literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Juan Luis Zabala
Berria, 2013-05-26
[iturburua]
Miren Agur Meabe:
«Gure artean barru mundua azaleratzea tabua da oraindik»

“Autoimitazioa” jorratuz, “paperezko ni” bat sortu du Miren Agur Meabek 'Kristalezko begi bat' nobelan, aberastasun literarioa hartuta xede nagusitzat. Oihartzun zabala izan du egilearen aurreneko eleberriak.

Aurtengo udaberrian kaleratu diren liburuen artean, komentatuenetakoa da, komentatuena ez bada, Miren Agur Meaberen (Lekeitio, 1962) Kristalezko begi bat (Susa). Liburua kaleratu zenetik, etenik gabe izan da mintzagai irakurle kluben saioetan nahiz beren-beregi liburua aurkezteko antolatutako saioetan. Meaberekin hainbat mezu elektroniko trukatuz harilkatutako solasaldi baten emaitza da elkarrizketa hau.

Oihartzun zabala izaten ari da Kristalezko begi bat. Zer irudipen duzu orain arte han eta hemen jasotako erreakzioen inguruan?

Interesa piztu du. Hainbat irakurlek edukiaren, planteamenduaren eta hizkuntza mailaren estimazioa agertu didate, eta irakurketa esanguratsua gertatu zaiela azpimarratu. Benetan eskertzen ditut iritzi horiek: lanaren saritzat ditut, eta idaztearen zentzua berresten laguntzen didate. Izan dut kritika negatiboren bat ere. Harrigarria da kontrastea: batzuentzat egundoko pasarteak direnak ez dira sinesgarriak besterentzat; edo atsegingarria den hizkera jantziegia gertatzen zaio norbaiti; batzuei negar eragin dienak hotz utzi ditu beste batzuk... Hain aldekoak ez diren iruzkinak ere arretaz aztertzen ari naiz.

Zure nobela autoimitazioa dela diozu. Nahiago duzu hitz hori erabili autofikzioa edo autobiografia baino.

Autofikzioa eta autoimitazioa ia-ia sinonimotzat jotzen ditut, baina adierazkorragoa iruditzen zait bigarrena, kontzeptu apalagoa delako: autofikzioan edozein egoeratan jar dezakezu zeure burua; autoimitazioan, berriz, zeure buruarentzat naturalak eta sinesgarriak direnetan besterik ez. Horregatik, autobiografia hitza ez da egokia liburu hau izendatzeko, idazkuntzaren gakoa ez delako errealitatearekiko leialtasuna, errealitatearen mimesia baizik. Hala aipatzen da azken orrietan, testuaren eta kristalezko begiaren arteko konparazioa egiten denean: kristalezko begia ez da benetako begia, benetakoaren kopia errealista bat baizik; eta liburua idaztea protesia fabrikatzearen antzeko zerbait da: herrenari ordezko hankak ibiltzen laguntzen dion moduan, neuri ere hartarako balio izan dit liburuak. Nik konposizio literario bat eraiki dut, zeinaren osagaiak askotarikoak diren: bizi izandakoa, ustez bizi izandakoa, bizi nahi izandakoa, bizi gabekoa, egoera hipotetiko batean biziko nukeena... Pertsonaia neu naiz, baina ez beti, eta ez denean, nire antza dauka —kristalezko begiak benetakoarena duen bezala…—, nire estiloan jokatzen du... “Paperezko ni” bat sortu da, hezur-haragizkotik aparte, nire niaren proiekzioen batura dena.

Pertsonaia zeu zara, baina ez beti. Noiz bai eta noiz ez?

Abiapuntua esperientzia errealak izan arren, pasarte batzuk moldatu eta asmatu egin ditut; adibidez, elkarrizketak kontestualizatzeko, edota paisaiaren interpretazioa ulertarazteko. Gogoetak ere, euskarri fiktizioren bat jarri ezean —dekoratu bat, nolabait esateko—, airean bezala geratuko ziratekeen. Argumentua mehea denez gero, kohesio pixka bat emateko argamasa behar izan dudanean, asmatzera jo dut, baina betiere ahalik eta gehien hurbilduta benetako egoerak eta paperean deskribatutakoak.

