literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Iņigo Astiz
Berria, 2016-01-10
[iturburua]
Harkaitz Cano:
«Anti-literarioak izan zitezkeen gauzekiko nire interesa handiagoa da orain»

Bere betiko joeren kontra idatzi nahi izan ditu Harkaitz Canok 'Beti oporretan' liburuko ipuin batzuk, baina, onartzen duenez, erdiz soilik bete du hasierako asmoa. Aurka egin dion arren, azkenean, Canok garaitu du Cano gehien-gehienetan.

Esku kontra idatzi nahi izan du oraingoan Harkaitz Canok (Lasarte, Gipuzkoa, 1975). Hori dio. Cano jarri duela Canoren kontra. Berezkoen dituen literatura joerei aurka egiten saiatu bai, baina ezin izan diola bere buruari guztiz izkin egin. Eta ezintasun horren emaitza ere bada Beti oporretan ipuin bilduma (Susa). “Azkenean nahi baino gutxiago aldatzen gara”. Betiko obsesioak ageri dira horregatik kontakizunetan: idazleen bizitzak, arte garaikidea, musika... Erabateko hausturarik ez, baina erabateko jarraipenik ere ez. Aldatu egin zaio literarioarekiko ikuspegia, adibidez, eta orain nahiago ditu pertsonaiak kanpin bateko plastikozko aulkietan eserita, Lisboako kaleetan paseoan baino. Errealitatea eta haren alde literarioa. Baina baita ere literatura eta haren alde erreala ere, euskal literaturaren paradoxak ere igar baitaitezke Canoren erantzunetan. Bera adibide: idazle profesional bat, literatura idatzi ahal izateko opor modukoak hartu beharrean.

Irudipena dut Twist idatzi ostean exorzismo moduko baten beharrean zeundela.

Bai. Gogoa nuen zerbait oso diferentea egiteko.

Orain urte batzuk uste dut kolpean esango zenukeela ipuingilea zinela. Orain hain kolpean botako zenuke?

Orain ere esango nuke ipuingilea naizela; gertatzen dena da orain ulertzen dudala hobeto nobelaren magnetismo barnebiltzaile hori. Oraindik ere pentsatzen dut pronostiko guztien kontra ipuina dela genero garaikideena izan behar lukeena, irakurtzeko denbora gutxien exijitzen duelako eta abar eta abar. Baina hori merkatuak gezurtatzen du. Editore eta irakurleek ez dute hobesten ipuina, hobesten dute nobela.

Ipuinak merkatuaren logikaren aurka doazela esan zenuen Poetry International Festival Rotterdam jaialdian. Eleberria: behin erosi, behin irakurri. Ipuina: behin erosi, maiz irakurri.

Poemek eta ipuinek hori dute amankomunean, berrirakurleentzako lehengaia dira, eta, beraz, ez dira hain merkatu eta hain mass media-renak. Gotorleku genero dira. Eta gotorleku genero diren heinean, aukera onartzen diogu geure buruari beharbada nobela batean egingo ez genituzkeenak egiteko.

Esperimentatzeaz ari zara. Idazle profesionala izanik, onartzen diozu zeure buruari porrot egiteko aukera?

Zer da porrot egitea?

Esperimentua gaizki ateratzea.

Porrota niretzat ez litzateke esperimentua gaizki ateratzea, baizik eta esperimentua gaizki atera eta halere argitaratzea. Ipuin asko liburutik kanpo gelditu dira, batzuk ez zaizkidalako gustatu eta beste batzuk ez zirelako bilduma honetako kide. Nolabait, bildumak egotzi egin ditu. Banituen hiru bloke tematiko azken urteetan ipuinekin. Batzuk ziren doblearen gaiaren ingurukoak, gai horrek pertsegitu egiten nauelako: Twist-en dago, Belarraren ahoa-n dago, Beluna jazz-en dago... Beste blokea zen idazleen inguruko istorioena. Eta hirugarren blokekoak ziren giro udatiarrekoak. Giro udatiarrak irabazi du, nahiz eta badauden pare bat egon zitezkeenak beste multzo batean ere.

