literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Miel Anjel Elustondo
Euskaldunon Egunkaria, 1998-06-17
Koldo Izagirre:
«‘Germinal!’ esatean, Angiolillok apiril iraultzaile baten iragarkizuna egin zuen»

‘Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri’ da Koldo Izagirreren orain arteko azken nobelaren izenburua. Susa argitaletxeak du plazaratu Izagirreren lan berria, eta oraindik orain egin dute liburuaren aurkezpena. Michele Angiolillo du ardatz Izagirreren nobelak, hau da, 1897an Canovas del Castillo Santa Agedako bainuetxean hil zuen anarkista italiarra. Angiolillo ardatz, baina ez, hala ere, idazlanaren elementu bakar. Nobelaren haritik tiraka jardun du Egunkariak Koldo Izagirrerekin, eta jardun horren ondorio da honako elkarrizketa hau. Liburu argitaratu berriaren inguruko kontuak harrotu ditugu nagusiki, baina bestelakorik ere izan dugu mintzagai azken partean, liburua abiapuntu hartuta horiek ere.

Esanahi iluneko izenburua zait bat-batean irakurrita. Areago, 66. orri arte ez da Germinal!-en aipurik. Zolaren izenburu bereko liburua aipatzen zaigu orduan. Germinal!, Zolaren beraren, Lilioren eta narratzailearen apiril iraultzaile berri baten esperantza...

Ohar hori gelditu zitzaiola buruan Angiolillori uste du narratzaileak, hura Parisen egon zen batean Zolaren edizio bat ikuskatzen ari zela topatuta. Gero Bergaran bota zuen hura hartatik etor zitekeela uste du. Eta ongi aztarrendua dagoela esango nuke nik: Angiolillok urkabean “Germinal!” esan zuenean, apiril iraultzaile baten aldarri edo iragarkizuna egin zuen... Esanahi ilunekoa ote den... Niri, berriz, oso izenburu argia egiten zait. Egizu kontu lehen pertsonan dagoela, eta horrek esan nahi du narratzaile inplikatu bat daukagula hasiera-hasieratik. Indar handia duela iruditzen zait niri.

Bizkaieraren kutsua izenburuan, eta lan osoan berean. Zergatik hautua?

Arrazoi berdinagatik. Narratzaileari nortasuna eman nahi niolako, “zinezkotasun bat” lortu nahi nuen. Hori bera lortzen ahal da batua hotz batekin, egia da, baina kutsu bat eman nahi nion. Eta gero beste arrazoi bat dago: giputza naiz, eta beldurtuta naukate Atharratzeko bizkaitarrek eta Bizkaiko baigorriarrek. Eta Donostiako larresoroarrek.

Bi plano ageri dituzu nobelan. Batean, lehenengo pertsonan ari den narratzailea ari zaigu. Bestean, Michele Angiolillo. Gero baino gero handiago da bien arteko identifikazioa. “Ni ez nintzen jadanik ni, zeu nintzen, Lilio?, irakurri dugu narratzailearenean”.

Egia da badagoela identifikazio bat narratzailearen eta narratuaren artean. Bere epaiketa kontatzen duenean ere, Liliorenak botatzen ditu epaileen aurrean... Gero, nobelaren erdian, kontaketa aldatu egiten da eskuz, Lilio da narratzaile...

Lilioren exekuzioaren aurreko egoera dena ageri da, xehe-xehe. Garrotea, alegia. Azalean ere garrotea dugu. Liburu honetako gai behinenetarik dugu heriotza zigorra?

Hau ez da alegato bat heriotza zigorraren aurka, Victor Hugok egin zuen modura Heriotzara kondenaturikoaren egunkaria-n. Hemen memento konkretu batean, hau da, hiltzera kondenatu zutenean buruan ibili zituen gogoetak islatzen saiatu da narratzailea, eta horretarako heriotza mota berdinean jarrera eredugarri bat agertu zuen Lilioren arrazoiak —baita ezkutukoak ere— aztertzen saiatu da.

Olasoneko jaunaren aipu, Txabirena, Cienfuegos (Lilio salbatu nahi duen euskalduna), Dolors...

Nobela batek ohi dituen bigarren mailako pertsonaia horietakoak dira, denak ere pertinenteak, neure ustez. Denak ere Lilio edo Angiolilloren heriotzak biltzen ditu. Olasonekoek leihoak itxi eta familia eta morroi-neskameak hartuta alde egin zuten Segurara, Angiolillo hiltzen etxetik inork ikus ez zezan, Telesforok berak idatzia du hori.

