literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Kepa Matxain
Argia, 2021-12-19
[iturburua]
Uxue Apaolaza:
«Ez dut nire pribilejioen biktimez mozorrotu nahi»

Hamar urtean zehar idatzitako bederatzi ipuin biltzen ditu Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasak (Susa, 2021). Madrilen idatziak eta Madrilen girotuak dira, eta guztien atzean dago narratzaile berbera, zabuka dabilena etengabeko tentsio batean: gizarteak —edota bere idealek— ezarritako arauak bete behar ditu, baina ahuleziak gainditzen du egunerokoan. Beharraren eta ahalaren artean sortzen diren gatazka moralek zeharkatzen dute liburua, bistan denez, inolako asmo eraikitzailerik gabe.

Ez dauka idazteko denborarik Uxue Apaolazak (Hernani, 1981), eta nahiz eta liburu aurkezpenetan sarri “idazle txanpiñoi” sentitu —bulegora dutxatu berri, alkandora plantxatuta eta tupperrarekin azaltzen diren gizonak dira “txanpiñoiak”—, argi dio: “Besteen denborarekin idatzi dut liburu hau”. Lanpostu finkorik gabe eta ume txikia zaindu behar, lagun baten aholkuari kasu egin eta Arabako Foru Aldundiaren Ignacio Aldecoa bekara aurkeztu zuen liburu proiektua. “Beka jasotzean idazteak lan kategoria hartu zuenez, mesedeak eskatzen has nintekeen”. Eta ordura arte lehen zirriborroan utzitako ipuinak berridazten hasi zen, egiturak fintzen, ahotsak bateratzen, ipuinen arteko loturak egiten, azken emaitzarekin gustura gelditu arte —edo editoreak “kito” esan arte—.

“Niretzat idaztea berridaztea da. Hasieran, lehen kolpe bat izaten da, irudi bat, eta susmo bat: hau ona izan daiteke, eman dezake aukera anekdota batetik arnas sakonagoko zerbait ateratzeko. Gero hasten naiz lehen zirriborro hori moldatzen, mozten, eta berridazketa prozesu horretan sortzen da ipuina”. Denbora tarte luzean idatzitako ipuinak direnez, bereziki tematu da bakoitza banaka lantzen: “Nahi nuen ipuin bakoitza izatea irakurgarria bere horretan. Bestela, loturak egiten hastean, beti egon daiteke tentazioa sartzeko ipuinen bat bestela agian sartuko ez zenukeena baina ingurukoekin zentzua daukana. Hori saihestu nahi nuen”. Lur izeneko narratzailearen ahotsak kontatzen ditu guztiak, eta hasieran monotonoegi izango ote zen kezka bazuen ere, saiatu da beste alderdi batzuetatik aniztasuna ematen: “Ipuinen forma landu dut, edota saiatu naiz ahotsa beti bera izan arren protagonista beti bera ez izaten”. Orain, liburua kalean delarik, ez da pertsonarik egokiena sentitzen hartaz hitz egiteko. “Liburu hau zer den kanpoko norbaitek esan behar du. Edo irakurleak, edo kritikoak, baina nik ez”. Argitaratu duen idazleak zain geratu besterik ez daukala dio, zalantza nagusi batekin: “Literatura den dialogo honen mailan ote nago?”.

Hamar urtean zehar idatzitako bederatzi ipuinek osatzen dute Bihurguneko nasa, eta aldi luze hori gorabehera, badituzte antzeko ezaugarri batzuk. Narratzaileaz edo lokalizazioez gain —Madrilen kokatuta daude denak—, partekatzen dute ikuspegia ere, munduarekiko arroztasun modukoa. Ipuin askotan, bestea mehatxua da, fidatzekoa ez dena.

Bai, badago arroztasuna bestearekiko, edo familiarekiko, edo bere buruarekiko. Arroztasuna izan daiteke auzi abstraktua eta filosofikoa, baina oso egoera konkretuetan gauzatzen da: askoz errazagoa da hemen arrotz sentitzea beltza bazara, edo homosexuala, edo emakumea, edo gizena, edo zaharra. Araua betetzen ez duena errazago sentitzen da arrotz, eta baita erridikulu ere. Jauzi hori interesatzen zait: araua betetzen ez duenak ahalduntzean erridikulua egiten du. Gizon batek bizarra egitean aurpegian zauri bat egiten du eta lasai doa klasera. Aldiz, nik odola hankartean baldin badaukat, erridikulua egingo dut. Oso ausarta izan behar da erridikuluari eusteko, epika guztiek behar dutelako publiko bat aurrez pixka bat gidatuta dagoena zurekin bat egiteko. Lur —narratzailea— joan etorri horretan dabil: egin nahi luke erridikulua ekintza sublime eta iraultzaile bezala, baina askotan ez da ausartzen, ekintza iraultzaile bat testuinguru okerrean ekintza erridikulu bat delako. Pentsatzen du zerbait, eta egiten du kontrakoa.

