literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2013-11-28
[iturburua]
Xabier Montoia:
«Nobela guztiak dira politikoak, eta gure ekintza guztiak, pribatuak zein publikoak»

Azaroak 27 asteazkena. Arrate Mardarasen Pendrive (Susa) liburuaren aurkezpena amaitu berri da. Donostiako Udal Liburutegitik ospa egitekotan dira kazetariak eta Susako editoreak azken oharra bota du: “gogoan izan bihar Azken afaria (Susa) Xabier Montoiaren nobela berria aurkeztuko dugula hemen”. Kazetari batek berehala erantzun dio, “hitz egingo du orduan? Nola egin duzue?”. Estrainekoz, beraz, idazlearen beraren ahotan entzun ahal izan ditugu Azken afaria liburuari buruzko xehetasunak. Jon Benitok gidatu duen solasaldia duzue ondokoa.

"Bilboko txoko batean bazkaltzeko bildu dira lau gizonezko, gaztetan elkarrekin ikasten ibilitakoak. Ospakizun alaian solasean ari dira, zer bihurtu diren elkarri zirika. Oraindik ez dakite, arazo larri bat sortuko dela laster. Gau batez ertzainak bortizki sartuko dira lagun horietako baten etxean eta atxilotuta eramango dute semea. Gertakari horrek lardaskatu egingo du lau adiskideen arteko harremana". Literatur Emailuetan irakurri genuen Azken afaria (Susa) liburuaren sinopsia modukoa. Eta hauxe, liburu aurkezpen ekitaldian Jon Benitok eta Xabier Montoiak  nobelaz izan duten solasaldia.

Jon Benito. Liburu guztiak dira politikoak baina Azken afaria (Susa) are politikoagoa dela esan genezake. Testuinguru garratz batean gertatzen da. Zer dela eta ageri da Xabier Montoia, inoiz baino esplizituago, Azken afaria honetan?

Xabier Montoia. Ez dakit inoiz baino esplizituago izan ote naizen. Baliteke. Baina zuk esan duzun bezala, nobela guztiak politikoak dira eta gure ekintza guztiak ere, pribatuak zein publikoak, politikoak dira derrigorrean. Ez-politikoa ere izan daiteke Azken afaria  (Susa). Martutene (Erein) bezain ez-politikoa, esate baterako.

Egia esanda, liburu hau idazteko orduan, ez nuen pentsatu: “honen aldeko edo honen aurkako nobela bat idatziko dut”. Liburu honen oinarrian istorio erreal batzuk daude. Hasiera batean istorio erreal bakarra zegoela uste nuen, baina dokumentazioa bilatzerakoan konturatu nintzen kasu bat baino gehiago zeudela antzekoak. Istorio erreal horiek harrapatu egin ninduten eta horrek behartu ninduen nobela hau idaztera, ez planteamendu aprioristiko batek edo tesi bat erakutsi nahiak.

Nobela hau aspaldi hasi nintzen idazten baina beste istorio bat sartu zen erdian, Golgota (Elkar) liburuan jaso nuena, eta hau bazterrean utzi nuen. Nobela honetara iristeko, beste nobela bat idatzi behar izan dut. Nobela potolo bat. Hura bukatu nuenean (lehen bertsioa zena), irakurri eta ez ninduen asebete. Eta pentsatu nuen istorio bera kontatu behar zela baina beste modu batean. Azken afaria beste modu batean kontatzeak eraman ninduen istorioa bera aldatzera. Nahi gabe, formak berak eraman ninduen hartara.

Jon Benito. Lau gizonezko daude txoko batean bazkaltzen. Pertsonaia bakoitzak du bere identitatea, besteengandik ezberdindua, baina bada zerbait batzen dituena, laguntasunaz gaindi. Zerk ezaugarritzen du belaunaldi hura?

Xabier Montoia. Belaunaldi baten bidaia kontatzen da nobela honetan. Lau lagun hauek egiten duten bidaia. Egoera ustez seguruan eta lasaian bizi dira. Denek dute bizimodua nahikoa asentatua.

Nik erakutsi nahi izan dudana da hain zuzen ere, bilakaera hori. Gauzak ordura arte bezala jarraituko zutela uste zuten, gorabehera handirik gabe, baina halako batean zerbait gertatuko da eta beraien ziurtasun guztiak kolokan ikusiko dituzte. Ongi bizi izan diren hauek guztiak, bapatean ikusten dute euren bizitza kolokan. Pertsonaia hauek lokatzetan nahi izan ditut jarri. Euren erosotasunetik atera eta beste egoera batean jarri. Eta ikusi egoera berri horrek zer eragiten zuen bakoitzaren baitan.

 Jon Benito. Irudi polita erabili duzu, euren bizitza lokaztearena. Felix protagonistak shock bat bizi du. Zer da bizi duen shock hori?

