literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Beterriko Liburua, 2011-06-10
[iturburua]
Ur Apalategi:
«Fikzioa gogoeta egiteko euskarri gisa erabiltzen dut»

Parisen jaio zen 1972an eta Donibane Lohizunen bizi da egun. Gazte gazterik argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, Gauak eta hiriak (Elkar), 1997ko Beterriko Liburua saria eman ziona. Iaz Fikzioaren izterrak (Susa) plazaratu zuen, bere lehenengo ipuin bilduma, eta bigarren aldiz Beterriko Liburu izendapena eskuratu du.

Liburuko lehenengo ipuina irakurri ondoren batek baino gehiago pentsa lezake euskal idazleak kanpoko liburu azoketara joaten zaretenean sekulako ‘saltsak’ ibiltzen dituzuela…

Bai, halaxe da. Garbi dago horrelako egoerak direla gogoan nituenak eta modu errealistan kontatuta dagoela, dudarik gabe. Argentinan izan nintzen euskal idazle talde batekin eta hango bizipenak agertzen dira ipuinean, asmatutako beste gauza askorekin batera noski, baina bizipen haiek baliatu ditut; egiazkoa den gauza dezente dago. Bestetik, nire aldetik badago jolas bat ere, errealitatearekin jolastea gustatzen baitzait, ezagutzen ditudan pertsonekin, bertan egon direnekin… Edozein kasutan, dibertitzeko idazten dut, irakurleari ondo pasarazteko, jakina, baina baita neu dibertitzeko ere. Beharbada norbaitek hor agertzen diren pertsonaia batzuk errealitateko pertsonekin identifikatu ditu, baina aipatu diren izen horiek ez ziren nirekin batera Argentinarako bidaia hartara etorri, beraz hori guztia fikzionatua da; interesatzen zitzaidana egoerak ziren. Jokoa eman dezaketen egoerez baliatzen naiz, eta gero libertate osoz nahasten ditut egiazkoak eta fikziozkoak; akaso irakurlearekin jolastu ere egiten dut, ez dena izan daitekeela sinestaraziz…

Zahartze prozesuari buruzko gogoeta bat ere suma liteke lehen narrazio horretan…

Zahartzeari buruz eta belaunaldien zein sexuen arteko tentsio horri buruz egin nahi izan dut gogoeta. Jokoa eman dezaketen egoerak baliatzen ditut gogoko ditudan edo kezkatzen nauten gai batzuk garatzeko. Aurretik planifikatu gabe idatzi ohi dut, nora noan ondo jakin gabe. Kasu honetan, esan bezala, zahartzeari buruz eta belaunaldien arteko harremanei buruz gogoeta egin nahi nuen, baina ez nekien oso ondo zer esango nuen, ez neukan mezu garbirik. Azken finean, fikzioa pentsatzeko eta gogoeta egiteko euskarri gisa erabiltzen dut eta gero fikzioak berak ondorio batzuetara eramaten nau. Ez dut jakiten ipuin bakoitzetik zer aterako den, iritsi egiten naiz horretara. Esate baterako, zahartze prozesuari buruzko ideia konkretu bat banu, artikulu bat edo saiakera bat idatziko nuke, bertan nire iritzia adieraziz. Baina literatura baliatzen baldin badut da, hain zuzen, ez dudalako pentsatzen dudanari buruzko ideia konkreturik. Zer sentitzen dudan, gai bati buruz zer pentsatzen dudan ezagutzen joaten naiz literatura idazten dudanean; idatzi ahala pentsamendu bat osatzen dut, nire ideiak argitzeko balio didana. Zerbaitek kezkatzen nauenean, loa kentzen didanean, literaturaren bitartez deskubritzen dut nire pentsamenduak nora naraman, fikzioaren bitartez lortzen dut hori hobekien. Literatura izugarri gustatzen zait horretarako.

Gutun bi posteritateari ipuinean zera irakur liteke: “Paperaren materialtasuna, idazle dela sentitzen jarraitzeko ezinbestekoa zaio”. Zure kasuan ba al da halakorik?

