literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2014-09-05
[iturburua]
Lander Garro:
«Gai politikoari helduz gero, zaila da literaturarentzat hitzak topatzea»

Gorka Arrese editorearen esanetan, “euskal literaturak inoiz kontatu ez duen istorio bat kontatzen du”. Errefuxiatuen gaia du muinean Gerra Txikia (Susa) nobelak eta autobiografikotik asko duela aitortu zuen Lander Garrok berak, liburuaren aurkezpenean. Gaia eta 80etako giro hura gogorra izanik ere, umore kolpeak ere badira nobela honetan. "Joera hori lotuko nuke literatura anglosaxoiarekin, eta bereziki azken ehun urteotako literatura amerikarrarekin. John Kennedy Toole, Steve Tesich, Ken Kesey, Truman Capote... Idazle hauen koordenadetan, umoreak presentzia handia dauka. Eta literatura horren oihartzuna nire liburuan islaturik ikustea gustuko dut. Idazle horiengatik ikasi dudalako ia dakidan guztia".

Nonbait irakurri dugu. Idazleak hainbat ideia, hainbat hari mutur, hainbat irudi izaten dituela buruan. Errotan, bueltaka. 

Nobela bat idazterakoan, elementu asko hartu behar dira kontuan. Zer kontatuko dugun, zein den azaldu nahi dugun istorioa, hori da elementuetako bat. Baina hori bezain garrantzitsua da nola kontatuko dugun. Eta behar bada, zer kontatu nahi den baino inportanteagoa da nola kontatuko dugun. Alegia, tonoa, forma, pertsonaiei nola heldu, elkarrizketan nola ipini... Idazlea horrekin guztiarekin ari da jolasean eta, derrepentean, forma horiek guztiak enkajatzeko istorioa datorkio.

Uste dut idazlearen bizitzan asko dagoela bide paralelo horretatik: zer ari naizen irakurtzen, non utzi nuen azkenekoz nire idazkera, zer irakurri dudan gerora, irakurri dudan horrek nola eragin didan...

 Gerra Txikia (Susa) nobelaren kasuan, pizgarri handia izan zen Hendaiara itzultzea, ezta?

Hala da, bai. Eta batez ere Hendaiak berdin segitzen zuela egiaztatzea.

80ko hamarkadan, Hendaia errefuxiatuez beteta zegoen. Gauzak asko aldatu dira geroztik. Maila sozialean, maila politikoan... Baina Hendaia ez da aldatu.

Hori da. Mundua asko aldatu da. Giro politikoa izugarri aldatu da, baina Hendaiak berdin jarraitzen du. Hendaia, bere sakonean, beti da deserria. Ez da errefuxiatuen mundua bakarrik deserriarena. Jende guztia bizi da deserrian hemen (Hendaian egina dago elkarrizketa). Mundua guztia dago tokiz kanpo. Hendaian inor ez da Hendaiakoa. Herri tristea da benetan. Desasosegu hori aurkitu nuen berriro itzuli nintzenean, eta oso ondo lotzen zen desasosegu hori idazkera aldetik bilatzen ari nintzenarekin.

Gaztetxo baten begiradak argitzen du irakurketaren bidea. Idazketa prozesuan, hasieratik izan al zenuen ikuspegi hori buruan?

Ez nuen oso argi. Teknika aldetik, hori da kezka handienetako bat. Eta oso inportantea da zalantza hori nola ebazten duzun.

Gai politikoari heltzen badiozu, oso zaila da literaturarentzat hitzak topatzea. Bereziki literaturarentzat higatuta ez dauden hitzak topatzea. Zergatik? Egunero erabiltzen ditugun kontzeptuak denon ahotan daudelako, behin eta berriz. Eta idazlearen erronka ere bada lengoaiaren freskotasuna topatzea. Hautua horregatik izan zen. Lehen pertsonan egin izan banu, eta iraganean kokatuko banu, hizkuntza aldetik topatuko nituen zailtasunak oso handiak izango ziren.

Kontzeptualki ere, oso higatuta dagoen kontua da politika. Zer esaten da politikaz gaur egun, 2014an? Zentzu horretan ere, oso interesgarria egiten zitzaidan umearen inozentzia, umearen ezjakintasuna. Xalotasun hori erabiltzea interesgarri iruditzen zitzaidan testua betiko lubaki literaletik zein betiko lubaki kontzeptualetik harago eramateko. Ez dut esango enkontrurako liburu bat egin nahi nuenik, baina erretxinik gabeko nobela bat idatzi nahi nuen.

