen dilema moral, zalantza eta kontraesanak haztatzen ditu eleberriak.

40 urte bete arte ez zenuela nobelarik idatzi behar, baina hemen da “Deklaratzekorik ez”.

Hori esaten nuen bi motibogatik: bata da, Hemingwayk-eta esaten zuten bezala, nobela baten tamainako zerbait idazteko lehenago bizipenak eduki behar dituzula; eta, bestea, genero laburragoetan baino gauza gehiago dominatu behar dituzula teknikoki, pertsonaiak, idazkera, dialogoa, narratzailea... nobela batek eskatzen du eskarmentu bat literaturan. Baina baziren hamar urte liburua buruan nuela eta, presarik eduki ez badut ere, iruditu zitzaidan iritsi zela proiektua amaitzeko momentua. Askotan gauza horiek esaten dira erdi brometan, ze lehen poesia liburua idatzi nuenean [“Kaxa huts bat”, 2007, Susa] esan nuen ez nuela gehiago idatziko poesiarik, eta bi urteren buruan atera nuen bigarrena [“Alea”, 2009, Susa]... batzuetan, hobe da isilik egotea (barreak).

Hamar urte lehenago otu zitzaizun ideia, baina hamar urtekoa ez zen izango noski idazketa prozesua.

Ez, hori da. Duela hamar urte buruan izan nuen nobela honen bidez esploratu nahi nuen ikuspuntua, eta urte luzez apunte txikiak hartzen egon naiz, historiari zegozkionak, pertsonaiei, eta erabaki nuen 2016an hasiko nintzela idazten. Oso ondo daukat gogoan: 2016ko urtarrilaren 1ean, Urteberriko bazkariaren ondoren idatzi nituen lehen esaldiak. Hortik aurrera gorabehera asko egon da; azken kolpe inportantea iaz eman nion.

Poesiatik zatoz, eroso aritu zara narratiban?

Uste baino erosoago. Nire poesia nahiko narratiboa izan da beti, eta alde horretatik ez dut uste aldaketa izugarria denik; baina, bestetik, egia da nobela batek eskatzen dizula eskarmentu handia, eta nik ez nuen. Beldurra banuen hasieran, eta hor inportantea izan da editorearen lana. Gorka Arreserekin [Susa-ko editore ohia] hasi nintzen, eta gertu eduki dut prozesuan; haren aholkuak oso inportanteak izan dira, ze lehen aldia denez ez daukazu konfiantzarik ere. Azkenean, uste baino gehiago disfrutatu dut.

Bi planotan kontatuta (90eko hamarkada eta ETAren su-etenaren aurreko unea), gazte baten bizipenak kontatu dituzu. Gai zentrala ez den arren, egoera politikoak pisu handia du.

Bai, pisua du, pertsonaiaren bizitzan eragin handia izan duelako. Irakurlea pixkanaka joaten da deskubritzen iraganean zer gertatu zaion, eta bi denborek kontraste modura egiten dute politikoki. Baina hau ez da gatazkaren inguruko gauzak esplikatu edo arrazoietan sakondu nahi duen saiakera bat, baizik eta gehiago da pertsonaiari gatazka horren bueltan sortzen zaizkion dilema moral, posizio aldaketa, zalantza eta kontraesan horietan sakontzeko nahi bat. Pertsonaiak oso ahots indartsua eta ziurra du gauza politikoei dagokienez, baina irakurleak haren iragana deskubritu ahala ikusiko du nola joan den ahots hori moldatzen.

Lucia da protagonistaren bikotea, baina Mirenekin ere badabil; bere iragan politikoak traba egiten dio eta ekintzetan ere ez da, nagusi den optikatik begiratuta, eredugarria. Irakurlearentzat pertsonaia ezerosoa izan zedin nahi zenuen.

Horretan arakatu nahi nuen, ez zedila izan enpatizatzeko erraza, baina, era berean, gorrotagarria ere ez. Eta sinesgarria izan behar zuen, gaur egungoa. Plano horietan saiatu naiz lan egiten.

Irakurleak izan ditzakeen barne kontraesanekin ere konektatzeko agian?

Bai, eta gainera, irakurle batzuek esan didate pertsonaiaren zalantzetako batzuk sentitu dituztela, batzuetan gertu eta besteetan urrun sumatu dutela... Irakurlea nobela osoan pertsonaiarekin negoziatzen aritu behar izatea, esan duen zerbaitek min egin baina gero erruki puntu bat sentitzea eta berriro aldentzea; jolas horretan saiatu naiz idazten.

Protagonista da izenik ez duen pertsonaia bakarra.

Hori ez nuen aurretik pentsatu, idatzi ahala sortu zen. Alde batetik, pertsonaia anonimo batek errazten du irakurleak “edonorekin” identifikatzea; eta, bestetik, neure buruari erronka bat jarri nion: euskaraz generoa ez denez markatzen gaztelaniako “él” edo “ella”-rekin ez bezala, adibidez, eszena batean, non emakume bat eta gizon bat dauden, zailagoa da nori buruz ari zaren markatzea. Jolas moduan hartu nuen ia-ia, eta horrela bukatu zuen izenik ez izaten.

