literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Amalur Artola
Gara, 2018-12-29
[iturburua]
Yoseba Peņa:
«Kontraste, argi eta kolore piloa dago gure iraganean, eta horiek lotuta osatuko dugu gure historia»

Berrogeita hamar urteko historia kabitu zaio Yoseba Peñari “Hariak” (Susa) eleberrian. Familia bereko hiru emakume kementsuren bizitza zatiak harilkatuz 36ko gerra aurrekoetatik 80ko hamarkadarainoko kontakizunak josi ditu. Epikarik gabe. Morez tindaturiko (intra)historia soilik.

Hiru emakumeren bizipenak eraiki dituzu eleberrian, hirurak aro ezberdinetakoak eta senideak. Zerk eraman zaitu kontakizun honetara?

Interes handia izan dut beti historian, baina jakinik erromatarrak nola bizi ziren jakin nahi baduzu Cesar-en bizitza baino garrantzitsuagoa dela hango auzo pobre bateko pertsonak zer amesten zuen, bere bizi espektatibak eta abar jakitea. Hori baneukan gogoan. Eta gero familia. Birramama ezagutzeko aukera izan nuen, oso kontuzalea zen eta exilioa eta hainbat gauza eta desgrazia bizi izan zituen, bere optikatik kontatzen zituenak.

Nire familia bi aldeetatik oso ezberdina izan da, baita politikoki ere. Alde bat Francorekin lerratu zen gerran eta bestea ez. Aititarik ez dut ezagutu eta emakumeen ahotik jaso ditut kontuok, baina konturatzen nintzen Francoren aldeko familiak ez zuela ezer kontatzen eta gudarien aldekoek bai. 80-90eko hamarkadan honen kontzientzia hartu eta birramamari, amamari eta honen ahizpa bikiari galdetu eta han eta hemen kontatzen zizkidaten petatxu txikiak josten joan nintzen familian gertatu zena argitzeko. Intrahistoriarekiko maitasuna haiengandik jaso dut.

Gizonezko bat emakumeen bizipenak idazten. Horrek sortu omen dizu barne gatazkarik.

Bai, noski. Baina arrazoi literario eta pertsonal-historikoak daude atzean. Aurreko nobelan, “Hodeien adorea” (2012), pertsonaia guztiek nire zerbait zuten eta nik nahi nuen literatura mota bat egin, non ni ahalik eta gutxien agertzen nintzen, eta pertsonaiak emakumezkoak izateak beste erregistro batera eramaten nau, idazle bezala askoz ere aberasgarriagoa. Gero, gizonezko bakarra nire aita zen familia batean hezia izan naiz, emakume indartsu askoren artean, baina bizi izandakoen (gerra, frankismoa...) marka zutenak: gizonen intrahistorian joera dago bataila eta gudari kontuetan lerratzera, eta iruditzen zitzaidan askoz ere errealagoak zirela emakumeengandik jasotako kontuak, erretaguardian zer egin behar izan zuten, frankismoa nola bizi izan zuten, zelakoa zen emakumearen zapalkuntza... Gure amak beti gogoratzen du kontu korrontea erabiltzeko aitaren sinadura behar izatetik senarrarena behar izatera pasa zela, eta gure ama ezagutzen baduzu, duen jenioa... oso harrigarria egiten zaizu. Hor badago zerbait emakumeek ikusi dutena eta kontatu ere euren modura kontatzen dutena. Nire ustez, beraien bitartez hobeto uler dezakegu nondik gatozen, non gauden orain eta nora goazen.

