literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.157 idazlan
7.838 esteka / 6.378 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Mikel Asurmendi
Argia, 2017-11-19
[iturburua]
Uxue Alberdi:
«Deskubritzen ari naiz zertan ez dudan asmatzen»

Jenisjoplin nobela plazaratu berri du Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984). Iragan hiru hamarkadetan garatuta dago, gatazka politikoaren zurrunbiloan. 30 urteko aldea duten bi belaunaldiren bizipenak eta talkak jasotzen ditu, besteak beste. Idazleak trebeki uztartu ditu bi garaiko gorabeherak eta pertsonen jiteak; taberna zuloko giro hitsa hala nola gaztetxeetako giro lehergarria. Idazlea eta bertsolaria da Alberdi. 2013ko Txapelketa Nagusiaren finalaren pasarte batek badu munta istorioan, doi-doi aipatua bada ere. Nobelak ertz anitz eta zorrotzak ditu. Elkarrizketatzaile honek ertz ziztagarri horietako bati heldu dio solasaldia abiatzeko, irristatzeko aukeraz kontziente. Uxue Alberdi bertsolaria eta Nagore Vargas (Jenisjoplin) protagonista ausarten antzo.

“Ez nintzen bertsozale porrokatua, horretan ere ez nintzen sartzen abertzale inbentariatuaren soslaian...” dio Nagore Vargasek nobelaren amaiera aldean.

Ni “abertzale inbentariatuaren” soslaia duen familiakoa naiz: euskalduna, bertsozalea, mendizalea… Hala ere, Jenisjoplin protagonistaren jatorri antzekoko lagunak izan nituen nerabezaroan. Institutu garaian —ni ikastolatik nentorren—, espainiar jatorrikoen seme-alabak lagun egin nituen. Bitxia da, kasualitatez, ez nintzen lagun egin a priori tokatzen zitzaizkidanekin, zortzi abizen euskaldun zeuzkatenekin, espainiar jatorrikoekin baizik. Beste errealitate batzuk ezagutzeko parada izan nuen. Haietako batzuk euskaldunak ziren, Nagoreren moduko erreboltariak [Jenisjoplinek Arantzazu Alkorta amarengandik jaso zuen euskara], beste batzuek euskara bazekiten, baina gaztelaniaz aritzen ziren normalean, batzuek familiako ezkertiarren ideologia sendo erakusten zuten, baina “maketoak” epiteto pean, Euskal Herriaren askapenarekiko errezeloak zituzten. Lagun horien lokalera joaten nintzen eta paretan espainiar bandera zegoen ikurrinaren ondoan. Espainiako bandera niretzat aberrazioa zen. Hamabi urte inguruan gure herrian zegoen identitate nahasketaz jabetzen hasi nintzen. Nobelan hori islatu nahi izan dut.

Gatazka politikoak nolako eragina izan du zure belaunaldiko bertsolariarengan?

Garaiaren arabera, gatazkarekiko harremana adinaren araberakoa izan delako, oso ezberdina. Ez da berdin 74an, 84an edo 94an jaio izana. Gatazkaren inguruko gertakariak modu ezberdinez iltzatu zaizkigu buruan, eta horien arabera ari gara bertsotan egun ere. Gure belaunaldikoek gatazkaren unerik gordinenak ume eta nerabe ginela bizi izan ditugu, artean pentsamendua antolatu gabe geneukala, gaztetxoak gineneko esperientziak gure baitan ditugu oraindik ere. Inguruan ez zitzaigun gatazkaz “ganoraz” hitz egiten, eta nerabe batek pentsamendua modu bikoan antolatzen du: ona eta txarra, polita eta itsusia. Tamainako gatazka batek erdian harrapatzen zaituenean jasotzen dituzun mezuak oso kontraesankorrak iruditzen zaizkizu. “Hiltzea txarra da” esaten dizute, baina gero gatazkaren erdian zaude, eta ohartzen zara faktore asko daudela jokoan, ez dakizu horren aurrean nola jokatu.

Jenisjoplin euskal gizarteak bizi izan duen gatazkaren erretratu bat da. Zure esperientziaren harian ehundua, gizarte honen konplexutasunaren isla.     

Nobelan identitateak nahastuta ageri dira, eta horiek talka egiten dute batzuetan. 1990eko hamarkadan Elgoibarren ezagutu izan nuen marjinalitatearen lekukotasuna da nolabait. Hori nire baitan egon da orain arte. Une batez, Nagore Vargas pertsonaia osatzea erabaki nuen, baita bere ingurua eraiki ere. Gatazkak hainbat hamarkada iraun du, eta garaiz garai, ñabardurak ñabardura, gehienok alde batera edo bestera lerratu ginen, gure kontraesanak eta ahultasunak irentsi genituen, eta bakoitzak gure taldearekin batera egin genuen aurrera.

