literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.568 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Argia, 1992-05-24
Juanra Madariaga:
«Heriotzari buruzko poemario honek erre egiten ninduen»

Susa argitaldariak egunotan kaleratu du idazle bilbotarraren bigarren poema liburua, Galera errepikatuak. Narrazio laburrean hainbat esperientzia izan eta gero, hau bere bigarren poema liburua da. Baina bere bideari jarraiki, honez gero prest dauka hurrengo poema liburua, Elaien ausardia. Lehenengo poema liburuaren bidea utzi eta gero, hirugarren hau hasierako bidera itzultzen da. Hainbat sari jaso ditu liburu hauekin.

Honako hau, Galera errepikatuak, lehen poema liburua kaleratzetik hiru urtetara argitaratu duzu eta dagoeneko hirugarrena ere amaituta duzu.

1989an neure ibilbide poetikoari Imentzioaren pergamuak liburuarekin hasiera eman nion. Ondoren, neure inguruko hainbat gertakizunen eragina zela eta, stop bat eginez ordura arteko bidea utzi eta neure barrukoa kanporatzeko beharra izan zuen. Orain, berriz, idatzi berria dudan “Elaien ausardia” lanak lehenengoaren bidea jarraitzen du.

Beraz, ez-ohizko bilakaera izan du zure poesigintzak.

Hasiera batean poesigintzan leku berezia izan duten hiru gaiak hartu nituen langai: bizitza, amodioa eta heriotza. Oso gustura ari nintzen gai horien inguruan poesiaren bideak arakatzen. Baina, hainbat gertaerek errotik aldarazi zidaten ordura arteko bidea. Hori dela eta, Galera errepikatuak deitu dudan lana burutu nuen. Heriotzaren gaineko poemario hau burutu eta kalean ikusi arte banekien ez nuela etapa hori gaindituko; erre egiten zizkidan barrenak.

Narrazio laburrak idatzia ere bazara. Non kokatzen duzu zeure burua?

Zertxobait egin izan dut prosan, baina oraingoz oso gustura nago poesiaren esparruan, neure bidea arakatzen. Sentimenduen espresabide egokia da. Gainera, neure poesia mota intimista, erromantikotzat jotzen du.

Nola taxutu duzu honako poema liburu hau?

Bost ataletan banatu dut: beren izenburuak atal bakoitzaren lehen eta azken poemek ematen dituzte. Gainera, atalei egokitzen zaizkien Mozart-en pasarteak erantsi ditut, pista moduan. Amaieran azkenik, “Ele-kodeak” titulupean. heriotzaren gai hau jorratzen lagungarri izan zaizkidan beste idazleen pasarteak bildu ditut (Sarrionandia, Aurtenetxe, Atxaga...). Guztira berrogeita hamar bat poemak osatzen dute liburua.

Heriotzaren presentzia liburuaren ardatza da.

Heriotzak ekarritako absentzien gaineko hausnarketa da lan hau. Baita bere ondorioen jorraketa ere: tristura, isiltasuna, etsipena mina... Guzti hori denboraren joan-etorriak eta ziklikotasunak kutsatuta. Eta azken honek errepikapen nabaria dakar, egunerokotasuna, laborria eta etsipena. Guzti horiek poemetan adierazten saiatu naiz. Oroimena da egoera honi buelta emateko errekurtso bakarra.

Zein da, orduan, oroimenaren funtzioa?

Oroimena arma da. Iraganeko munduaren irakurketa egiten dugunean, etorkizunaren bidea zehazten ari gara. Iraganera jotzeak, beraz, kontsolamendua ekarri dit. Eta hori da agian liburuaren helburua: zuk pertsona baten absentziaren aurrean, oroimenaren bidez kontsolamendua aurkitzea.

Heriotzaren gaineko hausnarketaren ondoren, ba al dago irtenbiderik?

Liburuaren azkenak ematen du erantzuna: heriotzak suposatzen duen muga gainditu beharra dago: edonon aurkitu behar da itxaropena. Egun poeta asko ari dira heriotzaren gaia gertu gertutik aztertzen (Joan Mari Irigoien kasu), eta horrelako gai tragiko baten aurrean, denek uzten dute irtenbideren bat amaieran. Batzuk kristautasuna deitzen diote.

Zein da zeure erantzuna?

“Resutitatio” kapituluak ematen du erantzuna. Batetik, extralurtarra den erantzuna agertzen da, Jaungoikoarekikoa. Bigarrena, berriz, pertsonekiko harreman estuagoan oinarritzen da. Erantzun hau gure artean dago. Azken finean, hauxe da garrantzitsuena, betetzen nauen erantzuna.

 

Bilaketa