literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Hitzen uberan, 2017-04-28
[iturburua]
Martxel Mariskal:
«Edertasunaren aldeko borroka, beste gizarte baten aldeko borroka da»

Martxel Mariskalek Azken zakatzak poesia liburua plazaratu du Susa argitaletxearen eskutik. Itsasoa, memoria, oinazearen kontrako borroka, edertasunaren aldeko aldarria, eta erroetan, bizitzaren aldeko konpromiso sendoa. Enpatiaz beteriko lerroak, irudiz beteriko poemetan: azaletik eta bistakotik haratago BIZI ZAITEZ!, BIZI ZAITEZ!, BIZI ZAITEZ! da hau, dogmetatik eta dogma baino ez diren antidogmetatik haratago.

Literaturaz ari ekidin ezina da aipatzea Me llamo Ezequiel y así será siempre nobela, 2002an Hiruk argitaratua. Adin bat daukagunontzat liburu horrek eduki zuen bere oihartzuna, jende askori entzun izan diot belaunaldi-liburu bat izan zela. Nola oroitzen duzu liburu hura, oso urrun ikusten duzu?

Oso presente ikusten dut. Liburua argitaratu zenean ni atzerrian nengoen, Eva Forestek irakurri zuenean interes handia hartu zuen berehala eta argitaratu nahi zuela esan zidan. Hiru oso argitaletxe txikia zen, eta liburuak ez zuen inolako erakusleihorik edo bultzadarik izan. Hala ere Eva Forestek esan zidan bera konbentzituta zegoela ahoz aho funtzionatuko zuela. Orduan bai, kontent nago harekin eta gertu ikusten dut, ikusi dudalako bizirik iraun duela, ni baino biziago igual (barreak). Ni ohe gainean eta sofa gainean egon naiz gaixorik, kalearekin kontakturik gabe, ezin sozializaturik, oinazearekin borroka gogor batean, eta bitartean urte hauetan guztietan iritsi zaizkit handik eta hemendik liburuari buruzko oihartzunak. Ez bakarrik Euskal Herritik, baita Espainiatik ere.

Ikusi dut ere eskuz esku pasatu dela belaunaldi batetik bestera. Esperientzia horrekin konturatu naiz badaudela gai batzuk eta kontatzeko era bat ez direla moda kontua. Nahiz eta pertsonak belaunaldietan banandu denok gaude oso lotuta; azken finean gizakiok irrika, beldur eta desio berdinak ditugu garai ezberdinetan ere. Nahiz eta lehen telefono mugikorrik ez egon eta gaur egun bai, 90. hamarkadako gazte batek edo oraingo batek esentzian gauzak oso sutsuki bizi ditu: lagunartearen garrantzia, lehen amodioarena... horretaz hitz egiten zuen liburuak.

Nire sormen lanak derrigorrezko etendura izan zuen ondoren, eta horregatik banuen lan hartatik aldentzeko beharra ere. Egin ditut gauzatxoak denbora honetan, Lisabörekin letragintzan adibidez, baina ez nuen nahi liburu bakar bat idatzi duen pertsona hori izan: badakit gauza gehiago ditudala esateko, beste momentu batean nago orain, gauza berrien beharra daukat.

Hala ere bere garaian Ezequiel irakurri eta orain Azken zakatzak irakurtzen duenak, idazle bera topatuko du?

Nik uste dut baietz. Mundua ulertzeko beti dugu taxonomiarako joera, dena egon behar da klasifikatua, eta literaturan ere hori gertatzen da. Hiru genero daude: forma narratiboa, poesia eta antzerkia. Ados, baina niretzat dena da literatura, balio bera du testu orok literatura den aldetik eta komunikazioa den aldetik. Zer garen ulertzerakoan eta adierazterakoan niretzat funtzio eta garrantzia berdina du genero batek edo besteak. Nahiz eta Ezequiel genero narratiboan sar genezakeen eta hau poesian, badakit nire kasuan poesia oso presente egongo dela beti forma narratiboan idatzi, elkarrizketa bat idatzi edo poesia ulertzen dugun berezko forma horretan idatzi. Ez zait gustatzen gauzak modu zuzenean, panfletarioan esatea, hitz potoloekin... nahiago dut giroak eta irudiak sortzea.

