literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Beterriko Liburua, 2007
Itxaro Borda:
«Enetzat, ene ordez mintzo dena da Amaia Ezpeldoi»

1959 urtean jaio zen Baionan. Bertan bizi da egun ere. Donapaleuko laborantza eskolan hasi zituen ikasketak eta Paueko unibertsitatean burutu zuen Historia. Postaria da ofizioz. 1984 urtean argitaratu zuen lehen liburua: Basilika nobela. Orduz geroztik hamaika liburu kaleratu du. Jalgi hadi plazara azkena.

Euskara eta homosexualitatea ditu ardatz nagusi Jalgi hadi plazara azken nobelak. Lurraldetasuna, politika edo literaturaz ere gogoeta egiten du. Guztia ironia onez zipriztinduta, idazkera fresko-freskoan.

Gaian sar gaitezen, konta iezaguzu zure literatur hastapena. Nola hurbildu zinen literaturgintzara?

Nire etxean euskara baizik ez genekien. Ikastetxean, frantsesa ikastearekin batera, euskara ere ikasi nuen; denbora berean. Uste dut ene lehen olerki bukolikoak frantsesez idatzi nituela, beste hizkuntzak galtzen ari bainintzen eta frantsesez alfabetatzen. Zortzi urtetan, olerki laburrak idazten ari nintzen. Orduz geroztik ez dut egun bakar bat idatzi gabe pasatu. Egia erran, hamabi urtetan berriz deskubritu dut gure etxeko hizkuntza; analfabetoa bainintzen euskaraz eta frantses irakaskuntza sistema oso eraginkorra baita iragan linguistikoak ezabatzen. Guk eta beste hainbatek frogatu dugu hori eta oraindik ere, inmigratuek, guk orain dela berrogei urte bizi izan dugun egoera ezabatzaile hori sufritzen dute. Idazten hasi nintzen eta hortik, euskal literaturarat eta beste euskalkietarat hurbiltzen. Euskaraz irakurri nuen lehen liburua Harrizko herri hau izan zen, Manex Erdozaintzi-Etxartek prestatu zidan. Nahiz eta oso euskara klaroan idatzita egon, oroitzen dut ez nuela ezer ulertzen. Laster Herria astekarian publikatzen hasi nintzen eta hortik antzina, kasik hilabetero publikatu dut zerbait Herrian. Gero, aldizkari, astekari, egunkari eta holakoak atera ziren. Ene bizitza laguntzen eta salbatzen duen zerbait da idaztea.

Eta nolatan nobelak idaztera pasatzeko jauzia?

Hasieran, gazte askok bezala, bertsoak eta poesiak nituen idazten. Oso gaztaro bakartia eraman dut. Idazten nituen olerkiak, eman dezagun, Frantziako irrati bakarrean entzuten ziren kantuen giroaren ikusteko. Nobelara pasatzeko urratsa estakuru bat aurkitu nuelarik egin nuen, 1981ean, Maiatz aldizkaria sortu genuelarik. Ordura arte bertsoak eta olerkiak ziren aldizkarietan eta astekarietan publikatzen nituenak. Emeki-emeki, gero eta testu luzeagoak idazten hasi nintzen eta, oso laster atera zen nire lehen nobela: Basilika, inpulso batek bultzatuta bezala.

Orduz geroztik nobela mordoa etorri da...

Mordoa ez dakit baina, beste guztiak bai. Ez nobela bakarrik, baita ipuinak, ikerketa batzuek, narrazio labur eta luzeagoak...

Idaztea beharrezkoa zenuela zenion hasieran. Zergatik?

Beharrezkoa, hatsak bezala, bizirik naizela sentiarazten nauelakoz. Ene lagun kuttunik fidelena da, ez nau sekulan abandonatu. Parisen egon naizelarik ere ez nau abandonatu.

