literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Igor Susaeta
Berria, 2014-12-27
[iturburua]
Mikel Peruarena Ansa:
«Pertsonaiak deskribatu behar ditugu esaten eta egiten dutenarekin»

14ko gerran, Ipar Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren. Errealitate harrapaezin eta kaotiko hori kontatu du 'Su zelaiak' nobela koralean.

Konparazioak egitea ez dela egokia pentsatzen du Mikel Peruarena Ansak (Ereñotzu, Hernani, 1978), baina iruditzen zaio ezin direla alderatu ere egin Euskal Herrian 1936ko gerraz idatzi dena eta 1914koaz idatzi dena. “Garai batzuetako gure historiako gauza gutxi ezagutzen ditugu”. Gainera, sasoi hark, I. Mundu Gerrakoak, literarioki sekulako aukerak ematen dituelakoan dago. Gogoko ditu historiako gaiak, eta aurreneko nobelan moduan —Ez obeditu inori (Susa, 2009)—, bigarrenarekin ere mende oso bat egin du atzera. Berriako kazetaria da, baina, lan baimen bat dela-eta, azkeneko hiru hilabeteak frantsesa ikasteko aprobetxatu ditu, besteak beste. Ia bi hilabete igaro ditu Okzitanian; aurrena Bordelen, eta gero beste puntan, Mediterraneo itsasotik gertu, Beziers inguruan.

I. Mundu Gerran, Gerla Handia edo 14ko gerra deitutakoan, Ipar Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren. Ez da oso kontu ezaguna, ordea, Hegoaldean. Su zelaiak eleberria idazteko motibazio nagusietako bat izan al da hori ezagutaraztea?

Bai. Aspalditik daukadan kezka bat da. Xabier Montoiak Hezur gabeko hilak (Susa, 1999) kaleratu zuenetik, azkeneko hamabost urteotan inork ez du fikziozko ezer idatzi gaiari buruz. Harrituta nago oraindik. Hegoaldeko Euskal Herrikoon erreferentzia kulturalak horiek dira: Espainia, Europa ez dakit... Batik bat Espainia. Eta horrek izugarri baldintzatzen du. Geure burua ikusteko eta imajinatzeko daukagun modua ere aldatzen du horrek. Gehiago begiratzen diogu Hegoaldeari Iparraldeari baino. Ikerketa batzuk-eta ateratzen ari dira, eta mendeurrenaren aitzakiarekin gehiago, baina frantsesez erabat, Hegoaldean apenas oihartzunik dutenak.

Hain justu mendeurrena bete denean kaleratzea erabaki kontzientea izan al da?

Bueno, izan da neure burua behartzeko aitzakia, azkenean. Badira bost bat urte Eskualduna [aldizkaria] zaharrak irakurtzen hasi nintzela, dokumentatzen... Duela hiru bat urte-edo prest neukan dokumentazio lana, baina idazten hasten nintzen eta ez nuen asmatzen, inondik ere, zer pertsonaia aukeratu: mila ideia neuzkan. Oso zaila egiten zitzaidan hari bati tira egitea. Hasi eta utzi, hasi eta utzi ibili naiz. Mendeurrenarena bazetorrela ikusi nuenean, pentsatu nuen: “Edo orain edo batere ez”.

Hasi eta utzi ibili zinela diozu. Zehaztu al dezakezu zer zen hasten eta uzten zenuen hori?

Aukera asko erabili nituen buruan, baina bi mutur izan zitezkeen. Batetik, baneukan familia saga baten ideia bat. Horrek aukera asko ematen dizkizu: batzuk gerrara doaz eta besteak ez, apaizak sar ditzakezu, desertoreak, fronteko gatazkak, atzean gertatzen dena, emakumezkoen egoera, miseriak... Gauza luze bat kontatzeko ematen dizu; Vasili Grossmanen Vida y destino-ren [Bizitza eta patua] estiloko gauza bat, adibidez. Beste muturrean zegoen aukera zen haien artean batere loturarik ez zuten narrazio bilduma bat egitea.

Azkenean, ordea, ez duzu ez mutur batera eta ez bestera jo: erdiko bidea al da hartu duzuna?