Bestetik, Ezequielen itsasoa bera kasik beste pertsonaia bat zen, eta liburu honetan badu ere presentzia. Badago lotura bi lanen artean, derrigorrez.

Aipatu duzu literatur generoen sailkapenaren gaia, etorri zait gogora Ezekiel antzezlan bat ere izan zela, Antzerkiola Imaginarioak eta Sagarroik taularatu zutena. Ikusi zenuen antzezlan hura?

Hain gaixorik nengoen garai hartan ezin izan nuela joan azken emanaldira arte. Nik prozesuan egon nahi nuen haiekin, entseguetan, erabakiak hartzeko orduan presente. Antzerkia eta zinemarako gidoigintza beti interesatu izan zaizkit. Adaptazio batean erabaki asko hartu behar dira, baina ezinezkoa izan zen niretzat. Oroitzen naiz estreinaldia Tolosako Leidorren egin zela, nire familia osoa eta lagun mordoa joan zen Hondarribitik, baina ni ohean geratu behar izan nintzen. Azken emanaldia ikustea lortu nuen, Irungo Amaia antzokian. Emanaldia Jeff Buckleyren “Hallelujah” kantaren bertsioarekin hasi zenean emozio handia sentitu nuen, kasik malkotan hasi nintzen.

Aipatu duzu Lisabörentzat egindako letrak egin dituzula azken urteetan. Ezequiel baino lehen ezagutu zintugun Beti Mugan taldeko letragile, talde gehiagorentzat ere idatzi izan duzu. Zuretzat zer izan da letragintza, batez ere azken urteetan? Idazteko modu bat, edo musikan jarraitzeko modu bat?

Niretzako idaztea izan da gehiago, baina hala ere Lisabören bitartez ni beste dimentsio batean sartu ohi naiz. Beti Muganekin hitzak nik egiten nituen baita ere, baina sormen aldetik pop eta rock musikako kanten egiturak jarraitzen genituen... Lisabörekin sorkuntza askoz ere potenteagoa da, oso barrutik ateratzen dira gauzak. Haien lan egiteko modua oso fisikoa da eszenatokian, eta baita sortzerakoan ere. Erabateko askatasuna dago, baina askatasuna logika baten barnean. Sortzaile bezala asko exijitzen dit eta era berean asko gustatzen zait neure burua hor ikustea. Gainera harreman oso berezia dugu maila pertsonalean, oso ondo ulertzen dugu elkar. Azken diskoarekin (Animalia lotsatuen putzua) nahiz eta euskaraz izan testuek oihartzun handia izan zuten kanpoan ere. Hori ere poza izan zen guretzako, euskaldunak izanik uste dut gauza polita dela, bertako hitzek muga linguistiko hori gainditzea.

Letragintza eta poesia sortzeko orduan oso urrun ikusten dituzu biak? Badirudi hor badagoela zubi bat, baina era berean prozesuak ezberdinak dira...

Prozesu ezberdinak dira. Liburu honetako poemak musikatu daitezke, baina desberdina da, ni behintzat mentalki ezberdin kokatzen naiz batean zein bestean. Gainera musikak indar handia du, giro bat sortzen du berez, musikak beste toki batera eramaten zaitu. Idazterakoan ez daude halako estimuluak, normalean zu eta papera zaudete, aurrez aurre. Forma aldetik berdintsuak dira, poemak musikatu daitezke eta betidanik musikatu izan dira, baina sortzerakoan desberdinak dira.

Azken zakatzak liburuan barneratuz, liburuan oso presente dago oinazearen itzal biografikoa, aurkezpenean aipatu zenuen Ezequiel eta gero hasia zinela idazten gerora gaixotasuna eta oinazea agertzean tiraderan geratu diren hainbat lan... lehenagotik ere poesia idazten zenuen edo orain, gaixotasunaren ondorioz, etorri da?

Lehendik ere idazten nuen poesia. Oso gaztetxotik idatzi izan dut, hobeto edo okerrago berdin dio horrek, idaztea nire izaerarekin oso lotuta dago. Garai hartan herriko literatur lehiaketetara aurkezten nintzen, baita beste leku batzuetan ere, sariak irabazten nituen poesian, narrazioan... Poesia, badakizu, gazte zarenean maitemintzen zara, institutukoko neskari zerbait idatzi nahi diozu... (barreak) Orduan ez zegoen instragram eta holakorik, gaur egun pentsatzen dut dezente aldatu dela hori. Lehen gehiago landu egin behar zen, cassette bat grabatu, gutun txiki bat idatzi, poema bat... Baina gauza bat da idaztea, eta beste bat argitaratzea.