Berriki kaleratu duzu Jalgi hadi plazara nobela. Konta iezaguzu zer nolakoa izan den idazketa prozesua. Non eta nola idatzi duzun liburua, zer nolakoa izan den barruan zenuen ideiari forma ematea...

Liburu guztietan bezala, lehenik sentimendu edo gertakari sail batetik abiatzen da gogoeta bat. Buruan zazpi aste baino gehiago geratzen bada, badakit liburu, ipuin edo olerki gisa bukatuko dela. Azken liburu honekin ere hala gertatu da; buruan egon zait ideia eta gero plana atera dut. Plana, segalariak egiten duen bezala, dzanga-dzanga, idatzi dut; gelditu gabe, halako su bat barnean banu bezala. Baina nobela guztiak, denak horrela idazten ditut. Influentzia bat balitz bezala; zerbait erran edo dena erran... Beharbada, uste baino errazago idatzi dut azken nobela hau; argi bainuen buruan zer nahi nuen. Baionan idatzi dut. Lanera joan, lanetik atera, idatzi, berriro lanera joan. Oro har, tiraldi batean idazten dut istorioa, gelditu gabe; baina gero, denbora asko ematen dut berrirakurtzen. Azken momenturaino zuzentzen dut. Dudarik gabe, lanik aspergarriena da baina, egin behar dena.

Intrigazko eleberria ekarri duzu. Gai orijinal eta espero-gabea aukeratu duzu horretarako, lau euskaltzainen bahiketa. Nondik ideia?

Prentsan eta baziren berriak nola Euskaltzaindia gaztetu behar zen, nola euskaltzain zaharrak baztertu behar ziren... Gainera euskaltzain zaharrak benetan iparraldekoak dira, aitatik semerako apaizak. Hortik abiatu nintzen eta baita hemengo euskararen egoeratik. Gainera, Amaia Ezpeldoik oso ikerketa bereziak ditu beti. Ez nuen nahi nobela negarroi bat egin. Irri egitekoa da enetzat, baina hala ere, gogoetatzerat ematen duena: Zein leku dugu iparraldekook euskararen merkatu orokorrean? Idazle bakoitzak bere hizkuntz komunitatearen galde berdina egiten du Euskal Herrian; nafarrek, bizkaitarrek, zuberotarrek... Nire galdera da hori eta baita periferiako beste hainbat euskal idazlerena bederen.

Amaia Ezpeldoi detektibe ezaguna da protagonista nagusia berriro. Pertsonaia berezia da zuretzat, dudarik gabe.

Enetzat, ene ordez mintzo dena da. Ene ordez, gure errealitateak, gure fantasmak, gure ametsak eta gure beldurrak erraten dituena. Ene alter egoa da, alor guzti-guzti-guztietan. Horretarako erabiltzen dut noizbehinka, gogoa daukadalarik ene ikusmoldearen emateko, alta, ez baita osoki gu.

Zertan bereiziko zenuke?

Amaiari abentura asko gertatzen zaio eta eni ez. Ni urduriago eta lotsatiago naiz eguneroko bizitzan. Amaia Ezpeldoi berezia da enetzat. Irratian lanean ari nintzen garai batean hasi zen, Parisera joan aurreko urteetan. Halako zatikako ipuin bat asmatu nuen, detektibe batekin. Detektibe hura Amaia Sheridan deitzen zen; ingeles-euskal izena zuen. Gerora, musikaren eraginez aldatu nion deitura. Oso gustuko dut musika eta, Zuberoako kantuak bereziki. Bereterretxen kantoriaren hogeita hamabi koplak osorik a capella entzun nituenean erabaki nuen Ezpeldoi deitura jartzea.

Isturitzen hasi eta Bardeetan bukatu. Euskal Herriko hainbat lurraldetan barrena bidaia proposatzen duzu, lekuen deskribapenari tarte zabala eskainiz.

