literaturaren zubitegia

1.065 idazle / 5.132 idazlan
7.836 esteka / 6.342 kritika / 1.828 aipamen / 5.568 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Oihana Azkue
Gara, 2024-04-03
[iturburua]
Jon Alonso:
«Ez naiz gauza izan nobela hau idazteko gaur egun arte»

Metaliteratura jolas bat proposatzen digu Jon Alonsok bere nobela berrian. Manuel Vazquez Montalban-en pertsonaia ezaguna eta idazle iruindarraren Enekoitz Ramirez ‘Lanbas’ pertsonaia gurutzatu ditu “Carvalho Euskadin” (Susa) eleberrian. Trantsizio garaira eramango gaitu istorioak, nahiz eta kontaketak 2003 eta 2016 urteetan kokatuta dauden.

2016an kokatzen da “Carvalho Euskadin”, Iruñean, eta eleberri baten lapurreta da gertakari nagusia: Sanchez Godin intelektualak Vazquez Montalbanen nobela argitaragabe bat aurkitu du eta Gobernu autonomiko berriak goi mailako kultur jardunaldi bat antolatu du nobela aurkezteko. Ezustekoa, ordea, nobelaren bat-bateko desagertzeak emango du, eta Jon Alonsoren protagonista ezagunaren, Enekoitz Ramirez ‘Lanbas’-en, esku geldituko da kasua.

Metaliteratura ariketa batean, bigarren eleberri horrek 2003an kokatzen gaitu: Pepe Carvalho detektibeak, Ramblei begira dagoela, Guadalupe Agirre euskal enpresari handienetako baten enkargua jasoko du: 1982an desagertu zen Kokotxa militantearen neska-laguna aurkitzea. Trantsizio garaian pentsatzean, irakurleak izan dezake desagertze honi izen-abizenak jartzeko tentazioa, baina idazleak azpimarratu nahi izan du erabat fikziozkoa dela eleberrian agertzen den desagerpen politikoa.

Hasierara jo nahi nuke. Urte batzuk atzera, 1995era.

1995ean, lehenengo nobela aurkeztu nuenean [“Katebegi galdua”, (Susa)], pentsatzen nuen trilogia bat idaztea, eta gainera pentsatzen nuen trilogia hori oso azkar egingo nuela. Gertatzen dena da gero gauzak nahasten direla eta 5 urteko lana izango zena ia 30 urteko lana bilakatu dela. Tarte horretan trilogia horretakoak ez diren beste liburu batzuk idatzi ditut.

Lehenengoa Erdi Aroko gure historiari buruz egin nahi nuen. Bigarrena frankismoari buruzkoa izan zen, “Hodei berdeak” (Susa, 2003), eta gero nahi nuen beste nobela bat egin trantsizioari buruz. Eta hori da “Carvalho Euskadin”.

Zergatik Carvalho?

Vazquez Montalbanen lanen zalea naiz, asko irakurri dut, eta ez bakarrik Carvalho seriea, baizik eta egin dituen beste nobela asko eta bere lan periodistikoak, poesia ere bai; ze jende askok ez daki, baina hasieran batez ere poesia idatzi zuen. Bestetik, iruditzen zitzaidan, nahiz eta guk idazle oso handi eta onak eduki, ez dugula sekula eduki trantsizioaren garai horri guztiari buelta bat eman edo irauli duen idazlerik, eta iruditzen zitzaidan, behin gai hori hartuz gero, egokia zela Carvalhoren bidez egitea. Gainera, horrek ematen du bidea distantzia pixka bat hartzeko.

Eta erreparo punturik izan duzu halako pertsonaia bat zurera ekartzean?

Lotsa, gutxi [barreak]. Nik Carvalho bat egin dut, ikusten dudan modutik abiatuta. Gehiago zen beharbada zer esan zezakeen haren familiak. Susa argitaletxekoek hitz egin zuten haren oinordekoekin eta printzipioz ez zuten oztoporik jarri. Alde horretatik, lasai.

Zenbat du Carvalho honek Vazquez Montalbanetik eta zenbat Jon Alonsotik?

