literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2017-10-27
[iturburua]
Uxue Alberdi:
«Borroka ez dadila izan gizatasunaren beste plano guztiak tapatuko dituen zerbait»

Hilaren hasieran argitaratu zuen Uxue Alberdik bere laugarren liburua, eleberri bat, Jenisjoplin, Susa etxearen eskutik. Aurrez bi ipuin-liburu eta nobela bat ditu argitaratuak: Aulki bat elurretan (Elkar, 2007), Euli-giro (Susa, 2013) eta Aulki-jokoa (Elkar, 2009), hurrenez hurren. Nagore Vargasen istorioa kontatzen du azken nobelak, eta horri tiraka, Euskal Herriaren azken hogeita hamar urteei ere eman die errepasoa. Elkarrizketari hobeto jarraitzeko, hona eleberriaren abiapuntua:

“Nobela Artxandan hasten da, 2010ean. Nagorek 28 urte ditu orduan eta Artxanda gainean dago Libre irratiko beste hiru kiderekin batera. Halako agur moduko bilkura bat antolatu dute, pentsatzen baitute egun horretan bertan atxilotuko dituztela, baina gauzek espero ez duten bilakaera bat hartuko dute, eta Nagorek espero zuen iraultzari ez beste iraultza klase bati egin beharko dio aurre”. Eleberria hasi eta berehala, protagonistari zerbait gertatuko zaio, eta “desarmatuta geldituko da”; ondorioz, “berriro hasi beharko da beste estrategia batzuekin aurrera egiten”.

Liburuaren aurkezpenean Gorka Arrese editoreak esan zuen “idazle baten jardunean badir[el]a liburu batzuk garrantzia berezia daukatenak, eta gainera, idazle baten maila igo[tzen dutenak]”, tartean, bere iritziz, Jenisjoplin. Mugarri al da zeuretzat ere?

Niretzat berezia da gauza diferenteengatik. Orain arte idatzitakoen aldean diferentea da: batetik, orain arte oso intuiziotik eta sentsazioetatik abiatutako gauzak idatzi ditudala esango nuke, nahiz eta gero hori dena noski burutik pasatzen duzun. Kasu honetan, baina, momentu batetik aurrera banekien oso ziur zer kontatu nahi nuen, zertarako kontatu nahi nuen, zer gai jorratu nahi nituen. Orain arte idatzi ditudanen artean, hau da pentsamendutik gehien abiatu den liburua. Horretaz gain, esango nuke idatzi dudan istoriorik konplexuena dela, pertsonaia asko kudeatzearen beharra, denborak, espazioak, ahotsak… Orain arte nobela bakarra idatzi nuen, Aulki jokoa, eta esango nuke oso nobela sinbolikoa dela, elipsi asko dauzkana, metafora asko, orduan funtzionatzen du bere pieza-txikitasun horretan, baina “tranpa” gehiago dauzka honek baino, tranpa-edo, esan diezaiegun estrategia literario. Idazten ari zarenean halakoak erabiltzen dituzu, hori delako egiten dakizuna: “istorio hau kontatzeko gogoa sortu zait eta honekin abiatzen naiz”. Kasu honetan istorioak berak eskatzen zidan izatea zehatza eta errealista, ez egiteko hizkuntzarekin halako jokorik… Justu Peru Iparragirrek liburuari buruzko kritikan esaten zuen prosa gardena dela, ikusten dela denbora guztian oso ondo zer kontatu nahi dudan. Eta hori bilatu dut.

Mugarriarena nioen, laugarren liburua izanik, jakitea aldera ea asmorik zeneukan beste zerbait egiteko…

Istorioak hala eskatzen zidalako idatzi dut horrela. Hogeita hamahiru urte dauzkat, orain dela hamar urte publikatu nuen lehenengo liburua, eta iruditzen zait denborarekin zure burua eta pentsamendua antolatzen doazela eta, batez ere, esango nuke ausardia hartzen zoazela gauzak esateko eta nola esan erabakitzeko. Alde batetik kautela gehiagorekin esaten dituzu, baina beste alde batetik zeure buruari zilegitasuna emanez ere, “nik hau hola sentitzen dut edo horrela ikusten dut”; umiltasunez baina hori plazaratzeko gogoz.

Alde horretatik, nire burua oso libre sentitu dut. Nahi nuena idazteko libre. Momentuan ez nintzen konturatzen, baina orain argi ikusten dut, 22 urterekin, edo 24-25ekin Aulki jokoa idatzi nuenean, baneuzkala beldur batzuk, asko onarpenari begirakoak, orain baino askoz handiagoak direnak, oso inkontzienteak direnak eta ez dituzunak nahita egiten. Nik uste dut denonak direla. Beldur horrek eraman zaitzake bi estrategia kontrariotara: bata, isiltzera, eta, bestea, gehiegi esatera edo nahi ez duzun moduan esatera. Eta hau idatzi dut kalma handiarekin. Badira bi hilabete bukatu nuela eta lasai nago. Hasierako liburuekin baneukan alerta edo euforia puntu bat, ea zer esango duten, eta oraingoan berriz, lasai-lasai nago.