Aitak presentzia handia du. Zergatik eritasunak eraman behar duen pertsonaren figura?

Zalantza izan nuen aitaren figura sartu edo ez. Hasieratik nuen buruan, eta zalantza egin nuen, ez nuelako gehiegi dispertsatu nahi nobelan, baina aitak aukera ematen zidan protagonistak familia barruan politikari dagokionez sozializatzeko zer zalantza eta zailtasun dituen agertzeko. Hasieratik aurre egin behar izan dio familiari eta aitak —bera ere gaztetan militante politikoa izana—, zama politiko bat eman dio semeari, nolabait jarraitu egiten du. Transmisio hori islatzea interesatzen zitzaidan; nola seme-alabei historia politiko eta gatazkatsua transmititzen zaien, eurei zer nahi duten galdetu ere egin gabe. Bestetik, zaintzaren kontua dago: gaixotasun larria du aitak, eta semeak bere burua gainditua ikusten du maila guztietan, ez bakarrik praktikoan —ez da gai aitak behar duen denbora eskaintzeko—, baita afektiboan ere, ez baita gai aitarekin erlazionatzeko maila afektibo batean, kariñosoan, egoera larrienean egonda ere. Ez protagonista, ez aita, ze bi norabideetan dagoen zailtasun bat da, eta hori uste dut gizonen arteko harremanetan nahiko argi ikusten den zerbait dela.

90eko hamarkadan militante politiko izandakoa da protagonista, baina haizeak eramanda bezala doa. Ongietorriaren kapitulua adibide garbia da.

Bai, 90eko hamarkadan bere burua korronteak eramanda ikusten du; tokatzen zaiona egiten baina, era berean, familiarekiko kontrakotasun batekin, eta hortik datorkio beranduago eztanda egitea, aldaketa politikoa, eta abar. Hor jada ikusten da ez dagoela konbentzitua egiten ari denarekin, testuinguruak eraman duela hor egotera. Segur aski pertsonaia ahula da, geroagoko ahotsa indartsuagoa izango da, eta saiatu nintzen azaltzen baita ere ahots gogor horren atzean mantentzen dela iraganeko ahultasun hori. Adibidez, erabakiak hartzeko plano guztietan duen ezgaitasuna; politikoan, polizia etortzen zaionean zein sentimentalean, harremanetan ere gordetzen delako iraganeko ahultasun hori.

Su-etenaren aurreko planoan, pertsonaia kritikoa da egoerarekin, baina isildu egiten da. Horren ispilu, maiz errepikatzen da esaldi bat: “Pentsatu eta esaten ez diren gauzak”.

Harkaitz Canoren “Twist”-i omenaldia da, ze esaldi hori hor erabiltzen da asko eta iruditu zitzaidan egokia izan zitekeela pertsonaia ezaugarritzeko.

Bai, badauka hortik, lagunak gordetzeko motibo izan liteke horren [gatazka politikoa] inguruan ez gehiegi hitz egitea; hortik titulua ere, “Deklaratzekorik ez”, erakusteko nola, bizirauteko, batzuetan isilik geratu behar den. Horrek ezinegona sortzen dio; eta, horregatik, nobela pertsonaiaren barnera sartzen da askotan, haren hausnarketatik du asko, eta esan gabekoak bere pentsamenduaren bidez jasotzen ditu irakurleak. Badago kontraste bat bere barruaren eta bizitzeko moduaren artean, hori da bere gatazketako bat.

Irakurle asko sentituko ziren identifikatuta bere lagun taldearekin: bai isiltze horretan, bai hartzen dituzten jarrera ezberdinetan.

Kuriosoa da, nire adin inguruko jendeak esan dit nahiko identifikatua sentitu dela bizipen batzuekin, lagunen arteko harremanekin, eta abar; baina zaharragoak diren irakurleek urrutiago sentitu dute, agian ez dutelako modu horretan bizi edo garaiak ere aldatu direlako. Polita da ikustea norbere bizipenek nola eragiten duten nobelaren harreran.

Protagonista irakurtzen ari den liburuaren harira, Zumalakarregik eta karlismoak zeharkatzen dute eleberria.

Interesgarria iruditu zitzaidan Zumalakarregi sartzea batetik nobelaren eta historiaren artean ispilu-jokoa egiteko aukera ematen zidalako, eta hor bada askotan errepikatzen den esaldi bat, dioena karlistarik gabeko herri karlista batean bizi garela. Bestetik, interesgarria egiten zitzaidan aztertzea zer zailtasun dituen historialari batek nobela historiko bat irakurtzeko modu literario batean, ze etengabe ari da kuestionatzen ‘hau ez zen horrela izan’ eta etengabe eskatzen dio liburuari tesi bat, Zumalakarregi edo karlismoa baztertuko duena, baina ez du hori aurkitzen.

Une batean aipatzen du idazleek hobe luketela historian ez sartzea. Ados zaude?

