literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

M. Vitoria
Egin, 1984-10-01
Jon Iņaki Lasa:
«Askoz errazagoa da nobela txar bat argitaratzea, poema-liburu on bat baino»

Duela urte t´erdi bere lehen poema-bilduma argitaratu zuen, Alizia eta biok eta berriki bere bigarrena kaleratua dauka Susa sailaren eskutik: Andaluziari ene bilduma. Berarekin luzaz mintzatu ondoren, agurtu aurretik zera esan zigun: berak ez zuela euskal literaturaren panorama oso ongi ikusten, nahiz eta liburu asko argitaratu (adibide gisa zioen), funtsean liburugintz politikarik inon ikusten ez delako. Halako egia borobilekin nahasian, beste gauza askotaz ere solastatu ginen.

Jon Iñaki Lasak bere bigarren poema-liburua argitaratzeaz gain, esan beharra dago orain arte kasik esklusiboki literatur mota hori baino ez duela kaleratu. Alde horretatik, eta gaur egungo euskal letretan poesia gauza guztiz marjinaltzat jo daitekeenez horretaz galdetuz hasiera eman diogu elkarrizketari, hots, ea bera ere poesia idatziz marjinala sentitzen den galdegin diogu. “ Beno, nik ez dut sentitzen nere burua marjinatu bezala, bai sentitzen dut poesia bera piska bat marjinatua, baina pentsatzen dut izan daitekeela bizi ditugun garaiengaitik, hau da, egiten ditugun gauza guztiak oso arin egiten dira, eta jendeak askotan nobela pisuagatik hartzen du, tren-bidaia batetan irakurtzeko moduko gauza delako. Eta klaro, poemak ez du horretarako balio, poema mundu oso bat da.”Alderdi horretatik Lasak berak aitortzen digu berak poema bat irakurtzen duenean denbora mordo bat horri bueltak ematen pasatzen duela. Horregatik, pentsaezina zaio era berean poema-liburu bat jo eta egun berean goitik behera irakurtzea.

Nobelarekin berriz bai, “areago Agatha Christie-rena baldin bada. Eta asuntoa da nobela horietan jendeak zenbat eta lehenago bukatu, orduan eta hobeto, kriminala nor den deskubritzeko. Eta jendeak badirudi poesian ere kriminala nor den aurkitu nahi duela, eta poesian ez dago horrelakorik”.

Bere ustez, bere aurreko poema-bildumatik hona nolabaiteko eboluzio logiko bat dago , oraingo hau askoz landuagoa egin nahi izan duelarik.

Hala eta guztiz ere, liburu berri honetara pasa aurretik, aurreko hargatik jaso zituen kritika edota komentarioetaz galdegin diogu. “Beno, esan izan didate nire poesiak (aurreko liburukoak behintzat) ez direla ulertzen, eta noski, prolema da nik gauzak ulertzeko moduan idazten ditudala. Beste asunto bat da ea jendeak ulertzen duen ala ez, baina ez ulertzearen guzti hori irakurlearengan dagoen prolema ere izan daiteke”.

“Andaluziari ene bilduma” liburu berri honen erreferentzi mundua sinplezian kokatuko lukeela esan digu Jon Iñakik, aurreko liburuaren erreferentzi mundu konplikatuagoarekin alderatuta, bederen. Aste honetako “Argia”n berarekin egindako elkarrizketa bat agertu da eta bertan poeta gazte honek dio liburu honek cante hondoaren iturburuetan edan duela.

“Beno, egia da cante hondoarena, baina hor asuntoa beste bat zen. Hau da, nik egin nahi nuen lan bat, non agertuko zen poesia piska bat (poema laburtxoak), beste prosa piska bat eta azkenik antzerkiari ere bere lekua eman… eta orduan elemendu guzti horiek apur bat ikututa borobiltasun bat eman”.

Hori zen alde batetik Jon Iñakik bere bigarren bilduma honekin lortu nahi izan duena, nahiz eta lortu ote duen dudak izan, sasi-modestiari konzesio garbiak eginez.

