literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Berria, 2005-06-26
Itxaro Borda:
«Ez gara beti biktima eta aldi berean borrero izate horretarik ateratzen»

Duela 21 urte ‘Basilika’ nobelarekin Iparraldeko euskal literaturaren ur geldiak astindu zituenetik, idazle kritikoa izan da beti Itxaro Borda. ‘Zeruetako erresuma’ nobela berrian ere ez dio huts egin joera horri.

“Bestelakotasun urakan bat”. Berak Zeruetako erresuma nobelan (Susa, 2005) erabiltzen dituen hitz horiek balia daitezke Itxaro Bordak (Baiona, 1959) euskal literaturara azkeneko 21 urteetan argitaratu dituen 20 inguru liburuetan ekarritakoa laburbiltzeko. Literaturan bezala, adierazpenetan ere aski bestelako ageri ohi da.

XX. mendeko Euskal Herria, minaren bidez adierazia. Horrela defini daiteke Zeruetako erresuma?

Beharrezkoa da beti distantzia hori?

Errealitatearekiko distantziarik ez badugu, egoerak lehertzen gaitu, eta egoerak lehertzen gaituenean fikzioa ez da posible. Hori, beharbada, denborarekin deskubritu dut, distantzia landuz.

Eite, ideologia eta aldi askotako pertsonaiak batu dituzu liburuan, mundu oso baten berri eman nahirik edo. Asmo zabal horretan izan duzu erreferente literario zehatzik?

Xuxenka ez, baina kontatzeko moduari dagokionean beharbada bai, izan ditut erreferenteak. Garai bateko sagak egiteko moldea gaurkotu dut. Lehengo sagetan, hogei libururen bidez laburbiltzen zen mende oso baten historia, eta hemen liburu bakarreko hamasei ataletan dago lan hori egina. Eta, menturaz, humanitatearen historia ere laburbil daiteke hamasei kapitulutan.

Istorio egokiak bilatu eta baliatu behar dira horretarako. Nola egin duzu zuk bilaketa hori?

Kontaketan, neure burua libre utzi dut, eta sortzen ziren ideiak utzi ditut garatzera, sortzen zena jujatu gabe eta moztu gabe, uholde batean bezala. Iduri zait azken urteotan ikasi dudala hori egiten, lehen joera bainuen sortzen zena jujatu eta garatu gabe mozteko. Azken urteetan ikasi dudan beste zerbait ere bada liburu honetan: etsaiaren lekuan izatea; gure herrian gertatzen dena haren ikusmoldetik ikustea eta deskribatzea, etahori ere jujatu gabe garatzen uztea.

Zabaltasunez jokatzea bilatu duzu.

Bai. Batzuetan lanjerosa izan daiteke gehiegizko zabaltasuna ere: etxerik gabe geratzen ahal gara. Baina uste dut fikziorako emankorra dela zabaltasuna. Ene esperientziaren arabera behintzat; gero, bakoitzak berea badu.

Errealitate historikoak, soziologikoak eta politikoak fikziozko istorioen bidez islatzeak badu arriskua: topikoak eta estereotipoak. Nola saihets daiteke arrisku hori?

Ikuspuntu ezberdinak sartuz narrazioan. Ene helburuetako bat izan da sekula kontatuko ez ziren istorioak kontatzea, historiako gertakariak Gerra Handia, II. Mundu Gerra, Aljeriako gerra, langabezia eta abar jende xehearen bizitzako pasarteen bidez ematea. Horretarako, estereotipoak edo topikoak sartu ditut, baina denok sartzen ditugu, eta ez naiz baitezpada topikoen kontra batailatu nobela idatzi dudanean. Entseatu naiz entzundako, bizi izandako edo asmatutako istorioei errealitatearen aire bat ematen. Eta errealitatea topikoz betea da.

Euskarari dagokionez zeuk esana da, ez diozu mugarik jarri zeure buruari, zeure adierazpideari.

Iduri zait euskaraz idaztera goazenean, askotan, geure burua mugatzen dugula aitzinetik, pentsatzen dugulako irakurleak ukanen ditugula halako edo halako mundutxoan. Nik, nobela hau idaztean, ez dut pentsatu irakurlearengan, ezta Iparraldearen egoera soziolinguistikoan ere, bestela ezberdin idatziko bainuen. Entseatu naiz nik dakidan euskara apur guztia bere baliabiderik ugarienetan erabiltzera. Liburua ez da barrokoa, baina badu erotasun aire bat, eta liburuko euskarak ere behar zuen erotasun aire hori, libertate hori: mugarik ez, jujamendurik ez, aitzin-iritzirik ez. Istorioari dagokion hizkuntza. Hala ere, kritikak izango dira arlo horretan, nire liburu guztien kasuan izan baitira, irakurtzeko zailak direla esanez.