Alde horretatik ez daukat erlijiorik. Jende asko bezala, paperean idaztetik ordenagailuan idaztera pasatu naiz, definitiboa izango denik ez diodan arren. Ipuinarentzat beharrezkoa zitzaidan ordenagailua, generoagatik. Beharbada eleberriarentzat ez hainbeste, nobela nire buruan daukadan gauza konpakto bat baita, handia, eta kasu horretan edonora kaiera bat gainean duzula joatea oso atsegina izan daiteke, hortxe daukazula sentitzeko modu bat da: nahi duzunean kaiera irekitzen duzu, idazten duzu, ixten duzu…, hori oso atsegina eta polita da. Nire bi eleberriak karpeta batean batetik bestera neramatzan A4 formatuko orri solteetan idatzi nituen, eta gustatzen zait hori. Izan ere, ezin ditut nobela baten zati bat edo nobela osoa planifikatzeko behar ditudan eskemak, zirriborroak, marrazkiak eta gainerakoak ordenagailuan egin, horretarako papera behar dut, hori paperean bakarrik esistitu daiteke. Ipuinaren kasuan, ordea, ez da horrelako aldamiorik behar, beraz, ez neukan paperaren beharrik eta gustura aritu naiz ordenagailuaren aurrean. Baina eleberria paperean edukitzea gustatzen zait; berriz eleberri bat idazten badut akaso paperera itzuliko naiz, oso posible da. Dena den, ordenagailuan idazteko beste aurrerapen teknologiko baten beharra ere izan dut: nire disko gogorra edozein tokitatik kontsultatzen eta erabiltzen utzi didan sareko zerbitzua, hain zuzen ere. Eta hori oso baliagarria zait, ia kaiera soinean banerama bezala sentitu bainaiz: tarte bat nuenean edozein ordenagailuren aurrean jarri, ordura arte egindakoa berreskuratu eta idazten jarrai nezakeen. Teknologia hori beharrezkoa dela uste dut ordenagailua benetan erabilgarria eta praktikoa izan dadin. Azken finean, disko gogor mugikorra literatura idaztearen, eta bereziki nobela idaztearen metafora ona dela uste dut, horixe baita idazlearen burua idazten ari den bitartean, disko gogor mugikor bat.

Ipuin berean ETAren alde edo aurka dauden idazleen inguruko hausnarketa ere badago. Jarrera bat edo bestea hartzeak asko baldintzatu al ditu euskal idazleak?

Nik baietz uste dut. Ipuin hau muturrera eramandako txiste bat bezala har liteke, baina aldi berean oso ipuin serioa eta egiazkoa dela uste dut. Jendeak agian gauza hauek ahantzi egiten ditu baina gogoratu behar da 80ko hamarkadan euskal munduan sekulako krispazioa zegoela; euskaldun batzuek beste euskaldun batzuk etsaitzat genituen. Joera hori pixkanaka bukatzen joan da progresiboki, eta ez ETA amaitzen ari delako bakarrik, baita jendea horrela inora ez gindoazela ohartu delako ere. Baina garai hartan euskal munduan zegoen krispazio ideologiko eta politikoa izugarria zen. Ipuin horrek egoera hori islatzen du eta, horrekin batera, bizitza literarioan izan duen eragin nabarmena. Eta eragin hori ukatzen duenak gezurra dio. Nork esan dezake ez duela inoiz euskal idazle baten obra irakurri azpian irakurgailu ideologikoa piztuta eduki gabe? Interesgarria da gaurko ikuspegitik obra horiek berriro irakurtzea, garai hartako eztabaidak berriro entzutea…

Ipuin horretako protagonistak dio idazle gazteen testuak dituela gogokoen, ez baitirudite euskal arazoaz obsesionatuak. Badirudi ikuspegi horrek ere bereizten dituela belaunaldiak…

Aldaketa egon badago, dudarik gabe. Gizarte batean borroka bat dagoenean, proiektu bat edo utopia bat dagoenean, bi motatakoak izaten direla esango nuke: batzuk borroka hasi duen belaunaldia zahartzen denean bukatzen dira eta, beraz, belaunaldi baten historia da azken finean; eta beste batzuk belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Bada, uste dut euskal arazoaren kontuan bietatik dagoela pixka bat; hau da, alde batetik, sektore batentzat-edo, ziklo baten bukaera iritsi dela esango nuke, eta ez dagoela borroka eta borrokarekin batera doan sufrimendua transmititzeko lehen bezalako borondaterik. Baina aldi berean transmisioaren jarraipen bat ere badagoela iruditzen zait, beharbada aldatua edo egoera berriari egokitua, testuinguru berriari, behar berriei, izateko modu berriari… gizartearekin batera aldatuz baikoaz. Konplexua eta interesgarria da egoera. Ez da erabateko hausturarik egon baina ez dauka lehengo presentziarik ere, eta literaturan ere halako zerbait antzematen da. Badaude idazle batzuk, gutxi diren arren, ezker abertzalearen idiosinkrasia kulturalean oinarritutako ikuspegi bat mantentzen dutenak, eta ni ere hor kokatzen naiz neurri handi batean, eta halaxe aldarrikatzen dut, batez ere kontuan hartuta urte askotan idiosinkrasia kultural eta literario hori oso baztertua egon dela. Baina, noski, bizitzak dakartzan aldaketa guztiekin mantentzen gara hor, bizitzak gu ere aldatu egin baikaitu; eta aldatu diodanean ez dut ukatu esan nahi.

