literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.378 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Gorka Erostarbe
Berria, 2014-10-15
[iturburua]
Lander Garro:
«Gizakiak oso gutxi dauka indibidualetik»

'Gerra txikia' bigarren nobelarekin, indartu egin du 'Kontrarioa'-rekin erakusten hasitakoa Garrok: begi zorrotza ez ezik, narraziorako pultsu eta ahots propioa izatea. Euskal Herriak gaia eta gertutasuna ematen dizkio; AEBetako literaturak, estiloa.

Protagonista nerabearen ausardiak gidatu zuen Kontrarioa estreinako nobela (Susa, 2010). Haurtzaroko begirada xalo bezain zintzoak zorroztasun erdi-ezkutuko bat ematen dio Gerra txikia bigarrenari. Udaberrian plazaratu zuen, Susarekin, eta dagoeneko bigarren edizioan da. Xabier Ugarte haurraren begiradak GALen garaian Hendaian bizi ziren errefuxiatuen bizitza erretratatzen du. Baina ez hori bakarrik. “Aita autoritario bat du, eta ez dago negoziaketa posiblerik etxean. Xabi da ume nartzisista bat; nahiko luke maitatua izan, nahiko luke baliabideak izan txukun agertzeko nesken aurrean, eta horren ordez dauka borroka bat etxean, dauka gerra bat; erbestea, GAL... Patuaren mamua buru gainean”. Hirugarren nobela idazteko hainbat ideia ditu buruan Lander Garrok (Errenteria, 1975). “Erabaki beharko dut aurreko bi lanei segida eman edo erabat desberdina den zerbaiti ekin, baina baditut aukerak”. Idazlea, gidoilaria, argazkilaria, kazetaria...

Esan izan duzu ez diozula kazetariari eskatzen liburua irakurria izan dezan. Harrigarria egiten da kazetari kritiko baten ahotik hori entzutea.

Hiztun komunitate oso txikia gara, eta hiztun komunitate horri dagozkion bitartekoekin lan egin ohi dugu. Beti daukat kazetariaren egoera ulertzeko joera, korporatibismo moduko bat; eta, bestetik, iruditzen zait askotan, liburuekin eta diskoekin, hainbat elkarrizketa egiten direla produktua ezagutzen dutenentzat, eta ez ezagutzen ez dutenentzat. Askotan irakurtzen dut elkarrizketa bat liburu bat irakurri gabe, eta ez dut ezer ere ulertzen. Batzuetan nahiago nuke kazetariak galdera naifagoak edo arruntagoak egingo balitu.

Era berean, oso kritikoa zara euskal hedabideekin.

Bai, eta ez daude kontrajarrian. Nik kazetaritzari edo euskalgintzari kritika egiten diodanean, egiten diet oso neure sentitzen ditudalako. Oso ikuspegi abertzalea daukat gauza horietan. Lehia handia daukagu, inguruan ditugulako mamu handi batzuk: Frantziarena, Espainiarena eta anglosaxoia. Beti daukat sentsazioa gure soinekoa ehundu beharko genukeela fin-fin, ondo babesteko, eta orduan angustia bat sortzen zait, esateko premia bat, baina betiere eraikitzearen ikuspegitik, eta inoiz ez mintzearen ikuspegitik. Beti daukazu sentsazioa min egin dezakezula kritikarekin. Ni neu naiz lehengoa mintzen dena nik egindako zerbait kritikatzen dutenean, baina gerora konturatzen zara lagungarri izaten dela. Ziur aski askotan okertu egingo naiz gainera. Horrenbeste dardo jaurtitzen duzunean batzuetan dianan ematen duzu, eta beste batzuetan kale!

Euskal kulturan bandoak ugari, baina bi ikuspegi gailen badira garaiotan: bata, ikuspegi abertzale edo komunitarioago hori, identitate nazional bati lotua; bestea, horrekin kritiko dena, postmodernoagoa nolabait ere. Hala bizi duzu zuk ere?