Iparraldeko euskara behar bezala ezagutzen ez delako?

Euskara orokorki ezagutzen ez delako. Uste dut Amaia Ezpeldoi pertsonaiarekin osatu nobela sailaz geroztik bide luzea egin dudala euskaran zehar, euskararen barnetik. Amaia Ezpeldoiren sail guztia inkestez, amodio istorioez eta lurraldeen deskribaketez gain euskararen inguruko inkesta bat ere bada: euskalkitik biharko euskarara nola pasatzen garen; zer oreka bilatzen dugun, edo egin nahi dugun, gure euskalkien eta Hegoaldean nagusiki erabiltzen den euskararen artean... Sail horretan egin lan horren ondorio gisa datoz hala %100 basque-ko euskara barroko itzulezin hori nola Zeruetako erresuma-ko hizkuntza baketuagoa.

Mamian ere bada ezberdintasunik bi liburuen artean: Zeruetako erresuma “euskaltasunaren bihotzetik kanpo” dagoela esana duzu.

%100 basque-ren bihotza euskal kulturaren eta nazionalismoaren erdi-erdian da, nahiz eta kontalaria horretatik pixka bat bazterrean den. Zeruetako erresuma-n, aldiz, pertsonaia gehienek ez dute euskararen inguruko kezka politikorik, eta horrek eman dit aukera agertzeko euskararen eta euskal politikaren kezka euskal munduaren kanpotik nola ikusten den, nola ikusten duten euskaltzale eta abertzale ez direnek, gure auzoek nola bizitzen duten hori guztia: batzuetan jasan egiten dituzte euskal kulturaren bihotz horren minak; beste batzuetan laguntzen. Gehienetan iruditzen zaigu euskal mundua euskaldunon eta euskal abertzaleen mundua baizik ez dela, baina denok osatzen dugu mundua, bazka beretik dugu denok jaten.

Hala ere, nahiz eta liburua “euskaltasunaren bihotzetik kanpo” dagoen, Graxi pertsonaiaren bitartez euskaldunon kritika zorrotz eta zehatza egiten duzu, esanez zapaltzen gaituen norbaiten aurkako arranguraren premian bizi garela edo...

Badu ehun bat urte-edo euskaldunok beti biktima plantan aurkezten garela. Euskaldun gisa aurkezten garenean, Frantzia eta Espainia aipatzen ditugu, zapalkuntza, galtzen ari den hizkuntza... Eta erruduna kanpokoa da beti, etsaia. Baina gure artean, euskararen inguruko kontzientzia dugunon artean, beste botere xirrixta batzuk badira, eta beste balio eskala bat, abertzale suharrarengandik euskaltzale soilarengana doana. Eta ez gara biktima eta aldi berean borrero izate horretarik ateratzen. Euskara galtzen bada, adibidez, ez diot Frantziako sistemari bere errua kenduko, baina parte batez euskaldunona ere izango da errua, eta ez bakarrik herri xeheko jende anonimoena.

Euskal gatazka, borroka armatua eta gisako gaiak gaur egun duela hamar edo hamabost urte ez bezala agertzen dira, idazle batzuen ustez, egungo euskal literaturan, askatasun handiagoz. Iritzi hori duzu zuk ere?

Uste dut egun errazagoa dela borroka armatuaren gaia fikziora pasatzea, borroka armatuaz duela hamar urte agertzen ziren ikusmolde finkatuetarik pixka bat aldentzea. Egunkarietan ere, iritzi artikulu eta zutabeetan, nahiz eta normalean beti diskurtso berdina nagusitu, agertzen dira gaiari buruzko desbideratze batzuk, argi ximixta batzuk, orain dela hamar urte ezinezkoak zirenak, sistema guztia argi ximista eragin zuenaren gainera erori gabe bederen. Eta uste dut on dela fikzioaren bidez etor dadin gure berunezko historia hurbil horri buruzko beste ikusmolde bat, gauzak erranak izan daitezen ikuspuntuak biderkatuz: etakidearen ikusmoldea, familiarena, poliziarena... Guretzat terapia bat izaten ahal da hori, eta uste dut liburu batzuk ari direla bide hori zabaltzen: Patxi Zubizarretaren Barrikadak, Jokin Muñozen Bizia lo... Badira zenbait. Uste dut on dela literaturan borroka armatuaren kritika egitea, baina gure ikuspuntutik, ez espainiarren edo frantsesen ikuspuntutik.

Zeruetako erresuma liburuan, kanpotik datozenek gozatzen dute giroa.