Epaimahaia ipuinean sariak zalantzan jartzen dituzula dirudi…

Ni ez naiz sarien aldekoa, ezta kontrakoa ere. Sariak begi onez ikusten ditut baina beraien balioa erlatibizatu egin behar dela uste dut; hau da, niretzat saria, gertakizun sozial gisa, onuragarria da oro har, literatura gizarteratzen laguntzen baitu, literaturari buruz mintzarazten baitu. Gainera, saria oso modu nabarmenean gaizki emanda dagoenean efektu onuragarri hori mantentzen du, polemika sortzen baita eta jendeak literaturaz hitz egiten baitu, “honi eman behar zioten eta ez besteari” eta antzekoak esanez. Alde horretatik begiratuta, gizarteari literaturaren garrantzia komunikatzeko modu bat dira sariak, eta ni horren alde nago. Literaturaz mintzarazi behar da, gaur egun komunikaziorako indarrik egiten ez baduzu inguruak irentsi egiten baitzaitu, ez zaitu inork ikusten edo entzuten, bonboarekin ibili behar dugu, hemen gaudela esanez. Beraz, alde horretatik sarien alde nago, baina, lehen esan bezala, beraien balioa erlatibizatuz. Sari batek egia esaten al du literaturaren kalitateaz? Ez. Erakutsiko du joera bat, erakutsiko du epaimahai baten momentu bateko alkimia, baina ez du egia esaten. Sarien historia unibertsala injustiziaz betea dago, baina lasai hartu behar da, dramatizatu gabe. Sariak injustuak direla? Bai, noski, gehienetan, baina zer egingo zaio… Nik uste dut hobe dela erakunde bat edukitzea, nahiz eta zuzena ez izan, horrek behintzat erakundearen kontra joateko eta erakundearen kontra zure izaera eraikitzeko aukera ematen baitizu; erakunde hori ez badago dena ahultzen da. Azken finean berdin zait saria honi ala besteari eman dioten, sari hori ondo eman zaion ala ez. Batzuetan asmatuko du epaimahaiak, beste askotan huts egingo du, baina zer egingo zaio… Eta bejondeiola irabazleari, nahiz eta saririk ez merezi; ni barne, noski.

Ergatibo ipuinean bikote baten ika-mika deskribatzen da: euskaraz mintzatzean egindako hanka sartze bakoitza zuzentzen dio gizonak emakumeari, azken honen amorrua piztuz. Ipuina irakurri ostean bat baino gehiago izan dira egoera hori etxean bizi dutela onartu dutenak…

Bai, askotan errepikatzen den egoera da; lehen aipatu bezala, oraingoan ere muturrera eraman nahi izan dut egoera, baina oso ipuin errealista da. Nire ustez euskaldunok hizkuntzarekin bizi duguna oso berezia da, hizkuntza izan baita, betidanik, herri bezala esistitzen garela frogatu duen elementu bakarra, froga objektibo bakarra. Den-dena hizkuntzan fokalizatu dugu, gure afekzio guztiak hor proiektatu ditugu eta euskara balio guztiekin kargatu dugu. Victor Hugok zioen euskara ez dela hizkuntza bat, erlijio bat baizik, eta uste dut egia hutsa dela hori Erlijioarekin izan dezakegun harreman gama guztia daukagu hizkuntzarekin; erlijioak oso sentimendu bortitzak sortzen ditu, aldekoak, sutsuak, mistikoak, aurkakoak,… denetarik, eta euskararekin ere gauza berbera gertatzen dela uste dut. Gure erlijio laikoa da. Komediaren tonua hartuz, Ergatibo ipuina hori azaltzen saiatzen da, komedia garratza, noski, ipuina ez baita oso ondo amaitzen.