Amaia Ezpeldoi sailaren beste ezaugarri bat da hori. Lekuak agertzen ditu; batzuetan Zuberoa, beste batzuetan Nafarroako iparraldetik hasi eta hegoalderaino, beste batzuetan Aturriko bailara, eta aldi honetan, Baionatik Bilbora. Hizkuntza erabiltzeaz gain, eni asko gustatzen zait gure herriko paisaien deskribatzea, batzuetan irakurle zenbait aspertzen bada ere, debaldekoa iruditzen zaiolako. Liburu bat ahal banu ekintzarik gabe, paisaien deskripzioekin bakarrik egin, egin nezake. Asko ibiltzen naiz punta batetik bestera. Ez banaiz kanpoan oporretan, hemen naiz oporretan. Edo Zuberoan edo Nafarroan edo Bizkaian. Bestalde, egon naizen lekuez oroitzeko baliabide bat da enetzat. Azken hogeita hamar urte hauetan askotan aldatu naiz bizilekuz: bizi izan naiz Pauen, Baionan, Parisen, Maulen... Orain berriz Baionan. Leku bakoitzeko giroaz oroitzeko molde bat da.

Zuberoa eta Bilbok tratu berezia dute liburuan; goxoagoa. Zergatik?

Biak dira Bardeak bezala: desertua. Zuberoa jende gutxiko desertua da. Bilbo, jende askorekiko desertua eta, Bardeak; egiazko desertua. Bilbo, Amaia Ezpeldoiren lehen nobelan Zuberoa deskribatzen dudan bezala deskribatzen dut; halako iluminazio batekin. Leku berezia dute punta batetik bestera eta biak desertuak dira, gustatzen zaizkidan desertuak.

Bertolt Brecht-en olerki batekin ematen diozu hasiera azken nobelari. Poesiaren bukaera: “Egiazki, garai ilunetan bizi naiz”. Esperantza ukituarekin amaitzen da eleberria: “Tregoa zen”...

Euskaldunok eta, ez bakarrik euskaldunok, garai ilun batean bizi gara. Ez dugu helbururik, ez dugu esperantzarik, ez dugu komunikaziorik gure artean. Dena da diruaren ardatzean biribilkatzen. Hala ere, izaten ahal dira bideak egiten ahal ditugunak, marasma horretarik ateratzeko eta, gure kasuan bereziki, talde orok du sentimendu hori. Oso pertsonala da, ez dut nahi gehiengoak parteka dezan. Tregoa datorkigularik, uste dut guretzat oso onuragarria dela. Ez dugu sekulan aipatzen tregoaren ona gure artean eta, euskaldunen arteko komunikazioa errazten duela iruditzen zait eni. Presionerik gabe, euskaldun gisa agertzen ahal garela, bakoitza bere ideiekin: batzuk dira borroka armatuaren alde, beste batzuk aurka. Tregoa denean mintzatzen ahal gara, tregoa hausten denean, jadanik ez gara mintzatzen ahal: gure aburuak guretzat gordetzen ditugu. Jalgi hadi plazara honetan giro hori islatu nahi nuen eta gainerat, beste ideia bat gehitu kolektibo eremu berri horretan, espazio bat agertzen ahal dela ere norberaren libertatearen bermatzeko. Horretarako ere, seguru aski, Amaia Ezpeldoik bere coming-out-a egiten du nobela horretan. Dena biltzen da eta gainerat, lotura egiten da pixka bat Euskal Herrian, iparraldean eta hegoaldean azken hogei urte hauetan gertatu diren hainbat eta hainbat gertakarirekin, nostalgiarik gabe. Uste dut nostalgia baino, samurtasun edo eztitasun gehiago badela ikuspegi horretan. Bestalde, lau euskaltzainen prototipoak erabiliz, hemen, Euskal Herri globalean, iparraldeko euskararen biziraupena eta existentzia zein garrantzitsua den aipatzen da. Ez modu paternalista batean, ez; bakarrik, hau galtzen bada, euskara orokorraren mailan ere zerbait galduko dela. Hori guztia biltzen da nobelan.