Lan honetan noizkoa da poemarik zaharrena, zer nolako prozesua izan da liburu honena?

Hautaketa bat egin dut, etxean idatziak edo erdi idatziak ditut testu asko. Kantak egin ditudanean bezala poemak hartzen du momentuko esentzia. Narrazio batek eskatzen du argumentu bat, hari bat, pertsonaia batzuk... hori ezin duzu oso modu zatikatuan egin, eta ni oinazearekin batzuetan ez naiz ezertarako gai izan. Poema batzuekin bai egin ahal duzu lan horrela, agian ez duzu idatziko poema osoa baina bai poema baten zirriborro bat, gerora poema bilakatu daitekeena.

Poema batzuk lehendik idatziak zeuden, erreskatatu eta txukundu egin ditut. Beste batzuk bete-betean gaixorik nengoela idatzitakoak dira, eta azken batzuk egitasmo hau aurrera zihoala jakin nuenean idatzi nituen.

Poesia liburuak askotan ataletan banatuak egon ohi dira, kasu honetan ez, baina badira gai-ardatz batzuk liburua zeharkatzen dutenak: itsasoa, oinazea bera, gizarteari luzatzen zaion begirada bat... Nola dago antolatua liburua, bakarrizketa moduko zerbait da, ibilbide kronologiko bat...?

Idaztea era askotan definitu liteke, baina zerbait baldin bada nik uste dut batez ere norberarekin egiten den elkarrizketa bat dela. Elkarrizketa edo monologo horretan badaude beti gai errekurrente batzuk. Nire bizitzako momentu honetan oinazea agertzen da, hori delako bizitzea tokatu zaidana. Baina zerbait argitaratu badut ez dut nahi inork pentsatzea “hau da gaixorik dagoen pertsona batek idatzitako liburua”. Ez da pose kontu bat, nik badakit gaixorik nagoela eta hori dela nire errealitatea.

Itsasoa ere oso presente dago liburan, txikitatik presente egon delako nire bizitzan modu guztietan: etxe barrenean, auzoan... Itsasoa modu fisikoan bizi izan dut erabat, eta baita modu ekonomikoan ere etxean. Ez da bakarrik metafora bat, ez da itsasoari luzatutako begirada erromantiko tipiko hori, bizimodu bat dago horren atzetik.

Bestalde, argi ikusten dut badagoela gizartearekiko begirada bat ere, nire kezka nagusietako bat horixe delako: norantz goazen, ni eta zu, biok, garai bateko eta egoera bateko seme-alabak gara, seguru nago badirela hemen zeharka agertzen diren zenbait gogoeta eta kezkekin identifikatzen diren pertsonak.

Gai horietan sakondu baino lehen, bada deigarria egin zaidan gauza bat, agian teknikoa dena: poema asko daude eraikiak irudien bonbardaketekin, zerrendatze luzeekin. Nondik ateratzen da jario hori, agian oso pertsona obserbatzailea zara?

Irudi asko dago, segur aski batzuentzat gehiegi, agian hurrengo batean beste poesia liburu bat egiten badut gehiago zainduko dut hori...

Efektu bat sortzen du, paisaia bat...

Hor dagoen guztia kontzienteki dago idatzia, ez dago kasualitatez. Niri gustatzen zait gauzak zuzenean esan beharrean sentsazioak eta giroak sortzea. Musika bat jartzen duzunean bezala, poliki-poliki sartzen zara sentipen batean; bai idazterakoan bai irakurtzerakoan gera zaitezke bi lerrotan irudi horiei begira, niri hori pertsonalki asko gustatzen zait. Ulertzen dut gero nonbaitera iritsi behar dela eta nahi bat edo logika bat egon behar dela, irakurtzerakoan denok behar dugu zertarako bat, eta hori adieraztea da idazlearen lana. Baina batzuetan bakarrik irudiak sortzea jada asko esatea iruditzen zait.

