literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Arrese / Josu Landa
Argia, 1989-11-12
Koldo Izagirre:
«Balizko Erroten Erresuma literaturtasunaren bindikapena izatea nahi nuke»

Bere narratiba lanak dira gogoan gertukoen ditugunak: Euzkadi merezi zuten nobela eta Mendekuak ipuinak gero. Poesiak berriro harrapatu du, ordea, Koldo Izagirre. Oraintsu argitara emandako Balizko Erroten Erresuma hau euskal poesigintzan mugarri bihurtuko bide da.

Soberazko hitzik ez darabil Izagirrek, eta darabiltzanak ertzez josiak. Kontrako eztarrian trabatuko zaizkizu akaso, baina behin irentsi ostean ezin eztulez kanporatu.

Haatik, beharbada elkarrizketa hau bitan edo hirutan errepasatu beharko du irakurleak bere solaseko klabeez jabetzeko: umorean eta ironian erreparatu, maiz agertuko duen balizkotasunaren kontzeptua ulertu, eta zentzu figuratuan botatzen dituen beste zenbait harrapatzeko.

Poesia ez da mintzagai samurra. Eta kasu honetan entrebistatzaile garenontzat batez ere, Koldo Izagirrek azken poesia liburua argitaratu zuenetik hamar urte hauen buruan poesiarekin izandako hausnarketa borroka eta gero Balizko Erroten Erresuma kaleratu berri duelarik.

Hamar urte pasa dituzu ia batere poesiarik argitaratu gabe. Zer izan da, agortea ala etsipena? Edota argitaratu ez, baina idazten aritu zara...

Bai, hamar urte pasa ditut poesia irakurtzen, alegia, poesiarekikoa irakurriz bakarrik egiten, beste gauza asko bezala egia esan. Eta? Batek baino gehiagok eskertuko zuen noski.

Agortea, etsipena... eta zergatik ez errespetua? Idazteari berari eta irakurleari. Nik neure kolkoan zirriborratua daukadan irakurlea, poesia-irakurlea bereziki, sobera maite dut tratu txarra emateko...

Egia esan, irakurri dudanaren artean, neronen poema ugari irakurri ditut. Ondoren, erretzeko agindua eman diot neure alargunari.

Uste dut urte hauetan poesia erregularki argitaratzen ari izan banintz, ez nukeela liburu hau egin dudan adinako indarrarekin idatziko.

Zerk eraman zaitu poesiarekiko konfiantza berreskuratzera?

Poesiarekiko konfiantza? Jainkoak libra, diot, mezetara joaten ez zelako fusilatu zuten osabaren moduan. Nik barrera guztiak paratuak neuzkan, benetako barrikadak, poesiak harrapa ez nintzan. Uste nuen salbu nintzela. Baina dirudienez inor ez dago libre, eta probatutakook gutxiago, haren besoetan erortzetik. Amodioa bezalakoa da. Zoritxarrez.

“Balizko errotak irinik ez” dio esaerak. Liburuan “ur meharrak” irudia konstantea da. Gosetea eta lehortea bizi al ditu poesiak?

Baina guri, edo niri behintzat, literaturaz ari garela uste dut, balizko irina interesatzen zait. Okituak egon behar genuke taloz eta opilez. Irensteko zailena ez da errotarria, maitasunez eginiko legamiarik gabeko hostia baino.

Konprenituko duzuen bezala, nik ez dut liburu hau argitaratu neronen gosea berdintzeko. Ahoaren neurria handiegia dut neure eskuak eman dezakeenaz asetzeko.

Manifestu bat dela idatzi duk hik, Josu. Ez habil oker. Kanpaia joz, estricto sensu uler bedi, beleak uxatu eta usoak esnatzeko balio badu, pozik. Baina izan gaitezen moderatuki pesimistak, politiko zintzoek nahi luketen ez bezala: poesia eta kurioxotasuna ez dira bat, eta hainbeste aitzakia dago aurrera goazela sinetsarazteko... Legamiarik gabeko hostiak.

Poesiaren errota zergatik diozu balizkoa dela?

Zer nahi duk izatea poesiarena, haize-errota? Nire heteronimo batek dioen bezala, harro nabil ikusten duzuenez, “hastio ditugu haize-errotak eta Salamancako erretoreak: erretoretan Sarakoa, erretoretan balizkoak”. Baina elkarren aurka hasten zaizkidak heteronimoak, eta erretoreak ez ditudala begiko aitortu behar. Hi, por zierto, UEUn bazagok?

Zenbateraino da balizkoa poesiaren errota eta zein neurritan erreala?

Zer esan nahi duk erreala hitzarekin? Literaturaren iturria non dago, Elizanbururen etxe aitzinean, xakurtxo bat aldean? Begira, eta barka tonua: Maritxuk “iturrira Bartolo nahi badezu etorri” dioenean, errealitate batez mintzo da, baina iturriarekin zer ikusirik ez duena. Nola egongo duk ba “ardotxo txuria” iturrian! Freskatzen? To!

Nortzuk dira Balizko Erroten Erresuma-n Lauaxeta, Lizardi eta Orixe?

