literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Juan Luis Zabala
Berria, 2006-02-04
Hasier Etxeberria:
«Plazera da nobelan apurketak egitea»

Bere azken urteetako literatur lanekin gustura sentitzen dela igartzen zaio Hasier Etxeberriari. Pozik da Eulien bazka (Susa, 2003) bosgarren ediziora iritsi delako, gustura dago Mutuaren hitzak (Susa, 2005) izaten ari den harrerarekin, ilusionatua du aurki kaleratuko duen gaztelaniazko liburuak ere. Eta batez ere igartzen zaio oso gustura sentitzen dela idaztean. Idaztekorik gabe gelditzeko beldurrez bizi den “idazle psikotikoa” baita.

Gustuko pertsonaia duzu, antza denez, Damian Arruti. Eulien bazka-tik Mutuaren hitzak-era pasatu duzu.

Pertsonaia berezia da, alde asko ditu. Dituen alde batzuk neureak dira, beste alde batzuk lagun batzuenak, eta badu asmatutakorik ere. Pertsonaia bat asmatzen duzunean, berak erakusten dizu irautekoa den edo ez. Damianek iraun nahiko lukeela erakutsi dit, edo iraun dezakeela. Lagun berri bat da koadrilan.

Erabakiak hartzeko beldurrez, zalantzaren eta damuaren artean bizi da Damian Arruti. Egungo gizonezko askoren erretratua da?

Mutuaren hitzak nobela poliziakoa da, generoko nobela da, baina badu existentzialismotik ere, umorez tratatutako existentzialismoa du. Heldu ezinik dabilen eta bere lekua zein den erabaki ezinda dagoen gizona da Damian. Eta uste dut hori oso zabaldua dagoela gizonon artean, bai aurreko mendearen amaieran eta bai mende honen hasieran. Emakumeak argiago izaten du zer den, non dagoen eta, batez ere, zer nahi duen. Nik neuk bizimodu aski normal eta egonkorra daukat, baina uste dut Damianek ondo islatzen dituela neure sentimendu batzuk, edo neure inguruko beste gizon batzuenak. Gizonok ez dugu sentimendu horietaz geure artean hitz egiteko ohiturarik, baina Damianek gauza natural gisa hartzen du heltzeko ezintasun hori, maitatzeko gauza ez izate hori. Beldurra ematen baitio maitatzeak.

Zergatik beldur hori?

Betikoagatik. “Nik sentitzen dudan hau al da hainbeste zarata sortzen duen maitasun hori?” galdetzen dio bere buruari. Gizon batentzat, behintzat gizona nik ikusten dudan bezala ikusita, korapiloa du galdera horrek. Horrelako gaien inguruan eraikitako gizona da Damian. Neure garaiko nobela egin nahi izan dut.

Zer neurritan da Damian Arruti zure ‘alter ego’-a?

Neurri handi batean; baina ez da ni, bistakoa da. Ni ez naiz bildumagilea, ni bi umeren aita naiz eta hori da nire bizitzaren lema nagusia. Ez gaude kasu berean. Baina Damianek nire aldeak ditu, dudarik gabe. Horretarako baliatzen baitut nik literatura, neure kutixiak eta kapritxoak gauzatzeko, gogoeta egin nahi dudanaz gogoeta egiteko.

Beste gizon batzuk ere agertzen dira nobelan: Aldaz, Senpe, Karrika, Apezetxea... Emakumeak, aitzitik, gutxi dira, eta agerpen murritzekoak.

Nik ez dut gizakia definitzeko edo gizakiaren nondik norakoak zeintzuk diren markatzeko lanik hartu. Uste dut literaturan, pinturan edo beste edozein artetan bezala, detaile batek asko erakus dezakeela, ondo egina bada. Ni saiatu naiz Damian nolakoa den erakusten. Gero horrek hartuko du hartu behar duen neurria. Nik ez dut esan nahi gizon guztiak Damian bezalakoak garela. Zuk diozun bezala, nobela honetan gizon gehiago daude, batzuk zertzelada gutxi batzuekin marraztuak, eta denetarik dago gizonen artean ere. Emakume gehiago sar zitekeen nobelan, baina nobelaren gaiak ez zuen hori eskatzen.