Hala ere, egia da pudorea ematen zidala, ni gizonezkoa izanda iruditzen zitzaidalako ari nintzela sartzen nirea ez zen eremu batean, baina fijatzen bazara azken bost urteetan gizonezko euskal idazle askok hartu du emakumea hizpide. Gurea sistema txikia izatea batzuetan abantaila ere bada, permeableagoak gara halako ideietara eta gizarte bezala euskarazkoa feministagoa, borrokalariagoa eta kontzientzia handiagokoa da erdal gizartea baino. Orduan, pudorez hasi nintzen istorio honetan, baina gero konturatu nintzen emakumeen inguruan idazten badut ere gizon askok egin ez zutenaren inguruan ere ari naizela: Cezanne bezala, kanpokoa margotuz barrukoa mugatzen ahalegindu naiz, eta, adibidez, Ireneren senarra ahohandi maitagarri bat da, baina garaiko gizon bezala porrota: ez du lortzen familia aurrera ateratzea, ez da gerrara joaten... Irenek amaitzen du gizona eta alaba zaintzen, bizimodua aurrera ateratzen, dena egiten. Emakume batzuek une zehatz batean hartu behar izan zuten berez gizarteak beraientzat gordea ez zeukan rol bat eta bete zuten ez gizon batek egingo lukeen bezala, baizik eta beste era batera. Hori da nire ustez interesgarria, beste bide bat markatzen duelako.

Xexiliren zatian, atentzioa ematen du iraganaz duen ezjakintasunak. Zerk eragin du transmisioan eten hori?

Abertzaleen aldetik gerra garaiko kontuak kontatu ez direnean izan da galtzailearen lotsagatik, oso kontu mingarriak direlako, eta baita beldurragatik ere: ez etxean kontatzeari, baizik eta seme-alabek ordainduko dutelakoan. Nik sufritu dut, nik gordeko dut. Irabazleen aldetik ez dago beldurrik, baina bai lotsa, desmasia, astakeria egin zelako, eta horren kontzientzia badago. Edozein herritan, jendeak badaki zein akabatu zuten, eta gauza txikiagoak ere egon ziren, mespretxuak, honi lana ez ematea... kontu mordoa. Inork ez zuen espero frankismoa 40 urtez luzatuko zenik eta erregimen barruan eroso bizi zen jendea kontziente zen pasatzen ari zirela; inor ez da bizi inopia batean, kontzientzia eta lotsa hor daude, eta zuritzeko modurik errazena da ez kontatzea edo esatea komunistak, ‘rojo’-ak etortzear zeudela eta Franco etorri zela eta salbatu gintuela. Isiltzeko beharra oso ezberdina izan da bi aldeetan.

Olatzen kasuan, berak ez du erabakitzen ETAn sartzea, egoerak berak daroa. Horrek hausten du nolabait iruditeria jakin batekin.

Bai, nire aurreiritzi bat ere apurtu zen kontu horrekin. Hasi nintzen jendeari galdezka eta ez nuen inor ezagutu kontzienteki ‘ETAn sartuko naiz’ esan zuenik. Are gehiago, hori esaten zutenak ez ziren sartzen, Iparraldera joaten ziren ETAn sartzera eta ez ziren sartzen. Jendea sartzen zen gehiago lagunarte batean, Olatz bezala, enkargu txikien bidez hasi eta ihes egitea besterik geratzen ez zitzaionean. Orduan bai, orduan barruan zaude eta ETAk ez zaitu kalean utziko. Eta barrutik ateratzea ere oso zaila da; hori ere kontatu nahi izan dut, azkenean organizazio guztiak pertsonen batuketak direlako eta pertsonen artean beti daude ezinikusiak, jende handia eta txikia, denetik. Hori ere irudikatu nahi izan dut.

Kontua da egun ari direla plastikozko kontakizun bat ateratzen, non ETAkoak oso gaiztoak ziren, beste batzuk —denok dakigu zeintzuk— oso onak, eta gero frankistak zeuden, horiek ere txarrak. Hor bada etika bitar bat: onak eta txarrak, eta beste batzuk erdian, Jainkoa bezala. Baina jende ona eta txarra leku guztietan egon zen. Olatz era basatian torturatu ostean, Madrilera bidean guardia zibil batek bokadiloa eskaintzen dio. Hori ez dut nik asmatu. Horrek ez du esan nahi eskapatuz gero ez zuenik akabatuko, baina txuri-beltz hori erori egiten da, kontraste, argi eta kolore piloa dagoelako gure iraganean eta horiek dira guk behar ditugunak gure historia ahalik eta gehien osatzeko.