Xabik, pertsonaia nagusiak, badu adinarekin bat datorren xalotasun bat. Eta horrek, batzuetan, distantzia bat ematen dio idazleari. Oraindik kutsatu gabea den begirada baita umearena. Baina nobelan topatu ditugun kontu asko (erbestea, atentatuak, kartzelaldia, ihesa) oso gogorrak dira. Kontraste horrek joko asko ematen du.

Bai, hori da.

Gauza batzuk oso xalo azaltzen dira, baina hausnarketarako hari-mutur asko daude.

Literaturan gai politikoak jorratzen direnean, idazlearen biografiak pisu handia izaten du. Gainera herri honetan elkar ezagutzen dugu denok, beti gabiltza errezeloarekin, besteak zer esango duen beldurrez...

Eta irakurle bezala ere, posizio jakin bat duzu. Baina beste herrialdeetako literatura politikoari heltzen diozunean —Primo Levi, Bonasso, Pepetela— gauzak ulertzeko eta beraiek sentitu zituztenak sentitzeko beste askatasun bat daukazu. Gure literaturan, aldiz, handicap hori dugu oraindik. Hala uste dut.

Zentzu horretan, liburu emozional bat egin nahi nuen. Idazten ari naizenean, hunkiduraren ideia izaten dut buruan. Emozioak transmititzea gustuko dut, eta jendeak emozio horiek sentitzea. Oso inportantea da niretzat emozio horiek helarazteko trabarik ez jartzea. Jantzia oso fin josten saiatu naiz, jendeak janzterakoan ez sentitzeko deseroso inolako etiketarekin, tamainarekin, joskerarekin...

Kategorizaziorako joerarik ez dugu aurkitu behintzat.

Ni ez naiz politikarik bat. Nire ideologia daukat baina idazten ari naizenean oso garbi daukat ez naizela politika egiten ari den politikari bat. Ez noa inor doktrinatzera, ez dut dogmarik inposatu nahi.

Azken batean, liburua artifizio bat da. Irakurleak liburu bat irakurtzen duenean, istorio bat irakurtzen du. Irakurlea, orriak pasa ahala, beste norbaiti buruzko gauzak irakurtzen ari da eta, era berean, bere barnera sakonago iristeko modua aurkitzen ari da. Hori da nik bilatzen dudana literatura irakurtzen dudanean, eta hori da bilatzen dudan literatura idazten dudanean. Gaiarengatik, banekien Gerra Txikia oso delikatua zela eta horregatik hasiera hasieratik saiatu naiz gauzak oso delikatuki jorratzen.

 Umorerako tarterik topatuko du irakurleak.

Umorearen bidez, arazoa atzeratzeko joera dugu maiz. “Egin dezagun txantxa bat eta atzeratu dezagun arazoa”. Umorea niretzat beti izan da minaren kontrako erreminta. Ez beti onerako. Egoera mingarri baten aurrean gertatu izan zait lanabes efektiborik ez edukitzea. Egia esan, ez dut bizimodu erraza izan, baina liburuan ikusten den bezala, nahikoa ondo garatu dudan erreminta izan da umorearena.

Joera hori lotuko nuke literatura anglosaxoiarekin, eta bereziki azken ehun urteotako literatura amerikarrarekin. John Kennedy Toole, Steve Tesich, Ken Kesey, Truman Capote... Idazle hauen koordenadetan, umoreak presentzia handia dauka. Eta literatura honen oihartzuna nire liburuan islaturik ikustea gustuko dut. Idazle horiengatik ikasi dudalako ia dakidan guztia.

J. D. Salingerrek edo Truman Capotek gauzak kontatzeko aurkitu zituzten tresnak erabili ditut gerra zikinari buruz idazteko, eta atsegin dut hori. Badu akaso sarkasmo puntu bat. Lizuna ere izan daiteke.

Badago beste kontu bat ere honi lotuta. Haurtzaroa garai zoriontsua izan zen niretzat. Hala dut gogoan. Orain ere badut Peter Pan izaera; umeen pare jartzen naizenean, benetan zoriontsu naiz. Atzo izan nintzen olatuak hartzen umeekin, eta une batean nekatu eta hondarretara itzuli ziren. Nik olatuak hartzen jarraitu nuen, uretan jolasean bakarrik, eta konturatu nintzen oso zoriontsu sentitzen nintzela. Eta liburu hau bada haurtzaro axolagabe haren ispilu. Non bizitza eternoa izango den, non 1.000 urte biziko garen, non ez dagoen beldurrik... Sentimendu horiek ordea talka egingo dute gerra zikinaren errealitatearekin.

