literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Lorea Agirre
Euskaldunon Egunkaria, 1994-12-08
Iņigo Aranbarri:
«Sugestioarekin irakurlea inplikatu dadin saiatu naiz»

Iñigo Aranbarrik, teknika narratibo berezia aukeratu du 60ko hamarkadako euskal erresistentzia kultural eta zibilaren garai ilunak argitara ekartzeko. Solidaritatea, ezkortasuna jarrera bital gisa eta askatasunaren inguruko gogoetak txertatu ditu nobela honetan.

Iñigo Aranbarrik estreinako eleberrian, istorioaren interesean gain, teknika narratiboan, kontakeran, jarri ditu indarrak. Narrazio sinple edota den-dena kontatu beharreko ohizko teknikatik alde egin eta aurrerago jo nahian, linealtasuna kendu eta sugestioa erantsi dio narrazioari orain artean poeta lanetan ezagutu dugun Aranbarrik. Hori dela eta istorioa bereganatuko bada irakurleak ahalegin bat egin behar du kontatzen ez den hori bere uztatik osatzeko.

Nolabait, euskal literaturako azken joeraren aurka, nobela honen izatearen haria beste argitalpen batzuetan topa daiteke. Koldo Izagirreren ‘Euzkadi merezi zuten’ edota Anjel Lertxundiren ‘Kapitain frakasa’ izan, izan direlako daukagu gaur esku artean ‘Emon biar yako’ nobela agian. Beste batzuen artean, bi liburu horiek jorratu duten abangoardia literarioaren bidearekin —erabat narratiboa ez izatearena— identifikatuta sentitzen da Aranbarri eta estetika horri jarraiki egin du bere saioa, pentsatuz hori dela idatzi behar den narratiba.

Nolatan iritsi zara istorio honetara, bilatu egin duzu edo topatu?

60ko hamarkadako garai hori niretzat oso interesgarria da. Istorioan ageri diren pertsonak karakterizazio aldetik nahiko zakarrak ziren. Giroak ere agresiboa behar zuen izan, iluna eta oso poliziala neurri batean.

Aspaldidanik buruan izan duzun gaia izan da beraz.

Gure erresistentziako tradizio horretan badaude urte batzuk ia aipatu ere egiten ez direnak eta urte horiek 60ko hamarkada ingurukoak dira. Muga, Txabi Etxebarrietarekin, ETAren lehenengo hildakoekin eta euskarazko lehenengo nobela modernoaren kaleratzearekin jartzen da. Istorio hau apur bat lehenagokoa da.

Apur bat lehenagokoa den istorio hori kontatzeko, hala ere teknika narratibo moderno bat aukeratu duzu. Liburu honen ekarpen nagusienetako bat hori da, kontakera. Gaiak eskatzen zuen teknika hori edota ariketa literario gisa planteatu duzu?

Uste dut beste gai batekin berdin jokatuko nukeela. Azken finean estilo aukeraketa bat da eta aukeraketa hori oinarritzen da, nire ustez, zein tipotako narratiba egin behar den pentsatzean edota, nik behintzat, zein egingo nukeen. Nik uste dut berriro ere itzultzen ari garela orain dela urte asko egon zen debate batera. Narrazioaren abentura eta abenturaren narrazioa. Hau da istorio bera nahiz eta interesgarria izan, istorioak besteko indarra dauka nola idazten duzun.

Teknika narratiboari dagokionez, kontalaria orojakilea da, baina sarritan protagonisten begitik ikusten du, haren pentsamendutik hitz egin. Objetibo izatetik erabat subjetibo izatera igarotzen da kontaeraren ildoa.

Bai, uste dut misto bat dagoela. Ez da erabat orojakilea eta ez eta kamera hotz bat ere. Beharbada tarteko bide bat da, badago hori egiteko saio bat.

Saio horrek kontakeraren tonua bilatzeak eta istorioa harilkatzeak lan handia eman al dizu?