Zer neurritan da generoko nobela eta zer neurritan ez?

Nik uste dut genero baten eredua hartzeak abantailak ematen dizkiola idazleari, erraztasunak. Ni saiatu naiz generoak eskaintzen zizkidan abantaila horiek profitatzen. Baina generoaren barruan ere, sortzaile sentitzen naizen aldetik, gustatzen zait neure marka uztea, eta hori egitea, gainera, ez bakarrik munduaren ikuskeran edo pentsamendu politikoan; baita hizkuntzarekin ere, baita atrebentzia handiz esanda, ezjakina bainaiz musika alorrean musikarekin ere: nobelako lerro asko musikak agintzen duelako daude. Idazterakoan, plazer handia da, niretzat, apurketak egitea, neure inbentotxoak sartzea nobelan, eta horrelakoak zenbat eta arlo gehiagotakoak izan hobe.

Ez da harritzekoa, horrenbestez, arteak ere agerpena izatea nobelan, maite baituzu arteaz gogoeta egitea.

Bai, badu agerpena arteak. Baina ez dago arteari buruzko gogoeta sakonik. Leon Karrika izeneko pertsonaia Damianen kontrakoa da, neurri batean: Damianek ez bezala, badaki zer nahi duen. Eta hori artista askori gertatzen zaie: berdin zaie etxea gainera etortzen bazaie ere, arteak eskatzen dien hori nahi dute; puntu bat bere leku zehatzean margotu, adibidez. Niri miresgarria iruditzen zait artistek suizidiorako duten joera hori. Eta Damian ere liluratzen du Leon Karrikaren joera horrek. Zergatik? Damian zientifikoa delako. Zientzia pasioz jorratzen duen zientzialaria oso hurbil dago artistarengandik. Dena den, kontu hauek guztiak gerora pentsatu ditut nik, ez nobelan sartzerakoan. Nobela idaztean, modu inkontzientean egin ditut aukerak.

Damian oso pertsonaia zinematografikoa dela esan duzu.

Nik uste dut eutsi egiten dion pertsonaia dela. Telebistarako kapitulu batzuk egiteko aukera eskainiko balidate, eraman nezake Damian Bilbora, unibertsitatera itzuli, eta han ere, bere kezkekin, asmatuko nizkioke gertaerak. Ikuspegi horretatik diot zinematografikoa dela. Liburuetatik ez ezik, mundu bisualetik ere abiatzen naiz nire nobelak idaztean. Nobeletan kontatzen dudana ikusi egiten dut. Nik beti esaten dut Spielberg banintz, benetan film handia egiteko, Etxahunen bizitzan oinarrituko nintzatekeela, edo Iparragirrenean bestela. Baina astearte gauetan telebistan ordubetetxoko saioa ikusteko, egin daiteke zerbait Damianekin. Edo antzeko beste pertsonaia batekin, Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoirekin esaterako.

Maiz adierazi duzu ez zarela idazle profesionala. Ez al da hori kritikatik babesteko aterki bat?

Hori esan badut, gaizki esan dut. Handitan zerbait izan nahi badut, idazle profesionala izan nahi dut. Baina ez literatur idazle profesionala. Niri izugarri gustatzen zait altzari katalogo baterako idaztea, edo telebistarako gidoi bat... Aplikatutako idazkuntza. Ondo bereizten ditut hori eta sormenezko literatura, eta ez nuke sormenezko literaturako profesionala izan nahi. Beraz, idazle profesionala ez banaiz, izan nahiko nuke, baina ez soilik literaturako idazle profesionala.

Atxaga, Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria eta Sarrionandia elkarrizketatuz osatu zenuen Bost idazle (Alberdania, 2002). Bost idazle horien kanonizazio halako bat ekarri zuen, batzuen ustez, liburu horrek.

