literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Garazi Basterretxea Barea
Pikara Magazine, 2023-10-04
[iturburua]
Ekhine Eizagirre:
«Ahalik eta askeen saiatuko gara izaten, nahiz eta zapalkuntzak sistematikoki pairatu»

Ekhiñe Eizagirrek Alde erantzira nabil (2016) izeneko poesia-liburua argitaratu zuen Fresneseko espetxean zegoela. Idazleak aurkezpenerako idatzitako testuan adierazi bezala, erraietatik ateratako lan intimoa dugu, bidean igurtzi eta fereka ugari bildu dituena.

Euskal Herrian, klandestinitatean eta espetxean idatzitako poemak bildu, lagunei erakutsi eta hauek animatuta, 2016an Ekhiñe Eizagirrek Alde erantzira nabil liburua plazaratu zuen, emakume batek espetxealdian euskaraz argitaratutako lehen poema bilduma izan zena. Ez zuen bere lanaren aurkezpenean egoterik izan, baina bere hitzek Donostiako Udal liburutegiraino hegaz egin zuten: “Borroka zaporea eta lavanda usaina duen alde erantzirako bidea izan da nirea, ehundura askotarikoa, latza zein leuna, inoiz ez laua ordea, beti koskaduna, malkartsua, legaltasunaren altitude eta latitudeetatik haragoko lurralde ezezagunetan ibilitakoa”. Izan ere, gorputzean korapilatutako ehundura eta zapore guzti horiek islatzen ditu bere poemetan, bakardadea, absentziak, nahi eta ezinak, baita desirak, plazerak eta gorputzaren agentziaz errealitatea eraldatzeko moduak ere.

Alde erantzira nabil izenburua hautatu zenuen liburuarentzat. Zer adierazi nahi izan zenuen horrekin?

Gorka Arresek, editoreak, proposatu zidan eta segituan asko gustatu zitzaidan, hitz-jokoa egiten zuelako. Alde batetik, atzera ibiltzea adierazten du, edo atzerako bide bat egitea, baina aldi berean, nolabait, arauetatik kanpo ibiltzea ere esan nahi du. Beste alde batetik, erantzi hitzak jaiotzetik ikasi eta soinean jantzi ditugun egoteko eta bizitzeko modu zein arauak desegitea ere esan nahi du. Hor ere hitz jokoa, eraikitakoa deseraikitzeko bidea adierazten baitu. Horri lotuta, Itziar Moreno kideak, izenburua jakin eta gero, liburu honen azaleko argazkia egin zuen, gorputz bat oinez erakusten duena. Niretzat garrantzitsua da hori aipatzea.

Zelakoa izan zen idazketa-prozesua?

Argitaratu nuen garaian dexente idazten nuen poesia, hamar urte lehenagotik idazten nuen poesia. Lagun batek esan zidan poesia horiekin zerbait egin behar nuela eta pentsatu nuen neuzkan olerkien artean bilduma bat egin eta proposatzea Ateramiñeri [idazle presoen lanak argitaratzen dituen argitaletxea] argitaratzeko. Orduan bidali nion garaian Ateramiñeko liburuak argitaratzeaz arduratzen zenari eta irakurri ondoren esan zidan beste bi editoriali proposatuko ziela. Susak esan zuen argitaratzeko prest zeudela hamar urte horietan idatzitako poemez osatutako liburua. Baina, nik idatzi nituenean ez nuen horretan pentsatzen. 

Atal desberdinetan sailkatzea erabaki nuen, bakoitzean gai batzuk presenteago daudelako: lehenengo atalean (“Hegan”) klandestinitatea eta espetxealdia, bigarrenean (“Igeri”) absentzia edo nahi eta ezina, hirugarrenean (“Amets”) feminismoa eta nahiko genukeen Euskal Herria feminista, laugarrenean (“Sokatira”) espetxealdia eta bosgarrenean (“Musu-truke”) desira.

Bigarren ataleko “Absentzien itsasoan” poeman oso presente dago aipatzen duzun nahi eta ezin hori, “Itsas karakoletako hots errepikakorraren antzekoa da absentzien itsasoa” esaldian adibidez. Zeintzuk emozio nahasten zitzaizkizun itsas horretan igerian?

