literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Jose Mari Pastor
Euskaldunon Egunkaria, 1994-10-29
Juan Luis Zabala:
«Alderdi ilunez betetako pertsonaiak dira nereak, gehienok halakoak baikara»

Gipuzkoako kostaldeko “leku bitxi eta ezkutua” da Juan Luis Zabalaren lan berriaren abiapuntua. ‘Sakoneta’ 11 istoriok osatzen dute, egilearen alter ego-a isladatzen dutenek. Zabalak orain arte bere sorkuntzaren erreferentzia den aro intimista itxi nahi luke bosgarren liburu honekin dagoeneko lantzen ari den nobelan ikuspuntu sozialagoa agertarazteko.

Gizabanakoaren oroimina, etsipena, ametsak eta kontradikzioak dira narrazio hauetako lagunen zutabe psikologikoak, gure alde gris eta ospelak azaltzen dituztenak. Izan ere, geu ere “alderdi ilunez betetako pertsonaiak” gara, bizitzen lagunduko digun poema baten atzetik etengabeko xerkan.

Zer da ‘Sakoneta’?

Zumaia eta Deba artean dagoen hondartza bat, nahiko toki bitxia. Inguru horretan buelta bat egin eta buelta horretan oinarrituta ipuin bat egin nuen eta ipuin hori bilduma batean sartu eta liburu bat atera da. Zergatik izenburu hori? Ba, pertsonaiak topo egiten du paisaia bitxi eta ezkutu horrekin eta neurri batean liburu honetako ipuinetako pertsonaiek halako toki ezkutu eta bitxia aurkitzen dute haien barruan.

Ipuinetako pertsonaiek, diferenteak izan arren, badute puntu autobiografiko bat zurekin. Distantziatik ezin idatzi, hirugarren pertsona batetik?

Neri asko kostatzen zait distantziatik idaztea. Nere liburu guztiak narrazioak dira eta guztietan pertsonaia bakar bat dago eta pertsonaia hori, neurri handi batean, alter ego-a da. Nik egiten ez ditudan gauza asko egingo ditu pertsonaia horrek baina normalean oso nere antzekoa da. Neretzat hori izan da beti izan dudan idazteko modua. Eta saiatu egin naizenean zerbait beste era batera egiten, distantzia horiek markatzen, hirugarren pertsona, bigarren mailako pertsonaiak gehiago sartzen, ba, beti sentitu izan naiz motibazio gabe kontaketa aurrera eramateko. Nere orain arteko lanetan beti egon da halako motore edo indar eragile bat izan dena: barruko kezkak, obsesioak, ideiak. Eta horiek izan dira alter ego-tzat jo daitekeen pertsonaia baten bidez azaleratu ditudanak.

Liburuko ipuin batean zera diozu: ‘Demonio lizun bat gordetzen dugu barruan eta alferrik kontzientziaz edo asmoz demonio horren aurka jokatzea’. Nahiko ikuspuntu negatiboa giza izaeraz, ezta?

Nik uste dut neure kezkak, obsesioak agertzen baldin baditut eta liburua kaleratzen baldin badut, ba, hori da pentsatzen dudalako irakurleen artean zenbaitek behintzat antzeko kezkak izango dituztela. Eta dudarik ez dago kontraesanez eta alderdi ilunez betetako pertsonaiak direla nereak, baina uste dut horrelakoak garela gehienok.

‘Planeta abailduak’ ipuinean gaztetako ametsak bete izana aipatzen duzu, baina hala ere egonezina antzematen da bertan, ‘tren bat galdu ote duzun susmoa’. Gaztetako ilusioa litzateke tren hori?

Tren hori, nik uste dut, konturatu gabe galdu dugu eta konturatu gabe galtzen da beti. Eta ez dakigu oso ondo zer galdu dugun eta pena hartu behar dugu galdu dugulako. Bai, seguru asko nahiz eta gaztetako ametsak neurri batean bete, amets hori beteta dagoenean beti dago halako desenkanto bat. Nahiz eta literatura neretzat oso inportantea izan eta oso gustora egon horrekin, ailegatzen zarenean beti ematen du ez zela espero zen bezain gauza handia.

Agian, benetako ametsak ez lirateke inoiz bete beharko, benetako eragile izaten segi dezaten...

Bai, edo amets hori inoiz ez betetzea erabat. Tristea litzateke ametsa bete eta orain, zer? Beti dago insatisfakzio bat, beti dago zerbait gehiago nahi izate bat. Eta zerbait gehiago nahi izate horrek ez du derrigorrez famarekin edo diruarekin lotuta izan behar, beharbada beste gauza batzuekin: beste era batera idazteko ametsak, beste era bateko gauzak egiteko ametsak.

