literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Igor Susaeta
Berria, 2012-05-19
Harkaitz Zubiri:
«Saiatzen naiz zauria erakusten»

Harkaitz Zubiriren (Donostia, 1977) hizketarako moduak eta mugimenduek sosegua transmititzen baldin badute, Etxekalte (Susa, 2012) haren lehen eleberriak, istorioak berak zein kontatzeko moduak, kontrakoa. Zakur kale (Susa, 2007) narrazio liburuan bezala, enpresa baten bueltan kokatu ditu nora ezean dabiltzan bost protagonistak.

Etxekalte-ri buruz esan daiteke gure gizartearen kronika bat dela. Hortaz, gure gizartea konplexua, tranpatia eta iluna da, adibidez.

Beno... Alde hori ere badauka eleberriak. Halere, ni saiatu naiz hori bakarrik ez erakusten. Jende asko, igual, harrituta geratuko zen hainbeste gauza ilun edo ez atsegin ikusterakoan. Literaturan badago korronte bat egiten dituena pertsonaia oso onberak; borondate oneko jendea eta horrela. Eta horren kontrastea dira pertsonaia gaiztoak; baina hain gaiztoak dira, askotan karikatureskoak ere bihurtzen dira. Orduan saiatu naiz ez bata ez bestea egiten. Literaturan badago tradizio luze bat, pertsonaia sakon eta paradoxikoei heltzen diena. Eta sakonera horretan, pertsonaia bakoitzaren kontraesanetan, alde batzuk argiak dira, baina beste batzuk ilunak. Ez nuen nahi pertsonaia batzuek alde hori edukitzea, eta besteek ez. Nik ezagutzen dudan errealitatea ez da horrelakoa. Azkenean, denok dauzkagu ertz asko. Hori islatu nahi nuen. Eta pertsonaietan bezala, panorama orokorrean ere bai.

Irakurle gisa, berriz, onberek edo gaiztoek betetzen zaituzte gehiago?

Gustatzen zaizkit egoeren konplexutasuna azaleratzen saiatzen direnak. Pertsonaiek ertz asko edukitzea garrantzitsua da niretzat. Ni saiatzen naiz zauria erakusten. Zauria hor dago, ezkutatzeagatik ez da desagertuko. Hori horrela izanik, nola jokatzen dugun, hori nola eramaten dugun, erakusten ahalegindu naiz.

Ongi ez dabilen fabrika baten bueltan eratu duzu krisi pertsonaletan dauden bost protagonisten bizitza. Dena dela, ez da haien lan egoera gatazkara eraman dituena.

Lan egoera da beraiek duten egoera horren osagaietako bat. Ahalegindu naiz egoera kolektiboak egoera pertsonaletan islatzen; eta alderantziz. Baina egoera horiek, gauza bakan gisa tratatzea baino gehiago, orokortasun batean tratatzea interesatzen zait. Zein etxetan ez du eragiten orain dugun egoera orokorrak? Baina norberaren egoerak pilo bat eragiten du egoera orokorretan. Ahalegindu naiz bi egoera horien arteko harremanak lantzen. Izan ere, gure errealitatean estua da bi egoeren arteko erlazioa.

Ahalegin horri ondo aurre egin diozun sentsazioa al duzu?

Saiatu naiz egoera konplexu bat ahalik eta modu soilenean islatzen. Egoera konplexua izanagatik, kontaerak ez du zertan nahasia izan. Gauza konplexuak modu soilean konta daitezkeela uste dut.

Eleberriko bost protagonistak betiereko iluntasun batean bizi direla dirudi. Ez dute barrerik egiten.

Egia esan, barre gutxi egiten dute. Harkaitz Canori irakurri nion orain gutxi elkarrizketa batean errazagoa zela mina kontatzea, poztasuna baino. Hala dela uste dut. Gero egia da protagonisten egoera nahiko txarra dela. Borrokatzen dira egoera hobetzeko.

Eta pertsonaiaren batek lortzen al du bere barne mina arintzea?

Esango nuke ezetz; ez baitute asmatzen. Baten batek estali egiten du, txute batekin-edo. Baina epe motzerako txuteak dira...

Narratzaile orojakilearen gisara jokatu duzu. Horrelako pertsonaiak eratzen sufritu egiten al da?

Nik batere ez [barrez]. Igual terapeutikoa ere bada. Esan dizudana: zauria hor dago. Azkenean, gauza da zauria erakustea, garbitzea, kontatzea...

Pertsonaia horien erraietan sartzen zara, baino ez dituzu epaitzen.

Epailearena baino gehiago, fiskalarena egiten dugu idazleok. Gero, ordea, irakurle bakoitzak bere modura irakurtzen ditu gauzak. Niri iritsi zaizkidan iritzietan, adibidez, esaten didate hau eta bestea, eta nik erantzuten diet, ba...

Zer esan dizute, adibidez?

Lagun batek hau esan dit beste lagun bati buruz: “Kontatzen ari zinen beste horren bizitza, ezta?” [barreak]. Kasu horretan, gero pentsatzen hasi nintzen, eta zerikusia bazuela konturatu nintzen, baina minutu bat bera ere ez nuen pentsatu pertsona horretan.

Zuk zeuk esana da tragedia klasikoetan bezala giro bat sortzen ahalegindu zarela Etxekalte-n. Zein bereizgarri dauzka giro horrek?

Tragedia klasikoetan bezala, pertsonaia sorta bat erakusten da, eta bakoitzak dauka bere burujana. Azkenean, kontua ez da bakoitzak bere bakardadean zer pentsatzen duen, baizik eta saltsa bat egitea bakoitzak pentsatzen duenarekin, besteak egiten duenarekin eta inguruan gertatzen denarekin. Hori da motorra.

Pertsonaia horiek ez dute asmatzen haien errealitateak nahasten saiatzerakoan. Agian, bakardadean ibiltzera ohituta gaudelako?

Ez dakit... Iruditzen zait badela gure garaiko ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Ez dugu asmatzen elkarrekin gustuz eta fundamentuz egiteko ezer. Nobelan momentu batean kontatzen da nola hasten diren mugimendu bat sortzen. Nobelaren erdira arte ematen du kontua hobetzen ari dela. Hori bada zerbait ona, eta hori transmititu nahi nuen. Baina horrek gero buelta bat dauka: joera horiei beste joera batzuek gaina hartzen diete, eta bakoitzak bere minarekin segitzen du.

Iluntasun hori guztia Donostian girotu duzu. Ez da oso ohikoa...

Ez, igual ez da hain ohikoa... Baina Donostiaz ari garela, Ramon Saizarbitoriak aipatu izan du. Dena den, egia da azkenaldian geroz eta literatura gehiago girotzen dela Donostian. AEBetan, esaterako, zinemak eta telebistak betetzen dute errealitate horiek erakusteko funtzioa, baina hemen ez dago ikus-entzunezkorik ia. Hortaz, gastatu gabeko eremu batzuk daudela uste dut. Literaturak aukera polita dauka.

Estiloari dagokionez, azkar irakurtzeko modukoa da. Harrapatzen zaituena. Esaldi motzekoa. Nobelak hala eskatzen du, edo hori da zure berezko idazteko modua?

Intentzio handiagoarekin edo gutxiagorekin, baina estiloak bilatutakoa izan behar du beti. Niri estilo soila gustatzen zait. Ondo pasatzen dut estilo mota askorekin, baina kontatu nahi ditudan gauzak kontatzeko, oraintxe, estilo soila iruditzen zait egokiena.

 

Bilaketa