literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Hitzen uberan, 2018-05-25
[iturburua]
Karlos Cid Abasolo:
«Poema batzuk hain dira narratiboak, non gutxi baitute poesiatik»

Karlos Cid Abasolok bere lehen poesia liburua plazaratu du Susa argitaletxearen eskutik: Keinu konplizeak. Bihar errezitaldia eskainiko du Arantza Plazarekin batera, Zarauzko Literaturian 17:00etan. Elkarrizketa honetan egilearekin batera murgildu gara liburuaren barrunbeetan.

Hasteko eta behin, Karlos, galdera klasiko bat, has gaitezen titulutik: zer da keinu konplize bat?

Idazleak (kasu honetan, neronek) irakurleari proposatzen dion jolas bat: “nik poemetan erreferentzia batzuk ezkutatuko ditut, eta zu, irakurle, ezkutuko erreferentzia horiek aurkitzera gonbidatzen zaitut. Beraz, “Non dago Wally?”-ren moduko bat. Erreferentzia nabarmenena, Gabriel Arestirena da. Baina badira beste asko ere. Liburuaren azala ere bada keinu konplize horietako bat.

Zein unetan sortu zen liburuaren titulua? Betidanik bueltaka izan duzun kontzeptu bat da?

Ez, inoiz ez zitzaidan kontzeptu hori buruan bueltaka ibili. Susako editore Leire Lopez Ziluagarekin elkarlanean poemak jorratzen ibili nintzen denboran sortu zen izenburua. Nik beste batzuk proposatu nizkion eta, zorionez, ez zitzaion bakar bat ere gustatu. Azkenean, norbaitek proposatu zuen Keinu konplizeak eta berehala iruditu zitzaigun izen horrek bikain laburbiltzen zuela liburuaren “izpiritua”. Oso eskertuta nago izenburua proposatu zuenari. Hemendik bidaltzen diot besarkada handi bat.

Apur bat exotikoa da madrilgo euskal idazle batek publikatzea bere lehen poesia liburua. Zuk nola bizi duzu Madrilen kokatua dagoen euskal idazlea izatearena?

Badakit ez dela oso ohikoa euskal idazle madrildarra izatea, baina kontuan harturik berrogei urte baino gehiago daramatzadala euskarari irmo loturik, ez da hain harritzekoa harreman luze-luze horren ondorioz azkenean ume bat jaio izana, poesia formatuan. Agian harritzekoa dena da ume hori lehenago jaio ez izana.

Bestalde, Madrilen bizi eta euskal idazlea izatearena oso normal bizi dut. Oso aspalditik naiz idazle: euskararen inguruko lan asko idatzi ditut, eta itzulpen ugari egin ditut euskarara. Orain, ordea, salto txiki bat egin dut idazle izate horretan: neure lehenengo sormen lana argitaratu didate, neure lehenengo literatura lana. Eta horregatik dauka niretzat liburu honek esanahi berezi bat.

Madrilen zauden heinean zein neurritan da euskararekin duzun harremana intelektuala, zein neurritan da zuretzat hizkuntza literarioa?

Harreman hori, lehenengo eta behin, sentimentala izan da, da eta izango da, liburuko eskaintzan ikusten denez /Abuelo Dámasori dago eskainia liburua/. Lan harremana ere badut euskararekin, hemezortzi urte nituenetik bainabil euskararen inguruan lanean, eta lan harreman hori intelektuala da unibertsitate-irakasle naizen aldetik. Literatura harreman estua ere badut euskararekin. Egizu kontu beti bizi izan naizela Madrilen eta, beraz, ez daukadala euskaraz hitz egiteko aukera askorik. Euskara, gehien bat, liburuetatik etorri zait, eta haietariko asko literaturazkoak izan dira. Eta, hori gutxi balitz bezala, euskal literatura urte luzez irakatsi dut Complutensen eta idatzi ere idatzi egin dut euskal literaturaz.

Era berean, lehen liburua poesiazkoa da: zure sormen propioan murgiltzeko orduan, errazagoa izan zaizu poesia genero gisa?

Bai, dudarik gabe. Ez orain, baizik eta euskaraz lehenengo poesia idatzi nuenetik, oso eroso sentitu naiz genero honetan eta hizkuntza honetan. Poemez gain, zenbait ipuin ere idatzita dauzkat euskaraz, oso-oso aspaldikoak, baina uste dut tiraderan gordeta segituko dutela pipiak jan arte, jada pipiak janda ez badaude.

