literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Itziar Ugarte Irizar
111 Akademia, 2017-07-26
[iturburua]
Kirmen Uribe:
«Lotura bat dago kulturaren eta erresistentziaren artean»

Karmele Urresti eta Txomin Letamendi senar-emazte ondarroarren bizitza jarri du azken eleberriaren bihotzean Kirmen Uribek. 36ko gerraren ondotik, euskal erresistentzian aritu zen Urresti-Letamendi familiaren bitartez, belaunaldi haren borroka eta porrota jaso du Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa) liburuan.

Nobelako protagonista, Karmele Urresti, Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) umetako iruditegian egon da beti. Amaren laguna izan da berarentzat. Hamaika aldiz gurutzatu du kalean, baita bere seme-alabak ere, liburuan daudenak. Baina hori, muga baino, pizgarri izan da idazlearentzat. Mahaian lekua hartu orduko atera zaio: “Jo, Café Nerbion! Uste dut Txomin Letamendik hemen jotzen zuela tronpeta”. Taberna ez da agertzen nobelan, baina ager zitekeen, Elkarrekin esnatzeko orduan ageri diren pertsonak, gertakariak eta lekuak, denak, benetakoak baitira. Gerra ostean euskal erresistentzian aritu zen Urresti-Letamendi familia du erdigunean eleberriak, 1927tik ia gaur arte.

Lau hizkuntzatan argitaratu zen azaroan: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz. Orain frantsesez eta portugesez aterako da, eta serbiera eta grezierakoa ere bidean dira. Irakurleen eskutik etorri den aldetik, 111 Akademiaren Saria ilusio bereziz jaso duela dio.

Azaroan argitaratu zenetik, nolakoa izan da Elkarrekin esnatzeko orduaren bidea?

Euskal Herrian harrera oso ona izan du, beste publiko batengana iritsi naizela sentitu dut. Egile gisa, asko eman dit liburua, baita argitaratu aurretik ere. Uste dut aldatu egin naizela pertsona moduan, ez nekizkien gauza asko jakin ditudanean.

Paperera eraman aurretik, idazlearen gogoan urte luzez bizi litezkeen kontakizunak daudela esanez hasten da liburua. Nola erabaki duzu orain behar zela istorio hau burutik paperera eraman?

Txikitatik ezagutzen dut Karmele eta bere familia osoa, eta haien istorioa gutxi asko jakin arren, aurretik ez nintzen gai sentitzen halako nobela bat idazteko. Bestetik, 2011n, ETAren etenaren ondoren, Euskal Herrian zer gertatu den galdetzen nion nire buruari, baina ez soilik azken hogei urtetan. Karmele Urrestiren belaunaldiak pizkunde eta itxaropen sasoi bat bizi izan zuen, 36ko gerran eta Bigarren Mundu Gerran, Euskal Herriaren eta mundu osoaren askatasunaren alde borrokatu zuten, eta totalitarismoen, nazien eta Francoren kontra. Baina ez zen ongi atera eta hori kontatu nahi nuen; zer izan den aurretik euskaldun izatea eta nola 40-50 hamarkadetako gainbeherak sortu zuen geroko mugimendu guztia.

Dokumentazio lan handia dago atzetik. Jasotako gertakari eta pertsona historikoak bere horretan erabili dituzu literatura egiteko. Zergatik horren fidel errealitateari, edo bestela esan, fikzioa zergatik ez?

Egin nezakeen nobelagile askok egiten dutena: benetako pertsonak hartu, moldatu eta fikzioa egin. Baina nire buruarekin ez nintzen gustura sentituko; bizitza hori beraiena zen, izen-abizenak zituen eta familiakoak ere hor daude, bizirik. Nolabaiteko omena ere bada protagonisten belaunaldi osoari. Gainera, benetako pertsonaiekin egiazko jazoerak kontatzeak ez du esan nahi fikzioa egiten ez duzunik. Egoera, eszena eta lotura asko fikziozkoak dira, eta nobelaren beraren egitura erabat eleberriarena da.

Eleberriaren eta kronikaren artean koka daiteke kontakizuna?