Ba nola edo hala, garai eta modu desberdinetan Balizkotasuna aldarrikatzen saiatu ziren errotari zaharrak. Ez dira bakarrak. Baina haiengana jo dut, aski indartsuak eta establezituak iruditu zaizkidalako erreprotxe batzuk pairatzeko. Atakatuz omendu nahi izan ditut. Hala esaten zuen Arestik hitzaldien amaian, “ongi esanak gogoan hartu eta gaizki esanak atakatu”. Tamalez, nik ez dut Arestiren probokazio-ahalmena.

Urradura baten ondoren beste urradura bat, eta gero beste bat agertzen dute zure poemek, amodioz eta gorrotoz. Sufritzen dakitenentzat bakarrik dago tokia erresuma honetan?

Ez dakit, baina urradura batean bizi garela uste dut: helburuak / ahalmenak, lorpenak / galerak, sorkuntza / presa... ez dago samurra gorrotorik gabe maitatzea, eta atzekoz aurrera, esan nahi nuke, bizebersa.

Badakit sufrimendua ez dela aski sorkuntza egiteko, eta sufrimenduan oinarritutako negarkeria asko egin dela, baina sakonean arrazoi gutxi dago epe laburrean alaitsu ibiltzeko. Baina tira, sufritzen jakitea jakinduria da... Erresistentzia mota insobornablea.

Literatura optimista egitea, hemen eta orain, inmorala da.

Zure poesietan erasoaren eta erresistentziaren arteko agresibitatea nabari da. Belijerante izateko balio al du poesiak? Zerekin belijerante?

Etxahun belijerantea izan zen, eta poesian gehiago bizitzan baino; Iparragirre belijerantea izan zen bertsotan... Berdin Txirrita, Lizardi, Lauaxeta, Mirande, Aresti... Haiek salbatu dute euskal literatura, eta Euskal Herri monolitikoa uste izana desmontatzen hasteko lanabesak, aitzakia hutsak nahi baduk, eman zizkiguten...

Poesia berez da belijerantea lotaratzera, bizirik hiltzera, daramaten estatus guztien aurka. Inguratuak gaudek.

Inguratua gaudek Belez. Liburuko pertsonaia zentrala Belea da, luma zurikoa, liburuaren azalean ageri dena. Poesiaren etsaiak al dira Beleak? Poesia abandona dezagun nahi dutela idatzi duzu.

Bueno, liburuaren azalean bele bat ageri da, baina ez dut uste liburuaren pertsonaia denik... Haren sinboloaren errepresentazioa bai... Zera ari ginen lehen, balizkotasunaz eta errealitateaz, ezta? “Luma zuriko belea” esaten baduzu balizkotasun batean sartu zara.

Uste dut tinta zuriz idazten dela askotan gurean, kontrasterik gabe, konstatazio hutsean, eta irakurtzen dugunaren zati handi bat idatzia ez balego bezalaxe zaigula: papera bezain zuri. Eta paperezko beleak ere badaude, paperjaleak. Zuria, euskaraz, alferkeriaren eta faltsukeriaren kolorea da.

Poesia abandonatu egiten dute kasik bai argitaletxeek bai irakurleek. Eta zuk lirikaz astintzen dizkiguzu bazter guztiak...

Ez dakit ba, baten batzuentzat epikoegia ere ez ote den izango liburu hau... Bueno, irrekuperable asko zagok... Lirikaz astindu... oso piropo ederra da, ez nuke sinetsi behar.

Balizko Erroten Erresuma-n kritika gogorra egiten diozu lehen izan zinen poetari. Induljentzia desterratu duzu, baina latzegia ez ote zure autokritika?

Badakit maila batetik harat autokritika autokonplazentzia bilakatzen dela, eta masokismoa denok erraietan daramagun plazera dela... hari horri helduta, ez dut uste demasa ensañatu naizenik neure izan nintzen harekin, morbo gutxi zagok hor... Dena dela, beti zagok alkandora zaharrak erretzeko arrazoiren bat... Eta Maiakovskiren alkandora horia boltxebike izaten jarraitu ezin dutelako suizidatzeko adorea dutenek bakarrik jantz dezakete...

Orain arteko poesiari buruz erreflexio gutxi egin dela eta horren falta dagoela iruditzen al zaizu? Hori irakurtzen ahal da behintzat poesiotan.

Benetan diotsuet, ez nuke nahi Balizko Erroten Erresuma egin denaren erreflexio bat izatea. Nahiago nuke egin ez denaren deitoratze bat izatea. Eta irakurleak zirrara eta plazera sentitzea liburuarekin. Literaturtasunaren bindikapena izatea nahi nuke, Balizkotasunak bakarrik eragin dezakeen probokazioa.

Zure liburu hau ultimatum bat da!

Ultimatum... Ez dut kanoirik, inor gutxi sentituko da mehatxaturik. Neu, beharbada. Prest nago beste hamar bat urte tinta zuriz idatzi gabe egoteko.

Hala ere, esaguzu nola ikusten duzun liburu honen biharamuna. Gorago ausartuko al zara?

Erantzun dizuet, erdi-esate batean behintzat. Liburu honen biharamuna pentsatzen dut dendarien esku egongo dela, eta irakasleenetan, kasik okerrago.

Baina galdera ez doa hortik noski. Bai, ausartuko naiz beste poemario batekin; egia esan egina daukat, idaztea besterik ez zait falta. Goranzkoa izango den ala beleak bezala bide bazterreko hondakinetan gizentzen geldituko naizen, ikuskizun dago. Saiatuko naiz eroriko eder bat hartzen konformismoan epeldu gabe.

 

Bilaketa