Liburua idatzi zenuenean tregua garaia zen baina, ez argitaratu zenuenean...

Tregua garai bete-betean idatzi nuen. Liburua publikatu ondoko bi egunen buruan hautsi zen ofizialki. Beraz, ez dut desesperatzen. Liburua halako stop baten lekukotza nahi duenarentzat gelditzen da: norberarena eta kolektiboarena.

Bidean osagai ezberdinak erabili dituzu: hausnarketa sakonak, iritzi zorrotzak, ukitu ironikoa... Ironiak, bereziki, garrantzi handia du eleberrian.

Ironiari esker mina arintzen da eta mina arinduz, despertsonalizatzen da ere. Gero, irakurlea sentitzen ahal da bere aldetik despertsonalizatuta, minduta; baiki baina, liburuaren inguruan antzematen ahal dugu leku arinagoa ironiaren bidez. Ez da ironia gaiztoa. Izan dut beste liburu batzuetan ironia gaiztoagoa. Oraingo honetan eztia da, samurra. Gaiekin beste harreman bat banu bezala eta Amaiak ere hala balu bezala. Ironiak gaiarekiko distantzia markatzen du.

Iparraldea eta hegoaldea. Bi lurraldeen arteko harremana da hizpide askotan. Zer nolakoa da harreman hori zuretzat?

Harreman ona ikusten dut. Asko gustatzen zait, Zuberoan bezala, Bizkaiko herri txiki batean nabilelarik, hango euskara entzutea. Hizkuntzaren musika aditzen saiatzen naiz. Gero, egia da historia mailan oso ezberdinak garela eta ez dugu oraino elkarren jasateko pazientziarik. Bestalde, eta ez dut nik bakarrik hori erraten, egiturak lehertzen gaitu ere; hain da indartsua, hain da aberatsa! Guk gauzak oso baliabide gutxirekin egiten ditugu hemen. Gure aldizkariak zuri-beltz soilean publikatzen dira. Gure poesia taldeak, zuzenagoak beharbada, baina, oso sinpleak dira... Hegoaldekoek pobrezia usaina nabaritzen digute. Hala ere, hor gara eta haiek ere hor dira. Badira elkar ezagutzeko lekuak. Eta gauza arruntenetan, bazkaltzeko eta afaltzeko orduetan, baita gure hitz egiteko moldeetan ere elkartzen gara. Baina ibiliaren bortxaz, auskalo, muga horiek desagertu ahal dira.

Hegoaldetik iparraldera, eta alderantziz, bide gehiago egin behar al da?

Hegoaldekoek ez dute honarat etortzearen beharrik. Kultur mailan, politika ofizial edo ez ofizial mailan, dena dute. Hemen ez da Jaurlaritzaren egiturarik ere. Gu hegoalderat joaten garelarik, eredu baten bila joaten gara; alta, duela berrogei urte etorri dira honarat, kantatzeko ereduen bila eta beharbada ere, literatur ereduen bila honarat etorri dira. Eta batuaren egiteko, hemengo altxorra ere hartu dute. Beharbada gu ezer gabe gelditu gara. Nola inguratu edota nola hartu guk gure lekua, ezer ez dugularik? Ezer ez dugularik? Ene idazki askotan hori dut galdetzen.

Asko arduratzen zaitu euskararen egoerak, galerak; “euskaldunak bere hizkuntza baliatzeko partez, nahiago du hizkuntzaz negar egin”.