Euskal kulturak badauka aje bat, hiztun komunitate txikia izatearekin loturik. Euskal kulturan toki gutxi dago hegemoniko izateko; alegia, agintzeko, nabarmentzeko toki gutxi dago. Toki nabarmenak betetzeko lehia gogorra da, gupidagabea eta gehienetan zikin samarra. Euskal kulturan bereziki nabarmentzen da hori, bereziki txikia delako. Esaterako, bertsolaritzarekin lotutako eztabaida guztietan hori dago, eta ez besterik. Hortik aurrera, nagusi izateko lehia hori nola makilatzen den ez zait horrenbeste inporta. Badago kulturan nagusitzen den hori egurtzeko joera bat: bertsolaritza adibide garbi bat da, Amets Arzallus bertsolaritzaren barruan bereziki... Txapelketaren amaieran argudio lotsagarriak entzun ziren haren jardunaren inguruan, gauza obioak bota zituela eta abar... Horrez gain, aipa daitezke Ken Zazpi, Fermin Muguruza, Pirritx eta Porrotx, Kirmen Uribe... Euskal kulturan pixka bat burua ateratzea lortzen duenari, danba!, eman egin behar zaio. Eta eman behar zaio euskal kulturaren beste puntan nabarmentzeko nahia, bai, baina beharbada nortasuna edo kalitatea edo distira ez daukan jendearen partetik.

Asmo txarrez egindako kritikak iruditzen zaizkizu?

Badago boteretsua egurtu, konpetentzia dena ignoratu eta zure azpitik dagoena goraipatzeko joera. Oso gauza aljebraikoa da: goian dagoena egurtu, behean egon dadin; behean dagoena laudatu, ez delako arrisku bat edo konpetentzia bat; eta zure parean dagoenarekin existituko ez balitz bezala jokatu. Eta ni sentitzen naiz guztiz joko horretatik kanpo. Ken Zazpi iruditzen zait miresgarria egiten duelako popa inork egin ez duen bezala. Ez daukat inolako konplexurik biziki miresten ditudala esateko, euskal kulturari izugarri aportatu diotelako. Berdin gertatzen zait Fermin Muguruzarekin, edo bertsolaritzarekin.

Hegemonikoa den horri egin dakioke kritika zorrotzik, ordea.

Egin dakioke, eta egin behar zaio. Kritika sorkuntzaren parte bezala ulertzen dut. Zaila da kritikarik gabeko sorkuntza, ezinezko ez esatearren. Idazlea bera da lehen kritikaria: etengabe kritikatzen du bere lana, ari den bitartean eta gero ere bai, kritikaren bidez bakarrik deskarta ditzakeelako bide okerrak, egokiak direnak lehenesteko. Kritikaria, zentzu horretan, idazlearen bidelaguna da, arerioa bainoago. Eta hala behar du. Horretarako dago. Beste kontu bat da sare sozialetan edo blogetan egiten diren iruzkinak eta abarrak, lehen aipatutakoarekin zerikusi gutxi izan ohi dutenak, salbuespenak salbuespen. Eta hor sartzen gara hegemonien kontuan. Kontu aspergarria zinez.

“Dena erabakita zegoen munduan bizi zen”. Liburuko protagonistari buruz dio hori narratzaileak lehen orrietan. Nobelak, eta horrenbestez literaturak, dena erabakita dagoen mundu horretatik irteteko balio al dizu?

Joseba Sarrionandiak oso ondo azaldu zuen “zer aldatuko dugu poetok poesiaren giltza ttipiaz?” esan zuenean... Literaturaren frustrazio betierekoa. Nobelagileak izan dezake inpultsoa injustizia bat kontatzeko edo injustizia horretan borrero izandakoak salatzeko eta biktimak izandakoak babesteko, baina gero liburuaren bidea hain da diskretua, nahiz eta liburua asko saldu gerora konturatzen zara ilusio txiki bat zela, ia-ia nobela den fikzioa bezain fikzioa dela mendeku hori, ilusio faltsu bat. Halere, zer bilatzen du idazleak? Esan ez dena esatea eta, askotan, ezkutuan gorde dena esatea. Funtsezko kontua da hori. Eta batzuetan esan dena beste molde batean esanaz konformatzen gara, zerbait berria esaten ari garela sinetsaraziz gainera.

Protagonistaren etxean ere “dena erabakita” dago. Euskal Herriko gatazka oso alde jakinetik bizi duen familiarena, baita haren miseriak ere. Ausarta da, alde horretatik.

Badago gauza bat interesgarria dena eta liburuan ez dena sobera garatzen, baina da gure herriaren historia eta patua ulertzeko balio dezakeena: inork ez du erabaki politiko indibidualik hartzen. ETAn sartu eta borroka armatua egitea edo Ertzaintzan sartu eta ertzaina izatea, biak dira erabaki kolektiboak. ETAn sartzen denak badaki bere aurretik milaka lagunek egin dutela, eta Polizian sartzen denak ere badaki hori. Ereduak milaka dauzka. Gizakiak oso gutxi dauka indibidualetik, azken batean, erabaki politikoari dagokionez. Jendea epaitzeko daukagun joera, singularizatzeko daukagun joera oso makurra da, eta oso ideia maltzurra da gure herria ulertzeko garaian.