Zure belaunaldiko bertsolariek nola bizi izan duzue gatazka, bertsotan jardutean?

Bada, non eta nola ginen arabera. Ni ez nintzen atrebitzen arrakaletatik kantatzen, kantatzen nuen nire ideiak traizionatu gabe, gutxi-asko, parean nituenak ados egon zitezkeenarekin bat eginez.  22 urterekin hasi nintzen, 2006an. Hasteko, nahiko lan neukan bertsoa muntatzen. Plazara salto egiten duzunean lehenbizi ulertu behar duzu bertsoak nola funtzionatzen duen saio bakoitzean, generoak ikasten zoaz: bertso-afaria, jaialdia, ekitaldia, bertso-poteoa, txapelketa.... Aldi berean, zurekin ari diren bertsolariak ezagutu behar dituzu.

Gero, heltzen zoaz eta kritikoagoa  bihurtzen zara zure emanarekin. “Ni zertara nator hona?”, galdetzen diozu zure buruari. Zure ahuluneak indartu ahala zure kontraesanetatik kantatzen duzu. Garaiak eta gaiak aldatuz doaz, eta ikusten dituzu zure aurreko belaunaldikoek ere gauza batzuk zalantzan jartzen dituztela, eta zuri ere irekitzen zaizula bide hori. Gure belaunaldiko bertsolariok (Julio Soto, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi...) oso potente den belaunaldi baten ondoren gatoz [Lujanbio, Iturriaga, Elortza, Maia, Irazu…]. Haiek erabat eraldatu zuten aurrekoen bertsolaritza, politikoki nahiz estetikoki. Gu horien anaia-arreba gaztetxoak izan gara, haien babesean aritu gara. Orain gure ingurua guk marrazteko garaia iritsi da, baita gatazka bera marrazteko ere, hori da nahi duguna, baina ez zaigu erraz egiten ari, ezta gu baino gazteagoak direnei ere. Bertsotatik harago, orain dela hamar bat urtera arte, egon da hizkuntza-modu bat politikaz mintzatzeko, baina nola jarri ahotsa eta estetika gure marko soziopolitikoari? Nola jarri gaur egun 20 eta 50 urte dituztenak elkarrekin politikaz hizketan? Nola egin elkarrizketa hori? Zer kodetan? Oraindik ere zubiak falta ditugu horretarako.

Mereziko luke gatazkaren memoria egingo lukeen nobela idaztea, bertsolariak protagonistak izaki.

Bai. Nik ere pentsatu izan dut hori inoiz, baina oso zaila da. Oso herri txikia garelako, pertsonak eta pertsonaiak oso identifikagarriak izango zirelako, kasuon, bertsolariak. Ondo egitea zaila da, baina oso mundu interesgarria da, fikziora apenas eraman dena. Egia da, norbaitek asmatuko balu bertsolarien ingurua nobelara eramaten, testuinguru izugarri aberatsa islatuko lukeela.

2013ko Txapelketa Nagusiko finalaren une bat ageri da nobelaren amaieran; BECen. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen arteko buruz burukoa hizpide, Amets txapeldun jalgi da. Nagorek “Itzel. Erromak heroiak maite ditin” diotso Irantzu lagunari. Gai horren harian, “gure belaunaldiko bertsolari batzuk ahultasunaren kultura defendatzen hasi dira” esan duzu zuk, “heroien kulturatik zaurgarritasunaren kulturara bidean gaude” esan ere. Sakondu ideia horretan, arren.

Gatazkaz edo beste hainbat gaiez kantatzea eta horiei zentzu politikoa ematea ez da samurra, ahultasunetik kantatzea ez da erraza, zaurgarritasuna ez dela arrazionala ematen du. Oraingo erronka hori da hain justu, zalantzak eta sentimendu kontrajarriak marko politiko batean sartzen asmatzea. Baina, nola eraiki testuingurua? Hau da, zaurgarritasuna, mina, amorrua eta oinazea ez izatea kontu pertsonalak eta pribatuak. Gatazka politikoak utzitako zauriak, bakoitzak bereak ditu, eta horiei bide eman behar zaie. Liburuko pasarte hori, pertsonaiek bertsolari txapelketako buruz-burukoa komentatzen dutenekoa, garaian bat egin zuelako sartu dut nobelan, hau da, Nagoreren ospitalizatzeak eta Txapelketak bat egin zutelako denboran. Eta baita Ametsek eta Maialenek egin zituzten aukerek edo hartu zituzten rolek jorratu nahi nuen gaian sakontzeko aukera ematen zidatelako ere.