Hori da gure tragedietarik bat. Hizkuntza ikasteak edo umeei irakasteak bederen, ez duela kultur ondarea transmititzeko beste balio ikusten dugu batzuetan. Lanerako edo harremanetarako gazte batek ez du euskararen beharrik hemen. Hori da iparraldekoen tragedia. Eta euskaraz bizitu zen jendaldea bidean antzina doa, desagertzen doa. Horren aitzinean zer? Guk, idazleok, zein hizkuntzatan idatzi behar dugu? Non ditugu irakurleak; hegoaldean ditugu? Iparraldean baditugu oraino? Negar egiten dugu beti egoeraz eta, erakunde publiko bat sortzen delarik, euskara salbatzen duelarik, egiten duen lehen gauza, inkesta soziolinguistiko bat da; ongi erakusteko guri egiten dugunak ez duela fitsik balio. Zertan ari gara? Zergatik ez gara pasatuko erdarara? Edo batura? Zergatik ez dugu euskalki propioa sortuko, hegoalderako eta iparralderako balioko duena? Hori da erronka bat ere: hegoaldean eta iparraldean, bietan ulertuko den euskalki bat sortzea. Horrek hizkuntzari ere halako ikuspegi baikor bat emango lioke eta baita hizkuntza horretan idazten dugunoi ere. Dena, dena erraten ahal duzu hizkuntza horren moldatzean, euskalki bateko eta besteko hitz batzuk sartzean.

Sexu aukera. Bereziki homosexual izatearen aukera oinarri-oinarrian dago liburuan: “Menturaz, nioen, gizonek eta emazteek, belaunaldiz belaunaldi jalgihaditzean bizitza zerotik berriz hasten zihoakiela sentitu zuten lesbiana n®pp edo gay nauzu agertzen zietenean adiskideei, gurasoei, lankideei eta maitaletzat desiratzen zituztenei”.

Euskara eta homosexualitatea. Bi gai horiexek dira liburuaren ardatza. Berriki egin dugu Donostiako Koldo Mitxelenan bi gai horien inguruko mahai-ingurua. Betidanik, hasiera-hasieratik aipatu dut homosexualitatea eta lesbianismoa ene idatzietan. Baina ez ditut hitzak erabili. Begira, alor batzuetan oso probokatzailea eta lotsagabea izan naiz eta alor intimoetan oso beldurtia. Oraino ez nituen sekulan lesbiana edo homosexualitatea hitzak erabili. Liburu honetan da lehenengo aldia harreman horiek beren hitzekin erabiltzen ditudala. Amaia Ezpeldoik betidanik izan ditu emazte edo neskekilako harremanak. Oso inportantea izan da liburu hau tregoa garaian kokatzea. Tregoan kokatzeak baimendu du, beharbada, azalpen hori ere. Euskararen gaia eta sexu aukeraketa, itzuli-mintzuli erabiltzen ditudan gaiak dira. Ene baitan dira gai horiek idazle gisa.

Askatasun deia egiten duzu liburuan: “Jalgi hadi plazara, euskara, lesbiana”.

Eta aurrerantzean ere Amaia Ezpeldoik oso ongi biziko du bere homosexualitatea eta beharbada idatziko dut nola azkenean bikotean edo bakarrik, norberaren nortasuna onartzea oso inportantea den: hizkuntza mailan bezala edo euskaldun gisan bezala. Euskara eta aukera sexuala aldarrikatu nahi ditu Amaiak. Bi ardatz dira baina, bat dira azkenean. Bere homosexualitatearen erraiteko hizkuntza euskara da. Ez da pasatzen erdaretarik: oso inportantea da hori. Aldi berean, baketu egiten baita hizkuntzarekin. Ez gara konturatzen zenbateraino atxikiak egon gaitezkeen gure hizkuntzari. Zenbateraino baldintzatzen, moldatzen edo askatzen gaituen hizkuntzak. Ikuspegi optimista da. Eni hori iruditzen zait, beharbada idazten dudalako, beharbada hortaz bizi naizelako. Ekonomikoki ez dut nabaritzen baina, kulturalki eta sinbolikoki hortaz bizi naiz. Beste hizkuntzen beharra ere badut, baina bereziki, hizkuntza horrena. Ni oso sentiarazten nau.