Poema hori ziegan idatzi nuen eta nolabait egiten du metafora ziega dela absentziez betetako itsasoa. Hor itota zaude, badauzkazu mila tramankulo edo gauza, egunerokoan erabiltzen dituzunak, baina era berean falta zaizu kalean sozializatzerakoan daukazun jendearen gertutasun hori, familiarekin, lagunekin. Eta lekuetan egoteko aukera, paisaiez gozatzekoa. Espetxeak jartzen zaitu zauden leku horretan eta leku horretatik kanpo ez dago ezer. Leku horiek dira grisak, ilunak, zikinak, bortizkeriaz betetakoak. Adibidez nik ordenadorean denbora asko pasatzen nuen, ikasketak egiteko ordenadore bat neukan. Hor egiten dut metafora ordenadoreko pantailetako argazki paradisiako tipiko horiekin, edo zure herriko leku kuttunetako batekin. Argazki horiek dituzu pantaila aurrean, orduak zure aurrean eta, era berean, ukiezinak dira. Nahi eta ezin hori behin eta berriz dago.

Ez-lekuaren ideia ere askotan ageri da liburuan, adibidez “Non” poeman.

Hor klandestinitateari egiten diot erreferentzia. Askotan zuk bakarrik dakizu non zauden eta askotan ez dakizu oso ondo non zauden. Batetik bestera ibiliko zara eta ezin duzu esan non zauden, inork ezin du jakin non zauden, bai zu bai ingurukoak babesteko. Baina espetxea ere ez-lekua da, eta ez da lekua inorentzat, bortizkeria modu esplizituan eragiten duen espazioa delako.

Zure hitzetan oso presente dago desira, plazera, umorea… Gorputzaren agentziarako botere handia transmititzen duzu. Zeintzuk bide aurkitu zenituen ez-leku horretan emozio horiei leku egiteko?

Kontuan hartu behar da, kalean bezala, espetxean ere badaudela arau batzuk. Frantziako espetxeetan sexualitatea asko zigortzen da modu agerikoan; hau da, badaude idatzita horren inguruko lege edo arauak. Adibidez, bisitan datorkizun norbaitekin muxuka bazaude, esaten da besteen begietara zerbait lizuna egiten ari zarela eta ez dela egokia. Debekatzen dizute norbaitekin oso helduta egotea, muxu bat ematea… Era berean, badago emakumeen gorputzen gaineko kriston diziplina gogorra eta zanpatzailea sexualitateari eta gorputzari lotuta. Ezin duzu erakutsi sorbaldarik, eskoterik, belaunik, sabelik, baina aldi berean ezin duzu zapi bat buruan jarri. Gorputzaren diziplina eta erregulaziora bideratutako hainbat neurri dira, bioboterearen ideia etortzen zait burura, gorputzen gaineko kontrola, nola gauzatzen den. Horiek denak oso presente daude.

Gainera, espetxean harreman lesbiko asko eta asko daude eta horiek ere nahi dutenean zigortzeko erabiliko dituzte, adibidez, ezin da edozein lekutan muxuka hasi. Txaboloetan batzuetan bakarrik zaude, ezin duzu zure bikotea edo neskalaguna edo dena delakoarekin partekatu, beste batzuetan bai. Beraiek daukate horren gaineko kontrola etengabe: zure gorputzaren gaineko kontrola eta erabaki horien gaineko kontrola. Horren aurrean geratzen zaizuna da agentzia propioa eta agentzia propio horrekin aurkitzen dituzun zirrikituak, batzuetan arauen kontra, bestetan arauei izkin eginez, beste batzuetan idatzi gabeko arauak egon arren, zuretzat garrantzitsua den horri lekua eginez. Adibidez, masturbazioa ez dago debekatuta, masturba zaitezke, baina txabolo batean zaude eta atean mirilla bat daukazu, edozein momentutan ikusia izan zaitezke, eta hori edozeinentzat muga izan daiteke lasai disfrutatzeko eta plazerari leku egiteko. Horren aurrean zuk hartzen dituzu erabakiak: igual mirillari pegatina bat jarriko diozu eta gauean tapatuko duzu, mila modu daude. Askotan esaten duzu “honek zigor bat edukiko du? Ba zigortu nazatela”. Gainera, sexualitatea beti irudikatzen da beste norbaitekin edo norbaitzuekin partekatu behar den zerbait bezala eta garrantzitsua da ulertzea norberak ere daukala agentzia bere bizitzan, espetxea bezalako leku bortitz batean zaudenean eta ez duzunean aukera asko, zeure buruarekin autogestiona dezakezula plazer hori, emozio horiei leku eman ahal diezula, landu ahal dituzula.