Ez da gizarte arauekin bat egiteko gai, baina haiek betetzen ditu, ezinbestean.

Heldua izatearekin ere badauka zerikusia. Oraindik ere, 50 urteko umerik gabeko emakumea bazara ez zaituzte heldu-heldutzat hartuko, kontzertuetara joango zarelako, eta ez dituzulako beteko heldu baten ezaugarriak. Heldua nor da? Hipoteka eta lana daukana, ezkonduta dagoena, umeak dauzkana. Nahi gabe, bestelako ereduak jotzen dira heldugabetzat, trauskilagoak eta informalagoak iruditzen zaizkigulako. Lurrek galdetzen du une batean: noiz utziko diot neska izateari, emakume izateko? Nik 40 urte dauzkat eta oraindik neska deitzen didate, baina nabaritu dut umea eduki dudanetik helduagoa naizela zenbaiten begietara. Eta klasearekin, berdin: klase ertain delako fikzio horretatik behera baldin bazaude, aukera asko dauzkazu heldugabea izateko, jatetxeetara joan beharrean bokadilloak jango dituzulako, ez duzulako gustu garatu bat izango etxean jarri beharreko kortinen inguruan. Heldutasunak zerikusia dauka norma betetzearekin.

Arroztasun sentipen horrek zipriztintzen ditu Lurrek ingurukoekin dituen harremanak, gertukoenekin ere hautsi ezin den horma bat balu bezala.

Bai, eta beldurra, funtsean nahi duelako maitatua izan, eta besteek pentsatzea fundamentuzko norbait dela. Niri antzeko zerbait gertatzen zait idazketarekin: asko beldurtzen nau nik idatzitakoa gertukoek irakurtzeak, iruditzen zaidalako ikusiko dutela nigan normalean ikusten ez duten zerbait gaiztoa edo txarra. Zeren ni ondo portatzen naiz, lanera joaten naiz, iritzi zuzenak dauzkat… eta pentsatzen ditudan gauza askorekin ez nago ados, baina pentsatzen ditut. Literatura da niretzat alderdi horiek askatzeko lekua. Fikzioak ez du minik egiten, babesa da zuretzat eta hartzailearentzat. Fikzioan ez duzu zerbait baieztatzen, zerbait planteatzen duzu. Ipuinak mozorroak dira, zure alderdiren bat askatzen laguntzen dizuten gezurrak, baina, hori eginez, inoiz baino egiatiagoa zara. Estetikak ezartzen dizkizun mugak askatasun espazioa dira beste inola esango ez duzun egia bat esateko, eta horregatik da idaztea hain estimulatzailea: mozorro horrekin mugara eraman ditzakezulako eguneroko bizitzan esango eta egingo ez zenituzkeen gauzak.

Noski, badira sekula jarriko ez zenituzkeen mozorroak ere. Duela gutxi konturatu naiz gauza batez: liburuan ekintza oso arrazista bat ageri da, baina ez dago Lurren ahotsean, Leticia pertsonaiarenean baizik. Narratzailea ez den bati jarri diot asko mespretxatzen dudan ekintza bat. Mekanismo psikologiko bat izan dela uste dut, mozorroa sarri izaten delako burla, edo kritika, edo satira. Niri asko molestatzen dit inauterietan gizonak emakumez janzten direnean, iruditzen zaidalako goitik behera barre egiten digutela. Ez dut nire pribilejioen biktimez mozorrotu nahi: ezin naiz jarri errefuxiatu baten ahotan lehen pertsonan. Inbasore sentitzen naiz. Baina planteatuko dut klase ertaineko zuri batek zer kontraesan dauzkan errefuxiatu baten aurrean.

 

Fikzioan edozerk ez badu balio, non dago balio duenaren eta ez duenaren arteko muga?