(Barreak) Bueno, historialari bezala bai, hobe lukete ez sartu. Literarioki, uste dut oso emankorrak izan daitezkeela idazleen ekarpenak, askotan historialarienak baino emankorragoak izaten dira ekarpen literarioak.

Kapitulu bakoitzak une zehatz baten kontakizuna egiten du, puzzlearen pieza edo argazki bana balitz bezala, eta kontatzeko eran ere badago alderik: ez dira berdin kontatzen torturak edo museoetara bisitak.

Saiatu nintzen idazkera moldatzen kontatzen ari nintzen horretara. Iraganeko pasarteak lehen pertsonan daude idatziak eta besteak hirugarrenean, ze iraganekoetan iruditzen zitzaidan idazkera biziagoa behar zutela, gertuagokoa; eta bestean, nahiago nuen narratzailearekin distantzia pixka bat hartu. Horretaz aparte, iruditzen zait torturatua izaten ari den pertsona baten kontakizuna eta kalean paseatzen ari denarena ezin direla berdin kontatu, inolaz ere.

Kapitulu horretan, torturatuaren pentsamendura daramazu irakurlea. Idazketa konplikatua izan da?

Bai. Hasi aurretik banekien saiakera frakaso bat izango zela, ze hain mugako esperientzia izanik tortura, pasarte bat ondo narratzea ezinezkoa iruditzen zait; eta, gainera, definizioz, torturak existitzen ez diren gauza bat dira, hau da, ezkutuan dagoena beti. Baina, era berean, garbi nuen kontatu egin nahi nuela eta aritu nintzen irakurtzen nola kontatu izan diren torturak, Txillardegiren “Exkixu”-n edo “Twist”-en adibidez; eta erabaki nuen, gertatzen ari zena kontatu beharrean, pertsonaiaren barruko jario horretatik irakurleak inferitzea neurri batean zer gertatzen ari den, ze ez nuen ariketa oso naturalista egin nahi. Torturen kasuan atentzioa ematen dit, torturaren beraren basakeriaz aparte, psikologikoki dagoen umiliazioak, eta hor sartzen ahalegindu naiz.

Bestetik, uste dut laguntzen duela ulertzen pertsonaiaren ibilbidea, hortik aurrera hartzen dituen erabaki eta posturak.

Donostiak presentzia handia du, kalez kale daramazu irakurlea, kasik pertsonaia bat gehiago bilakatzeraino.

Egia da Donostiak pisu handia duela. Nik ere badut nire amodio-gorroto harremana nire herriarekin, eta hor badago omenalditxo bat “nere” Donostiari, neurri batean ihes egiten ari den horri. Belle epoque-ren desmitifikazioa bilatu dut, umoretik batzuetan eta distantzia ironikotik besteetan, Donostia eder horren aurreko beste begirada bat eman nahi izan dut.

Eta artea ere, oso presente.

Bai, batez ere Lucia, bere bikotearen bidetik. Bi mundu ezberdin dira historiarekin obsesionatua dagoen protagonistarena eta arte garaikide muturreko eta berritzailearekin lotua bizi den Luciarena; eta, haren aldean, protagonistak esaten dituen zenbait gauzek ia-ia naftalina usaina dute. Kontraste hori interesatzen zitzaidan. Era berean, badira zenbait urte arte garaikidean master bat egin nuela, eta hortik ateratakoak erabili ditut.

Kritika ere badago: “Artearen sare erraldoi horren barruan sartu ezean, objektu bat ez da sekula artelantzat joko”, esaten da, adibidez, eta baita arte munduan ezinbestean behar dena hitz jarioa dela ere.

Egia da aprobetxatu nahi izan dudala gauza batzuk mahai gainean jartzeko. Ni filosofiatik nentorren, baina master hartan arte ederretatik zetorren jende asko zegoen eta master oso teorikoa zen. Haiek esaten zuten masterra egiten ari zirela bekak eskatzerakoan eskatzen zietelako beren lanaren justifikazio teorikoa, oso inportantea omen da. Hau da, artista batek ez du bakarrik bere artea egin behar, baizik eta bere artea “saldu” egin behar du beka edo finantziazioa lortzeko... oso perbertsoa da hori, artista egon behar ez duen leku batean jartzen duelako.

Liburua bere bidea egiten hasia da. Etorkizunera begira, baduzu proiektu berririk buruan?

Ba, hain justu, buruan daukat artearekin lotutako ikerketa lan bat, baina saiakera moduan eman nahiko nuke, hau da, ez nuke nahi ikerketa lan akademiko huts bat egin.

Gaia badut, eta zeozer begiratzen hasi naiz, ikertzen... zerikusia du Euskal Herriko artearekin eta saiakera literario moduan nahi nuke eman. Hori dut buruan, baina bueno, jada gehiegi esan dudala uste dut (barreak). Luzera begirako proiektua da, edonola ere. Momentuz fikziotik pixka bat aldendu nahi dut orain. Ikusiko dugu.

 

Bilaketa