literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Alberto Barandiaran
Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-07
Jon Alonso:
«Idazleen mundura berandu iritsi naizen inpresioa daukat»

‘Katebegi galdua’ intriga nobelarekin heldu da Jon Alonso literatur mundura, hobeto esanda argitalpen mundura. Ez da bere lehen liburua, aurten ere ‘Idiaren eraman handia’ saiakera argitaratu duelako, baina eleberria kaleratzea aspaldiko asmoa zuen idazleak. Hamar urte-edo itxarotea erabaki txarra izan dela ezin esan, Gorka Arrese Susa argitaletxekoak inoiz argitaratu duten nobelarik onenetakoa dela esan zuelako.

Liburuaren aurkezpenaren bezperan hartu gintuen Jon Alonsok bere etxean. Tximiniaren epeltasunean hainbeste urtetan bilatutakoa lortzeko zegoen atari hartan sentitzen zuenaz, idazteaz eta, liburuaz beraz hitz egin zigun. Jendearen iritzia entzuteko irrikan zegoela aitortu zuen idazleak.

Zure lehen nobela kalera ateratzeak zer sortzen dizu: errespetoa, jakinmina, mesfidantza, ez dizu axola...

Jendeak zer esango duen beldur pixka bat. Irakurri duen jendearen iritziak onak dira, baina jakin nahiko nuke ezagutzen ez nauen jendeari, Iruñekoa ez denari, zer iruditzen zaion eleberria. Hemengo askoren artean badakit zer-nolakoak izango diren erantzunak, baina oso iritzi subjetiboak dira horiek.

Beldurra, beraz. Eta idazleen talde esklusibo samarrean sartzeak?

Berandu iritsi naizen inpresioa. Seguru asko, orain dela hamar urte atera izan banu liburua, askoz ere ilusio handiagoa egingo zidan orain baino. Ez dut esan nahi ilusiorik ez daukadala, baina duda gehiago ere bai.

Dudak zertaz?

Liburuaz, idazteaz...

Idazten jarraitzeari buruz?

Ez, baina duela hamar urte liburu bat egitea zerbait bazen inpresioa daukat. Zerbait berezia, bitxia egiten zela uste dut, zerbaitetarako balio zuela. Gaur egun hori pasata dagoela iruditzen zait. Nire inpresio nagusia horixe da: berandu iritsi naizela.

Zertan ibili zara, bada, azken hamar urteotan?

Horretan, idatzi nahian, baina kostata ateratzeko zerbait. Gainera, ez bazara horretara dedikatzen, zaila iruditzen zait. Afizioz egiten bada, ordu asko sartu behar da, eta lana egin behar baduzu...

Liburu honek zenbat urte ditu?

Liburu hau bukatu nuen orain dela hiruzpalau urte. Izan zuen lehenengo idazketa bat, eta bidali nuen hainbat tokitara, baina ez zuen gainditu gainditu beharreko muga. Susakoek esan zidaten gustatzen zitzaiela gaia, baina ez nola zegoen idatzita eta aldatuz gero argitaratuko zidatela. Hori izan da azken lau urte hauetan, baina hori baino lehenago bazegoen zerbait. Badut, adibidez, liburua ateratzeko ipuin nahikoa, baina —hau ere nire inpresioa da—, ipuinak bildu eta horrekin ateratzen baldin bazara, inork ezagutu gabe, garantia asko dituzu jendeak esan dezan: “Lau lerro idatzi eta kalera ateratzen den beste bat”. Hau da, tarteka egiten duzun gauza denean ez dela erraza argitaratzea.

Izan da, beraz, erabaki kontzientea liburu bat ateratzeko, egun zehatz batean deliberatu zenuen zerbait atera nahi zenuela?

Izan da erabaki progresiboa, azken hamar urte hauetako erabakia, buruan nuen gauza bat zelako. Bidean gauza asko gertatu dira, esate baterako, 80 orri idatzi eta alboratu, neronek ez nituelako ikusten, eta ikasbide bat izan da, edo da. Beste batzuek berehala ateratzen dute euren produkzioa —beharbada askoz azkarragoak direlako ni baino, edo garbiago dutelako zer idatzi nahi duten—, baina niri kostatu egin zait. Ofizioa dela uste baduzu, ofizio hori ikasteak ere kosta egiten du pixka bat.

Katebegi galdua nobela beltza dela esan daiteke?

Nobela beltza garai eta lurralde zehatz batean sortu zen nobela mota bat da, alegia, Estatu Batuetan eta Bigarren Gerra Mundialeko aurreko urteetan sortu zena. Jenero horrek sekulako produkzioa eman zuen, eta oso idazle onak. Guri iritsi zitzaigun duela 20 bat urte, eta berehala fama hartu zuen gure artean. Harrezkero Espainian, Italian, Frantzian, egin dituzte tipo horretako nobelak, eta izen hori jarri zaie, baina ez dira nobela beltzak, jenero horretatik hainbat elementu harturik garapen berezkoa izan dutenak baizik. Nirea deribazio horren deribazioa litzateke. Intriga nobela da, baina beltzak baditu bere detektibeak, bere neska ilehoria...

Eleberriak baditu gaur egungo errealitatetik puska batzuk, erraz identifika daitezkeen erreferentziak, baina egunerokoak aurreratu zaitu behin baino gehiagotan.

Lehen bertsioa orain lau urte prestatu nuen, eta ondotik idazkera hainbat aldiz aldatu badut ere gaia orduko bera da. Kontua da liburu zaharren inguruan azkenotan izan diren aurkikuntza eta gertakizunek —Leizarragaren Biblia, espioitza-kartak, Erronkariko gutunak— jan egin dizkidatela pasarte batzuk. Bestetik, ustelkeriaren inguruan ere banituen gauza batzuk idatzita, eta eguneroko errealitateak gainditu egin du idatzia nuena. Hainbatek pentsa dezakete oportunismoa dela, baina aurretikoa zen trama.

Liburuko pertsonaia batek esaten du aspertuta dagoela filosofoekin, eta intelektualen kontra ere modu kritikoan mintzo da. Zu ere aspertuta zaude filosofoekin?

Filosofiarekin ez, baina bai filosofoekin. Beren burua filosofotzat duten horiek gero eta alprojagoak dira. Eta intelektualak, berdin. Nik jakin nahiko nuke edozein filosofo ezagunek noiz eman duen argitara azken filosofia liburua. Gero eta nobela, zutabe, kongresu eta debate gehiago egiten dituzte, eta azkenean horren bidez saltzen dituzte euren ideiak, edo, hobeto esanda, une jakin batean agintzen duenari komeni zaizkion ideiak. Horren truke ondo bizi dira.

Pertsonaien karakterizazioa oso zaindua dagoela nabarmen da. Zein duzu gustukoena, zein da indartsuena?

Pertsonaien artean ikusten ditut gora-behera handiak. Batzuk dira tramarako lagungarriak, eta ez dira hain landuak, horren indartsuak. Landuena Bartolo Egozkue apaiza da, dudarik gabe. Hala ere, denetan antzematen ditut nireak diren keinuak.

Emaitza ikusita, ofizioarekin jarraitzeko gogoa?

Bigarrena da aurten, eta badauzkat ipuin batzuk argitaletxe batera bidaltzeko modukoak, beraz uste dut momentua dela gelditzeko eta ikusteko. Ziur nago lehenago edo geroago segituko dudala, afizio indartsua delako, baina zain nago, ea zer datorren.

 

Bilaketa