Bai, eta konponbidea uste dut aditzean topatu dudala, hor aurkitu dugu bidea. Giltza aditz aspektoan dago. Kontaketa lineal hutsa izan eta hirugarren pertsonan eta iraganean kontatua izan beharrean, aditzak denboraz aldatzen du. Orokorrean hartuta hirugarren pertsonan kontatu dut istorioa eta iraganean gehienetan baina, kamera hori, geratzen denean, orainaldia erabiltzen da eta baita geroaren marka ere. Hor aspektoak kolore bat ematen dio narrazioari, oso ‘zuen, zen, zuen...’ bihurtu beharrean.

Liburuak irakurleari esfortzu bat eskatzen dio. Batetik teknika narratiboak adi irakurtzeko eskatzen duelako eta bestetik aipatu izan duzu nobelari osotasuna emateko irakurleak beren bizipenak eta inpresioak erantsi behar dizkiolako istorioari.

Argi dago ez dela autobusean irakurtzeko nobela bat. Ahaleginarena uste dut datorrela literatura ez dogmatiko bat egitetik. Hau da, zu askotan oso narratiboa baldin bazara eta den-dena kontatzen baduzu irakurleari askotan aukera gutxi ematen diozu. Nik uste dut badagoela Euskal Herrian beste literatura mota bat eta hau kontatu baina sugestioa topatzen saiatzen da. Sugestio horrekin irakurlea inplika dadin saiatzen zara, literatura maitasuna bezala gutxienez bikoa baita, hau da idazten duenarena eta irakurtzen duenarena. Beraz irakurleari, irakurtzeko eta pentsatzeko askatasun gehiago emateko saioa da.

Anjel Lertxundik esan izan du sarritan gertatzen dela idazleak irakurlea bera baino tontoagotzat hartzen duela eta esplikazio luzeetan sartzen dela.

Bai, hala uste dut. Horregatik saiatzen zara irudi sugestibo horiekin, testu barruan ondo kokatuta dauden galdera batzuen bitartez, pausa batzuk egin eta bakoitzak bere inpresioa jaso dezala. Istorioa 1967 inguruan kokatuta dago eta uste dut gaur egun badagoela garai hartaz zer pentsatua. Egitura asko, arazo asko, gaur egun errepikatzen ari direla ikusten da. Jendeak esan izan dit gaur egungo gizartearen alegoria bat dela nobela, Pertsonaien karakterizazioarengatik eta planteatzen diren galderengatik.

Ez al daiteke gertatu belaunaldi jakin batentzako liburua gertatzea? Irakurle gazteago bat agian ez da bere osotasunean jabetuko, garai hartako erreferentzia gutxiago dituelako.

Gazte batek problema gehiago izan dezake. Baina hor dago idazlearen artea. Ez baduzu asmatzen garai hori ezagutu ez duen bati istorio hau kontatzen liburu txarra da. Erdi Aroko istorio bat kontatzen badizute neurri batean sinesgarria behar du izan giro horrek. Sinesgarria egiten den neurrian liburuak funtzionatuko du edo ez du funtzionatuko.

Liburuan gogoeta puntu gisa zein ideia azpimarratuko zenituzke? Klandestinitatea, solidaritatea...?

Nik uste dut galdera asko planteatzen direla eleberrian. Gogoeta gaietako bat askatasuna da, bai maila indibidualean eta bai sozialean. Baita klandestinitatearen dinamika bera. Uste dut hori planteatzen dela. Baina baikortasunik gabe. Zu izan zaitezke ezkor hutsa baina klandestinitatean egon. Nik uste dut hori dela liburu honek defenditzen duena. Ez dagoela zertan optimista izan eta etorkizun hobeago baten esperantzan bizi borroka egiteko. Agian esperantza horretan ibiliko da Julen Azkue, baina ezkortasun hori, zerbait bital moduan onartu egin behar da. Nik uste dut existentzialismoak bere garaian hori aportatu zuela. Liburuan une batean esaten diote Azkueri “zuk ez duzu suizidatzeko eskubiderik, tipo inpreszindiblea zarelako”... Horretaz ere badago gogoeta txiki bat.