Bizitzaren aldarria ere izan daiteke liburu hau...

Bizitza, bakea, aterabideen premien adostea, bizitzan helburu ezberdinak dituzten jendearen arteko hausnarketa. Pertsona, historia nahiz ikusmolde ezberdinak bildu eta herri bat egitea...

Zinemak badu pisurik kontaketan eta zer esanik ez musikak. Musika doinuak sarri entzun daitezke: abeslarien aipamenak, kantuenak eta baita letrak ere...

Hori ere beste konstante bat da ene liburuetan. Beti aipatzen ditut idazten ari naizelarik obsesionatzen nauten musikak. Liburua CD batekin saltzen ahalko nuke ez balitz garestiegi. Musika eta kantua, idazteaz gain bide egiteko beste lagun bat dira. Betidanik entzun dut irratia, musika. Betidanik idatzi dut euskal kantarientzat. Hizkuntzarekin ere musika baten bila ibiltzen naiz. Asko lantzen dut idazkera, baina ez beti aski. Maniakoa naiz. Publikatua ez dena aldatzen ahal dut, baina publikatu ondoan... Batzuetan bigarren edizioaren zain egoten naiz aldaketak egiteko. Bizitzan ere musikaren bila ibiltzen naiz, musika eta hitza.

Liburu askea da, fresko-freskoa. Probokatzailea dela gehituko al zenuke?

Probokatzailea ez. Beharbada batzuk harritzen ahal dira euskararen gaia, homosexualitatearena edo lurraldetasunarena hain gordinki agertzeaz. Probokatzailea izan daiteke gauza batean; beharbada, idazleak Amaia Ezpeldoiren bidez Euskal Herri orokorrean eta Euskal Herri orokorrari buruz ematen duen ikusmoldean. Gehienetan ez gara atrebitzen gure ikusmoldea ematera. Europako moldean bezala, gure gai politiko, sozial eta kulturalak aipatu gabe idazten ditugu ipuinak edo nobelak. Bi pertsonaia hartzen ditugu, bien arteko harremana, izenik gabeko hiri bat, zenbakirik gabeko garai bat... Deslokalizatu egiten dugu istorioa. Beraz, alde horretatik, izan daiteke probokatzailea: istorio baten lokalizatzea, lur gainean eta garaian. Eta hau oso ukabilkatua da tregoa garaian.

Zer diozu irakurleen harreraz?

Gustura nago. Egia esan, ez dut aipamen gehiegirik entzun; oso bakarrik eta ene munduan bizi bainaiz. Baina bai, irakurleen aldetik harrera ona ikusi dut, oso baikorra. Liburuak batzuei lagundu die eta ez eni bakarrik. Noizbehinka oso inportantea da norberak bere hizkuntzan irakurtzea halako lesbianismoaren errebindikapen bat. Euskaraz, izan dira gai hori aipatu duten beste liburu batzuk baina, ez hitzak erabiliz. Idazle handia ez naizenez, ez dut agenterik ez ezer, tarteka irakurleak etortzen zaizkit euren iritziak azaltzera. Suerte handia dut; irakurleen iritziak jasotzea gustagarria eta gogoetagarria da. Egiaren bila segitzerat animatzen du horrek.

Eta kritikarien aldetik izan duen erantzunaz?

Orokorki, oso gazteago nintzelarik, kritika gaixto edo txar batek mindu egiten ninduen. Orain ez. Irudi zait bakoitzak bere lana duela. Kritikariak bere lana du, ikerlariak berea eta idazleak ere berea. Idazlea kritika txar batengatik mintzen baldin bada edo kritikaria idazleak egiten dion ihardoki batengatik mintzen baldin bada, batak bestearen lana ezabatzen du. Bestearen lana onartzea, denborarekin etorri zaidan gogoeta da. Kritika txarrak eta onak onartzen ditut. Horrek ez du eraginik ene lanean.