Beste bizitza ipuinaren atzean sorkuntza prozesu konplexu xamarra nabari da. Kontaiguzu nolakoa izan zen…

Liburuko beste ipuinekin alderatuz ezberdin xamarra da, bai, tratatzen duen gaia benetan baita larria. Seguru asko denok izan dugu noizbait heriotzaren hurbiltasunarekin topo egiteko aukera, gertuagotik ala urrunagotik, modu mingarriagoan ala arinagoan, eta esperientzia horretatik abiatu naiz ipuin honetan. Konpondu behar izan dudan arazoa distantzia egokiarena izan da, alegia, emozioarekiko eta, bereziki, sufrimenduarekiko distantzia egokia mantentzen jakitea, oso kontu delikatua baita hau, asmatzen oso zaila. Izan ere, emoziora gehiegi hurbiltzen bazara oso kargatua den zerbait atera liteke hortik, irakurleari txantaje emozional moduko bat sortuz, pelikuletan biolin gehiegi entzuten denean bezala, azkenean narritadura eta guzti sortzeraino. Gutxiegi hurbilduz gero ere ez nuen nire helburua lortuko, urrunegitik begiratuta ikuspegi hotzegia eman bainezakeen, anker xamarra agian edo zeharo sarkastikoa, eta hori ere egin daiteke, baina ez zen nik nahi nuena. Emozioak errespetatu nahi nituen, heriotzaren aurreko emozio hori benetan duina eta interesgarria iruditzen baitzait, baina horretarako distantzia egokian kokatu behar nuen, eta hortxe egon da lan literario guztia. Nolabait esateko, mendiaren gandorrean ibiltzea bezala izan da, une oro erortzeko beldurrez eta bukaeraraino oreka mantenduz.

Bestetik, azkenaldion asko interesatzen zaidan eta, aldi berean kezkatzen nauen gai bati ere heldu nahi izan diot ipuin honetan: arteak oro har, eta literaturak bereziki, zein neurritan egin diezaiokeen aurre heriotzari, arteak zein neurritan laguntzen duen heriotza transzenditzen. Kasu honetan pertsonaiak testu baten bidez iraun nahi du, gainditu nahi du heriotza. Eta, nire ustez, idazle orok, eta artista orok, noizbait sentitu duen edo sentituko duen kezka da hori. Uste dut heriotzari denbora irabazteko idazten dugula, hau da, hil eta gero pixka bat bizitzen jarraitzeko. Edozein artistak bere baitan duen kezketako bat dela uste dut. Nire ustez, nahiz eta guztiz ateoa eta materialista izan, heriotzaren ondorengo bizitza hori oroimena da, jendearen oroimena, eta literatura alde horretatik oso tresna indartsua da. Noski, dena oso erlatiboa da, alegia, nor gogoratzen da orain dela ehun urteko euskal idazleen %99az? Inor ez. Azken finean banitate bat gehiago da, gizakiok ekidin ezin dugun tentazio bat. Iraun egin nahi dugu: batzuek haurrak eginez, besteek obrak idatziz, beste batzuek zuhaitzak landatuz… Bakoitzak asmatzen du bere modua baina uste dut denok daukagula kezka hori hor barruan, nahiz eta guztiz ateoak eta materialistak izan.

Urrezko vespa ipuinean bateraezintasun bat planteatzen da: protagonistak idazle bezala arrakasta duen bitartean pertsonalki ez da zoriontsua, eta zoriontasun pertsonal hori lortzen duenean badirudi idazle bezala lortua zuen guztia galtzen duela…

Hemezortzi urte inguru nituenean Bernardo Atxaga elkarrizketatu nuen Baionako Gure Irratian. Baionara etorria zen hitzaldi bat ematera, Behi euskaldun baten memoriak argitaratu berria zuen eta horri buruzko galderak egin nizkion. Baina garai hartan, serioski ezer idazteko nengoen arren, banuen proiekturen bat, eta aitortzen dut horretara bideratuko hainbat galdera ere egin nizkiola, berak nola egiten zuen jakiteko eta ikasteko. Eta atzo balitz bezala gogoratzen naiz eman zidan erantzunetako batez: “Galdetu bazenit hogei urterekin zer zen garrantzitsua, bizitza ala literatura, literatura erantzungo nizun dudarik gabe, eta orain galdetuko bazenit, dudarik gabe bizitza esango nizuke”. Ipuin horretan horixe planteatzen da, joan-etorri hori. Literaturarentzat dena sakrifikatzeko prest bazaude literaturak bizitza baino gehiago den zerbait emango dizula sinesten duzulako da, bestela ez luke zentzurik. Eta ipuin horretan azken hitzik ez duen zerbait agertzen da, Moebius-en eraztuna bezalako egitura bat: zein da ipuin horretan benetako ikuspegia, gizonarena ala emakumearena? Ezin dira trenkatu, eta hain zuzen ere erantzun horretara eraman nau ipuinak, alegia, ez dagoela erantzunik. Une batean literatura izan daiteke garrantzitsuagoa, beste bate batean bizitza, eta aldatuz doa, edo itzul daiteke, baina ez dauka erantzunik. Emakumeak azkenean literaturaren aldeko apustua egiten du eta gizonak bizitzaren aldekoa, baina hasieran egoera alderantzizkoa zen. Biak egiak dira, biak gezurrak dira eta ez dago erantzunik.