Irakurlearen enpatia ere bilatu duzu, pertsonaia ororekin.

Ahalegin handia egin dut. Niretzat, esaterako, Agur-en pertsonaia [ETAko presoa da] oso interesgarria da. Batzuen ustez, kartzela barruan diktadura moduko bat ezartzen du, baina ni jartzen naiz bere lekuan eta esaten dut: nire existentzia guztia justifikatzeko modu bakarra sinestea da, ze zalantzan hasten bazara, zer onartuko duzu, zure bizitza pikutara bidali duzula? Zalantza hori sorrarazi nahi nion irakurleari eta uste dut literaturak badaukala botere hori, enpatia sortu eta besteen larrura eramatekoa. Horregatik da interesgarria “Lolita”, pederasta baten larruan sartu eta ulertzen saiatzeko, gero kondenatzeko. Edo “American beauty”.

“Amatasuna eta militantzia” gai korapilatsua landu duzu.

Gai oso interesgarria da. Lehenengo ama ETAn 90. urte inguruan dago erregistratua. Ordura arte ETAko emakumeak ez ziren amak, baina aita asko zegoen. Txominetik [Iturbe] hasita. Hor bada zerbait. Militanteen artean amatasuna oso kontzeptu labainkorra zen. Olatzek ez du pentsatzen ama izatea, baina istripua gertatzen da eta aurrera egiten du, baina gero ETAn sartzen da eta damua du, berak umea maite du eta ez daki ondo ari ote den, gizarteak ere kulpa botatzen dio... Ez dut inoiz entzun aita den ETAko militanteren bati buruz aita txarra dela esan denik. Konnotazio interesgarri asko dago hor. Uste dut badela kontzeptu bat landu, hausnartu eta garbitu beharrekoa, historian zehar emakumea izan delako ‘emak-umea’, umeak emateko makina bat, esklabo bat ia-ia.

Semeari iraganaz mintzatzeko, “Mollarriko legendak” idatzi nahi ditu Olatzek. “Herenegun” programaren inguruan sortu den ika-mika gogoan eta zu zeu DBHko irakaslea zarenez... Nola heldu iraganari?

Niri oso ondo iruditzen zait ETAren inguruan berba egitea, baina ahalegindu behar gara gauzak ahalik eta zabalen edukitzen. Lizardin (Zarautz) “Hau ez da pelikula bat” programarekin gabiltza, eta gu saiatu gara bi aldeetatik gauzak jasotzen gero ikasleek hausnartzeko, Franco oso gaiztoa zelako baina ez zelako 40 urtez bakarrik egon, jende piloak lagundu zion zeharka edo zuzenean. Eta ETAren inguruan ere hausnartu behar da.

Benetako debate bat egin behar da, politikariengandik aldenduta. Hau dena LaSexta edo Telecincoko debate baten pareko bilakatu da eta, orduan, egunero sortu behar titularrak... Intrahistorien kontzeptura itzulita, uste dut beheko jendea aspalditik bizi dela ETAren edo Guardia Zibilaren biktima baten ondoan. Zubi horiek aspaldi hasi dira eraikitzen eta politikariek egin behar dutena da ikusi jendeak zer egiten duen eta haiei kopiatu. Eztabaidatik kendu telebistaren gainkarga hori. Igual horrelako programa bat eztabaidatu behar da alderdi politiko guztien artean, baina alderdiak gai direnean. Ze batzuek ez dute nahi. Batzuk konfrontaziotik eta politika egin beharrean Telecinco egitetik bizi dira.

Protagonistak hiru izan arren, pertsonaia ugariko eleberria da, datu historiko eta xehetasun askokoa. Ez zenuen irakurlea galduko zen beldurrik?