Liburu horrek ez dauka batzuek eman nahi izan dioten garrantzia; irakurle partikular baten heziketan edo bidean eragina izan duten idazle batzuen aipamena baino ez da. Ez da gehiago, eta ezta gutxiago ere. Nik ez nuen erakutsi nahi bost direla, ezta horiek direla ere. Erakutsi nahi nuen hemen ere idazleak daudela, berdin dio zenbat eta zein diren. Ez zegoen kanonizaziorako asmorik, idazletzari aitortza egitekoa baizik. Badira nik bost horiek baino gustukoagoak ditudan idazleak. Nik egindako galderei erantzuteko emango zuten jokoarengatik hautatu nituen horiek. Bost idazle horiei gai askoren inguruko kontu interesgarriak entzun dizkiet nire bizitza osoan: literaturaz, herrigintzaz, soziologiaz... Sarrionandia baino gazteagoak diren idazle batzuei txanda eskatu diet 20 urte barru haiekin antzeko zerbait egiteko; ez dakit horiek zer eskainiko duten, baina liburuko bostek asko zuten eskaintzeko.

Belaunaldien inguruko eztabaida etorri zen gero. Zer belaunalditan ikusten duzu zeure burua?

Ez dut horretaz pentsatu. Baina asko kezkatzen nau euskal literaturan egiten den zaratak. Baditugu liburu bakarrarekin edo bizpahirurekin Dostoievskik baino meritu handiagoak egin dituztela diruditen idazle gazteak. Ondo dago bazterrak astintzen saiatzea, gizarteari bagarela erakustea, baina galera ere etor dakieke euskal idazleei bide horretatik, oinarri eskasegiarekin espektatiba handiegiak sortuz gero. Idazteak ekarriko duenaz kezkatu gabe idaztea egokitu zaio gure belaunaldiari. Orain bestelako joerak dira nagusi. Eta ondo dago hori ere, eta akaso zeloak dauzkagu orain 40 urtetik gora ditugunok, baina niri hori guztia ez zait interesatzen. Benetako plazera sortze lana da, lehen aipatu dizkizudan kontu txiki horiekin guztiekin: apurketak, inbentotxoak, kapritxoak.

Egungo euskal literatura “geza” iruditzen zaizula adierazi zenuen duela hiru urte, Eulien bazka argitaratu zenuenean. Aldatu da joera hori?

Ez. Zoritxarrez, hala jarraitzen du. Lanbideagatik liburu asko irakurri behar izaten ditut, baina oso gutxi dira benetan gustuz hartzen ditudanak. Ez azken urteetan bakarrik. Aspaldian. Sistema oso bat egotea ona iruditzen zait, beharrezkoa, baina, zintzotzen eta zentzutzen bagara, ikusi beharko dugu ez garela hainbesterakoak. Beste leku batzuetan ere ez diren bezala, Espainian adibidez.

Zer liburu da benetan gustuko izan duzun azkena?

Michel Houellebecqen Plateforme elektrokuzioa izan zen niretzat, eta orain La possibilité d’un île irakurri eta asko gustatu zait, Plateforme-ren neurrira ez dela iristen iruditzen bazait ere.

Zer duzu esku artean? Trilogia osatuko duzu Damian Arrutirekin?

Damianen hirugarren nobelaren hasierako lerroak idatziak ditut, baina berez ez da ezer: segurtasun sarea, ezer gabe ez geratzeko. Idazteko beste ezer ez daukadanean, Damian edukiko dut. Hori oso ona da ni bezalako idazle psikotiko batentzat. Zer idatzi ez izateak erotu egiten bainau.

Zer idazten ari zara orain?

Gaztelaniazko liburua kaleratuko dut aurki, martxoan seguru asko, R&B argitaletxearen eskutik, David de Jorge sukaldariarekin elkarlanean idatzia: Porca memoria. Euskal sukaldaritzaren mundua jorratzen du, eta Espainiako editoreei asko gustatu zaie. Webgune bat ere egingo dugu, eta jarraipena idazten badugu, pentsatua dut izenburua: Lomo sapiens.

 

Bilaketa