Ez dakit. Baina bizi banaiz zure kontura irabazitako pribilejio batzuetatik, gero ni zure ahotik hizketan jartzea kasik lizunkeria iruditzen zait. Hor muga oso garbia sentitzen dut. Ez dut esango gizonek ezin dutenik fikzioan emakumeen ahotik hitz egin, baina batzuetan —ahotsa protagonistarena denean batez ere— kirrinka egiten dit, agertzen garelako feminista perfektu bezala, edo…

Testuak berak huts egiten duelako?

Bai, baina nabaritzen da gizon batek idatzia dela. Oso ariketa zaila da hori, zuk zapaltzen duzuna ez delako gizarajo tentel bat. Umore bat dauka zure kontra, edo lagunartean zuri deitzeko modu bat. Jarriko banintz emakume migratu baten ahotsetik idazten, zer irudikatuko nuke? Emakume super langilea, beti kezkatuta bere seme-alabengatik… Oso zaila iruditzen zait.

Liburuaren aurkezpenean Ibon Egañak aipatu zuen zure literatura morala dela, baina ez moralista. Badago moralismoan ez erortzeko ahalegin kontzienterik?

Ateoa naiz, ez nago bataiatuta, baina oso pertsona morala naizela uste dut. Katoliko bati Jainkoak barkatzen dio, baina niri nork? Ez daukat autoritate legitimo bat, bakarrik nago neure buruarekin. Pentsatzen dut hori dela heldua izatea. Gai bazara zeure buruari barkatzeko —ikasi beharreko kontua—, bada ondo. Baina ni ez naiz oso errukiorra neure buruarekin, eta Lur ere ez. Ahalegintzen naiz nire ipuinetan errietarik ez egiten, molestatzen didalako tonu horretan hitz egiten didatenean: “Benidormera joaten zarete beti udan!”. Bada bai, ez daukat furgonetarik Pirinioetara joateko. Orain pobreak joaten gara hoteletara, eta diru pixka bat daukanak furgoneta erosten du. Auzi horretan antidotoa da etengabe autoerrebisio bat egitea, auzitan jarriz norbere klasea, norbere jatorria… Errieta kanporantz beharrean, gogoeta morala barrurantz egitea —eta seguru norbait interpelatua sentituko dela—. Feminismoarekin koherente izanik sistema matxista batean bizi behar badut, agian ez naiz etxetik aterako, eta ateratzen banaiz, sortuko zaizkit gatazka moralak eta kontraesanak. Klasearekin berdin: klase ertaina izan behar genuen —gure gurasoek sinetsi zuten fikzio hori—, eta prekarietatean gelditu gara. Halere pobreagoengana joatean “safari bizitza” egin dezakegu, gurasoen sostenguak ez digulako uzten erabat erortzen. Ipuinen alderdi polita hori da: artifizio estetiko batean gurutza ditzakezu halako dimentsio asko, anekdotatik haragoko kategoriara eramanez.

Baina deus eraikitzailerik egiteko asmorik gabe.

Horretarako irakurlearen oso gainetik sentitu behar duzu, eta nik irudikatzen dudan irakurlea da ni baino askoz ere azkarragoa. Gainera, pentsatzen dut badaukala bere ideologia, badakiela zer iruditzen zaion ondo eta zer gaizki, sozialista den, feminista den, edo zer. Zaila zait ikasgaiak ematea, literatura erabiltzen dudalako justu kontrakorako. Niri interesatzen zaidan literatura ez da baieztapenak egiten dituena, diskurtso eginak eta kolektiboak ikuspegi indibidual batetik auzitan jartzen dituena baizik. Zeren diskurtso kolektibo horiek pertsona oso ahulen gainean sostengatzen dira egunerokoan. Banaka oso ahulak gara, biziraun behar dugulako nolabait. Ipuinak konplizitate deiak dira askotan: “Lagundu! Ulertzen dit norbaitek?”.

Literaturak arrakalak sortzen dituenean, indibidualtasunetik egiten du?