Izan ere, luzez idatzitako liburua baita honakoa: azken hogeita hamar urteotako bizipenen isla. Hori horrela izanda, liburu honekin hasi eta buka identifikatzen zara?

Poemetan nire bizipenak ez ezik, besteren bizipenak ere badaude, bai eta inork bizi izan gabekoak ere. Bestalde, badira poema batzuk hogeita hamahiru urte dituztenak (hori badakit idatzi nituenean poema horien bukaeran urtea jarri nuelako), hau da, nik hogeita bi urte nituenean idatzitakoak, eta liburuan daude. Batzuekin ez naiz orain gehiegi identifikatzen, jakina, baina gustatzen zaizkion irakurle baten begiekin behatzen ditut. Beste batzuekin, ordea, oso identifikatuta sentitzen naiz oraindik, hainbesteraino, non gaur egun ere horiek edo antzeko batzuk idatziko bainituzke, bai gaiari, bai formari dagokienez.

Aspaldiko beste poema batzuk, aldiz, ez nituen sartu Susara bidali nuen artxiboan eta tiraderan geratu ziren betiko, eta beste batzuk, artxibo hartan egon arren, editorearekin ados jarrita baztertu egin nituen: ez zuten liburuan egoteko adina meritu.

Asko izan dira, edukiari begira, zaharkituak edo zure oraingo ahotsetik at geratu zaizkizun poemak?

Nire ustez, edukiari begira ez da poema bakar bat ere zaharkiturik geratu. Baztertu nituenak ere ez zeuden zaharkiturik. Baztertu nituenak (bai tiraderan geratu zirenak, bai Susarako bidaia egin ondoren tiraderara itzuli zirenak) beste arrazoi batzuengatik izan ziren baztertuak. Zaharkitu, poemetan ageri diren zenbait errealitate zaharkitu dira, baina ez edukia. Poema batean erantzungailu automatikoa aipatzen da, eta jada ez dago horrelakorik eta gaur egungo gazte batek agian ez du esapide hori ezagutuko, zeren gaur “ahots buzoia” edo horrelakoren bat erabiltzen baita. Baztertu nituen bi poematan, merkromina eta 07 telefono-prefijoa aipatzen nituen, eta gaur egun betadineak zokoratu du merkromina eta atzerrirako deiak Internet bidez egiten dira, WhatsApp bidez, prefijorik markatu gabe. Eta “Ez da esperantza galdu behar” poeman kontatzen dudana orain ezin izango litzateke gertatu metroko nasan dagoen panela dela kausa, panel horrek bidaiariei une oro jakinarazten dielako zenbat minutu falta diren hurrengo trena iristeko.

Dena den, poemak zaharkiturik ez egoteak ez du esan nahi doitu, ondu behar ez zirenik: dudarik gabe, hobera egin dute editorearekiko elkarlanari esker. “Arkitektoaren agurra” poeman honela diot: “Gizonak leundu, / bernizatu, / alikatatu / egiten du azken telegrama posiblea”. Kendu “telegrama posiblea” eta jarri “poema”. Horretan ibili ginen urtarriletik apirilera, jo eta ke.

Bestalde, aipatzen duzun nire oraingo ahotsean umore ironikoa da nagusi, baina antzinako poema haietan ere bazen joera horren zantzurik. Dosian dago aldea. Eta ironia da poema zahar eta berriei batasuna ematen dioten ezaugarri nagusietako bat.

Liburuan badira ale oso berriak ere, aurkezpenean azaldu zenuenez, Leire Lopez Ziluaga editorearekin liburuaren prozesuan murgildu ahala, eta liburua ixten zindoazten heinean, liburuak eskatzen zituen poema berriak idazteko bulkada izan zenuen. Zein neurritan da beraz, liburuaren argitaratzeak kitzikaturik borobildu edo are idatzi egin den obra bat?

Zure galderak primeran laburbiltzen du liburua argitaratu baino lehenagoko azken hilabeteetako prozesua. Susak nire argitalpen proposamenari baiezkoa eman ez balio, ziurrenik ez nituen sekula idatziko poema berri horiek. Bulkada hark gainerako zereginak bazterrarazi eta sormenaldi sutsu batera eraman ninduen. Eta, nire ustez, poema berriek aberastu egin dute liburua. Zuk erabilitako hitza erabiliz, borobildu egin dute.

