literaturaren zubitegia

1.070 idazle / 5.153 idazlan
7.838 esteka / 6.373 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2011-05-12
[iturburua]
Lutxo Egia:
«Trinitate moduan ulertzen dut dena: gaia, istorioa eta estetika»

Pantaila baten aurrean bizi gara. Internet garaia, badakizue. Gizarte sareetan, agerian uzten ditugu gure urratsak. Eta naturala iruditzen zaigu, gainera. Ikusezin igaro nahi duenak, ordea, gero eta zailtasun handiagoak aurkituko ditu. Mundu birtualean, gure arrastoen itzala uste baino luzeagoa baita. Gogoeta honen harira bildu daitezke Lutxo Egiaren Txakur ingelesak liburuko hamar ipuinak. Ez ohiko istorioak, ez ohiko pertsonaiak. Errealitatearen eta fikzioaren mugan. Eta hainbatetan, umoreak zipriztinduta.

Nolatan ipuin liburu bat?

Zubigilea nobela (Susa, 2007) argitaratu ostean, bolada batez ez nuen idatzi. Zerbait idazteko asmoa banuen baina ez nekien oso ondo zer. Aldatzeko gogoa banuen eta "hasiko naiz ipuinak idazten", pentsatu nuen. Nire burua behartzeko, lagun bati esan nion, "begira, gauza bat egingo dugu. Nik astero ipuin bat idatziko dut, horrela hamar astez. Eta huts egiten badut, zerbait ordainduko dizut". Astero-astero, ipuin bat idazten nuen, eta ostegunetan edo elkartzen ginen. Lagunak ipuina irakurrita ekartzen zuen eta proposamen batzuk egiten zizkidan, zuzenketa batzuk. Liburuan ipuin horietako batzuk daude eta beste batzuk kendu egin nituen.

Istorio oso ezberdinak jaso dituzu orriotan. Baina denetan bada gogoeta jakin bat sustatzeko asmoa, ezta?

Kontatu dudan anekdota horrek eragin bat izan du liburuan. Nik banuen ideia bat buruan, gogoeta moduko bat, bisibilitatearen eta inbisibilitatearen ingurukoa. Eta hori nola eraman literaturara. Astero-astero ipuinak idazten jardun ondoren, formari dagokionez oso ipuin ezberdinak atera zaizkit. Baina gai hori behin eta berriro bueltatzen zen niregana. Zentzu horretan, badago batasun bat, ez oso handia baina batasun bat bada gai horren inguruan, bisibilitateak, inbisibilitateak... Nire gogoeta, beraz, horren ingurukoa da. Aro digitalean bereziki, gero eta erraztasun handiagoa eta gero eta ohitura handiagoa daukagu bisible izateko. Interneten oso erraz ikusten dugu intimitatea galduz doala. Garai batean, espazio publiko fisikoetan agertzen ginen baina gaur egun dena da agertzea, dena da bisualizatzea. Soziologoek, gaur egun, "extimitatea" kontzeptuaz hitz egiten dute. Intimitatearekin kontrajarrian, agertu nahi horretaz hitz egiteko, extimititatea kontzeptuaz mintzo dira. Oso literarioa iruditzen zitzaidan eta horrekin joko bat egin zitekeela pentsatzen nuen. Oso zaila da ikusezin izatea gaur egun. Google-n sartu, baten izena idatzi eta seguru aterako dela haren erreferentziaren bat. Bisibilitate horiek gainera, agertze horiek naturaltzat hartzen ditugu.

Eta honen kontrakoa, ikusezintasunari eustea, errebeldia keinu bezala jo daitekeela esan zenuen liburuaren aurkezpenean.

Bai, gero eta zailagoa baita bigarren plano horretan mantentzea. Lagun bat dut oso ezagun izan zena garai batean, oso famatua, baina harrez gero bere bizitza izan da bigarren maila batean mantentzeko saiakera. Ikusezintasunaren aldeko borroka bat. Nik neurri batean horren aldarria egiten dut. Ikusezin mantentzea edo bilakatzea gaur egun gizartearen kontra joatea da neurri batean. Ikusgai, ikusezin, agertu, desagertu... Oso literarioa iruditzen zitzaidan joko hau.