Ohar asko zeneuzkan liburua bera idazten hasi aurretik. Pertsonaia eta tonua zeneuzkan. Zein izan zen, ordea, liburu honen lehen-lehen hazia: irudi bat, esaldi bat…?

Oroitzapen bat, oso gaztetxotako oroitzapen bat: konturatzea identitate desberdineko jendea geundela. Institutura pasa ginenean eta juntatu ginenean beste eskoletako jendearekin, akordatzen naiz Herri Eskolako neska bati esan niola: “jo, ze ondo egiten duzun euskaraz”, eta erantzun zidala: “euskalduna naiz”. Bera bizi zen Elgoibarreko langile-auzo batean, nik erdalduntzat neukana. Inpaktu handia eragin zidan, momentuan bertan sentitu nuen ekibokatu nintzela: “Zer pasatzen da? Nik uste dut ni bakarrik naizela hemen euskalduna? Zer ikasi dut nik ikastolan? Nola begiratzen diegu guk besteei?”.

Liburuan aipatzen dira errebelde ideologikoak eta bazterreko errebeldeak, eta ni hamahiru urterekin institutura joan nintzenean bazterreko errebeldeen lagun egin nintzen, haiekin ateratzen nintzen parrandan, haien lokalera joan eta Espainiako bandera bat zegoen, eta ondoan ikurrina bat, identitateak elkarren ondoan zeuden eta gaiaren inguruan eztabaidatzen zuten pixka bat… bazegoen hor pil-pilean oso interesgarria egiten zitzaidan zerbait. Hori hor eduki dut beti, baina denbora aurrera joan ahala konturatu nintzen heldu nahi niola. Gero, gainera, konturatu nintzenean Nagorerentzat pentsatua nuen istorio horrek eduki zezakeela oihartzun estrapolagarri bat, eta kointzitzen zuela gure herriaren identitate-traiektoria ikusteko neukan moduarekin, ba ikusi nuen bazegoela nondik tira.

Liburuan badaude halako eszena gogoangarri batzuk, adibidez, aita eta Nagore nola joaten diren bi aldiz itsasora, eta nola eraikitzen den bien arteko harremana.

Iruditzen zitzaidan pentsamendu dexente egongo zela nobelan, baina Nagore oso umea da garai batzuetan, eta ezin da hasi teoriak egiten. Erakutsi egin behar nuen, ez esan. Eszena batzuk montatu behar nituen, gero gertatuko zitzaionaren aurrean egingo zituen gogoetak sinesgarri izan zitezen, bere psikologiaren eraikuntza agerian jartzeko.

Itsasoko lehenengo eszena horretan Mutrikuko danborrera eramaten du Nagore aitak, igerian irakasteko. Umetan, oso ohiko beldurra da itsasoarena: beste medio bat, kontrolatzen ez duzuna… Eta orduan jaurtitzen zaituzte medio horretara eta ea nola moldatzen zaren. Bizitza ere bada hori: ea nola ikasten duzun igerian, txakurrarena egiten edo estilo handiz… Nobelaren bukaeran, Luka eta Nagore Getarian daudenean, ikusten da nola egiten duen neska batek aingeruaren salto perfektu bat bapore baten brankatik, eta bi jauzien artean bazegoen joko bat niretzat: bigarren neska horri teknika bat erakutsi diote bizitzara salto egiteko baina Nagorek jauzi egin behar izan zuen teknikak ikasi aurretik. Lehenengo gorputza bota, eta moldatu, eta gero gorputza arriskuan jarri ostean, hasi aztertzen ea zer pasatu den. Hori da Nagore ezaugarritzen duen jarrera bat, bai behintzat diagnostikora arte [Spoiler: HIESa diagnostikatzen diote Nagore Vargasi, horrexek desarmatzen du].

Hauxe esaten dio Nagorek Peru ikaskideari: “Hik [preso] “komunak” deitzen dituan horiek ikaragarri politikoak iruditzen zaizkidak, ba, niri. Hire aitak ez al dik azaldu heroina helburu politikoetarako erabili zela?”