Zer nolako poesia irakurtzen duzu zuk, zer poesia motak erakartzen zaitu?

Ez naiz poesia molde bakar bat irakurtzera mugatzen. Aldartearen arabera, gusturago irakur dezaket mota bateko poema bat edo tankera oso ezberdineko beste bat. Baina aitortzen dut poesia erretorikoegia, nahita ilunegia, kargatuegia ez dudala gozatzen. Areago, atzera eragiten dit. Nire errua izango da. Ezjakintasunaren ajeak. Inarrosten nauten poemak, ordea, atseginez irakurtzen ditut: hunkitzen nautenak, zarrastatzen nautenak, irribarre eragiten didatenak, negar eragiten didatenak.

Poema batzuk oso narratiboak dira. Hau beste galdera klasiko bat litzateke: non amaitzen da zuretzat poema narratiboa eta non hasten da mikroipuina?

Oso galdera zaila da hori eta ez daukat harentzako erantzun garbirik. Hori bai: nik haratago joko nuke zure baieztapenean: “poema batzuk hain dira narratiboak, non gutxi baitute poesiatik”. Orain, nire liburuaren irakurle bihurtuta, esango nuke mikroipuin bat edo beste kolatu direla liburuan, baina ez naiz damu. “Kioskoko saltzailearen begirada” poeman, hitzen banaketan (ahapalditan eta lerrotan) eta izenburuan baino ez dut poesia ikusten. “Bi kantautore” poeman, azken ahapaldiko azken bi lerroetan.

Ironia eta umorea ere oso presente daude liburuko poema batzuetan. Zer da zuretzat umorea? Idazten duzunarekiko eta zure buruarekiko ezinbesteko distantziamendua? Irakurleari luzatutako nolabaiteko probokazioa?

Biak. Eta bai beste gauza bat ere: poesiazale amorratuak ez diren irakurleak poesiazaletzeko aukera bat. Jende askok tonu goren eta ulertezinarekin lotzen du poesia, eta jende horri esan behar zaio ez dagoela poesia molde bakar bat.

Umorea batzuetan lotuta dator erreferente oso kitsch batzuei: Vladimir Holan eta Jacques Prévert bezalako poetei egindako aipamenekin batera datoz Pretty Woman, Ingrid Bergman, Cary Grant, WhatsAppak, tipexa... Niri neurri batean gai “sakonak” gertukoagoak, humanoagoak egin dizkit paisaia horretan... Zuri idazle bezala zer ematen dizu nahasketa horrek?

Bizitza bere konplexutasunean islatzeko aukera. Azala eta mamia, barrea eta negarra, dualtasunak ditugu gure nortasunaren osagarri ezinbesteko, nahiz eta zenbaitek azalari eta barreari uko egin. Nik mamia eta negarra bezainbeste behar ditut azala eta barrea munduaz dudan ikuskera hitzen bidez adieraziko badut.

Bestalde, niretzat oso esanguratsua da zuk tipexa erreferente kitschen artean sartzea. Keinu baten atzean egia biribil bat ostendu daiteke, edo salaketa bat. Tipexa mozal legea saihesteko trikimailua izan daiteke (eta da, neuri eta nire poema bati dagokigunez). Tipexa ageri den poema osoa artefaktu bat da, keinu ezin konplizeago bat.

Euskal sinbolo batzuei buelta eman diezu, “Biba gu” euskal yankeetasunaz edo keriaz mintzo den poema distopikoan (nahiz eta jatorrian Madril izan oinarria), edo Arestiren “Nire aitaren etxea” “Pretty woman”ekin uztartzen duen “Intertestualitatea” poeman. Zer nolako ahalegina egin duzu, maila horretan, euskal sinboloekin?