Aipatzen duzu zulo horren barruan gela bat sortzearen ideia: “eraikiko dut gela propio bat zulo honen barruan laztan nazazuen begiradez eta irribarreez malkoz itsasoratuko dut gorrotoa eta samurtasunari egingo diot txokoa metro karratua gutxienez”. Zerez eraiki zenuen gela propio hori?

Zeldak oso kontraesankorra den zerbait dauka. Alde batetik, behartuta zaude hor egotera, hor itxita zaude. Lau horma dira, leku hotza eta askotan zikina, bereziki espetxe zaharretan, ni eta beste asko egon izan garen horietan. Leihoak dituzu, barroteak, sareak, gero hormak… Gainera giltzariak egunero sartzen dira zu hor zaudela eta espazio hori hartzen dute, edozein momentutan sar daitezke eta askotan kontrolak egitera sartzen dira. Edo mirillatik edozein momentutan kontrola zaitzakete. Baina, era berean, da espazio bakarra non egongo zaren zu bakarrik, goxo eta jarriko duzun zure erara, lau argazkitxorekin, marrazki batekin, tela batzuekin. Horrek ere bilakatzen du hain espazio hotza eta hain espazio zatarra zerbait goxoagoa, norbere gela. Argazki horiei begira ahal duzu ebaditu, pixka bat ihes egin, edo poema bat idazten. Norbere gela ez da hainbeste ziega, baizik eta ziega horren barruan sortzen duzun espazio intimo hori, oso hauskorra dena, edozein momentutan hautsi daitekeena, baina era berean arnasa ematen dizuna.

Espetxean zeundenean asko idazten zenuela kontatu zenigun iaz Algortako Gorputz feministak irakurketa zikloan, baina orain ez duzula hainbeste idazten, ez duzulako hainbesteko beharrik sentitzen. Zer eskaini zizun une hartan poesiak, zertarako balio izan zizun?

Idaztea asko gustatzen zait, orain olerkiak aspaldi ez ditut idazten, espetxean egindako gauza asko orain ez daukat gogorik egiteko, beste gauza batzuk nahi ditut egin. Sormenak balio du ihes egiteko errealitate horretatik eta errealitate paralelo bat sortzeko, zu hor zaude sormenaren burbuila horretan. Poesia egitean hitzekin jolasten duzu, disfrutatzen duzu, mundu horretan sartzen zara. Horretarako balio izan dit. Eta ikusi ditudan istorioak kontatzeko ere balio izan dit, emakume presoen istorioak kontatzeko poemen bidez, balio izan dit nire pozak eta penak eta plazerak eta desirak adierazteko. Baita minak eta ezinak ere. Eta nire hausnarketak adierazteko eta espetxea zer den ikuspegi feministatik adierazten saiatzeko.

Atera naizenetik ikasten egon naiz. Aipatu nahi dut espetxetik ateratzean beste askatasun maila bat duzula, baina ez duzu askatasun osoa, badagoelako espetxean egon izanaren estigma eta preso politikoen kasuan badaude ere zigor asko ikusezinean geratzen direnak. Adibidez, bagaude “Fijait” fitxategia izeneko zerrenda batean eta kanpora ateratzen garen bakoitzean, hotel batean edo edozein lekutan gaudela, pitatu egiten du eta Guardia Zibila etor daiteke. Badaude hainbat egoera jendeak ez dituenak imajinatzen, istorioa ez da bukatzen behin espetxean ez zaudelako, errepresio horrek indarrean jarraitzen du eta hori azpimarratu nahi nuen.

Bigarren atxiloketan nire gutun guztiak eraman zituzten, espetxean idatzitako guztiak ez, baina asko eraman zituzten eta emozionalki asko kolpatu ninduen. Idazketa ez da zerbait egiten duzuna hain libreki zure intimitatea guztiz kolpatzen dutelako eta horrek zailtzen dizu hortaz idaztea, nik hau idatzi nuen garai batean non hau hautu politiko bat izan zen, baina orain ez zait hain erreza egiten, nahiz eta kalean egon. Jarraitu dut idazten, ikasten, ikerketan. Beste bide batzuetatik ari naiz idazten orain.

Esan duzu espetxea zer den ikuspegi feministatik adierazten saiatu zarela, zeintzuk hausnarketa egin dituzu horren inguruan?