Aurkezpenean esan zenuen liburu hau zela beste idazle bat ezin izatearen emaitza.

Hori Rodrigo Fresani kopiatu nion. Hari entzun nion esaten estiloa defini daitekeela bi modutara. Modu epatante baikorrean, esanez hainbat urteren ondoren estilo bat lortu duzula, edo bestela esanez asko gustatzen zaizkizun hainbat idazle daudela eta saiatu zarela haien antzekoa izaten, eta saiakera horien ondoren eliminazioz geratu den emaitza dela zure lana, eta horri deitzen diozula zure estiloa. Horrek esan nahi du azkenean nahi baino gutxiago aldatzen garela, baina ez dut horrekin drama bat egin nahi.

Baina literario denarekiko ikuspegia aldatu zaizula diozu. Neguko zirkua ipuin bilduman, Parisko hilobi artean paseoan zebiltzan pertsonaiak; orain, kanpineko plastikozko aulkietan eseri dituzu.

Neguko zirkua-ko ipuin gehienak idatzi nituen neguan eta idatzi nituen Parisen, eta hauek idatzi ditut udan eta Menorcan. Niri gustatzen zait porosoa sentitzea, ez bakarrik pertsonekiko baizik eta baita lekuekiko ere. Baina egia da aldatu zaidala literario denarekiko ikuspuntua ere. Guk 20 urte genituenean geneukan literaturaren nozioa literarioagoa zen orain 20 urte dauzkatenena baino. Bageneukan nik uste literarioa zenarekiko ikuspuntu libreskoagoa. Ginebra erreginaren Sarrionandiaren ipuina eta Atxagaren Obabakoak, adibidez. 20 urte geneuzkanean horren eraginpean idazten genuen, eta bageneukan, kakotxekin esanda, “goi mailako literatura kanonikoarekiko” lotura hori, nahiz eta Bukowski eta errealismo zikina eta Montoia eta abar ere hor egon. Esango nuke hori orain aldatu egin dela. Eta anti-literarioak izan zitezkeen gauzekiko nire interesa ere orain askoz handiagoa da.

Mundutik apartatuta bizitzea erabaki duen idazle bati buruzkoa da bildumako azken ipuina, eta bertan dator esaldia. “Hala iruditu zait, ez zela hura momentua bizitza literaturarekin zikintzen hasteko”.

Nik ez ditut bereizten eta ezta bereizi nahi ere. Baina ipuin horretan ageri da idazle bat egin duena hautu bat apartatzekoa. Badago hor gurari bat gaur egun lortzeko gero eta zailagoa dena; ez ja betirako desagertzea, baizik eta bi edo hiru hilabetez desagertzekoa. Gaur egun badirudi zuretzako denbora hartzea irakurtzeko edo idazteko gero eta garestiago ordaintzen den luxu bat dela. Kasu honetan badago modu erradikal batean desagertzea erabakitzen duen idazle bat. Ipuina izan daiteke nire gurari baten emaitza.

Norberarentzat denbora hartzearen zailtasunak. Idazle profesionala izanik ere, liburu hau zuk zeuk ere kasik oporretan idatzitakoa da. Hots: euskal literaturako literatur lan gehienak bezala.

Hala bizi gara enkarguzko lanez bizi garenok ere. Ni neu askotan haserretu naiz neure buruarekin ez dizkiodalako nahi adina gauza enkargatzen neure buruari. Liburu hau idazteko modu bat izan da antzerkilari honekin eta beste dantzari harekin lanean aritu ondoren hiru hilabetez neure buruari enkargatzea liburu bat. Nork bere buruari gogor egin beharra ere badago, desbideratze gozoetatik zeure lanetara etortzeko. Nik egiten ditudan desbideratze guztiak oso gozoak dira. Alde horretatik zortea daukat. Diruagatik bakarrik ja ez dut lanik egiten. Ez bazait interesatzen proiektu bat, ez naiz sartzen. Gero erratuko zara, damutuko zara edo asmatuko duzu, baina printzipioz alde horretatik pribilegiatutzat daukat neure burua.

