literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-09
Patri Urkizu:
«Oso garrantzi handikoa da Mirande estereotipo gisa ez ikustea»

Patri Urkizuk prestatutako edizioan, Jon Miranderen 275 gutun eman ditu argitara Susa argitaletxeak. Andima Ibiñagabeitia eta Txomin Peillen adiskide minei ezezik, Jon Etxaide, Jokin Zaitegi, Koldo Mitxelena, Norbert Tauer, Alfonso Irigoien eta Xabier Kintanari idatzitako gutunak ere badira Susaren liburuan. Urkizu bera izan dugu solaskide liburuaz mintzatzeko.

Jon Mirandek Txomin Peilleni idatzitako gutunak aspaldidanik ezagutzen zituen Patri Urkizuk, Peillenek berak utzirik, eta gutun horietan eta Miranderen obran oinarriturik idatzi zuen Etsipenez. Jon Chahoren Memorioizunak (Elkar, 1984), Miranderi buruzko nobela autobiografikoa. Urteak pasatu ahala Miranderi buruzko interesa ez da itzali, Patri Urkizuren ustez, indartu baizik. “Hala erakusten dute Eduardo Gil Bera eta Felipe Juaristiren itzulpenek. Presaka egin direlako edo, egin diren itzulpenetako batzuk ez dira oso zuzen eta zehatzak, ezta hari buruz esan diren kontu batzuk ere, eta pentsatu nuen egokia izango zela haren gutunak argitaratzea. Bere poesiaz, bere pentsamenduaz, bere filosofiaz eta abar gauza benetan harrigarri eta interesgarriak irakurtzen dira gutunotan”.

Txomin Peilleni idatzitako gutunez gain, beste batzuk ere bilatzeari ekin zion orduan Urkizuk: Norbert Tauer-i idatziak (Jose Maria Satrustegik Egan aldizkarian 1984an argitaratuak Jon Miranderen itxaropen gutunak eta etsipen gutunak izenburuarekin), Jokin Zaitegiri idatziak eta, batez ere, euskal kulturaren munduaren barruan Mirandek beti lagun kuttun izan zuen Andima Ibiñagabeitiari idatziak.

Guztira, 350 gutun bildu ditu Urkizuk, eta 275 interesgarrienak argitaratu.

“Andimari idatzitako gutunak non ziren ez genekien, baina aurkitu genituen azkenean”, azaldu digu Urkizuk, “Estibalizko santutegian. Andimak oso ondo zaintzen zituen bere paperak eta hark gordetako Miranderen ehundik gora gutun jaso ditugu. Andimak Miranderi idatzitako 70etik gora gutun ere bildu ditut, baina hori beste edizio baterako geratu da, oraingoan Mirandek idatziak baino ez baititut sartu. Nik uste dut interesgarria izango litzatekeela Andima Ibiñagabeitiaren literatur kritika lanak eta bere gutunak argitara ematea, hala Miranderi idatziak nola beste zenbait”.

 

Mirande, kontraesanez betetako gizona

“Miranderen poesia edota Haur besoetakoa eleberriko gora-beherak ongi ulertzeko ezezik, Mirandek filosofiaz, kulturaz eta politikaz pentsatzen zuena ezagutzeko ere balio dute gutunek”, Patri Urkizuk adierazi duenez. “Oso garrantzi handikoa da, nire ustez, Mirande estereotipo gisa ez ikustea, Mirande pieza bakar bateko gizon gisa ez ikustea, kontraesanez betetako gizon gisa baizik, bilakabide aski interesgarria bizi izan zuen gizon gisa, alegia”, Patri Urkizuren irudiko.

Mirande modu sakonean ezagutu nahi duenarentzat ezinbestekoa da, dudarik gabe, Urkizuk apailatutako liburu hau. Baina Mirande ezagutzeko ezezik, bere garaia ezagutzeko bidea ere ematen du. “Mirande ezagutzen duenak hobeto ezagutuko du, bere konplexutasun osoan, eta ezagutzen ez duenari Mirande ezagutzen hasteko aukera eman eta garai hartan euskal munduak zer nolako giro hertsi eta gogorra bizi zuen erakutsiko dio”.

“Jon Mirande ezagutzeko bidean beste pauso bat besterik ez da liburua”, dena den, Urkizuren ustez. “Noizbait norbaitek bere poemen —eta agian obra osoaren— itzulpen eta edizio osatu eta egoki bat egin beharko luke”.

Mirandek Andima Ibiñagabeitia eta Jokin Zaitegiri idatzitako gutunak dira, Patri Urkizuren ustez, garrantzitsuenak. “Horiei idatzitako gutunetan, bere gogoetarik sakonenak agertzen ditu Mirandek, eta asmo literarioei buruz ere idazten du”.

Patri Urkizurenaz gain, Txomin Peillenek idatzitako beste sarrera bat ere badu liburuak, eta Peillen ezezik, Jon Etxaide izan du laguntzaile Urkizuk liburua apailatzeko. “Jon Etxaidek bere paper eta gutun guztiak utzi dizkit, eta horietako batzuk ere sartu ditut, interes handiena dutenak”.

Jon Miranderen gutunak biltzen dituen liburuaz gain, beste bat ere badu Patri Urkizuk, Susa argitaletxearen eskutik argitaratua hori ere: Zoazte hemendik! eleberria.

 

Bilaketa