Bai. Bi beldur nituen eta biak daude lotuta. Alde batetik, hogei urtez irakurriz eta galdezka asko ikasi dut eta hori erakutsi baino, irakatsi egin nahi nuen, iragan hori ez dadin ahaztu. Kapitulu bakoitzaren hasieran ohar historiko batzuk ipini nituen hasieran, baina aholku oso ona jaso nuen Josu Landarengandik: esan zidan hori zela idazle bezala nire porrotaren erakusle, hori egiteak esan nahi zuelako ez nintzela barruan erakusteko gai, eta bestalde ez zela historia liburu bat, eleberri bat zela, eta zati bat erakutsi behar dela gero interesa duenak gainerakoa bila dezan. Fotograma batzuk erakutsi nahi izan ditut, gure eboluzioa ikusteko eta ulertzeko zergatik gauden orain momentu honetan.

Hiru emakumeren bizipenen bidez hiru garairen kronika egiten duzu. Dokumentazio lana eskatzen du horrek.

Hogei urte pasa dira amamari lehen galderak egiten hasi nintzenetik. Pentsa. Geroztik ibili naiz familiakoei galdetzen. Baneukan Gerra Zibilaren inguruan idazteko gogoa, nahiz eta askok esaten duten euskal idazleok gerra eta ETAren inguruan beti bera idazten ez ote dugun, baina hor bada orbaindu ez den zauri itzela. Orain dela hamar urte proiektua forma hartzen hasi eta dokumentazioa, elkarrizketak... bilketa lanean hasi nintzen. 70 elkarrizketa egin ditut, inguruko zein kanpoko jendeari, ze adibidez iparraldean errefuxiatu izatea zer den jakiteko hainbat etakideren emazteak elkarrizketatu ditut, kartzelatuen kontuak... Kontu mingarriak dira eta errespetu handiz egin nahi izan dut, errealitate zantzu handiak dauzkan fikzioa egin nahi izan dudalako, eta nire informanteak oso eskuzabalak izan dira. Denak ez daude eskertzan, ez dutelako agertu nahi izan, eta horrek erakusten du zauriak oraindik hor daudela. Horregatik, lauzpabost aldiz idatzi dut eleberria, ez zerotik baina bai zuzenketa handiak eginez.

Azken urteetan badago joera bat gatazkaren inguruko fikzioak eraikitzekoa. Zer ekarpen egiten dio horrek, egiten badio, zauriak ixte horri?

Literatura normal batean ekarpen handia da jendeari bestelako perspektibak erakutsi eta hausnartzen laguntzea. Adibidez, niri “Patria” literarioki ez zait batere gustatzen, liburu flojoa da, baina ekarpen bezala zabaltzen du leiho bat nik bestela ikusiko ez nukeena (baina egia da ere “Los peces de la amargura”-ko ipuin bakarra irakurrita ia irakurri duzula Arambururen obra osoa). Fikzioak laguntzen du batez ere enpatizatzeko eta enpatizatze horretan jendea konturatzen da astakeria galantak egin direla eta denok sufritu dugula asko.

Twitter erabili duzu promozio lanetarako. Hari batean fikziozko kontakizun oso bat bildu duzu.

Ez dut ofizialki onartuko hori kanpaina izan denik (barreak). Zerbait originala egin behar zen, oso gutxi gara eta liburu asko eta oso onak idazten baitira.

Gaur egun liburu bat promozionatzeko originala izan beharra dago?

Originala baino eraginkorra izan behar da, eta kasu honetan originala izan da Twitter erabiltzea. Nik dakidala, penintsulan behin egin da, Manuel Bartuelen istorio famatuarekin. Balio izan du jendeak jakiteko “Hariak” izeneko nobela bat badagoela. Azkenean, nik pentsatzen dut euskarazko nobela bat irakurtzen baduzu horrek eramango zaituela beste euskarako liburu bat irakurtzera. Ze jendeak irakurri irakurtzen du, baina kontua da euskaraz ere irakurtzea. Dela Twitter edo dena delakoa, inoiz Ciudadanoseko hura bezala [Albert Rivera] biluzik atera behar badugu —begira non dagoen orain!—, ba egingo dugu. Ez dago problemarik. Horrelako gauzak beti dira zilegi eta zenbat eta gehiago irakurri euskaraz, guretzat hobe.

 

Bilaketa