Gogoetak gogoeta, ipuinak dira azken batean.

Hori da. Gogoeta hori egiten da baina liburuan istorio batzuk kontatzen dira eta umore puntu bat ere badute ipuin batzuk. Guztiak anekdotaren batetik sortu dira. Adibidez, bada ipuin bat Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola izenekoa. Behin lagun batekin hizketan, ehiztaria da lagun hau eta aditua kontu zinegetikoetan, zera esan zidan: Mark David Chapmanek John Lennon kantaria hiltzeko erabilitako pistola hemen fabrikatu zela. Ez zekien oso ondo Astran edo Starren, baina entzun zuela hemen egin zela pistola hura eta seguru zegoela. Ba arrasto horren atzetik jarri nintzen Interneten. Egia edo gezur izan, hori alde batera utzita, hor bazegoen ipuin bat.Istorioak dira azken batean, irakurtzeko eta gozatzeko idatziak izan diren istorioak. Ez dira oso istorio ohikoak eta pertsonaiak ere ez dira ohikoak. Ertzekoak direla esango nuke, oso amildegikoak diren pertsonaiak. Bizitzaren trapezistak dira. Pertsonaiak bazterrekoak dira nolabait, baina ez baztertuak daudelako baizik eta bazterretik dabiltzalako. Batzuetan irudituko zaigu koherentzia galtzen dutela. Halakoxeak dira ere ipuinak, ez dira batere ohikoak.

Aro digital honetan, arrastoak ezabatzen dizkizun enpresak sortu dira. Kontrabiografoa ipuinean horretaz egiten duzu hausnarketa.

Ipuin horretan, pertsonen arrasto fisikoak eta digitalak ezabatzen dituen pertsonaia da kontrabiografoa. Baina aztarna digitalak ezabatzea askoz zailagoa da. Arrasto fisikoa erraz konpon daiteke desagertzearekin edo hiltzearekin... Baina beste mundu digital horretatik desagertzea oso zaila da.

Eta zuk, idazle moduan, kontrabiografo batengana jotzeko tentaziorik izan al duzu inoiz?

Nekez ulertuko da baina hor nire buruari egindako keinu bat dago. Hiru narrazio liburu idatzi ditut. Batzuk besteekin nahiko antzekoak direla uste dut. Orain aldaketa dator, ipuinak direlako hauek. Eta forman, pertsonaietan, ahotsetan... Orain arte idatzi dudanaren aldean, oso ezberdina da.

Liburuan bada oharkabean pasa nahi duenik, bada desagerrarazi dutenik... Lerdo makiladuna ipuinean akaso laburbiltzen dira ondoen plano ezberdin horiek guztiak. Arnaldo Otegiri Gerry Adams euskalduna deitzen zitzaion garaia gogora ekarriz. Jainkotu ondoren desagerrarazi duten pertsonaia publikoa izan daiteke Otegi, ezta?

Ipuin horretako hasiera oso ironikoa da. Gure belaunaldikoek oso erraz ulertuko dute. Nik beti trinitate moduan ulertzen dut dena: gaia, istorioa eta estetika. Garrantzia handia eman diot beti gogoetei. Gai horretatik eratortzen diren hamaika gogoetei. Liburu honetan eta, aurrekoetan ere, gogoeta txikiek ere garrantzia daukate. Niretzat literatura istorio bat kontatzea da, baina baita gogoeta batzuk planteatzea ere.

Ipuin irekiak dira denak. Zer grina izan daiteke bortitzagorik ipuina ordea, esaldi kategoriko batekin amaitzen da: jada ez dugu elkar ikusten. Kitty Genovese sindromeaz mintzo zara ipuin horretan. Hori ere, gaur gaurko kontua da.

Sindrome hori benetakoa da. Orain dela gutxi Bilboko metroan gertatu da. Hego Amerikako neska bat zegoen metroan eta bertoko bi mutil hasi zitzaizkion irainka. Jazarpen kasu argi bat. Jende pilo bat zegoen metroan baina inor ez zen ausarta ezer egitera. Kitty Genovese sindromea hori da hain zuzen, zenbat eta jende gehiago izan inguruan, gero eta gehiago delegatzen dugu eta azkenean ez dugu ezer egiten. Eta desagertu egiten gara edo ez gara agertzen. Oso gure garaiko gaitza da hori.