Bai, gustuko dut literatura hori, Emmanuel Carrerek edo Siri Hustvedtek egiten dutena. Idazle horiek benetakotasunera itzuli nahi dute, benetako elementuekin egin literatura. Lurra berriro ukitu nahi dute, lurra usaindu berriro. Atzean ohiko fikzioaren kritika dago, best-sellerrena. Mugimendu horretan kokatzen naiz oraingoz.

“Istorioa banekien. Egiarik ez, ordea”, dio Carlos Fuentesen hasierako aipuak. Literaturak egiaren atzetik joan behar du?

Literaturak ez dauden egia batzuk aurkitzen ditu, ez dauden egia batzuk sortu. Historiak ahaztu egiten ditu pertsonak askotan eta literaturak beti jotzen du istorio pertsonaletara, eta hor badago egia. XX. mendea kontatzea beharrezkoa da, baina baldintza historiko horiek jendearen bizitzan zer suposatu zuten kontatzea, hori ikaragarria da.

Karmele Urresti, Txomin Letamendi eta Manu Sota dira hiru pertsonaia nagusiak, baina erdigunean Karmeleren bizitza dago.

Argi nuen emakume batek izan behar zuela zentroa. Ez nuen kontakizuna betiko figura maskulinoen inguruan biltzerik nahi. Karmeleren bizitza ezagutzen nuen eta konturatzen nintzen ez-ohiko emakumea zela, independentea, ikasketak zituena, ezkongai zela lehen umea izatea bakarrik erabaki zuena. Bere bizitzako erabakiak berak hartu zituen, non eta testuingururik zailenean. Bere ikuspuntutik kontatu dut Txomin Letamendiren figura, bere senarra zena, musikaria, artista, gudaria, zerbitzu sekretuetan sartu zena. Eta baita Manu Sotarena ere. Dena galdu zuen familia aberats bateko kidea izan zen, oso kultua, mundura zabalik zegoenak, gay-a… Herriaren ibilbide bera dago beraiengan, horregatik iruditzen zitzaidan beraien bizitzak oso kontagarriak zirela.

Erresistentzian aritu ziren pertsonaia historiko asko ageri da, baina jazarleak ere banan-banan datoz zerrendatuta.

Justizia poetikoa izan da. Nobelako gakoetako bat, oso txikia baina nobela argitzen duena, Josep Beneten paperetan aurkitu nuen Txiki frankismoko azken fusilatuetako baten gutuna da. Gutun horretan Txikik hau dio: ziur nago zuek hilko nauten hauek epaituko dituzuela. Irakurri nuenean oilo-ipurdia jarri zitzaidan, diktadurako jazarleak libre eta epaitu gabe baitaude. Nire mendeku txikia izan da garbi jartzea nortzuk atxilotu, torturatu eta epaitu zuten Txomin Letamendi. Literaturak horretarako ere balio du pixka bat.

Ageri diren beste izen asko kultur mundukoak dira (Antonio Gezala, Martin Ugalde…). Esango nuke une askotan kutsu kultu batek inguratzen duela istorioa.

Liburua idatzi ostean konturatu naiz jende konprometituetako asko artistak izan zirela: idazleak, musikariak, margolariak, dantzariak… Lotura bat dago kultura eta erresistentziaren artean. Bestetik, ikaragarri maite dut margolaritza, musika… eta hori ere jaso nahi izan dut. Antonio Gezalaren koadroa, adibidez [azalean ageri dena]. Margolan horretan 20ko hamarkadako Bilboko festa giroa agertzen da, eta Txomin Letamendi tronpeta jotzen. Gerrarekin galdu zen hori. Margolana agertu eta desagertu egiten da nobelan zehar.

1927tik 1979ra, hiru alditan antolatu duzu kontakizuna: Gerra aurreko garaitik, erbesteko erresistentziara eta azkenik, Franco hil ondorengo Euskal Herrira.