Vazquez Montalbanek askotan esan zuen berarentzat Carvalho zela baliabide tekniko bat ikuspuntuaren aferari irtenbidea emateko. Erdaraz, baina hitz horiekin esaten zuen gutxi gorabehera. Alegia, berez ez da pertsonaia konplexuegia edo barrutik gogoeta asko egiten duena, baizik eta egoera batzuk ikusteko bidea ematen diguna da. Eta nik ere horrela erabili dut, nirekin gehiegi nahasi gabe. Vazquez eta Carvalho ezagutzen dituenak ikus dezan, haren nobeletan errepikatzen diren hainbat esaera, lelo edo leitmotiv errepikatu ditut, esate baterako, zer den ideala, “gauean ordu txikietara arte irakurri eta negua datorrenean hegoaldera bidaiatzea” (“leer hasta entrada la noche y viajar al sur”) edo zertan datzan bizitza: “fakturak ordaindu eta lagunak lurperatu” (“pagar las facturas y enterrar a los muertos”). Carvalhok baditu hainbat esaldi, eta horiek sartu ditut.

Pertsonaiaren egoera ere kontuan hartu duzu. Abiapuntua bada pixka bat.

Desagertutako nobela hori, fikzioan agertzen dena, 2003an gertatzen da, hain zuzen 2003an hil zelako Vazquez Montalban, urrian, eta orduan argitaratu zen bere azken nobela, “Milenio Carvalho”. Hor, uzten du pertsonaia zirkunstantzia jakin batzuetan, eta nik hartu dut orduantxe bertan eta zirkunstantzia horietan, eta hortik aurrera Euskal Herrira ekarri dut.

2003an kokatu duzu Pepe Carvalho. Ramblatan agertuko zaigu lehen orrietan. Eskura kasu berezi bat etorri zaio, eskaera berezi bat.

Bai. Kezka du trantsizioan, 1982an desagertu zen militante bat da Carvalho Euskadira dakarren arrazoia. Desagertu bat aipatzen denean denok batzuk dauzkagu buruan, eta horregatik esan behar da desagertu hori nik asmatutakoa dela, ez duela izen-abizenik, eta ez dela pretenditzen denok buruan izan ditzakegun desagertu politiko horietako baten historia erreproduzitzea.

2016an kokatzen duzu eleberriaren beste atala. Iruñetik abiatzen da istorio hau.

2016an, denok dakigun bezala, gertatu zen aldaketa Nafarroako politikan. Eta, orduan, zergatik ez irudikatu egoera bat, zeinean gobernu berriak pentsatzen duen kultura bultzatu behar dela, eta horren harira antolatzen duen jaialdi bat eta abar? Hori da Carvalhoren nobela enmarkatzen duena.

Hori da: josita doaz. Bada, neurri batean, literatura jolas bat ere.

Jakina. Hala da, metaliteratura jolas bat da. Norberarentzat badu grazia pixka bat hartzea pertsonaia bat zuk beti irakurri duzuna eta zeure egitea, eta hori baliatzea zure kontakizuna sortzeko. Zailena dena lotzea izan da harilkatzea. Multzo guztiak enpaste bat izatea izan da neketsuena.

Trantsizioaren garaia aztertu nahi zenuen, baina azpigai asko daude eleberrian.

Denboraren perspektibarekin begiratu nahi nion garai horri. Zenbait jarrera agerian utzi ere bai. Beste alde batetik, gure herriari buruzko irudi ironikoa eman nahi nuen. Pentsatu nahi dut ez dela mingarria, baina ironikoa bai. Gu ohituta gaude eta gauza batzuk oso normalak iruditzen zaizkigu gure eguneroko gauzak direlako, baina, kanpotik norbait datorrenean, pixka bat paseatzen badugu Euskal Herrian zehar, segurutik oso bitxia irudituko zaio. Carvalho lekuko bihurtzen da eta ikusten gaitu denbora guztian aurreskuak dantzatzen nola pasatzen dugun eta abar. Hori, “Carvalho Euskadin”. Beste nobela Nafarroan gertatzen da, eta gauza batzuk Iparraldean. Nire geografia hala delako gertatzen da dena Euskal Herrian.

