literaturaren zubitegia

1.066 idazle / 5.136 idazlan
7.836 esteka / 6.349 kritika / 1.828 aipamen / 5.569 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Itziar Ugarte Irizar
Berria, 2020-10-15
Uxue Alberdi:
«Gustatuko litzaidake bertsolaritzak artetik, kritikatik, egitea irautera»

Espazio publikoa hartzen duen emakumearenganako indarkeria hogeita bi ardatzetan aztertu du Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) Kontrako eztarritik-en. Bertsolarien bizipenak abiapuntu, baina sakonagotik ulertuz. “Guk bizi izandakoak ez ditugu guk soilik bizi izan”.

Testigantza eman zizutenei eskertu diezu aurrena. “Poza, poz kolektiboa” idatzi berri du Ane Labakak. Hori da sentsazioa?

Sorpresa handia izan da. Eta bai, poz handia. Liburua saritu da, baina honen atzean lan kolektibo bat dago, urte askotakoa, martxan doana. Emakume askoren borrokagatik izan ez balitz, eta ez bakarrik bertso mundukoak, ez litzateke sortuko halako libururik.

Ugarituz doan euskarazko pentsamendu feministan mugarri bat da kasik ja liburua.

Uste dut hor aipatu behar direla Eskafandra eta Lisipe bildumak. Badago halako ahizpatasun bat liburu horien guztien artean. Nik sentitzen dut liburu hau oso lotuta dagoela pentsamendu feminista guztiarekin, eta hori bereziki mundu euskaltzalean egiten den feminismoarekin. Nahiz eta hor badagoen beste zapalkuntza bat: bertsolaritza euskaraz bakarrik egiten den jarduera bat izanda, badirudi, nolabait, liburu honetan aztertzen dena euskal mundutik kanpo ez dela. Badago zokoratu nahi den kultura bat, kontu tradizionalei lotu nahi zaiona. Baina gu bizitzen ari garenak balio du beste edozein esparrutarako, besteen pentsamendu eta bizipenek guretzat balio izan duten bezala.

Bertsolaritza unibertsaltasunera hurbiltzen du liburuak, ordea.

Bai. Unibertsaltasunera, kritikara, artera... Bertsolaritza jardun moderno bat da, gaur gertatzen ari dena, herri honetan. Aldi berean, bada tradizioari estu lotutako jardun bat, eta hortik gatoz. Iruditzen zait alde batetik badela oso partikularra, eta lagun dezakeela ulertzen tradizioa, ez dena hain diferentea beste batzuetatik. Tradizio horrek modernotasunerantz egin duen bidea ere erakusten du lanak. Bestalde, bertsolaritzan nik beti izan dut faltan kritika eta analisia. Txapelketaren bueltan antolatutako jardun bat da, eta askotan kirolaren antz handiagoa du arte batena baino. Bertsolaritza literaturarekin, arte plastikoekin... batera pentsatzea bazen ni eroso sentitzen naizen leku bat. Niri gustatuko litzaidake bertsolaritzak irautera hortik egitea, ahaztu gabe nondik gatozen.

Gizaki libre bat emakume nola egiten den aletzen du lanak. Beste partea falta dela esan duzu.

Sari honetarako hautagai ziren Idazleen gorputzak, Nik sinisten dizut, Trikua esnatu da, Moio... Saiakerako Euskadi sarituetan bigarren emakumea naiz ni; aurrekoa Arantxa Urretabizkaia izan zen, Bidean ikasia-rekin, genero zapalkuntzari zuzen lotua. Bitartean, gizonak ari dira pentsatzen munduaz. Batzuetan iruditzen zait sistemak gure egoeraz pentsatzera zokoratzen gaituela. Oso beharrezkoa zaigu, baina gustatuko litzaidake gu ere izatea libre munduaz pentsatzeko. Eta horretarako, agian, gizonek ere pentsatu beharko dute honetaz, euren kategoria nola eraikitzen den, nola operatzen duen.

 

Bilaketa