Nire literatura indibiduala da, baina etengabe kolektiboarekin talkan dagoen indibidualtasun bat. Eta, nahi edo nahi ez, hor politika dago beti, ez mezu politiko bat eman nahi dudalako, baizik eta pertsonaiak daukalako posizio bat, munduari begiratzeko modu bat. Diskurtsoak ematea ere ondo iruditzen zait: panfletoak asko gustatzen zaizkit, baina ez nire ipuinetan. Eta gero, primeran iruditzen zait jendeak kritika egitea ikuspegi feministatik, materialistatik edo estetikotik. Niri molestatzen dit idazleak esaten duenean bere liburua nola ulertu behar dudan, izan ahoz, izan testuan bertan. “Liburu hau feminista da”. Tira, esango dizut nik. Ez gara idazleok geure liburuez hitz egiteko egokienak. Zuk irakurleari artifizio bat eskaintzen diozu, eta berak hortik jasotzen duena da gelditzen dena, ez besterik. Zein onak garen esaten duen literatura existitzea ondo iruditzen zait, baina niretzat idaztea ekintza egoista bat da: nire obsesioak kutsatu nahi ditut, eta konplizeak behar ditut —inguruan ez dauzkadanak—. Hortik ulertzen dut argitaratzea, adibidez: nire liburua izan dadila norbaiten konplize, baina ez zerbait erakusteko, baizik eta norbaitek sentitzeko: “hara, hau nire laguna da”.

Auzi moralak ere politikoak dira, zure ustez.

Hemen urte luzetan entzun da diskurtso bat: “Politika ez da morala, politika estrategia da”. Eta noski, aktibismoan zabiltzanean plangintza estrategiko bat eduki behar duzu, egia bat, diskurtso bat, sinesmen batzuk eta bide-orri bat. Baina estrategia kolektiboek norbanako asko uzten dituzte bidean, minduta, baztertuta, mila arrazoirengatik. Kolektiboak norbanakoarekin talka egitean gatazka morala sortzen da, eta niri hori interesatu zait betidanik, zer esanik ez literaturarako. Bestalde, iruditzen zait estrategia kolektibo horiek fintzeko modu bat ere badela alderdi morala, eta horregatik ez zait batere gustatzen politika estrategia hutsa dela dioen diskurtso hori.

Era berean, ez da falta diskurtso moralistarik politikan.

Uste dut gatazka moralak testuinguratu daitezkeela. Norbaitek esaten duenean “lapurtzea gaizki dago”, bada ez. Kasuaren arabera, agian gaizki egongo da, baina absolutuki behintzat ez —ziur asko gehienetan ondo dago—. Horregatik diot literaturan arrakalak ireki nahi izateak ez duela esan nahi diskurtso hori ezeztatu nahi duzunik. Nik ez dut diskurtsorik ezeztatu nahi, zalantzatxo batzuk planteatu besterik ez. Azken batean, ipuinak idaztea “pijada” bat da. Mezu jakinak botatzeko, panfleto batean askoz garbiago esan ditzakezu. Literaturaren jokoan denbora galtzen baduzu, ez da soilik zure mezua interesgarria delako. Liburua argitaratzea erabaki nuenetik orain arte ez ditut mezuak landu; erritmoa, tentsioa, forma izan da berridatzi dudana. Literaturan hori da zentrala.

Hamasei urte dira Umeek gezurra esaten dutenetik argitaratu zenuenetik. Zertan aldatu da literatur mundua ordutik?

Idazten hasi nintzenean, ematen zuen nire balio bakarra zela emakumea izatea. Baina inor ez da idazle bakarrik zerbait izateagatik, ni idazlea naiz irakurlea naizelako. Orain idatzi ditudan gauza asko nesken gauzatxoak lirateke duela urte batzuk. Sartreri iruditzen zitzaion auzi unibertsala zela bere eskua ezagutzen zuen ala ez, eta denoi interesatzen zitzaigula. Gure gauzak, aldiz, guri bakarrik. Emakumeok urte luzetan zehar ikasi genuen gizonak irakurtzen, eta orain pauso handi bat eman dugu: kontua ez da gizonek ikasi dutela emakumeak irakurtzen, baizik eta jada ez zaigula hainbeste axola. Ikusi da emakumeak ez direla nobela erromantikoak irakurtzera bakarrik dedikatzen; ahaldundutako irakurle kultuak dira. Lehen errazago mespretxa zitezkeen; orain kontuan hartu behar dira, eta idazten duzunean badakizu hor daudela.

Edonola ere, gure bilakaera ez da gurea bakarrik. Nik ezin badut idatzi Bukowskik idatzi ez balu bezala, egungo gizonek ezin dute idatzi Eider Rodriguezek edo Uxue Alberdik idatzi ez balute bezala, egun kanonean dauden bi aipatzeagatik. Feminismoa zentrala bihurtu da, ez literaturan bakarrik, gizartean ere bai. Ezin duzu saihestu, ezta gizona izanda ere. Dena zeharkatzen du.

 

Bilaketa