Honela dio nobelako Meibik, pasarte batean (101. or.): “Idazle askok arrastoan eutsi ohi diote beren irudiari, irakurlearen begi depredatzaileei bazka ez emateak bermatzen duen immunitateaz jakitun. Nik ez”. Eta zuk, Miren Agur Meabek?

Ez, bistan da, neu bainaiz Meibi. Esaldi hori autoafirmazio printzipioa da, neure burua zentsuratzeko tentazioak jotzen ninduenean idatzia. Pertsona askok —idazleek barne— harribitxi sekretu baten antzera gordetzen dute beren intimitatea, eta baleko aukera deritzot horri; baina kontrakoari ere bai, nahiz eta hori hain zuzena edo egokia iruditzen ez zaigun. Uste dut intimitatearen balioa erlatiboa dela. Areago, baliotsuagoa da zerbait sortzeko lehengaia bihurtzen denean. Esaldi hori nire bizitza eta kontuak, arruntak izanik ere, literatura bihurtzeko eskubidea aldarrikatzeko era bat da, jakinik irakurleek ia beti bilatzen dituztela egileen aztarna biografikoak liburuetan, izan lehen pertsonan idatziak edo ez.

Zure ausardia goraipatu dute askok, biluzi egin zarelako. Zuk, hala ere, liburua aurkeztean, esan zenuen biluzteak baino beldur handiagoa ematen zizula biluzteari etekin literariorik ez ateratzeak.

Ñabardura bat. Liburuari nobela deitu diogu arrazoi praktikoengatik, baina egon, hurbilago dago egunerokoaren generotik. Eta genero horrek erreparoa ematen du, muzin egiten zaio, “niaren idazketa”-ren eremua delako, eremu arriskutsua, edukiaren eta adierazmoldearen arteko uztarketa ez bada ganoraz egiten. Izan ere, koadernoa, edo egunerokoa, artxibategi handi baten modukoa da, berez funtzio ez-literario batzuk dituena; esaterako, deskarga emozionala bideratzea, oroimena bermatzea, hausnarketak ordenatzea... Baina badu funtzio literarioa ere, estilo ariketa bat den neurrian eta egituratze plan bat eskatzen duenez gero.

Biluztearen beldurra zetorkidan gure artean barru mundua azaleratzea tabua delako oraindik ere, eta nola interpretatuko zen, horrek kezkatzen ninduen, ea eduki morbosoa gailenduko zitzaion idazlearen eskuari. Beraz, zure galderari erantzunez, bai, jakina idazlan ona burutu nahi nuela: edukiaren aldetik mamitsua, mezuaren aldetik zintzoa, eta idazkeraren aldetik landua. Horri esaten diot “etekin literarioa” ateratzea.

Liburuari nobela deitzeko arrazoi “praktikoak” izan dituzuela esan duzu. Zeintzuk dira arrazoi horiek?

Normalean, nobela diogunean, definizio klasikoa etortzen zaigu burura: trama luze eta konplexua, pertsonaia sendoak, xehetasunez deskribaturiko giroak, ekintza interesgarrien hurrenkera... Testu hau, berriz, kontaera gutxiko narrazioa da. Ez dut esan nahi gutxi kontatzen duenik, baizik eta akzio gutxi dagoela, batzuetan salto bizkorrak egiten direla egoeretatik gogoetara, ez direla gatazka larriak aurkezten, poema bat edo gutun bat sartzeko tokia daukala, hau da, testu tipoak nahasteko, patchwork lanetan bezala... Nahita egina da hori, koaderno pribatuaren malgutasuna eta askatasuna bermatzearren. Liburua aurkezteko orduan, genero batean kokatu behar, eta horregatik nobela deitzea. Zehatzagoak lirateke récit edo nouvelle deiturak agian. Orduan, galdetzen badidate “autobiografia bat idatzi duzu?”, ezetz erantzun beharra daukat, ez delako autobiografia, nobela bat delako, baina “nobela bat idatzi duzu?” galdetuz gero, orduan ezetz, autoimitazio pribatua dela, baina ez ehuneko ehunean testimoniala...