Atxaga eta Saizarbitoria aurkitu ditugu azken ipuinean; horretarako arrazoietako bat, behintzat, nahiko garbi dagoela esan liteke…

Urteak pasa ditut euren lana ikertzen, euren testuak aztertzen, beraien unibertso literarioa oso ondo ezagutzen dut, ia etxekoak bezala dira niretzat. Euskal literatura ulertzeko moduari buruzko eztabaida dago bien artean eta, horren bitartez, baita akaso euskalduntasuna ulertzeko moduari buruzkoa ere. Bestetik, iruditzen zait objektiboki gure bi idazle garrantzitsuenak izan daitezkeela, bai kalitateagatik, baita bakoitzaren ibilbideagatik ere. Garbi dago Atxagak, gustuak alde batera utzita, ukaezinezko kalitatezko obra daukala eta bere ibilbidea erabakigarria izan dela euskal literaturaren bilakaeran, bere gorabeherekin, bere ibilbide literarioa nahiko gorabeheratsua izan dela uste baitut. Eta Saizarbitoria nik behintzat punturik gorenean jartzen dut bere obragatik, ibilbideagatik ere bai seguru asko, baina obra bakarrik kontuan hartuta ere bai. Horrekin batera, oso kezkatua nago euskal mundutik kanpoko begiradek gure munduan izan dezaketen eraginaz, eta alde horretatik iruditzen zitzaidan bi autore hauek daukaten jokabidea oso ondo zetorkidala kezka hori azaleratzeko eta ulertzen saiatzeko. Eta horrekin guztiarekin batera, nire baitan badago probokatzea maite duen pertsona bihurri bat, eta ipuin horretan ere nire bultzada horri atera ireki diot eta gozatu egin dut. Ez dakit irakurleak nirekin gozatu duen ala ez, baina benetan ondo pasatu dut ipuin hau idazten.

Euskal lanak kanpora ateratzearen inguruko gogoeta bat ere badago azken ipuin horretan…

Uste dut fase batean sartu garela non gauza hauek erlatibizatzen hasi garen. Badago kontzientzia hartze bat, distantzia hartze bat, eta beharbada debate hori ez da orain hamar urte bezain elektrikoa. Hirugarren sari nazionala daukagu dagoeneko, itzulpenak eta kanpoko argitalpenak hor daude, nahiko erregularki datoz, eta errutina horrek neurri batean auziari grina kendu diola uste dut. Baina hala ere bizitza literarioa ardazten duen zerbait dela pentsatzen dut; hau da, euskal literatura nola idatzi, nondik idatzi, nondik epaitu… funtsezko galderak direla uste dut, ekidin ezin direnak. Ipuin honetan, pertsonaiaren bitartez, nahiko kritiko azaltzen naiz Atxagaren figurarekin eta, aldiz, Saizarbitoriarena defendatzen dut, argi eta garbi. Baina hori, azken finean, ipuineko narratzaileak bizi duena da, baliteke nik horrela ez pentsatzea, beste modu batera baizik, lehen sarien inguruan esan dudanari helduz. Hau da, nahiz eta nik, instintiboki, Saizarbitoriaren jarrera gustukoago izan, nahiago dut Atxaga bezalako figura bat esistitzea ez esistitzea baino, errepresentatzen duen guztiarekin, nahiz eta niri kritikagarriak iruditu bere ibilbidea, jarrerak eta erabakiak; hain zuzen ere, esistitzen delako, indar bat duelako, botere faktiko bat delako euskal erakunde literarioaren barruan. Horrek dinamizatu egiten du bizitza literario guztia, oposizioa sortuz, eta energia kreatiboa sartzen du sisteman. Eta ideia horren bukaerara iristeko, ez dut uste Saizarbitoriaren azken urteetako obra bikainak esistituko ziratekeenik Atxagaren fenomenoa egon ez balitz, neurri handi batean uste dudalako Atxagaren fenomeno horrek bultzatu duela inkontzienteki Saizarbitoria bere azken obra bikainak idaztera. Konbentzitua nago. Horregatik etsaia ez da inoiz erabat gorrotatu behar, ongi mimatu behar da, etsai on bat izatea beti baita lagungarri; aurrerapausoak emateko etsai edo lehiakide on bat behar duzu.

 

Bilaketa