literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.115 idazlan
7.826 esteka / 6.314 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Isabel Jaurena
Berria, 2023-04-26
[iturburua]
Eva Perez-Pons:
«Bollera gorputzak ez du zerikusirik sexualitatearekin»

Prekaritatea, ekintza zuzen ez-biolentoa, sexua eta generoa nahiz desira hizpide ditu Lisipe bildumako azkeneko liburuak. Erresistentziarako gorputzak dira kontakizunaren oinarri.

Gorputzen hierarkizazioa helburu duten formula binarioen baitan, zishetero arauean sartzen ez diren gorputzek biolentzia jasaten dute. Horiek dira erresistentziarako gorputzak. Eva Perez-Ponsek (1996, Lemoa, Bizkaia) talde horretan dauden bollera ez-binarioak ditu solasgai bere azkeneko liburuan. Erresistentziarako gorputzak: bollerak du izena.

Diskurtso transfoboen gorakadan hasi zenuen lana. Mugimendu hori Euskal Herrira zentzu handirik gabe iritsi zela diozu.

Espainiako Estatuko trans legeak hiru aldaketa handi zituen: genero autodeterminaziorako eskubidea, derrigorrezko hormonaziorako ezabapena eta psikiatrizazioaren ezabapena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2012. urtetik eta Nafarroan 2017. urtetik ditugu hiru oinarri horiek biltzen dituzten legeak, nahiz eta praktikan betetzen ez diren, ospitaleetako barne protokoloengatik.

Aurreratuta egon arren, praktikan arrakalak ditu legeak?

Legeak gabezia asko ditu: ez dituelako trans ez-binarioak errekonozitzen, ezta atzerritarrak ere. Horrez gain, sistema medikoak gorputz erabat koherentea bilatzen du. Hormonazio maila zehatzak ezartzen ditu, eta hormonaziora eta ebakuntzetara bideratzen ditu pertsona transak.

Zaurgarritasunaz ere mintzo zara, eta pertsona guztiak zaurgarriak direla diozu.

Zaurgarriak gara erlazioan bizi garelako eta, baldintza materialez aparte, sare baten beharra dugulako aurrera egin ahal izateko. Jaio garenetik hiltzen garen momentura arte gara zaurgarriak, maila diferenteetan bizitzaren etapa bakoitzean. Kontua da gure gizarteetan pertsona zaurgarrien eta ez-zaurgarrien arteko diferentzia egiten dugula, gorputz batzuei agentzia emanez eta besteei kenduz.

Beraz, uste denaren kontra, ez dago pertsona ez-zaurgarririk?

Kontua ez da pertsona zaurgarriak edo ez-zaurgarriak daudela, baizik eta zaurgarri bezala izendatzen ditugun horiek benetan prekarioak direla. Modu bat da pertsona baten egoera latzaren erantzukizuna norbanakotik sistemara mugitzeko.

Auzi horretan, bollera gorputzaz mintzo zara.

Bollera harremanak eraikitzeko bide eta modu berriak birsortzen dituen gorputz bat da. Horrek esan nahi du errealitate berriak sortzeko eta izendatzeko tresnak ematen dizkigula. Heterosexualitateak markatzen duen normatik at kokatzen den identitate politiko bat da.

Sexualitatea eta desiraren eraikuntza ere aipatzen dituzu.

Bollera gorputzak ez du zerikusirik sexualitatearekin: desiraren aldaketa bat bilatzen du plano sexualean, baita hortik kanpo ere. Gainera, sexua eta sexualitatea desnaturalizatzeko modu bat da. Bollera izateko ez delako behar genitalitate jakin bat, sexu praktika jakin bat, edo emakume izatea; ez esentzialki, eta ezta subjektu politiko gisa ere. Gerta daiteke, baina ez du zertan hala izan.

Normatik kanpo kokatze horrek ondorioak ere baditu, ezta?

Nahiz eta bollerak sozialki inongo errekonozimendurik ez izan, fisikoki identitate oso bisuala da eta horrek biolentzia jasotzeko potentzialitatea ematen dio. Horregatik esaten dugu erresistentziarako gorputza dela. Noski, badaude gorputz batzuk erresistentzia hori xamurrago egin dezaketenak. Adibidez, ez da gauza bera passing-a izatea, edo ez izatea. Gorputz guztiek ez dute passing-erako eskubiderik.

Sexua kategoria biologiko gisa eta generoa kulturak eta gizarteak ezarritako rol gisa hartu izan badira ere, kontrakoa diozu.

Feminismo materialistak esango du bai sexua bai generoa eraikuntza materialak direla, hau da, ez bata ez bestea ez direla egitate biologiko izango, baizik eta gorputz bat bestearen menpe izateko ezinbesteko kategoriak. Ezin ditugu bereizi bat kultural bezala eta bestea biologiko bezala, biak gorpuzten ditugulako aldi berean eta biak direlako momentuko egoera politikoaren produktu. Patriarkatuak sortuko ditu eremu publikoa eta pribatua ondo bereizita mantentzeko.

Ekintza zuzen ez-biolentoa estrategia ere hizpide duzu.

Eremu antimilitaristetan erabiltzen da. Ez du erasoa ekintzatik deuseztatzea eskatzen, baizik eta egingo den guztia ondo neurtuta eramatea. Leku bateko ohiko egoera desnormalizatzeko modu bat da, desobedientzia zibilaren bitartez egiten dena askotan. Kalea hartzeko modu asko daude, eta nik uste dut dela modu bat errepresentatibotik konfrontatibora aurrerapauso bat egiteko.

 

Bilaketa