Literaturaren periferiak irensten du literaturarako denbora.

Bai. Eta baita ere birplanteatzen dizu zein den zure zeregina idazle bezala. Hain inportanteak dira nik neure buruari egiten dizkiodan enkarguak?

Eta badira?

Pentsatzen dut baietz. Nahiko nuke baietz. Baina kontrapisu hori hor dago beti balantzan. Ez nau horrek kiskaltzen barrutik. Garai batean igual gehiago. “Sei hilabete daramatza kulebroiak egiten”, pentsa nezakeen duela hainbat urte. Bueno, eta zer? Gerora, nire esperientzia izan da ideiak zenbat eta denbora gehiagoz hor utzi, hobeto. Ez da ezer galtzen itxoiteagatik. Ez dut inoiz ezer galdu itxoiteagatik.

Dopina, bi kooperatibistak egindako safaria, eta baita kartzelara egindako bisita bat ere. Ipuinen gai guztiek aitzakia dirudite, ordea; giza zamaz ari dira denak, eta bikote harremanez zehazki gehienak.

Egia da, baina saiatu naiz ipuin bakoitzean berunezko soldadutxoen kopurua eta gerra disposizioa aldatzen. Batean da bikote bat, beste batean da hirukote bat, beste batean hiru gehi bat, bestean bi gehi bi gehi bi ume... Goizalde Landabasok esaten zuen galtzaileen galeria bat ikusten zuela liburuan. Ni ez nintzateke hain kontundentea izango. Nire ustez, galtzaileak denok gara, eta polikien galtzen dutenei deitzen diegu irabazle. Abiadura kontua da. Inork ez du irabazten, batzuek galtzen dute polikiago. The Wire telesailetik lapurtutako esaldi bat da hori, baina klabea da. Eta hori ez badaukazu garbi, sufrituko duzu bizitzan. Eta hori jakinik, diberti gaitezen. Hori izan da nire lema nagusia errelato hauek idatzi ditudanean. Idatzi bitartean dibertitu nahi dut. Eta giza miseriei buruz aritzean ere dibertitu nahi dut. Eta saiatu nahi dut baita ere bilatzen indar harreman berriak harremanetan. Adibidez, Belaontzia ipuinean pertsonaiek ere saiakera hori egiten dute. Leialtasunari buruz hitz egitean errepikatzen ditugu XIX. mendeko klixe batzuk. Harreman modu berriak ikusi ditugu agertzen telesailetan ere. Baina goazen egitera ariketa hori benetan, ez modu pedagogiko batean. Goazen praktikara eramatera. Hipotesi batzuk muturrera eramanda daude batzuetan.

Kartzelako bisita kontatzen duen ipuinaren kasuan, gatazkari buruzko istorio bat baino gehiago, gatazkak sortutako humusaren gainean sortutako istorio bat da.

Asmoa zen hitz egitea kartzelako istorioak kontatzen direnean kontatzen ez diren edo pertinentetzat jotzen ez diren kontu horiez. Literaturatik gehien interesatzen zaidana ere hori da. Historiaren zer alde ez zaigu eroso, edo zein ez dugu kontatzen, edo zeinek ematen digu beldurra? Horra hurbiltzen saiatu behar genuke.

“Irakurleak behar ditugu, ez idazleak”. Azken ipuinean ageri den idazlearen hitzak dira.