 Hain gertuko ez ditugun komunitateei, iruditzen zait pentsatzeko gaitasuna kentzen diegula, jokatzen dugula beraiekin bizirauten bakarrik ariko balira bezala, eta orduan ez dute pentsatzen. Nagore oso hasieratik bizi da ideologizatuta eta arazoak politizatzen dituen inguru batean, berak bere burua politikotzat eta ideologizatutzat dauka, baina topo egiten duenean mundu abertzalearekin konturatzen da nola jende euskaldun abertzale horrek bere mundua ez daukan politikotzat. Eta hor ateratzen zaio bere errebeldia. Berak kuriositate handia dauka eta joaten da beste zapalkuntza horretan ere barneratzen, iruditzen zaiolako egin behar duela, eta Euskal Herrian ezkertiar izateak barnebiltzen duela, baita ere, herriaren askapenerako borroka, baina besteei ikusarazi nahi die beste borroka batzuk ere badaudela, eta ezezagun zaizkiela. Badago hor saiakera bat enpate bat egiteko: ez dezagun zapalkuntzen arteko hierarkiarik egin, landu ditzagun elkarrekin.

Elgoibartarra izanik, eta eleberriaren gaia dela-eta, Justo Arriolaren A los pies del caballo eta herriak berak heroinarekin izan zuen harremana aipatu nahi nizkizuke.

Erabaki nuen Justoren liburua ez irakurtzea nobela bukatu arte, zeren arriskua ikusten nuen gauza gehiegi sartu nahi izateko. Bukaeran irakurri nuen eta gauza batzuk erreskatatu nituen, Nagore eta Peruren arteko dialogo horretan gauza gehiago emateko, adibidez crack-aren inguruko historia eta datu konkretuak hortik atera ditut.

Nik uste dut Justoren lana oso inportantea izan dela, liburu pila bat saldu dira gainera, eta hori ere esanguratsua da, badago eskaririk, baina egia da, igual, herrian bertan ez dela lanik egin horren inguruan.

Zer dela-eta aukeratu zenuen HIESaren gaia?

HIESaren problematika hau guztia gai zentrala zen orain dela 25 urte, eta bat-batean desagertu egin zen. Nik ere urte askoan eduki dut ahaztuta bezala, baina gero inguruan eduki ditut lagun batzuk, ez gutxi, HIESaren proba egin dutenak azkenengo urteetan, eta beldur hori oso modu pribatuan sentitu izan dut. Gainera, gaur egun gaixotasun bat baino ez da, diagnostiko bat, eta poso sozial hori guztia difuminatzen joan da. Nobela hau ez da horri buruzko saiakera bat baina bada ahalegintxo bat gaia ekartzeko.

Orain dela gutxi entzun nuen datua, Osakidetzan bi egunean behin diagnostikatzen dela kasu bat. Oso presente dago oraindik eta kasu asko berandu diagnostikatzen dira gainera, hain zuzen ere ez dagoelako beldur hori. Sexualitateari lotuta, orain dela 25 urte HIESa zen beldurrik handiena, eta gure belaunaldiko beldurra izan da haurdun gelditzea.

Nagorek nola hartzen duen diagnostikoa, horrek ere badu mamirik.

Teoria disidenteekin egin nuen topo eta balio zidan hori ere sartzeko. Medikuntza beharrezkoa da, jakina, baina aldi berean hor mugitzen diren botere guztiak kontrolatzea oso zaila da: diagnostiko hori ematen dizutenean eskatzen zaizu sumisio totala, ez duzu ezer kontrolatzen, zure gorputza besterena da eta beldurra sartzen dizute, zu bat-batean kutsakorra zara, erruduntasun sartzen dizute. Eta disidentzian hezitako pertsona bat baldin bazara, Nagore bezala…

Gogor samarra izana da Nagore amarekin: “Betiko baserritar otzana izaten jarraitzen duzu”, horixe esaten dio. Gero buelta eman diozu pertsonaiari, ezta?

Amaren pertsonaiarekin eduki ditut nire dilemak, zeren batetik behar nuen ama ahul bat, Nagorek bihurtu behar baitzuen amaren ama eta erakutsi behar nuen nola oso gazterik gelditu zen gurasoen babesik gabe eta nola egin behar izan zuen salto itsasora; baina gero horrek amorru batzuk sortzen dizkio, igual ez oso kontzienteki, eta ama ez du oso ondo tratatzen. Baina ama pertsonaia ausart bat alde askotatik, zeren berak ere oso gazterik egin zuen ihes bere identitate zaharretik, baserri euskaldun pobre batekoa zen eta autobus bat hartzen du eta, agur, ez da hara bueltatzen, sartzen da berarentzat oso ezezaguna den mundu erdaldun batean, taberna-giroan. Aitaren karakter harroxko eta aurrera egiten duenaren atzean badirudi ama ez dagoela, baina gero amak, berriro ere, espero ez denean eta Nagorek ia-ia uzten ez dionean, bere bizitzarekin jarraitzen du.