Beste arrisku bat ere sortzen da halakoetan: ingurukoen intimitatea urratzekoa. Nola planteatu diozu gai hori zeure buruari?

Tentuz. Inondik ere ez nuen gura norbait aipatzeagatik hura mintzea, edo hari kalte egitea, edo haserretzea. Errespetuaren muga zainduz aritu naiz, alarma piztuta, inguru hurbileko pertsona horien eremua inbaditu gabe, “hemendik aurrera, alto”, esanez. M.-ren kasua bestelakoa da. Kontuan izanik berarekiko harremana izan zela idazteko bulkada, eman nion asmoaren berri, eta nahi nuena nahi nuen gisan kontatzera animatu ninduen, berari zegozkionak behintzat. Orain, liburua argitaratu ondoren —eta pertsonaia bihurtuta—, harro dago, zentzurik sanoenean.

Sexua oso presente dago Meibiren bizitzan eta nobelan jasotako eszenetako askotan, eta berak ere aitortzen du sexuaren beharra duela (51-52. orr.). Euskal literaturan, eta narratiban bereziki, behar baino baztertuagoa egon da sexuaren gaia eta sexuaren presentzia, zure ustez?

Meibik esaten du haragitik datorren afektibitatea zaiola nahitaezkoa. Hori ez da sexua hutsean; bestela, sexua behar duela esango zukeen. Galderari erantzunez, iruditzen bazaigu liburuko eszena askotan sexua presente dagoela, orduan, pentsatzekoa da baietz, gure literaturan sexuaren gaia gutxi jorratu dela.

Maitasun erromantikoaren menpeko ageri da batzuetan Meibi. Zure nobelak maitasun erromantikoaren garaipen ezinbestekoa aldarrikatzen duela dioenik bada; baina baita kontrakoa dioenik ere, maitasun erromantikoaren aurkako borrokaren beharra aldarrikatzen duela.

Ezagutzen dudan jende askok irrikatzen du maitasun erromantikoa... baina zer ulertzen dugu hori diogunean? Izarrei begira egotea, adurretan, albokoa jainko txiki baten pare hartuta? Erromantiko kalifikatibo horrek kutsu gaitzesgarria du eta. Meibi ez dabil maitasun ideal baten bila, baizik eta bere baitan benetako maitasuna dela sentiarazten dion zerbaiten bila. Eta benetako maitasuna zer da? Bakoitzak berak zer sentitzen duen halakotzat.

Erromantizismoko prototipo femeninoak emakume goxo eta samurrak dira, maitasun garbi eta eternoa ezeren gainetik jarri, eta maitasun horren izenean edozein sakrifizio eta sufrimendu onartzeko prest daudenak. Erromantikoek maitasunaren bizipen tragikoa dute, edota dibinizatua, aldakuntza indar gisa ikusten dutelako. Baten bati iruditzen bazaio liburuan maitasun erromantikoaren garaipena aldarrikatzen dela, ez dut garbi adierazi protagonista senperrenak egiten ari dela burujabetasunaren alde; ez dut azaldu hainbat harreman izan dituelako ez duela onartzen pasibotasun itxaropentsua; edo ez ditut ondo islatu “adin arriskutsuak” eragin ditzakeen norabide aldaketak.

Annie Ernauxen literatura gogorarazten du Kristalezko begi bat-ek, idazteko moldean eta elementu autobiografikoen erabilera literarioaren aldetik bederen. Meibik ere aipatzen du Ernaux, beste hainbat idazlez gain. Zer neurritan izan duzu eredu Ernaux edo liburuan aipatutako gainerako idazleak?