Nik uste dut irakurketa mantsoa behar duela liburu honek, oso jarraian irakurtzen baduzu uste dut nekatuta bukatuko duzula, eta gainera ez duzula asimilatuko edo gozatuko. Oinazea eta gizartearekiko begirada ez oso polit bat daude liburuan, bai, baina nik uste dut irakurketa honetan gozamena ere aurki litekeela.

Oinazea askotan aipatu dugu, azpimarratua daukat zatitxo bat:

“Zorion handikoa naiz

begiak itxita ere hainbesteraino badakit

nahiz eta gainetik astindu ezin dudan

oinaze suntsitzaile kronikoa

inork gutxik ezagutzen du piztia gupidagabe hau

eta hobe sekula inork ezagutzen ez badu”

askotan topatu ditut zoriona eta oinazea elkarren ondoan, haien arteko talka edo tentsioa, oinazearen aurreko oso jarrera argia dago zorionaren aldekoa.

Bai, oso jarrera pertsonala da, aldarri bat kasik. Oinazea zure bizitzaren maisua denean kasik, jakin behar duzu ez bakarrik horren kontra borroka egiten -oso nekagarria delako borroka egitea-, baita ere horrekin bizitzen. Onartu egin behar duzu zure egoera: bale, ni lehenago halakoa nintzen, gauza asko egiten nituen, baina onartu behar dut nire errealitate berria eta hasi bilatzen geratzen zaizkidan zirrikituetan. Oso ariketa serio eta handia egin behar duzu bizitzen jarraitzeko, oinazeak anulatu egiten zaituelako pertsona bezala. Bi aukera dituzu: edo sofan geratu eta errenditu -bada hortik atera ez den jendea-, edo bestela pausuz pausu pixka bat haratago, aldiro pixka bat haratago joan, horrelako liburu bat ateratzeko gai izan arte adibidez.

Oso presente eduki ditut ilobak liburuaren prozesuan: beraiek ez naute ezagutu lehenago nintzen bezala, beti gaixorik dagoen osaba izan naiz haientzat. Liburu hau idatzi nuenean nire lehenengo helburua amari eskaintzea izan zen, eta bigarrena ilobei oparitzea. Momentu horretan negar malkotan jarri nintzen. Badakite noski ni nolakoa naizen, ez dut umorea galdu, baina niretzako osabaren beste argazki bat erakustea bezala zen, gauzak egiteko gai dena eta garrantzia ematen diona partekatzeari.

Zentzu horretan, sormen lan batean gauzak egongo dira hobeto edo okerrago eginak, literatur kritikan sartuko ginateke hor eta abar. Baina sortzea eta partekatzea, horren bitartez sareak sortzea, niretzat oso-oso garrantzitsua da. Horrek egiten gaitu benetan gizaki. Zerbait sortzen dugunean pentsatzen dut: lehen ez zegoen, eta orain badago. Gero nik ezin dut kontrolatu ze eragin izango duen, jendearentzat gustagarri izango den ala ez, baina beti esaten dut hori: lehen disko hau, kanta hau, musika hau ez zegoen, eta orain badago. Horri garrantzia handia ematen diot. Gero aparte doaz kritikak eta balorazioak eta abar, baina nik sortzeari bakarrik jada garrantzia handia ematen diot.

Oinazea izan daiteke nolabait oraina edo orainari aurre egiteko modu bat, eta itsasoa izan daiteke iragana edo memoria? Iruditeria bat ematen dizu libururako, baina oso lotuta dago aitaren figurari, iraganari...

Bai, oso lotuta dago iraganari. Ni unibertsitate giroan asko ibilia naiz, baina nire benetako eskola pertsona bezala itsasoa izan zen. Hamabost urterekin lehen aldiz atunetara joan nintzenean egin nintzen pertsona heldua. Nire lagunak hondartzan Madrilgo turistekin ligatzen zeuden bitartean ni etxera ogia eraman behar zuten pertsona helduekin nenbilen arrantzan eta lanean, ardura serioak hartzen. Horregatik ere, itsasoa oso lotuta dago ere nire aitarekin. Arrantzale familiakoak, auzokoak, herrikoak gara, nahiz eta herria asko aldatu den.

Itsasoarekin asko amesten dut, eta aitarekin, eta atunekin... kuriosoa da, urte asko pasa direlako ni itsasoratu nintzela. Baina oso presente dago, egunero etxetik atera eta itsasoa ikusten dudalako. Nire lagun batzuk Dakarren ari dira arrantzan, beste batzuk Hondarribiko barkoetan... Beti eduki dut harremana mundu akademikoarekin eta heziketa munduarekin, baina barruan bi mundu horiek eraman ditut batera.