Denborak ze paper jokatu du zure ikuspuntuan?

Ez naiz gauza izan nobela hau idazteko gaur egun arte. Beste saio batzuk egin ditut denboran zehar. Liburu hau egiten lagundu zidan pertsonetako batek, Gorka Arresek [Susako editore ohia], badaki zenbat saio egin ditudan eta nola kaxoi batean sartuta utzi ditudan, ez nintzelako kapaz idazteko nobela hori, ez nuelako topatzen ez tonua eta ez modua. Eta buelta asko eman eta gero, modu bitxi honetan atera da.

Carvalhok eta Lanbasek badituzte antzekotasun batzuk. Biak elkarrekin jartzeak joko pixka bat ematen du.

Baliteke antzekotasunen bat edukitzea biek, baina, narrazioaren teknikaren ikuspuntutik begiratuta, oso diferenteak dira: Carvalho hirugarren pertsonan kontatuta dago, eta Lanbasek beti hitz egiten du lehenengo pertsonan. Horrek aldaketa asko dakar nahi gabe; alegia, Lanbas denbora askoan ari da bere burutazioen berri ematen, pertsonaiak barruan zer duen gehiagotan adierazten du, eta, aldiz, Carvalho alde horretatik askoz ere diskretuagoa da. Lehen pertsonan narratzeak halako intriga duen nobela bat baditu zailtasun batzuk, adibidez, ezin ditzake ikusi edo jakin kasuaren inguruan gertatzen diren kontu guztiak, eta horrek ekartzen du moduak bilatu behar izatea istorio guztia jakin ahal izateko. Aldiz, hirugarren pertsonan narratzen baduzu, pertsonaia kapitulu batean edo askotan sar daiteke, baina ez bada komeni, eskuak libre ditu horretarako. Lanbasen nobelak idazten hasi nintzenean hori guztia pentsatu izan banu, seguruenik ez nuen idatziko lehen pertsonan [barreak].

Hizkuntza aldetik ere erronka izango zen. Pertsonaia bakoitzak badu hizkera bat. Carvalhori ze hizkuntza, ze hizkera eman?

Bai, hori arazo handi samarra zen, ze berez Carvalho guztiak ere ez dira berdinak. Orokorrean Vazquez Montalbanen estiloa aski korapilatsua da, irudi eta metafora bitxi asko erabiltzen ditu, eta nik ez nuen gehiegi soildu nahi Carvalho horren hizkera, hori pertsonaiari traizioa egitea zelako. Baina, bestalde, ez nuen nahi itzulpen bat izatea, asko zailduko bailuke irakurketa. Orduan, erdibide batean geratu naiz, eta asko lagundu dute lehen aipatu ditudan lelo horiek, haren nobeletan asko errepikatzen direnak.

Behin bukatuta, zein da zure sentipena? Hau zen egin nahi zenuen hori?

Edozein liburu bukatzen dudanean, beti pentsatzen dut ez zela justu hori egin nahi nuena edo hobeki egin nezakeela... Hori konstante bat da. Hau zen buruan neukana orain 30 urte, eta atera egin da. Punto. Alde horretatik lasaitasuna sentitu dut. Ez dakit beste liburu bat, bi edo batere ez argitaratuko ditudan, baina seguru beste kezka batzuekin izango dela.

Carvalho-Lanbas binomioak ez ditu emaitza gehiago ekarriko?

Ez, ez. Lanbas gehiago egongo den ez dakit. Baina Carvalho... bat, eta aski.

Eskuartean beste proiekturen bat ba al duzu?

Beti nabil gauzak begiratzen. Pintorearen lanarekin oso konparagarria da hau, nola ikusten duzun pintore baten atelierra, zirriborroz eta erdi eginda dauden koadroz beteta. Nire kasuan ere hala da, eta pentsatzen dut idazle gehienen kasuan izango dela horrela. Begiratuz gero, ordenadorean bakoitzak edukiko ditu hainbat karpeta, hasi dituen gauzekin, apunteekin...

 

Bilaketa