Gizarte sareak, Wikipedia, Google, Spotify... Internetekin daude lotuta baliabide horiek denak. Neurri batean, egungo bizimoduarekin lotutako tresnak ekarri dituzu euskal letretara.

Ados, baina azken aldian espazio publikoak aztertzen ibili naiz. Plazetatik, kaleetatik desagertu garela esaten da, baina nire ustez ez da egia. Gertatzen dena da gure espazio pribatua publifikatu egin dugula. Lehen etxeetara biltzen ginen eta telebista aurrean jartzen ginen, edo etxeko gauzak egiten genituen. Orain, gero eta denbora gehiago eskaintzen diogu pantaila baten aurrean egoteari. Modu askotan. Chat batean, blog batean, skype-n, "second life" bezalako bizitza paralelo birtualetan... Orain bizitza publiko hori, lehengo intimitate eremutik egiten dugu. Harremanak ematen dira baina modu digitalak bideratutako harremanak dira. Nahiz eta benetakoak izan, nahiz eta mundu hori ere oso erreala izan. Hori agertu nahi izan dut.

Erramun Landa, Asel Luzarraga, Edorta Jimenez... Izen propioak azaltzen dira hainbat ipuinetan. Ez da kasualitatez egiten horrelako aipamenik. Lehen biek une gogorrak pasa dituzte gainera, atxiloketa eta espetxealdia hurrenez hurren. Baina bestela ekarri nahi izan dituzu ipuinotara.

Nik Asel Luzarragarekin ikasi nuen eskolan. Mundakan elkarrekin egoten gara eta harreman handia daukat berarekin. Axelen atxiloketaren harira, Bartzelonara joan nintzen hitzaldi bat eskaintzera. Eta handik sortu zen Kontrabiografoa ipuina. Erramun Landa margolariarena aldiz, kointzidentzia izan zen. Lerdo makiladuna izeneko ipuina orrazten ari nintzen eta orduan atxilotu zuten. Aspaldi Lisboa koadroa erosi nion Landari, oso koadro iluna, garai horretan beltzak eta grisak erabiltzen zituen. Eta Sukar ustelaren urtea liburuan (Txalaparta, 2004), lehenbiziko esaldia oso polita da. Edorta Jimenezek dio "Lisboa argiaren azken pausalekua dela". Oso polita da hori. Lerdo makiladuna ipuinean, Lisboa koadroaren belztasuna eta Edortaren argitasuna ageri dira. Protagonistak momentu batean ez daki oso ondo non dagoen, Dublinen, Lisboan, eta berdin zaio non dagoen ere. Hori da gaur egungo hirien gaitza. Donostia hiri kulturala izateko borrokatzen ari dira eta oso ondo iruditzen zait, baina beste 16 hiri gauza berarengatik ari dira borrokan. Eta guztiek gauza antzekoak eskaintzen dituzte.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga gero eta zailagoa da bereizten. Antzekorik esan zenuen liburuaren prentsaurrekoan.

Gure bizitzek gero eta gehiago dutelako fikziotik. Mundu birtualak gero eta gehiago ematen digu, eta gero eta gehiago emango digu. Gure bizitzak beraz, gero eta fikziozkoagoak dira eta horrek ere eragina izango du literatura ulertzeko moduan. Gure bizitzak gero eta fikziozkoagoak badira, bide horretan badabiltza, zer utzi literaturarako, ezta?

Txakur ingelesak ipuin liburu hau argitaratu ondoren, nondik jotzeko asmoa duzu?

Pentsatzen dut tarteka jarraituko dudala ipuin batzuk idazten. Baina oraingoz hiru gauza ditut buruan. Horietako bi, nobelak lirateke, bat klasikoagoa bestea ez hain klasikoa. Eta bestetik, saiakera txiki-txiki bat idatzi nahiko nuke.

 

Bilaketa