Ez da erdiko bidea. Bi aukera horiek lantzen hasi nintzen, baina ez nuen neure burua aurkitzen, ez nuen ahotsa aurkitzen, eta ez ninduen konbentzitzen. Azkenean, familia sagak eta elkar gurutzatzen diren istorioak eta gauza horiek... Zilegi dira, noski, baina idazteko orduan ez naute askorik motibatzen. Nahiago ditut lotu gabeko istorioak utzi, edo berezkoagoak... Iruditzen zait errealagoa. Kontua da narrazioen hariak ere oso motzak geratzen zitzaizkidala, eta, agian, ez ziren oso borobilak narrazioak izateko. Orduan, inbutuaren ideia hori hor sortu zen. Ez dakit nobela bat den; nik collage deitzen diot. Proba-akats saio horretatik sortzen den zerbait da. Idazterakoan behar dut motibatuko nauen zerbait; ez istorio lineal eta normalegi bat, edo ez dakit, bada, nola esan. Egiturak berak ere behartu edo motibatu behar nau, eta horregatik, beharbada, topatu dut halako gauza hibrido edo gauza arraro bat, eta horregatik daukate pasadizo batzuek dezenteko kronika kutsua.

Lau kapitulu dauzka. Gerrarako mobilizazioaren berri eman zenean horrek herriz herri daukan eragina kontatzen duzu aurrenekoan, pertsonaia eta giro askoren argazkia eginez. Gerra bizi izan zutenen ahalik eta mosaiko zabalena erakutsi nahi izan duzu. Baina zer dela-eta hainbeste pertsonaia? Zein asmorekin?

Une batetik aurrera, pertsonaien kontabilitatea taula batean eramaten hasi nintzen. Momentu batean ni ere galduta ibili naiz, ez nekien-eta zeintzuk zeuden hilda eta zeintzuk ez [umorez]. Ez dakit zergatik, baina argi neukan istorioak kontatzeko pertsonaia asko behar nituela.

Gerren hasieran horien bukaeran baino pertsona gehiago egoten dira. Horrekin jokatu nahi izan al duzu, agian?

Inbutuaren formatuarekin lotura dauka, baina inbutuaren formatu hori pentsatu aurretik ere nahiko argi neukan pertsonaia asko izan behar zutela, eta, ahal bazen, haien artean ez zezatela harremanik eduki. Iruditzen zitzaidan harrapaezina eta kaotikoa izango zen errealitate bat erretratatzeko modu errealagoa; hamar pertsonaia hartu eta gero denek bukaeran haien artean harremana edukitzea baino egiatiagoa edo.

Bigarren eta laugarren kapituluan, azkenekoan, Baionako Infanteriako 49. erregimentuko soldaduek gerran pasatu zutena kontatzen duzu. Verdungo (Frantzia) gudu historikoaren kontaketan jotzen du goia zuk “errukirik gabe” azaldu nahi duzun ankerkeriak.

Verdungoa zerbaitegatik dago azken kapituluaren hasieran. Lauzpabost hasiera eduki ditu liburuak, eta lauzpabost aldiz utzi dut gero; hori zen horietako bat, Verdungoa. Sumatzen nuen narrazio horretan indarra bazegoela.

Paragrafoak erabat eten gabe daude hor.

Itolarri sentsazio hori bilatu nahian.

Hirugarrenean, atzera, gerraren ondorioak aletzen dituzu: familia desegituraketak, hondamendi sozioekonomikoa, desertatzeko tentazioak, emakumezkoen rola... Hor, izaera nahiko korala du narrazioak oraindik. Hori ez al da nobelaren kalterako izan?

Hau da liburua [umorez]. Aipamen batzuen arabera, liburua zaila da hasieran, eta ez dakizu oso ondo nora zoazen. Hibrido bat da, eta litekeena da irakurlea deseroso sentitzea puska batean. Liburua beste era batera egin zitekeen? Bai, noski.

Laudorio bat da jendeak esatea zenbat eta gehiago irakurri orduan eta erosoago sentitzen dela...