Zer adierazi zuten rol haiek?

Bertsotan epika asko egin izan dugu, eta finaletan asko egon da epikatik. Entzuleok ere, nahi gabe, bertsolariei epika eskatzen diegu. Ametsek final hartan guardia zibil baten roletik eta Sarri-renetik kantatu zuen, besteak beste, eta altzoa hitza emanda, ama totalari kantatu zion; figura handiei, oso gauza normala dena, seguru asko, gehienok egingo genukeena eta ez berak bezain ondo. BECen zaude, 14.000 pertsona dituzu aurrean, eta inertziak epikara eramaten zaitu. Maialenek, berriz, pultsu horiei ihes egin zien, antiheroiak marraztu zituen. Itzultzeko garaiaz jardun zuen, baina ez zen Euskal Herrira itzultzeaz aritu, Hego Amerikara baizik. Zaharrak zaintzen aritu den emakume etorkinaren azalean jarri zen. Antiheroi bat. Eta altzoa aditzean kontzienteki ihes egin zion ama totalaren magalari. Gure heroiei eta mitoei iheska etengabe. Gure garaien isla izan ziren bertsoak, niri askorako balio zidaten, Maialen irudi handietatik urrun ikusi nuen. Batzuei Maialenen jarduna lausoa egin zitzaien, bertsoak ez zitzaizkien iritsi. Nagore eta Irantzuk nobelan diotenez “hiltzeko denok nahi dinagu epika”.

Epikaren kontrako pultsuari eusten dioenak irabaz lezake txapela?

Jakina. Baina ertzeko bidea, ahularena, zaurgarritasunarena, antiheroiena... zailagoa da, ez baititu emozio primarioak galdatzen. Halako bideek barruragoko geruzetatik tiratzen dute eta pentsamenduaren sakontasuna exijitzen. Ertzak ukitzen direnean, ibili gabeko bideetatik ari denean bertsolaria, ez da ziurra Erromak segiko ote dion.

Nobelara itzuliz, “Nire izeba Karmen Vargas hiesak jota hil zen 1987ko maiatzean. Hogei urte zituen. Zazpi urte lehenago, 1980ko goiz batean, Rosa Morenok, nire amamak xiringa bat aurkitu zuen etxeko aterki-ontzian” dio Nagorek. Nobela, baina, 2010ean hasten da.

Hainbat garai eta espaziotan garatua eta girotuta dago nobela, horiek ondo uztartzea izan da gehien kostatu zaidana. Hainbat inflexio puntu daude, esaterako, Nagoreri hiesa duela diagnostikatzen diotenekoa. Hori ezin nuen hasieran jarri, baina ezin nuen asko atzeratu ere, beraz, bi kronologia paralelo aurrera eramatea erabaki nuen, bata 82tik 2003 ingurura arte, eta 2010etatik 2014ra doana bestea. Bietan erritmo diferenteak erabiltzea erabaki nuen. Bigarrenetik hasten naiz, garai horietan ekintza asko dago eta protagonisten dialogoak biziagoak dira, iraganeko pasarteak narratiboagoak eta deskriptiboagoak dira. Bi garaien txandakatzeak elkarri lagundu ziezaioketela konturatu nintzen, iraganean gertatua ulertzeak lagundu ziezaiokeela irakurleari oraina ulertzen, egungo Nagore ulertzen, bere erabakiak nondik zetozen, bere esanei beste sakontasun bat ematen.

Nagoreren bikotekidea Luka Moretti da. Istorioari ukitu egokia ematen dio, bere izaera aproposa da gatazka adierazteko.

Batez ere, oso lasaia delako. Idazten ari nintzela, La sociabilidad del sur izeneko artikulua irakurri nuen. Hegoaldeko gizartearen soziabilitatearen gaineko bost ezaugarri azpimarratzen zituen testuak. Lukak bazeuzkan horiek, baina horiek irakurtzean areago osatu nuen bere izaera: jendetasuna, lasaitasuna, jolasa, dramarik eza, denbora bizitzeko beste modu bat. Nagore iparraldekoagoa da, emaitzak behar ditu segituan, gauzak ulertu eta arrazionalizatu… Lukak arazoei malgutasunez begiratzen die, badaki gauzak esaten zeharka, geroko uzten… Nagorek ulertu behar du Luka zergatik dagoen berarekin, Lukak ordea, ez du horretaz hausnartu beharrik. Luka, Euskal Herrikoa eta mundukoa da, ez dauka hemen sustrairik, bere identitatea ez da esentziala, eraikia baizik. Identitateaz hitz egiten dugunean, gurea bezalako herri txiki batean, esentziara jotzen dugu, nondik gatozen eta zergatik gadetzen dugu. Lukarentzat zergatiak baino zertarakoak balio du, maitasuna ez da zergatik baizik eta zertarako. Borroken dileman ere berdin. Zertarako? Ez zergatik?