Lander Garroren alter ego-a da Xabi Ugarte. Iruditzen zait Lander Garro kazetaritza artikuluetatik ezagutzen duenak ezustekoa har dezakeela.

[Barreak] Zergatik?

Artikuluetan idazkera gordina duzu, zorrotza, probokatzaileagoa...

Kabroiagoa, ezta?

Bai. Eta liburuan badauka bere kontraesanak xalotasunez agertzeko abilidadea.

Niri ez zait gustatzen beti dardoa botatzen duena izatea, bereziki sentitzen dudalako ia beti aldrebes ulertzen dela. Ikusten duzu gauza bat hobetu zitekeena, esaten duzu, eta horren atzean dagoenak laidoaren bidea hartzen du beti, ofentsarena. Ez naiz batere pertsona haserretu zalea. Etxean lau anai-arreba gara, eta beti eduki dugu elkarri gauzak argi esateko ohitura. Eta beti iruditu zaigu oso joera positiboa eta naturala. Gero, hori gizartera eramatean, konturatzen zara ez dela hain positiboa. Ni oso pertsona hauskorra naiz, oso sentibera eta oso aportatu zalea, eta uste dut liburuan agertzen den hori dela ni naizena, eta ez horrenbeste dardoekin jendeak ulertu uste duen hori. Esango nuke liburuan agertzen dena oso naizela ni. Uste dut Euskal Herrian nire etsaiak diren askok eta askok jakingo balute beraiekiko sentitzen dudana harritu egingo liratekeela, baina...

Argazkilaria zarela igartzen da zure narratiban: deskripzio oso zehatzen bidez egiten duzu errefuxiatuen mundu horren erretratua.

Literatur amerikanoaren tradiziokoa naizela esango nuke. Hori irakurtzen dut bereziki; hortik edan dut gehien. Euskal literaturatik ere bai, euskal literaturak eman dit hizkuntza, baina istorioa abordatzeko ikuspegia ez dit euskal literaturak batere eman; literatura amerikanoak eman dit: John Fante, Truman Capote, Cormac MacCarthy, JD Salinger, Philip Roth, Richard Ford, John Updike... Eta literatura amerikanoak erakutsi dit istorio baten oinarrian dagoela sinesgarritasuna, dagoela irakurlearen eta idazlearen akordioa behin eta berriro errespetatu behar bat. Alegia, liburuaren hasieran irakurleak egiten duen fede ariketa ez dela betiko, orriz orri berritzen doan kontratua dela.

Haur haren begiradak laguntzen du sinesgarri egiten.

Sinesgarritasunaren ezaugarririk inportanteenetakoa da singulartasuna, eta hori da liburuan dagoen pertsonaia ez izatea pertsonaia bat, baizik eta pertsona. Irakurleak sentitzea begien aurrean agertzen zaiona ez dela idazlearen artifizioa, baizik eta benetan existitu den pertsona bat. Pertsonaia pertsona bilakatzen duena eta egoera gertakari erreal izan zitekeela susmoa pizten duen aldagaia da detailea. Nire detailearekiko obsesioa sinesgarritasunaren mesedetan dator. Apustu tekniko bat da. Pertsonaiak eta gertaerak jartzen ditut nobelaren zerbitzura, ez nire ideien edo bizitzaren zerbitzura. Oso nobelaren alde egiten dut, eta besteak beste politikoki bada interesgarria, nik ez baitut nire ideien alde egiten, baizik eta nobelaren alde. Eta, nobelaren alde egiteko, narratzaileak egon behar du postura elegante batean, baita ideologikoki ere.

Erretratu ondo desberdinak dira aitarena eta amarena. “Mundua ez da deus amaren hitzetan kontatua ez bada”, dio.

Ez da nobela bat errefuxiatuez edo GALi buruz bakarrik; garai bati buruzkoa da. Justiziazkoa zen kontatzea 80ko hamarraldira arte, eta askoz ere lehenagotik zetorren tradizioa izan dela aitaren bere familiarekiko atxikimendu falta, aitaren bere familiarekiko xera eta keinuen falta, eta horren ifrentzuan amaren atxikimendu, kariño, baldintzarik gabeko maitasun hori. Ezin da orokortu, baina esan dezakegu gure amak izan zirela gure konplizeak eta aitak izan zirela pertsonaia batzuk ia arrotzak zirenak, kausa sindikalak zirela, edo politikoak edo beren kuadrilla edo dena delakoa zela... Etxetik kanpo beti, eta umeen heziketa eta zaintzarekin utzikeria handiz jokatzen zutela.

 

Bilaketa