Bizi garen gizartean, zerbaitek aurreneko hiru segundoetan ez bazaitu harritzen-edo, baztertzeko joera daukagu. Bai hizkerarengatik eta bai egiturarengatik, konturatzen naiz apustu arriskutsua dela. Irakurtzeko beste modu bat da, eta uste dut liburuak, bere osotasunean, bukaeran irabazten duela zentzua.

Etien Bonnat boxeolaria eta Filipe Luro ikazkina pertsonaia erakargarriak dira, baina zaila da haiekin enpatizatzea, apenas dagoelako astirik horretarako.

Bai. Horixe da gerra.

Zer esan nahi duzu?

Jendea hil egiten da ezagutzeko denborarik eduki gabe [umorez]. Inbutu formatuaren ideia ere hortik doa, ezta? Gerra hastean, hor dauzkazu 45 bat soldadu, izen eta abizenekin. Hasieran ez dakizu zeintzuk geratuko diren bizirik eta zeintzuk hilko diren. Hasieran, gainera, festa bat dirudi, eta hala bizi zuten. Pixkanaka, ordea, jendea hiltzen hasten da, eta pentsatzen duzu: zein geratuko da bukaeran? Inor salbatuko al da hemen? Azkenean, hori da gerra batean dagoen galdera.

Formatu horren alde egin duzulako ez duzu sakondu gehiago pertsonaietan?

Aukera hori ibili dut buruan... Baina... Behin abiadura hartuta, nobela nahiko azkar idatzi nuen, eta horri buruz pentsatzen hasi nintzen, baina horretarako iruditzen zitzaidan beste zerbait idatzi beharko nukeela, edo beharko nituzkeela 500 orrialde edo gehiago. Hasierako arrisku horiek kontuan hartuta ere, ni gustura, kontent nago emaitzarekin. Uste dut bukaeran badagoela halako leherketa bat, eta itxi egiten da.

Pertsonaien ñabardurak zaindu beharrean, testuinguruarenak zaindu dituzu batez ere.

Pertsonaiak, armadan soldaduak bezala, peoi batzuk dira narrazio honetan.

Pasatu al zaizu burutik 500 orriko nobela egitea?

Bi segundoz. Ez da nire estiloa, eta, orain behintzat, hor ez nuke neure burua aurkituko. Pertsonaien psikologia-eta, “Luro oso bakarrik sentitzen da” eta halakoak... Hori ez da nire estiloa; orain, behintzat. Pertsonaien psikologia lantzerakoan-eta, ez naiz horrelako azalpenen zalea.

Zergatik?

Uste dut irakurlea nahiko heldua dela ondorio horietara iristeko. Niri nobela batean esaten didatenean horrelako zerbait, pentsatzen dut: “Bale, eskerrik asko”. Pentsatzen dut pertsonaiak deskribatu behar ditugula esaten eta egiten dutenarekin. Efektiboagoa eta interesgarriagoa da, nire ustez. Honetan ez dut jo hori lantzera, pertsonaia asko daudelako eta galtzeko arriskua dagoelako.

Lapurteraz idatzi duzu. Hala behar zuen derrigor?

Eskualduna-k nolabaiteko lapurteraren eta behe zein goi nafarreran arteko halako proto-batu bat edo egina zeukan.

Hala behar zuen derrigor?

Baietz esango nuke. Ez diot neure buruari galdera hori egin.

Baina lana zaildu al dizu?

Ez naiz sentitu horregatik itota-edo... Denbora asko pasatu nuen Eskualduna eta garai hartako testuak irakurtzen. Badago estilo bat, eta horrek busti nau erabat. Gero, nire hiztegiak-eta egin ditut.

Ipar Euskal Herrikoak ez diren irakurle askori ahalegin bat eskatuko die irakurketak.

Beste kezka bat nuen: Iparraldekoentzat ez zela izango, agian, Iparraldeko euskara. Tarteko bide bat nahi nuen, eta egin dizkidaten aipamenak positiboak dira. Hasieran harridura sortzen du, eta lan bat eskatzen du, baina aipatu didate seigarren orrialdetik-edo aurrera naturaltasuna irabazten duela, eta normal irakur daitekeela. Horrek izugarri lasaitu nau.

 

Bilaketa