Nagore ospitaleetan ikusi dugu. Ospitaletako giroa ongi hausnartu duzu, baita hiesari buruz ongi ikasi ere.

Bai. Eskerrak eman behar dizkiot Felix Zubiari [Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean egiten du lan. Bertsolaria da], nobelako alderdi medikuetan lagundu didalako. Horrelako gai batean sartuz gero, ezin nuen pintzel lodia pasa eta kito. Zehatz idatzi nahi izanez gero, ikasi behar nuen. Felixek Donostiako Infekzioaren Unitatea erakutsi zidan. 80ko hamarkadan egin zuten, eta oraindik ere geletako barroteak mantentzen dira, suizidio saiakera asko omen ziren. Gaur egun ere, unitate horretara doazen erabiltzaileen %90 hies diagnostikodunak dira. Bi egunean behin hies kasu bat diagnostikatzen da. 90eko hamarkadan atera ziren liburu asko irakurri dut. Desintoxikatzen ari ziren gaixoen senitartekoen gutunak eta medikuek eta hildakoen gurasoek emandako hitzaldiak, bestalde. Liburu horietako bat da Justo Arriolaren A los pies del caballo. Arriola elgoibartarra da, Karmen Vargasen belaunaldikoa. Tentuz irakurri dut, nire belaunaldikoen ikuspegitik idatzi nahi nuen, aurrekoen eragina gehiegi jaso gabe, bestela nobela ez litzateke Nagore Vargas protagonistaren begiradatik kontatua izango.  

Liburua bizia da, neurri handi batean elkarrizketaren bidez eraikia.

Bai, idazleok gure ahaletatik egiten dugu. Nik istorioa buruan neukan, banekien zer kontatu nahi nuen, eta proba asko egin dut aurretik. Horietako batzuk baliagarri izan zaizkit eta bestetzuk ez. Editoreari behin esan nion, “hasi naiz pasarte hau luze deskribatzen, eta ohartu naiz ez naizela Saizarbitoria”. Hau da, ez dakit hondartzan bainatzera doan emakume bati buruzko sei orrialdeko testua eraikitzen, funtzionatzen duen testua, noski. Oraindik ez behintzat. [Lili eta biok nobelaz ari da]. Niretzat eszena horiek balio literario izugarria dute. Saizarbitoriak badaki egiten, bakoitzak daki zeintzuk diren bere ahalak eta mugak... Ni oraindik deskubritzen ari naiz zertan moldatzen naizen ongi samar eta zertan ez dudan asmatzen.

Bertsolaria eta idazlea zara. Nola sentitzen zara tratatua idazle bezala? Bertsolariak idazleak baino hobe “tratatuak” direla esaten baita. Edo ez?

Ni bi jardunetan ari naiz, biak gustatzen zaizkidalako. Zorionez, sentitzen dut irakurle multzo baten arreta badaukadala. Jenisjoplin hiru urteko lana izan da, niretik ahal izan dudan guztia eman dut, prozesua oso intentsua eta neketsua izan da, baina oso polita. Urte batez lo gutxi egin dut, gerora faktura pasako didala kezkatuta ibili naiz, aldi berean plazan bertsotan aritzeari utzi gabe idatzi baitut, eta bi umeren zaintza ere tartean. Nahiko estutu dut nire burua zentzu horretan.

Zuk diozun idazleekiko trataeraz, pentsatzen dut oso kasu diferenteak daudela. Idazle bakoitzak jasotzen duen arreta diferentea da, eta idazle bakoitzaren sentsazioak ere —arreta horrekiko— diferenteak izango dira. Eta, egia da, ziur aski, idazleak egiten duen lanaren eta jasotzen duen arretaren arteko proportzioa ez dela beti justua. Baina ezta bertsolarien kasuan ere. Ulertzen dut hainbat idazlek behar bezalako arreta bereganatzen ez dutela esatea, baina aldi eta era berean ezagutzen ditut beste hainbeste bertsolari berdin sentitzen direnak. Gaur egun, plazaz plaza sarritan gabiltzan bertsolariak ez gara hainbeste ere. Adibidez, badaude txapelketetan oso maila ona ematen dutenak eta plazan horren araberako tokirik ez dutenak. “Bizitza ez da logikoa ez justua ez koherentea: ikasi horrekin bizitzen”, bota zidan behin erronka psikologoak. Saiatzen naiz.

 

Bilaketa