Uste dut irakurketa asko egin daitezkeela, baina bat botako dut, niri balio izan zidana. Espetxeak edo gizarteak orokorrean ez du irudikatzen emakumea delitugile bezala. Orduan emakume bat espetxera iristen denean ez da bakarrik zigortua egin duen delituarengatik, zigortua da ere emakume izateagatik, emakume rola hautsi duelako. Espetxeak dauzka hainbat mekanismo emakume hori, araua hautsi duena, bi bider zigortzeko (emakume izateagatik eta delitua egin izanagatik) eta bide zuzenera enkarrilatzeko. Eta hor indar handia daukate gorputzaren gaineko diziplinak eta kontrolak eta sexualitatea arautzeak. Mila modutara ematen da hori, ez bakarrik sexualitatea arautuz, medikalizazioarekin ere, hor datuak daude eta emakume presoek askoz medikalizazio tasa altuagoak dituzte. Nolabait populazio hori anulatzeko modu bat da.

Horren aurrean ariketa bat egin nuen: gorputzaren zapalkuntzei aurre egiteko gorputza nola erabili, nola bilakatu gorputza borrokarako elementu lubaki horretan. Adibide asko daude. Biluzketa sistematikoak, esaterako, ohikoak dira Frantzian. Bisitara zoazen bakoitzean edo espetxetik ateratzen zaren bakoitzean biluzten zaituzte, irteeran eta bueltan. Hor ere gorputzaren gaineko kontrola ez ezik, umiliazioa ematen da. Horri buelta nola eman? Kuleroak kentzeko agintzen dizutenean eztabaidan zaudenean kendu ala ez, bat-batean erabakitzen duzu, “Ba kenduko ditut eta jarriko dizkiot giltzariari muturretik milimetro batera”. Horrek nolabait bestea asaldatzen du eta berak zu zapaltzeko erabili nahi zuen hori bilakatzen zaio zerbait kontrara datorkiona, non bera sentitzen den deseroso agindu horrek ekarri duen erantzunarekin. Elkartasuna bera izan daiteke beste adibide bat. Patioan egon eta udaran kriston beroa egiten duenean. Norbait sujetadoretan jarri eta giltzariak agindu nikia janzteko. Orduan inguruko guztiok kamiseta kendu eta sujetadoretan gelditu. Gorputzak mila modutara eduki dezake agentzia bai norbanako bezala eta bai kolektibo bezala. Baina banako bezala ere bai eta gainera bada zerbait ez dutena espero, beraiek etengabe bilatuko dute zu txikitzea kontrol mekanismo horiek baliatuz, askotan oso naturalizatuta daudenak eta ez direnak antzematen.

Behin Bilgune Feministak antolatu zuen espetxe martxa bat eta nahi zuten kanpaina bat egin emakume presoekin. Galdetu ziguten esaldi bat pentsatzeko eta esaldi bat etorri zitzaidan laburbiltzen duena orain esan duguna: “libre ezin aske gara”. Itotzen gaituzte, hemen gaude zulo beltz honetan, baina aske gara gure hautuetan, nahiz eta horrek zigorra ekarri. Bizitzan ere horrela da, aske gara aurre egiteko ezartzen dizkiguten arauei, aske desirak edukitzeko, plazerak sentitzeko, gure gorputzetan ere ahalik eta askeen saiatuko gara izaten, nahiz eta zapalkuntza horiek egunerokoan hain modu sistematikoan pairatu.

Badira zure poemetako esaldi batzuk hainbat espazio feministatan lelo bilakatu direnak; adibidez, “Ez naiz inorena, horregatik naiz, bereziki, neure-neurea”. Zelako erantzunak jaso izan dituzu jendearengandik?

Nik jakin nuenean Susarekin argitaratuko zela oso argi neukan liburu honen funtzioa. Zabaltzen bazen eta irakurtzen bazuen ahalik eta jende gehien, askoz hobe. Baina nik nahi nuen bereziki tresna bat izatea hausnarketarako, herri mugimenduetan, eragile desberdinetan dagoen jendearentzat nahiz formazioak ematen, baliagarri izatea eraldatzeko, hausnartzeko. Jende askok esan dit poemak erabili dituztela gauza desberdinetarako, edo ikastetxean landu dutela, edo talde batek abesti bat egin zuela poema batekin… Ni horrekin oso pozik geratzen naiz. Gero esparru literarioan zabaldu den, hor ez dakit, batzuek esaten dute espero baino gutxiago, baina ni ez naiz horrekin geratzen, nahi nuenarekin lasai eta pozik nago. Espero dut balio dezala aurrera ere jarraitzeko hausnarrarazten eta ikusarazten espetxea beste begi batzuetatik.

 

Bilaketa