Oinazea oraina, itsasoa iragana... gizarteari luzatzen zaion begirada hori etorkizunarekiko kezka litzateke?

Ez. Nik magisteritza egin nuen, baina nire lehenengo lizentziatura soziologia izan zen. Pertsona multzo edo talde bezala nola jokatzen dugun interesatu zait beti, batez ere "gu" mendebaldeko pertsona gisa: lehen munduko seme-alabak gara, hau da gure mundua. Hain azkar doa dena, hain azkar doaz aldaketak, batzuk nabariak besteak ezkutukoak, oso zaila dela batetik dena jarraitzea eta bestetik ez lokartzea. Adi egon behar dugu, kontzientzia hori mantentzea ezinbestekoa iruditzen zait, gaur egun inoiz baino gehiago. Ezinbestekoa iruditzen zait jarrera kritikoa mantentzea.

Izugarri interesgarria den garai batean bizi gara, segur aski inoiz gizaterian egon den garairik interesgarriena: baliabideak, zientzia munduan eta medikuntzan ematen ari diren pausuak... baina era berean oso garai iluna da. Halako argitasuna dugu -beti ere lehen munduaz edo mendebalde mundu honetaz ari naiz- aho zabalik eta txundituta bizi garela hipnotizatuak bezala, eta askotan ez gara konturatzen horren azpian dagoen iluntasun horretaz. Orduan konplize bihurtzen gara nolabait, jokoan sartu gara eta iruditzen zaigu gainera dena jokoa dela. Telebistan ikusten den diskurtso publikoa ere entretenimendu forma hartzen duen diskurtsoa da: berdin dio show bat ikusten aritu, albistegi bat edo politikari baten hizketaldia, diskurtsoa berdin-berdina da formatu aldetik. Hitzak nola erabiltzen diren, hitzak nola sakrifikatzen diren, hitzak nola husten dituzten, hitzen perbertsio hori.

Guzti hori gertatzen ari da gure begien aurrean, entretenimendura bideratua dagoen diskurtso horretan gu ere bete-betean sartu gara, eta gaur egungo teknologiei esker are sartuagoak gaude. Jada ez gara sistema absolutista baten biktimak, men egin duen gizarte batekoak baizik. Menpekotasun horri baiezkoa ematen diogu egunero hartzen ditugun erabaki txikiekin: mugikorrekin klik egiten dugunean gure datuak ematen ari gara debalde enpresa handiei. Gero bai, oso haserre gaude eta beti marmarka, baina ez dago indar bateratu bat honi buelta emango dionik. Kezkatuagoak gaude gure ongizateaz, gizarte berri bat sortzeaz baino. Horrek eskatzen du azterketa oso serio bat, eta oso gauza txikiekin hasi behar dugu, hemen ez dagoelako aukerarik iraultza bat martxan jartzeko. Lehen bai, despota bat zenuen gainetik eta denok erregimen horren kontra joatea errazagoa zen. Orain ez da horrela, kexatzen gara baina ongi bizi nahi dugu. Balantza egiterakoan normalean ondo bizitzea hautatzen dugu. Eta ulertzekoa da, baina izan gaitezen kontziente zer gertatzen ari den, oso serioa baita.

Hori da nire pentsakera, eta idazterakoan atera egiten da, liburu honetan bezala.

Honek guztiak ekartzen dit gogora aurkezpenean bertan aipatu zenuen zerbait, poesiaren aldeko nolabaiteko aldarria. Poesia funtsean edertasunaren bilaketa da, edertasuna modu askotara uler daiteke. Liburuan ere topatu dut edertasunaren bilaketa bat:

“erreka izoztuaren lepo gainean idazten ari naiz

zubipeko zaborren artean arnasten ari naiz

edertasun desberdin baten bila aztarrika ari naiz

aldi berean garaileak eta garaituak izate honek

busti eta mengel bihurtzen ditu gure hegalak

aise dabilen arren zangorik ez du haizeak”.

Zergatik behar duzu zuk edertasuna?