Xabier Montoia. Bapatean ikusten du bere burua amesgaizto batean. Bazekien horrelako gauzak gertatzen omen zirela, baina berak uste zuen antzeko gauzak gertatzen zitzaizkiela beti beste batzuei, demagun Ezker Abertzaleko jendeari, ez bera bezalakoei. Bera (Felix) ez baita inoiz Ezker Abertzalekoa izan. Jeltzaleen ingurukoa baizik, jeltzale izan gabe. Eta bapatean ikusten du bere burua amesgaizto batean.

Horrek, denboraren poderioz, aldarazi egingo dio bere pentsaera eta baita bere harremana beste lagunekiko eta baita beste jendearekiko ere.

 Jon Benito. Shock hori oinarritzen da indefentsio edo zaurgarritasun batean...

Xabier Montoia. Lau lagun hauek pentsatu izan dute euren bizitzak gorabehera handirik gabeko bizitzak izango direla. Baina bapatean konturatuko dira haiek uste izan duten hori guztia hauskorra dela. Eta hautsi egin dela, noski. 

 Jon Benito. Felixen kontraposizioan, politikaria den lagun bat dago. Boterearen sinbolizazio bat ere badago nobelan.

Xabier Montoia. Horregatik, istorio hau kontatzekotan, nobela moduan kontatu beharra zegoela uste dut. Boterea beti agertzen da eta zuk aipatzen duzun protagonista hori gizon boteretsua da politikan. Baina harreman pertsonaletan ere badira botere harremanak. Horregatik esan dut nobela politikoa dela, ezin bestean. Harreman horietaz dihardu nobelak.

 

 "Ez dut uste gai bakarra dagoenik nobelan"

Jon Benito. Lau kapitulutan dago antolatua nobela. Lehen atalean afaria kontatzen zaigu. Modu dialogatuan antzezten da afari hori, narradoreak eskurik sartu gabe. Bigarren atalean, gertakarien kontaduria ia neutral bat egiten da. Eta bada introspektiboa den beste atal bat, hirugarrena. Zergatik antolatu duzu liburua modu horretan, hiru tono hain ezberdinekin?

Xabier Montoia. Lau pertsonaia hauen harremanak berez dira konplexuak. Eta nire ustez, nobela da konplexutasun hori adierazteko formarik egokiena. Horregatik hautatu ditut kontatzeko hiru modu horiek. Alde batetik, konplexutasun hori mantentzeko; eta bestetik, atal bakoitzak bere ahotsa eta bere nortasuna mantendu dezan.

Zuk ondo aipatu duzun moduan, hiru osagai nagusi ditu nobela honek. Bata da gertakizuna, eta gertakizuna ahalik eta modu objetiboenean ematen saiatu naiz. Hortik hirugarren pertsonaren erabilera, lehenaldia, iritzirik eman gabe, pentsamendurik gabe... Kontakizun soila. Dokumental baten estiloan, kamara eta mikroa baino ez.

Bigarren osagaia, monologo introspektibo hori, subjetibitatea eta sentimenduak islatzeko baliatu dut.

Beste alderdi bat bada nobelan (hirugarren osagaia), iritzia. Jende honek duen iritzia, ideologia, pentsatzeko eta bizitzeko era...

 Jon Benito. Gertakari baten hiru dimentsioak agertzen dira nobelan.

Xabier Montoia. Hori da, subjetiboa, objetiboa “edo” eta politikoa.

 Jon Benito. Politikoa, iritziari loturikoa. Dena den, zein da nobelaren gai nagusia? Adiskidetasuna eta traizioa, justizia eta injustizia...

Xabier Montoia. Ez dut uste gai bakarra dagoenik nobelan. Nobela harremanei buruzkoa da, horrek suposatzen duen guztiarekin. Lau lagunen arteko botere harremanak, haiek eta beren familiak... Adiskidetasuna da gai nagusienetakoa nobelan, baita ahuldadea edo hauskortasuna ere. Gerta daitezkeen eta gertatzen zaizkigun gauzak, zauritzen gaituztenak, gure bizitzak katramilatzen dituztenak...

 Jon Benito. Lau lagun daude hasierako bazkarian. Hiruk rol garrantzitsua jokatzen dute presentzialki. Samuel Salaberria ordea, desagertu egiten da nobelatik baina presentzia garrantzitsua du nobelan. Ze paper jokatzen du Salaberriak?

Xabier Montoia. Ez dakit galdera hau erantzun behar ote dudan. Samuel Salaberriak paper funtsezkoa du nobelan, baina irakurleari ez diot nire iritzia inposatu nahi. Jendeak irakur dezala eta pentsatu dezala nahi duena Salaberriaren eginkizunaz eta paperaz. Beraz, galdera hau ez dizut erantzungo, kar, kar, kar.

 

Bilaketa