‘Prosa nagusitu zaio zakar poesiari’.

Hau askotan gertatzen den gauza da. Askotan oso irudi ideala duen ametsa betetzen denean ez da hain polita ikusten. Lehen poesiaz beteta ikusten zena gero iristen denean prosaikoagoa da. Zakar gailentzen zaio prosa poesiari.

‘Ni ez naun zorionerako egina. Beti iruditu zaidan zorionak indar guztiak jaten dizkiola gizakiari’. Oinazeak sortzeko eta bide batez samin horretatik sendotzeko indarrik ematen du?

Ba, bai, dudarik gabe. Orain gogoratzen naiz Thomas Bernhardek askotan aipatzen duela gaixoaldiak izan direla askotan bere nortasuna sendotu dutenak. Gure bizimodu honetan zenbait gauza ikasteko eta aurreratzeko modu bakarra oinazea da. Dudarik gabe bizitzan aurrera egiten dela oinazearen bidez. Askotan pertsonaiak aberatsenak edo zer eskainirik handiena dutenak gehien sufritutakoak izaten dira.

Zein da Juan Luis Zabalari ‘bizitzen laguntzen dion poema liluragarria’?

Buf!!!. Bizitzak berak daukan poesia. Eta poesia horren formetako bat literatura da.

Erronka, agian, ‘bizitza ukitu ere egin gabe bizi izatea’ litzateke.

Bizitza ukitu gabe bizitzea... Hori pixka bat da, esate baterako, ‘El Cielo sobre Berlín’ filmean eta Handkeren zenbait lanetan isladatzen den bizitzeko modu bat, eta neri ere beti oso tentagarria iruditzen zaidana. Gainera, nik badut joera bat bizitzaren zenbait arlotan behintzat ahal den gutxiena ukitzeko, jendearekin ahal den gutxiena sartzeko eta nahasteko, nahasketa horretan beti indar asko galtzen direlako eta, gainera, borondate onez egindako gauza asko txartzat hartzen direlako. Askotan ihes egiten diet giza harremana eta bizitza ukitzea esan nahi duten zenbait gauzari behintzat, nahiago dudalako introspekzioa edo behintzat bizitza leihotik ikusi, baina bizitzan sartu gabe. Baina, klaro, hori joera bat da, gauza asko dituena baina alderdi txarrak ere bai. Ezinezkoa da, ez dago erabat isolatzerik eta bizitza nahitanahiez ukitu beharra denoi iritsiko zaigu.

 

“Tristea da komunikabideetan normalean ari garen kritikari bakarrak idazleak izatea”

Idazlea ezezik, kazetaria ere bada Juan Luis. Euskaldunon Egunkarian jardundako denbora honetan komunikabideen funtzioaz jabetu da. Bere ustez, “egunkari eta komunikabideen misioa errealitatea hiltzea da, bizitzari lilura kentzea, dudarik gabe. Gauzak kajoian sartu, etiketa bat jarri eta hor uzten dute hilda eta neutralizatuta errealitatea”.

Literatur kritikaren munduan ere murgilduta dago azkoitiarra, Euskal Herritik kanpo nekez aurki daitekeen fenomenoa gorpuztuz: idazlea ere kritikaria izatea. “Hasi egin nintzen hutsune bat betetzeko eta orain hutsune hori nik betetzen dut eta zail egiten zait hutsune hori uztea. Kritikaren munduan nahi gabe sartu naiz eta orain pixka bat atera ezinda bezala nago”. Juan Luisen arabera, “tristea da idazleak izatea komunikabideetan aritzen garen kritikari bakarrak”. Zergatik hori? “Agian, hutsune bat betetzen dugulako, egokiena izango zen bestelako jende bat etortzea, irakurtzeko zaletasuna duena eta euskal literatura ezagutzen duena, idazten ez duena baina kritika egiteko prestatua dagoena. Mesede handia egingo ligukete gauden tokietatik ostikoka bidaliko bagintuzte”.

Proiektu berria du eskuartean orain, “ekintzetan oinarritutako nobela bat”. Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu du hau idazteko eta obrak datorren urterako egon beharko du osatuta. Eleberria ez da izango “oso intimista”. Lanak “toki eta garai jakin bateko errealitate soziala azalduko du: duela .hamar urteko Azkoitian ikusi, bizi eta ezagututako giro bat jasoko duen nobela da”.

 

Bilaketa