Maiatz aldizkariak 25 urte bete berri ditu. Sorreratik ibili zara aldizkariaren inguruan.

Plaza bat izan da, beste iparraldeko idazleentzat bezala, baina enetzat bereziki. Lan asko egin dut Maiatzen: itzulpenak, ikerketak, idazle gisako lanak, aldizkariaren praktikoki egiteko lanak eta finitzean, aldizkaria saltzen ere ibili izan naiz. Idaztetik publikoari saltzeraino, bide guztia egin dut; eta hori ere, biziki interesantea da. Idazlearen lekua erlatibizatzen da tarte luze horretan. Idazleak ustea ukaiten ahal du bera dela mugimendu guztiaren iturria. Baina kate bat da, lotzen ez gaituen kate bat: idazlea, aldizkaria edo argitaletxea gero, prentsa eta kritikak ondoren... Eta idazlea baino lehen, beste idazleak daude, historia literarioa, historia pertsonala, historia pertsonala osatzen duten jende eta gertakariak... Maiatz horrela bizi izan dut eta oraindik ere horrela bizi dut. Maiatzen ez dugu sekula ezer zentsuratu, ezer; dena publikatu izan da. Iparraldeko idazle askorentzat bidea irekitzeko, irakurleekin lehen harremana egiteko, idazten gero eta gehiago segitzeko... balio izan du aldizkariak. Uste dut Iparraldean gutxi direla Maiatzetik pasatu ez diren idazleak. Hogeita bost urte bete ditu orain eta guk, gure txikitasun biluzian segitzen dugu oraino.

Iparraldean idazle gazte berri ugari sortzen ari da. Etorkizuna argitzera doala uste al duzu?

Bekek bultzatuak edo Maiatzen hasiak, bada olde berri bat. Gu edo ni Maiatzen idazten hasi ginelarik ez ginen anitzez gehiago. Ez gintuzten idazle gisa kontsideratzen, askotan emazte soilak ginelako. Etorkizuna baikorki ikusten dut eta batez ere, idazle gazte bakoitzak bere baitako egiak —edo kontatu nahi duena— zintzoki eta zinez errateko xedea nahiz hizkuntzaren lantzeko xedea hartzen baldin badu, ez bakarrik merkatuak eskatzen duena argitaratuz. Guk iparraldean suerte bat badugu; ez gara merkatuaren menpe. Maiatz argitaletxea ere bada, eta hor, idazle gazte batek, bere baitan duena, ongi ala gaizki idatzia publikatzen ahal du. Azkenean suertea badugu, azkenean. Ez gara konturatzen baino suerte hori badugu.

Idazle lanetan aurrera jarraitzeko asmoa duzu. Baita Amaia Ezpeldoiren sailarekin ere, ezta?

Bai, bai. Amaia Ezpeldoirekin segituko dut. Ari naiz pentsatzen eta ari naiz ekintza posibleak gara litezkeen lekuak ikusten, halako istorio baten hariak asmatzen. Ari naiz ere olerki bilduma baten preparatzen.

Liburua argitaratu ondoren, ez al dizu barruak atsedena eskatzen?

Ez. Uste dut nobela honetan Carmenek erraten duela, sekulan gelditzen bada liburu bat idaztetik edo liburu bat idaztearen pentsatzetik, ez dela gehiago zutik egoten. Hori gertatzen zait niri ere nonbait; bat bukatu eta bestearekin hasi. Laidako hondartzan uhinak bata bestearen ondotik zuzen-zuzenean etortzen diren bezala. Bizitzeko sentimendua da, ezinbesteko baldintza bat. Beharbada psikologo batengana joan behar nuke horren esplikatzeko baina, hori da, bizirik egotearen sentsazio hori ematen dit. Jendeak edo harreman batek ere bai, baina, erran dut, idaztea emazte-lagun bat baino fidelago da. Ça va.

 

Bilaketa