Confunciori galdetu zioten: zergatik erosten duzu arroza eta era berean loreak. Berak erantzun zuen begira, arroza erosten dut bizitzeko, eta loreak erosten ditut bizitzeko arrazoi bat edukitzeko. Pentsamendu hori oso oso adierazgarria iruditzen zait, nik poesia hala ulertzen dut. Niretzat oso inportantea da pertsona garatzea gizaki bezala, eta jarraituko dugu garatzen, uste dut horregatik egiten dugula antzerkia, edo idazten ditugula gutunak, edo pintatu koadroak, edo eskulturak egin, eta abar, inork ez digu eskatzen hori egitea, inork ez digu jartzen pistola bat buruan idazten jartzeko. Pertsonak horren beharra dugu.

Gero eta gutxiago egiten ditugu gauzak bokazioz, niretzako ideala izango litzateke gizarte batean denok lan egitea gustukoa dugun zerbaitetan. Normalean jendeari entzuten badiozu bere lanaz hizketan, kexatzen, marmarka entzungo duzu, eta ez soilik diruagatik, ez gaude sartuta erregimen autoritario batean baina harrapatuak gaude. Gazte bat bokaziozko lan batean hastea iruditzen zait egun gauzarik zoragarrienetako bat. Aldiz daukagu gazteen gehiengoa lanik gabe, edo lana egiten soilik dirua behar duelako, belaunaldi oso bat txikitzen du horrek eta bokazio guztia pikutara bidaltzen, poliki-poliki pertsona horiek helduen munduan sartuko dira segur aski bere izatearen alderdirik garrantzitsuena sakrifikatuta. Eta edertasuna hori da. Edertasuna, edo poesia, ez da bakarrik poesia idaztea, loreei buruz edo egunsentiari buruz hitz egitea. Edertasuna dago 90 urteko amona batean, bere eskuetan, bere begiradan, bere ahaleginetan. Edertasuna dago toki miserableenetan eta gogorrenetan begiratzen jakinez gero, eta enpatia bat lantzen baldin baduzu. Enpatia iruditzen zait hitz gakoa gaur egungo gizarteaz ari bagara. Hainbeste ordu pasa ditut ospitaleetan, neurologoekin, egongeletan gaixoak ikusten...

Edertasun horren bila joan behar gara bestela kendu egingo digute, geratuko zaigu gizarte bat denok pantailari begira, kriston irudi politak bai, baina abiadura ero horretan gutaz ahazten ari gara, gure esentziaz. Horregatik dira inportanteak liburuak, antzerkiak, norbaitek idaztea, beste batek dantza egitea... azken finean edertasuna gizatasunaren alde borrokatzea da. Hori da benetako edertasuna, ez ahaztea zer eta nortzuk garen. Ni idazten jarri naiz ez ahazteko nor naizen. Idaztea, irakurtzea, antzerkia idaztea, lapurtu behar dugun denbora da, gure garapenaren parte, eta edertasuna neurri handi batean hor hasten da.

Bizi gara utilitarismoari begira den gizarte batean: zertarako balio du koadro batek? Zertarako idazten duzu, ez baduzu dirurik irabaziko? Dena baldin bada transakzioa denak eduki beharko du etekin bat, horregatik esaten dut gure ardura dela oso adi egotea. Borroka hori, edertasunaren aldeko borroka, beste gizarte baten aldeko borroka da, elkarrizketa humano baten aldeko borroka, hori bai da edertasuna niretzat, eta hori bai da poesia.

Zeozer gehiago gehitu nahiko zenuke?

Bai, zerbait aipatuko nuke: azken gogoeta bezala bai esango nuke, entretenimenduaren aldeko jarrera hori oso nabaria dela literaturan ere. Literaturaren alderdi ludikoa aldarrikatu behar da, horretan sinesten dut erabat. Baina egia da gailendu dela entretenimendu dinamika erraldoi horretan literatura mota bat erabat zuzenduta horretara, irakurlea entretenitzera. Hau da, gauzak gertatu behar dute, pertsonaia asko egon, izan daitezela erraz engantxatzen duten gaiak... Beste motako literaturari ere eman diezaiogun garrantzia, bestela irakurle hutsalak ari gara fabrikatzen, arinkerian mugitzen diren irakurleak, eta hori ongi dago non eta badugun balantzan jartzeko beste literatura mota bat.

 

Bilaketa