Roberto Benigniren La vita è bella-ren aire bat hartu diogu nobelari. Jazarpen bat kontatzen da, bere eragin latzenak barne. Gauza batzuk xalo azaltzen dira baina, era berean, garai ilun bat islatzen du filmak.

Ez nizuke ezetz esango. Ez dut eredu izan Benigniren pelikula, baina asko gustatu zitzaidan lan hura. Baina badakit ez dela cool hau aipatzea.

 Cool bada Wes Anderson zinegilea. Moonrise Kingdom pelikularen aire bat hartuko dio baten batek Gerra Txikia nobelari. Film horretan bezalaxe, haurtzaroa eta nerabezaroaren arteko mugan bizi da Xabi Ugarte.

Izan daiteke.

Alegia, umeak ez dira guk uste bezain ume. Ez Moonrise Kingdom-en, ez Gerra Txikia-n.

Umeari eginiko omenaldia da film hori. Gurasoak beti gaude hezkuntzarekin katramilatuta, zer nolako lana dugun umeak hezitzen... Eta umeek? Umeek zer-nolako lanak dituzten gu jasaten? Gure neurosia guztia jateko ahalmen izugarria dute. Gu baino askoz azkarragoak direla esan daiteke eta gainera ez daude kutsatuta.

Umeez ari garela, gure literaturan bada jorratu ez den gai bat. Gure gerra txiki honetan bizirik ateratakoen sufrimendua. Gerra batean, biktimarioaren hierarkiaren barruan, hildakoak dira biktimarik inportanteenak. Baina gerra garaiko ume haiek oso gutxitan hartu ditugu kontuan.

Agota Kristofen Koaderno handia izeneko liburuan, bixkiak dira protagonistak. Gerra garaian beraien amonaren etxean hartu beharko dute babes, beraientzat atzerria den toki batean, amak han utzi dituelako. Asko inpaktatu ninduen liburua izan zen. Nik ere antzekorik bizi izan nuela konturatzeko balio izan zidan: gerra dago eta halako batean dena da inportantea salbu eta zu: geopolitika, askatasuna, aberria, zer ari den gertatzen frontean, zer gertatuko den maparekin...

 

“Oso gauza maskulinoa da gerra”

Aitak itzal handia du nobelan, eta hasieratik lehor samar ageri da. Berak islatzen ditu erbestearen gorabeherak. Bere bitartez iritsiko zaizkigu hausnarketa ideologiko gehienak.

Oso gauza maskulinoa da gerra. Gure belaunaldian, oso pendiente zegoen etxea aitaz. Oso figura inportantea zen beti. Berak zuen erabakitzeko ahalmena, eta besteen patua erabakitzeko ahalmena ere bai. Liburu honetan, ideologikoki, aita da iparra. Baina hor daude seme zaharrena eta ama, kontra egiteko neurri batean.

Xabiren anai zaharrena punk bihurtuko da, eta komeriak izango ditu aitarekin. Bien arteko elkarrizketak ez dira nolanahikoak.

Baina hala ere, aitak eta seme zaharrenak kristoren antza daukate. Konturatu gabe, aitaren gauza asko imitatzen ditu seme zaharrenak. Aita gerran da eta bere bizitza hankaz gora jarri du gerra egiteko, eta seme zaharrenak ere gauza bera egingo du. Kontua da bataren eta bestearen gerrak oso desberdinak direla. Xabi horregatik dago aitarekin eta anai zaharrenarekin liluratuta. Biek lider izateko eta arriskatzeko ahalmen handia dutelako. Eta Xabi aldiz, nartzisista hutsa da, baina bere nartzisismoan ere konturatzen da jende ausarta dagoela, eta hor badagoela beste ate bat irekita, noizbait ausartzen denean zeharkatzeko.

Akaso ez da hain nabarmena, baina amak ere garrantzia du nobelan.

Gure familia egiturari eginiko kritika da hori. Aita dagoenean ama anulatuta dago, itzalpean. Eta aita eramaten dutenean, ama agertzen da bera den bezala, bera kastarekin eta berak duen duintasunarekin.

Gure amei omenaldi doblea egin nahi nien, argi eta garbi. Batetik, erretaguardian hain goxo egoten jakin zutelako. Eta bestetik, duintasun izugarria dutelako.

 

“Errefuxiatuen mugimendua eredugarria izan zen”

Elkartasunaren alegoria da Gerra Txikia.