Annie Ernaux aipatu dut liburuaren amaieran, esanez Pasio hutsa-ko protagonistaren jarrerak “gerizatu egin nauela nire anabasak askatzeko orduan”, eta aitortzen dut, halaber, nik ez dudala egile horren argitasunik, zoritxarrez. “Argitasun” horren barruan orijinaltasuna, idazkera zorrotza eta zolitasun psikologikoa sartzen ditut. Beste erreferenteei dagokienez, hobe ez aipatu, hain da handia haien emaitzen eta nirearen arteko aldea. Idazle askoren aipuak jaso eta testuan txertatu ditut burutazioei argi egiten zietelako, galderak sortzen zizkidatelako, edota nire baitakoak adierazteko balio zidaten esaldi zuhurrak zirelako.

Literatura bera ere gai garrantzitsua da nobelan. Metaliteratura.

Literatura, edo idazkuntzari buruzko zertzeladak. Idatzi ahala etortzen zitzaizkidan kontuak aipatuz joan naiz, hala nola patchwork edo collagearen teknikaren aplikazioa, hau da, txatal laburrak josiz eginiko osotasunaren ideia; autobehaketa edo ispiluaren estrategia, edo unibertso pertsonalaren azterketa sorkuntzaren abiapuntu gisa; sentimentalismoaren arbuioa nola adierazi, aurreko emakumeen eredu zaharkituak ez errepikatzeagatik; errealitatearen eta fikzioaren arteko banalerro lausoegiak izan ditzakeen ondorioak; edo idazlangintza eta baratzea zaintzearen arteko parekotasuna...

Nobelaren hizkera ere laudatu dute. Zuzeu albistari elektronikoan zure liburuko hitz eder ezezagunen zerrenda bat eta guzti egin zuten…

Idazlearen obligazioa da hizkuntzari trataera berezia eta ahalik eta molde pertsonalena ematea. Hizkuntza dugu artea egiteko materiala. Behin eta berriz berridazten dut, tokiz aldatzen ditut pasarteak, hitzak ordezkatzen ditut, soberakinak kentzen, esamolde ikasi berriak sartzen... Ez dut puntu eta kito egiten idatzitakoari neure baitako doinu guztiz afinatua hartzen ez diodan arte. Baratzea lantzen duzunean bezala, beti sortzen da beste zereginen bat. Ahalegina egin dut gogoetak zehaztasunez adierazteko, eta liburuaren ardatz bakoitzari bere tonua emateko: begiari buruzko pasarteak aseptikoak eta objektiboak dira; amodio-desamodio egoeren deskribapenetan poesiaren baliabideetara, batez ere irudietara, jo dut; narrazio soileko zatietan apaingarrientzako tokia murriztu, berriz.

Zure lehen nobela da hau, baina nobela gehiago idaztekotan hurrengoek beste era batekoak izan beharko dutela pentsa daiteke, aurreneko honetan kontatu beharreko nagusiak kontatu eta gero, ezin izango duzula autoimitazioaren bidetik jarraitu. Ala bai? Zeintzuk dira zure hurrengo asmoak?

Hurrengo lana liburua gaztelaniara itzultzea da, datorren urtean argitaratzeko. Sormen lan berriei dagokienez, ez daukat ezer esku artean oraingoz, baina ez nuke esango autoimitazioaren iturria agortu zaidanik, bizitza luzea eta zabala den bitartean... Dena den, baliteke beste genero bati heltzea, beste urrats bat saiatzeagatik.

Zergatik egin duzu autoitzulpenaren aldeko hautua?

Nahiago dut neuk egin, eta orain arte neuk itzuli ditut gaztelaniara bai poema liburuak, bai haur eta gazteentzat idatzitakoak, gustatzeaz gain ariketa formal interesgarria iruditzen zaidalako. Gainera, testuaren jabea izanik, libre sentitzen naiz literaltasunetik pixka bat aldentzeko ere, komeni bada, bertsionatzera heldu gabe, baina bai lexikoaren konnotazioak doitzeagatik, adibidez. Bestalde, kasu honetan bereziki, uste dut arrotza egingo litzaidakeela nire ahotsa inork emandako hitzetan.

 

Bilaketa