Badago desproportzio baten sentsazioa. Hor bi gauza daude. Bata da irakurlea gero eta idazleago dela, idazten duelako. Inoiz ez da idatzi orain adina: testuak, whatsapp-ak... Ez da izango literatura, baina idaztea da. Irakurlearen idazle izateko ahalmenari buruzko konbentzimendua askoz ere altuagoa da egun. Lehen, suposatzen zen idazleek idatzi eta irakurtzen zutela, eta irakurleen gehiengoak egiten zuen irakurri. Baina orain aldatu da hori. Hortik dator idazkurlea-ren figura. Hori batetik, baina beste aldetik badago nire ustez gortze orokor bat eta bakarrizketarako joera bat. Mundu interkomunikatua deitzen dugun hori zer da? Bakarrizketa pilaketa bat. Ez dugu elkar entzuten, ez dugu elkar irakurtzen, baina denok nahi dugu gurea irakur dezaten eta entzun gaitzaten. Bakarrizketa uniboko unikanal pila bat daude, eta gero noiz edo noiz zig-zag batean badago komunikazio txinparta bat. Horrek esan nahi du inoiz baino komunikatuago gaudela? Ez dakit.

Ikusgarritasuna da euskal kulturaren arazo nagusia. Hori esan zenuen Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan. “Nazio mailako erabaki batzuk hartu behar lirateke”.

Iruditzen zait azpierabiliak daudela euskal gizarteak eta erakunde publikoek dauzkaten kulturarako tresnak. Nazio bezala erabaki politikoak ez badira hartzen, eta gero lan horiek ez badaude irratietan, ez badaude telebistetan, ez badute elkar elikatzen, ez du ezertarako balio urtero 500 disko ateratzeak eta ez dakit zenbat liburu ateratzeak. Ez zait iruditzen azken hamabost urteetan sortu den disko, liburu, antzerki eta abar horiek denek kultur magma konpartitu hori osatzen lagundu dutenik, eta ez da izan kalitate faltagatik, baizik eta ekosistema egokia ez dutelako topatu.

Saio indibidualez harago estrategia zabalagoa falta.

Ez dago jarrera artikulaturik. Gainera, telebistaren kasua dago blindatuta audientziaren koartada erabat perbertso horrekin. ETBren lanak oso argia izan behar luke estatutuetatik. Nik ez dakit zer estatutu daukan ere, baina zuk ETBko funtzionario bezala izan behar zenuke betebehar ezarria euskal kultura ezagutu, sustatu, ezagutarazi eta gainera audientzia lortzekoa. Hori da zure lana: ordena horretan. Baina hori esan behar du lehendakariak edo Kultura sailburuak. Eta EITB dago munduko beste ezein telebistak egin ezin duena egiteko, hau da, euskal kultura ezagutu, sustatu, ezagutarazi eta gainera audientzia lortzeko. Eta gero dago lanaren eta zereginen distribuzio oso desorekatua. Adibidea hor dago. Kultur teknikariak deitzen du artista, eta esaten dio erakusketa bat egin nahi dutela bere lanekin, baina ez dutela dirurik ordaintzeko. Beraz, ez dago dirurik artistari ordaintzeko, baina teknikariaren soldata ordaintzeko bai. Zu zaude hemen erakusketak antolatzeko dirurik gabe, baina erakusketa antolatzailea zara tituluz eta soldataz. Zerk egiten du huts orduan? Behar da birdiseinatze bat.

Baina ez da erakundeen kontua soilik, ezta?

Erakundeena hor dago, baina hor dago partikularki egin genezakeena eta egiten ez duguna ere. Kolonialismoaz hitz egiten dugunean, ez dugu hitz egiten autokolonizatzeaz. Hau da, Euskal Herriko Hegoaldeko tabernari guztiek nola erabaki duten plasma telebista bat jartzea eta Tele5 jarrita uztea, orakuluak esan dielako horrela jende gehiago joango zaiela, eta horrela diru gehiago lortuko dutela. Oso ondo. Ez diegu garrantzirik ematen ez ordutegiei ez Super BM eta halakoetan jartzen duten musikari, ez ezeri, eta hor dago jokoan ia dena. Erakunde publikoei egin behar zaie kritika hori, baina geure buruak pozoitzeko daukagun joera hori ere aztertu beharko da behintzat, edo horren kontzientzia hartu behar genuke. Ni hor desesperarazten naiz gure jokaerarekin. Bost axola zaigu gure belarrietatik zer kutsadura sartzen den. Nik gurutzada bat daukat hor, baina oso gurutzada bakartia da.

 

Bilaketa