Noski. Errefuxiatuen mugimendua oso mugimendu eredugarria izan zen. Jendea ezer gabe iristen zen hona, Hendaiara, eta inori ez zitzaion ezer falta. Etxea zuten, jatekoa, janztekoa... Eta gutxinaka, beren bizimodua eraikitzen hasten ziren ondoren. Hori horrela izan zen. Gure nobelako mutikoak bizi duena da elkartasun horren ondorioa. Maizterrak agertzen zaizkio etengabe, bere aldameneko ohe tolesgarrian...

Gizarte hura eta gaurkoa oso desberdinak dira. 80ko hamarkadakoa oso lotuta zegoen utopiarekin. Airean zebilen hura ez zela gu biziko ginen mundua. Hura hasiera baino ez zela eta laster etorriko zela independentzia. Jendea izpiritu horrekin bizi zen.

Atxikimendu ikaragarria zegoen besteekiko. Besteak ziren aberria. Handik eta hemendik agertzen ziren errefuxiatuak. Etxeak, kotxeak... Ez zuten inolako baliorik. Non biziko ginen, zein izango zen gure egitura administratiboa... Hori erabakiko zen. Baina iraultza egin egin behar zen. Eta iraultza posible zenaren sentimendua zegoen. Hala ulertzen zuten askok. Horrela bakarrik ulertu daiteke jendeak hori guztia aguantatu izana, ze jendea hiltzen ari zen bazter guztietan.

Nobelako gakoetako bat etxea da, edo etxe falta.

Lehen aipatu dut. Gauza bat da nola bizi duen pertsona heldu batek behin behineko bizitza hori, “frontera noa eta non biziko naizen bost axola”. Baina ikusmolde hori oso gaizki ezkontzen da ume baten behar izanekin. Bereziki Xabi bezalako ume nartzisista baten behar izanekin. Familia perfektua nahiko luke izan, aita dotoreago bat, kotxe hobea, zapatila hobeak... Eta etxea.

Honi lotuta, bada kontu inportante bat ere. Literaturan sinesgarritasuna da gauza garrantzitsuenetako bat. Zerk bilakatzen duen pertsonaia pertsona. “Xabi eta Oihana azkenean maitemintzen al dira edo ez?”,hori galdetu izan didate. “Eta maiteminduko al dira?”. Antzekorik galdetzen didatenean, sentitzen dut pertsonaia irakurlearen baitan gorpuztu dela, bizitza hartu duela irakurlearen begietan. Eta niretzat hori gauza zoragarria da. Hori oso presente izaten dut. Pertsonaia nola mantendu bizirik.

 

“Oso teknika efektiboa da alter egoarena”

Haurtzaroko urte batzuk Hendaian egin zenituen, etxekoekin batera errefuxiaturik. Hain autobiografikoa al da nobela? 

Oso teknika efektiboa da alter egoarena. Esate baterako, gehien gustatzen zaidan pertsonaietako bat Richard Forden Bascombe izenekoa da. John Fanteren Bandini, J. D. Salingerren Zekale artean harrapaka nobelako Holden Caulfield... Pertsonaia horiek denak alter egoak dira.

Oso zaila da pertsonaia memorable bat osatzea idazlearen alter ego izan gabe. Ez dut esaten ezinezkoa denik, mila adibide daude. Baina horretarako jeinu bat izan behar duzu.

Gerra ez da haurtzaroarekin batera amaituko. Xabi Ugartek izango al du segida?

Bai, idatziko dut segida. Eta bere zorte txarra ez da amaituko.

Bukatzeko, nobela hau koxka bat da zure ibilbide literarioan. Zuk ere hala ikusten al duzu?

Ez dakit esan dudan inoiz. Kontrarioa (Susa, 2010) nobela plazaratu baino lehen, Gerra Txikia (Susa, 2014) hasi nintzen idazten. Zalantza handiak nituen eta horren aurretik beste nobela bat idatzi behar nuela pentsatu nuen. Nobela bat nola idazten den ikasteko. Noski, asko engaiatu nintzen gero Oliveirarekin (Kontrarioa nobelako protagonistarekin). Eta ezin esan dezaket Kontrarioa ariketa bat denik. Nobela bat da. Baina horrela izan zen.

Kontrarioa-n egindako bidea lagungarri izango zela uste nuen, baina berehala konturatu nintzen tono aldetik beste bide bat jarraitu behar nuela Gerra Txikia-n.

Eta feedback aldetik, Kontrarioa-rekin jende askok esan zidan irakurri zuela nobela eta ondo pasa zuela. Oso pozik nengoen. Baina Gerra Txikia-rekin feedback hori biderkatu egin da.

 

Bilaketa