Bai. Lehenengo garaian 20ko hamarkadako pizkunde giroa jasotzen da, eta gerrak nola erbesteratu zituen. Bigarren garaia Txomin Letamendik Agirre lehendakariari zerbitzu sekretuetan sartzeko baiezkoa ematean hasten da. Seme-alaben bizitzetako mugarri handienetako bat da hori, Euskal herriarentzat erabaki ona izan zelako baina familiarentzat ez. Hor gainbehera hasi eta Euskal Herrira itzultzen dira. Ondarroan diktadurako garai iluna da, pentsa, ezin zuten emakumeek eta gizonezkoek hondartzan toki berean egon! Hirugarren garaia hasten da gero, 50-60-70 hamarkadak.

79an bukatu arren, nolabait 2011ra arte luzatzen da kontakizuna. Erritmoa arindu eta egilearen gogoetak ugariagoak dira azken atal horretan. Denbora beharko da azken urteak gaurtik aurrerakoak bezala kontatzeko?

Denetik dago hor. Baina bai, uste dut denbora behar dugula gizarte moduan. Idazleak gizartearekin batera joan behar du, kasu honetan behintzat. 80-90 hamarkadak kontatu izan banitu, horrek liburu osoa jango zuen. Txomin eta Karmele ahaztuko ziren eta kontrakoa nahi nuen. Lerro artean irakurtzen dakienak badaki interpretatzen 80ko hamarkada nobela barruan dagoela. Agertzen direnak nahikoa dira oraingoz.

Hala ere, Irlandako literatura begiratuta, esaterako, oso gutxi dira gatazkari buruz ari diren nobelak. Hori ere badirudi eskatu egiten digutela: euskal idazlea baldin bazara derrigorrez idatzi behar duzu gatazkari buruz eta, gainera, Madrilek onargarri duen eran.

Presio hori igartzen duzu, beraz.

Jakina! Gainera, kanpoko sektore batzuek soilik errelatu sinplea entzun nahi dute, eta ez egia konplexua. Honetaz hitz egiteko denborak guk markatuko ditugu, guk herri moduan.

Hizkuntzaren gaineko gogoeta ere badakar liburuak, hizkuntza galtzearen beldurra. Bizirik da beldur hori gaurko idazleengan?

Gutxiago. Dena den, idazleena baino, ni belaunaldi bateko kide sentitzen bainaiz, hori diziplina artekoa da. Oreka Tx, Berri Txarrak, Kukai, Mikel Urdangarin, Asier Altuna, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, Anari… Horiek dira nire belaunaldi kideak. Gure belaunaldiak beldur asko uxatu ditu, ez dio hainbeste begiratzen kanpoko oniritzia lortzeari. Hemen kalitatezko gauzak euskaraz egin eta horrekin kanpora doa.

Belaunaldi bakoitzak oso ezberdin irakurriko duen nobela da. Zentzu horretan, norentzat idatzi duzu?

Geure buruarentzat idatzi dut, euskaldunontzat, nondik gatozen galdetzeko. Gudariek ez zuten kontatu gerran zein gerraostean zer gertatu zen, eta trantsizioan ere isiltasunerako paktua egon zen. Nire aitona-amonen garaikoak dira horiek eta bilobak gara orain beraien bizitzak ilunpetik ateratzen hasi garenak.

Atzerako honekin nahi nuke konturatzea nahiko antzera bizi izan zutela euskalduntasuna gure aurrekoek. Bazegoela belaunaldi bat, munduari begira zegoena, euskalduna, oso garaikidea, oso artistikoa eta erabat ahanzturan geratu dena. Irakurle gazteenentzat aurkikuntza izango da, baina nire kasuan ere hala izan da neurri handi batean.

Bitartean heldu eskutik poema liburuaren ondotik, Bilbao-New York-Bilbao etorri zen etaMussche gero. Non kokatzen duzu Elkarrekin esnatzeko ordua zure ibilbidean?

Heldutasuneko lehen obra izan daiteke. Aurrekoek freskotasuna dute; Bitartean heldu eskutikoraindik bizirik dago, Bilbao-New York-Bilbao erabat esperimentala izan zen, eta Musschetristezia garai batean idatzitako nobela da. Azken honetan Musscherekin lotura nabarmenak daude. Hala ere, konturatu naiz liburu guztiek dutela lotura. Aurreskuko dantzarien arteko zapia bezala, bakoitzean zatitxo bat dago gero hurrengoan agertuko dena.

 

Bilaketa