Cienfuegos pertsonaia erromantikoa da guztiz, eta esango nuke narratzailearen beraren alter ego bat ere izan litekeela, neurri batean; nik heroi nazional ezezagun horietako bat bezala ikusten dut, asko maite dut. Dolors, berriz, Angiolilloren intimitatean sakontzeko beharrezko pertsonaia da. Anparo Arangoa etorri izan zitzaidan askotan burura, haren argazkiak Zeruko Argia-n —gorputz hilduratua, biluztasun hunkigarria—, idazten ari nintzenean. Txabi Etxebarrietarena... Ikaragarria da, Txabik bere kaier pribatuan idatzi zuen gogoeta batek biltzen du Michele Angiolilloren patua: “Nik, funtsean, maitatu besterik ez dut egin gura, baina bizitza arduratuko da hala gerta ez dadin”.

Wolframa ageri da bigarren atalaren izenburuan.

Bai, wolframa sinbolo garrantzitsua da nobelan. Garrotea emango diotela jakiten duenean ere, huraxe erabiltzen du Angiolillok, erre arte argi emango duela adieraziz. Kointzidentzia baliatu dut berriro, Bergaran wolframa bereizi izana, eta wolframa izatea erre-punturik altuena duen metala. Angiolillo wolframazkoa zen. Nobelaren titulu posibleen artean “Wolframaren mindura” neukan, wolframaren minduraren istorioa da-eta nobela, argi ematearren sofritu egiten duenarena.

Zenbat dago apologiatik liburuan?

Ezerk apologiatik zenbat duen, epaileek erabakitzen dute indar politikoen erlazioen arabera. Epaileen antz handia dute kritiko batzuek, ez dira gauza gozatzeko, sententzia eman besterik ez dakite egiten, ez dakite irakurlea orientatzen, altxorrak aurkitzen ohitu... ezin dutelako kondenatu behar dutenaren lekuan ipini. Kritikagintza aurreratzen duten lanak, ia beti, idazleek berek eginak dira; gogora Lizardi...

Ez ahal didazu gaizki hartuko! Pasarte bat aldatu dizut elkarrizketara. “Delitu hauen apologia ez da bakarrik egitate kriminala laudagarri aurkeztea eta egiten duenaren jokamoldea txalogarri, baita delituen handia txikiagotzea, sinpatikoak egin litezkeen ezaugarriakaz aurkeztea ere”.

Angiolillok epaiketan esan zituenak prentsaratzea debekatu egin zen, eta bere heriotza ere debekatu egin zen deskribatzea, publikoa eta agerian egin zen arren. Botereak bazekien Lilio iraultzailea zela, eta bere heriotzak halako martiritza usaina hartuko zuela. Wolframazkoa zen, Alabamako aulki elektriko batean exekutatu izan balute argitasunezko bola bat bilakatuko zatekeen. Kondenatuak izan behar du kondenatzaileak behar duen bezain gaizto, bezain narrats, bezain urde, bezain mesprezagarri... Damutu bat behar zuen botereak. Angiolilloren ekintzarik handiena bere heriotza izan zen.

Hizkuntzari ez diozu batere barkatzen. Edo irakurleari. Edo zeure buruari. Trinko, zehatz, hitz bat sobera ez dela ari ohi zara beti. Eta, jakina, Germinal!-en...

Hori da nire estiloa, edo hori dela esaten dute. Ironia maite dut, azpizentzuak baliatzen ditut, hitzari etekina kentzen saiatzen naiz... eta izugarrizko errespetua diot irakurleari. Nik ezin diot mezu planoa eman irakurleari. Hori ez da literatura. Zuk uste duzu erreka jauzi batean iragaten duen oreina, ehiza zakurrak atzean, artea dela? Hori ez da artea, hori altzari dendetako kontsumo produktua da, publiko zabartu bati eskainia. Euskaraz badaukagu produktu hori ere, eta zorionez esan beharko, tamalez. Baina irakurlea ergeltzat hartuz, azkenean geure talentua hondatuko dugu. Saizarbitoriak, Lertxundik, Atxagak, Sarrionandiak, zuk uste duzu ez dutela tinko eta zehatz idazten?

Ezin etsi dut orain hurrena Saizarbitoriak adierazi ziguna hemen berritu gabe. Zutaz komentario labur bat egin zezan eskatu genion eta hauxe esan zigun: “Euskal poetarik onena eta ia-ia idazlerik onena. Tamalgarria, oraintxe darabilen literatura militantearen joera edo jarrera”...

Badakizu, esaera zaharra da ia-iako zubia oso luzea dela... Tira, nik gauza horiei beroarena kentzen diet aurrena. Denok gara onenak une desberdinetan. Onenak diren idazle mordoa daukagu. Nire jarrera tamalgarria omen delako horretaz... Harritu nau. Ramon Saizarbitoriak behintzat ongi baitaki literatura militantearena ez dela beragandik ikasi ez dudan zerbait. Nik beste edonoren lanen aldean ipini ditzaket lasai, maila horretan, nire idatziak: idazle egiten gaituena forma da, eta nik forma zaindu egiten dudala uste dut, mezukeriatan erori gabe. Hala ere, beroarena kendu behar zaio esaldi horri ere. Pentsa nolako artista puska izan beharko nukeen, “poetarik onena” izateko “literatura militantea” eginez!

 

Bilaketa