Batzuetan espero dugu zaintza total bat, edo estruktura bat, "botere-harreman hauek horrela izango dira beti", baina gero pertsonaia bakoitzak ere bere bidea egiten du. Aitaren pertsonaiak ere badauka horrelako buelta bat, Bilboko portuan ikusten denean, zamaketari ari baita azkenengo urteetan. Nik deskribatu dut aita Nagoreren begietatik, eta Nagorek ikusten du aita oso fuerte bat, bere bizitza egiten duena, baina, gero, Nagore nagusiagoa denean, erreportaje baten aitzakian joaten da aitaren lantokira, eta ikusten du aita sumiso bat, ikusten du aita bat lan-jantziarekin beste denak bezala, ehunka gizonen artean beste bat gehiago, aginduak betetzen. Nolabait ere irakurleari adierazten nion: “Igual Rafa Vargas ez da zuk uste duzun hori bakarrik. Orain arte bakarrik erakutsi dizkizut alde hauek, baina denok dauzkagu alde asko”.

ETAren su-etenaren eszenak ere badu pisurik nobelan: “Identitateen berreraikuntzaren garaia hasi zen arratsaldeko 19:00etan”.

Nagoreren diagnostikoa 2010ean da eta su-etena 2011n. Nagore hasierako shocketik ateratzen ari da eta gauzei buruz pentsatzen. Bat-batean konturatzen da horrek ere nola markatu dituen gure identitateak, nola eraiki dituen bandoak, nola kokatu garen eta gaituzten alde batean edo bestean… Azkenean, epaitu gabe onerako edo txarrerako, ardatz bat izan da, eta bat-batean ardatz hori kentzen da eta likidoago zaude, eta konturatzen zara zuretzako igual firmeak ziren iritziak ba igual ez zirela hain firmeak, edo zeneuzkan pozak eta amorruak eta tristurak ez zirela hain garbiak. Bestalde, umezurztasun sentimendu hori ez daki handiagoa ote den ETAren aldekoen ala kontrakoen artean. Azkenean ardatz bat alde batera kokatu edo bestera kokatu toki berean dago, ekidistanteak dira posizioak, eta orduan ardatza kentzen denean, nola eragiten die denei?

Gelditzea esperientzia zorabiagarria da inoiz gelditu ez denarentzat”. Esaldi hau biei buruzkoa izan daiteke, ezta: Nagoreri buruzkoa eta Euskal Herriari buruzkoa?

Uste dut esklerosia ere aipatzen dela, giharra galtzea… Bat-batean jarrera batzuk, esaldi batzuk, momentu batetik bestera, zaharrak gelditzen dira eta ez dute balio. Nagorek ere hor aipatzen du nola lehenengo aldiz sentitzen den zahar, edo hurrengo belaunalditik bereizita: "gurea izango da gatazka armatuak era hain esplizituan eragin dion azken belaunaldia". Bera 80eko hamarkadan oso umea zen bezala gauza batzuk burutik ulertzeko, beste hurrengo belaunaldi horiei gauza bera gertatuko momentu historiko horrekin. Horrelako esaldi asko daude liburuan, bietarako balio dutenak.

Nobelak aurrera egin ahala, Nagorek atzean uzten du apurka-apurka oskol gogorra, eta beste modu batean bizitzeari ekiten dio…

Pertsonaiek behar zituzten arnasgune batzuk, gorputzeko sentsazio plazenteroen une batzuk, baina nobelaren bukaeran ez nuen aditzera eman nahi edozein gatazkaren soluzioa denik idealak edo ideiak albo batera uztea eta hedonismoan sartzea. Horregatik, bukaeran Gramsci irakurtzen ari da Luka, sozialismoaz hitz egiten dute Nagorek eta biek, pertsonaiak hausnartzen ari dira ea nola uztartuko dituzten beren gure ongizatea eta beren ideiak.

Proba bat egin nuen, eta herri harresi batekin amaitu nobela, iruditzen baitzait borroka-moldeen aldaketa bat dakarrela sinbolikoki: Nagore dago ohituta bakarrik eta beste batek bultza eginda itsasora jauzi egiten, eta justu herri harresietan maite dituzun gorputzei zaude lotuta, denok batera ari gara erresistentzia pasibo batean, beste batzuek babesteko; beti egongo dira eraso egingo digutenak eta gu banatzen saiatuko direnak, baina gu lotuta gaude eta askatu orduko saiatuko gara hor atzean berriro lotzen. Hain nobela azkarra eta intentsoa izanda, ordea, ez zen ondo gelditzen, eta erabaki nuen beste patxada batekin amaitzea. Baina ideia hori buruan neukan, nik nahi nituen pertsonaia hauek borrokan, baina borroka ez izatea gizatasunaren beste plano guztiak tapatuko dituen zerbait.

 

Bilaketa