Zer da poesiatik kontrabandoan nobelara ekarri duzuna?

Ez dakit, sintesia era hori, beharbada sintaxira pasatu dena. Poesian hitzak narratiban baino balio handiagoa hartzen du eta gainera karga semantiko handiagoarekin jokatzen duzu. Orduan hori narratibara pasatzerakoan buruan halako tik bat geratzen zaizu zera esaten dizuna: “Ezin duzu edozein hitz erabili eta ezin duzu soberako gauzarik esan”. Eta badirudi nobelan esaldiak tirafondoekin lotuta daudela bata bestearen atzetik eta ez dagoela soberako hitz bakar bat ere. Beharbada hori da poesiatik ekarri dudana.

Badago gogoeta bat irakurlearen ohituren aldaketak direla eta. Kontakera aldetik abangoardiako jarrera bat agertu duzu eta horrek irakurleari ahalegin bat eskatzen dio, ez zaio dena egina ematen. Aipatu gogoetak dio, orain 20 urte literaturaren irakurketan ahalegin bat egiteak plazerra sor zezakeen. Gaur egun plazerraren esanahia bestelakoa da eta berau erdiesteko ahalik eta esfortzu txikiagoa egin orduan eta plazer handiagoa. Agian hori da euskal narraziogintzak egin duen bidea. Irakurterrazago da orain, garai bateko abangoardia jarrerak aldera utzi direla dirudi. Horren adibide Bemardo Atxagaren azken eleberria eta Anjel Lertxundirena izan daitezke.

Bai, uste dut horrelakorik gertatzen dela eta uste dut Atxagaren nobela joera hori ulertzeko klabea dela, zein eboluzio egon den ikusteko bai teknika narratiboan eta baita lexikoaren aukeraketan ere. Garai batean, Atxaga, Sarrionandia eta hasi zirenean, han ikusten zen abangoardia bat. Garrantzitsua ez zen bakarrik zein istoria kontatzen ziren baizik eta nola kontatzen ziren. Bazegoen abangoardia kontzeptu bat literaturan. Narratiba sinple edo dena esaten duen narratiba horretatik ihes egiteko ahalegina bazegoela uste dut eta gaur egun begira nora etorri garen. Eta horrek ematen du zer pentsatu.

Joera hori dela eta atzera botako al du ‘zailtasunak’ dituen liburu honek?

Ez dakit. Denetarik entzun dut, batzuentzat zaila izan da eta beste batzuek oso erraz irakurri dute.

‘Zailtasun’ hori dela eta kritikarik ez izatearen beldur al zara?

Bai. Ia hilabete darama kalean eta ez da ezer atera. Zer pentsatua ematen du. Ez dakit kritika beraren funtzionamenduagatik den edo liburu konplexua dela eta denbora gehiago behar dutela... ez dakit zer den.

Nobelagintzan izan duzun lehenengo esperientzia hau nola baloratzen duzu?

Nik oso ondo. Poesia idatzi izan duzunean denek galdetzen dizute eta zergatik orain narratiba? Nik uste dut idazten duen morroi batek bere espresabidea topatu behar duela momentu bakoitzean. Poemak egiteko garaia da, edo poemak jendaurrean errezitatzeko garaia edo narratiba egiteko garaia... Uste dut gaur egun egiten ari naizen poesian agertzen dela maila batean nobelako gaia eta bertan ageri diren gogoeta uneak. Narratiba honek lagundu dio eta uste dut lagunduko diola gerorako poesia narratiboagoa izaten. Baina gaia aukeratu nuenean nik garbi ikusi nuena honek nobela bat behar zuela izan da eta gainera gutxi gora-behera orain duen neurri eta luzera berekoa.

 

Bilaketa