Baina borobiltasun horrezaz gain ere, ba zegoen beste zerbait; Lasak aitortzen du Garcia Lorca Andaluzian eta Lauaxeta Euskal Herrian egotea eta elkarren arteko influentziek eta adiskidetasunek nolabait ere eragin zutela hurbiltze-lan horretan hastera.

Nahiz eta liburuaren parte batek “Irudimena Becquer-i” izena daraman, gure poetak aitortzen du haren poesiak ez zaizkiola gustatzen “oso melosoak dira”, baina bere prosa batzu, “nahiz eta melosoak ere izan”, askoz erakargarriagoak eta interesgarriagoak iruditzen zaizkio. “Beste parte bi heriotzari buruz doaz, betikoa izan dudan gai bat delako. Beste batzuk esaten zuten heriotzaz ezin dugula ezer esan, haren esperientziarik ez dugulako, baina nik nahiko hurbil sumatu dudalako, beharbada bai esan dezaket”.

“Susa” liburuen barruan argitaratu berria den liburu hau idatzi zuela bi urte pasa direnez, pentsa zitekeen Jon Iñakiren gustoak zertxobait aldatuko zirela, batik bat gorago aipatu dugun “Argia”ko elkarrizketan “gauzak goxoegi esaten aspertua dagoela” dioenean . Baietz, dio gure lagunak, oso eboluzio haundia jasan duela denbora tarte honetan, oraingoan poesia “barriobajeroagoa” egitea gustatzen zaiola. “Projektu konkretuetara eramanda, buruan honako hau daukat: Miró-k nola egiten zuen gustoko poema bat hartu eta handik kuadro bat sortu, bada niri kontrako prozesua jarraitzea gustatuko litzaidake, esan nahi dut pintore bat hartu, bere kuadroen arteko elementu komunak bilatu eta bertan ikusi edo sumatzen dudana letrekin adierazi, ez derrigorrez poesiaz, jakina”.

Beste mutur bati helduta, gauza jakina da Jon Iñaki Lasa Gasteizen kokagunea daukan “Kandela” literatur taldeko partaidea dela, talde horren zereginetako bat aldizkaria kaleratzea delarik. Literatur aldizkarien mugidaz kuestione ttipia planteatu diogu. “Mikel Antza, Argian idatzitako erreportaia batetan —aldizkari literarioen boom-az— mintzatzen zen, eta ni ados nago, egia da, aldizkariak nonahi ari dira sortzen, alde guztietatik, eta ikus zitezkeen alde txarretatik aparte niri iruditzen zait ongarriak direla, hamar aldizkari asko iruditzen bait zaizkigu gaizki oituta gaudelako, beste herrietan berrogeitamar daude eta. Oso positiboa iruditzen zait”. Baina Jon Iñakiren azterketa ez da hor geratzen.

Urrutirago doa. “Gainera iruditzen zait dela argitaletxeen beste alternatiba bat jendeak bere lanak ezagutzera emateko, askotan argitaletxeekin ezin bait zara gehiegi fidatu… askotan negozioa besterik ez da, tartean interes ekonomikoak daude. Askoz errazagoa da nobela txar bat argitaratzea poema-liburu on bat baino. Zergatik? Saltzen delako, eta jendeak erosten duelako”.

Jon Iñakik ez digu oso radiografia optimista egiten gaurko euskal literaturaz. Alde batetatik, zenbait gauzak poza ematen diotela diosku, eta alde horretatik hainbat liburu eta gero eta gehiago argitaratzen dela ikustea pozgarria zaiola adierazten digu, baina “azken finean horren azpian politika erabakirik ez dago, eta alde horretatik lan hori neurri batetan antzua da eta ez dago balantze zoragarritarako lekurik. Idazleak profesionalizatu daitezkeela? Ez dut uste gaur egun horretatik bizi nahi duenak aukera haundirik daukanik.

Eta horrenbestez amaiera eman genion elkarrizketari. Honelakoetan beti gertatu ohi den legez, gauza mordo bat enlatatua geratu da, papereratu ezinean, baina poeta honek bere emankortasunari eusten badio, izango dugu bestelako aukerarik.

 

Bilaketa