Esapide ezin egokiagoa erabili duzu euskal sinbolo batzuekin egin dudana adierazterakoan: “buelta eman”. Ez goraipatu, ez kritikatu. Lehenengo begiratuan, irudi lezake “Biba gu” poema ikonoklasta dela, baina ez da horrela: poema antiinperialista da, besterik gabe. Eta inperialismoa salatzeko, irauli egin dut errealitatea: Euskal Herria, herrialde gehienak bezala, Estatu Batuen menpe bizi da kulturalki (eta ez soilik kulturalki): bada irudika ditzagun kulturalki (eta ez soilik kulturalki) Euskal Herriaren menpe bizi diren Estatu Batu batzuk, hango euskal diaspora lobby nagusi bihurtuz. Baina, zoritxarrez, errealitatea bestelakoa da, Halloween, Burger King eta Bermeo Tuna World Capital lekuko.

Lehen liburua duzu, baina ez zara berria letretan. Aurkezpenean aipatu zenuen -umore onez- lan honen aurretik publikatu zenuela ipuin bat (zer eta serbokroazieraz!) Belgradoko literatur aldizkari batean, eta Susa argitaletxearekin plazaratua duzu aurretik Miroslav Holuben poesia kaiera. Literatur itzulpengintzan lan handia egindakoa zara. Zer eman dizu liburu honek, bestelako lanek eman ez dizutenik?

Euskadi Irratiko Arratsean saioan egin zidaten elkarrizketan txantxetan esan nuen bezala, nire izen-deiturak ez azalaren behealdean eta letra txikitan baizik eta goialdean eta letra handitan ikustea. Serio hitz eginda, askatasuna eman dit. Askatasuna, esate baterako (eta lehen esan dudan bezala), aspaldiko poemak leundu, bernizatu eta alikatatzeko. Beste norbaiten testua itzultzen duenak, normalean aitortzen ez bazaio ere, askotxo du sortzailetik, baina beti ere muga zeharkatu gabe, berea ez den testu hori traditu gabe. Bere testu bat itzultzen duenari, ordea, zilegi zaio muga hori zeharkatzea. Ez dago “autotraduttore, traditore” dioen esaerarik.

Aurkezpena egin zenuen Madrilgo Euskal Etxean. Zer moduz joan zen?

Ezin hobeto. Euskal Etxeko lehendakariorde Karmen Turrillas Goienetxe andreari esker, bertako areto dotorean egin ahal izan nuen aurkezpena eta jendez lepo egon zen, 80 ikusle inguru, eta salgai jarritako ale guztiak saldu ziren. Ekitaldi osoa euskara hutsean izan zen (mugarri bat Madrilen!), aldi bereko itzulpenarekin (Jainkoak bedeinka dezala power-pointa) eta ohiko aurkezpena egin beharrean, errezitaldia egin genuen. “Genuen” diot, zeren Complutenseko eta Euskal Etxeko hainbat euskara ikaslek poema bana irakurri baitzuten. Ikasle bat “Intertestualitatea” poema errezitatzen ari zen bitartean ikusleek egin zituzten barreak ez zaizkit inoiz ahaztuko.

Eta aurkezpena egingo duzu asteburu honetan Literaturian. Oker ez banago, poemak irakurri ere egingo dituzu. Zer nolako aurkezpena izango da? Gogotsu zaude?

Aurkezpenetik gutxi izango du ekitaldiak. Dugun denbora urri gehien-gehiena poemak errezitatzen emango dugu. Nirekin batera Arantza Plaza arituko da, niretzat, ohore handi bat. Oso gogotsu nabil, bai. Larunbata izanik eta ordua kontuan harturik (arratsaldeko bostak) espero dut batek baino gehiagok siestari uko eta keinu konplize zenbaiten lekuko eta partaide izan nahi izatea.

Azkenik, zer nolako arrastoa utzi dizu Keinu konplizeak argitaratzeak? Bultzada izan da, jarraitu duzu idazten publikatu eta gero?

Liburua argitaratu zenetik, buru-belarri ibili naiz unibertsitateko lanean, han-hemenka liburuaren berri ematen eta, aisialdian, lagunekin eta etxekoekin bizitzaz gozatzen. Beraz, hilabete eskas honetan ez dut poema gehiagorik idazteko betarik izan. Madrilgo Euskal Etxeko aurkezpenaren bukaeran esan nuen hogeita hamalau urte behar izan baldin baditut liburu hau egiteko, hurrengo aurkezpena areto hartantxe egingo dudala 2051ko apirilaren 25ean. Ordura arte, denbora dezente daukat poema gehiago idazteko.

 

Bilaketa