Bai, hala da. Ezteietako atalean, adibidez, Dragan errumaniarrak eta bere lagunek egiten dute hori. Peterrek ere bere erotasuna ekartzen du AEBetatik, eta Parisen egon direnak ere ohartzen dira euskal gizartea zein zapaltzailea den: herri txikietako jendearen kontrol soziala ikaragarria da, baita hirian ere, Baionan adibidez...

Euskal Herritik kanpo ere gertatzen da hori.

Bai, denetan gertatzen da hori, baina kasu honetan guri zaigu interesatzen horren aipatzea, ez baitugu usu fikziora pasatzen giro hori.

Idazle kritikoa izan zara, hastapenetatik. Aurkako erreakzio asko bildu dituzu horren ondorioz?

Ohartzen naiz gero eta bakartuagoa naizela.

Bakartuetan bakar.

Bai, hori da. Bakartuetan bakar. Garai batean, horrek sufriarazi egin zidan, baina orain uste dut oparia dela, horrek libertatea ematen baitit nahi dudana, edo kasik nahi dudana, idazteko. Harreman gutxi dut euskal munduarekin. Hala ere, idazleekin harreman normalak ditut. Idazleen artean ez naiz bakartua sentitzen.

Idazleen artean bada ideia ezberdinetakoak ongi hartzeko zabaltasunik?

Ez dakit. Uste dut jendea nor bere istorioan dagoela, eta zaila dela elkartzea. Bakoitzak bere interesak ditu, batez ere literatura sistema gisa egituratua delarik.

Lehen ez bezala, lehen ez baitzen horrelakorik...

Beharbada orain bada gurean ere beste merkatuetan gertatzen den konpetentzia, nahiz eta ez den errana. Uste dut lehen gehiago gurutzatzen ginela orain baino. Gainera, gazteak ginen, libre, ez zen gerorik... Dena den, idazteko ez da, zinemagintzan edo kazetaritzan bezala, ezeren beharrik; ez da derrigorrezkoa inorekin harremanik izatea.

 

“Kritikaren aldetik, bigarren mailako idazletzat hartua naizela uste dut”

Nahiz eta duela bi urte %100 basque nobelarekin Euskadi saria jaso zuen, irakurleengandik jasotako oihartzunarekin askoz ere esker onekoagoa da Itxaro Borda, kritikaren mundutik jasotakoarekin baino.

Badira 21 urte lehen liburua kaleratu zenuenetik. Atzera begiratu eta zure obra errepasatuz, bereiziko zenuke arorik zure ibilbidean?

Ez dut horretan pentsatu. Uste dut literatura idaztea etenik gabeko prozesua dela, urrats bat beste baten ondotik; liburu batek ondoko liburua ekarri du. Esaterako, %100 basque liburuko doinua dator Amaia Ezpeldoiren saileko liburuen doinu jazzi-bluesiaren kontraste gisa. Zeruetako erresuma idazteko, berriz, Beethovenen doinuen eragina izan dut, eta orain, hori bukatuta, badut gaiztoago izateko gogoa...

Oso harrera ona izan du zure poesiak. Zure poema asko musikatzen eta kantatzen dira... Kritikaren aldetik, nola tratatua sentitzen zara?

Ez dut arrangurarik horren inguruan. Egia da, hala ere, Basilika kaleratu nuenean, kritikak ez ziren biziki onak izan, eta geroztik nire irudi hori gelditu dela kritikarentzat: debaldeko probokatzailearena, egiazko literatura egiten ez duenarena... Kritiken lumapean irakurria eneganatuz, uste dut bigarren mailako idazletzat hartua naizela, nik egiten dudana ez dela egiazko literatura kontsideratzen, gertatutakoen lekukotasun fikzionatua baizik. Baina nik ez dut idazten kritika joera bati edo besteari plazer egiteko, edo euskal literaturaren ikusmolde bati egokitzeko. Nik idazten dut ostatuetan edo kalean gurutzatzen ditudanentzat. Gehiago gogoetarazten naute horrelakoen oharrek, kritika egiten dutenenek baino. Kritika ere, hemen eta denetan, kritikarien arteko jokoa da, arte bat da. Bere lana egiten du, hala ere, eta ona izan daiteke euskal literaturak unibertsitateko ikerketan lekua izatea.

Zure liburuen frantsesezko itzulpenak aurkeztean, zeregin horren onurak defenditu izan dituzu.

On egiten digu irekitzeak, gure ohiko irakurleen begirada zorrotzetik aparteko beste begirada batzuk jasotzeak. Itzulpenak beste so baten lekukotasuna ematen digu, eta so horrek ohiko soak ekartzen ez diguna ekartzen digu maiz askotan.

Bide hori jorratzen hasia dago, Hegoaldean bederen. Zure kasuan, orain artean zeuk egin behar izan dituzu zeure liburuen itzulpenak.

Iparraldean, erakundeen inolako laguntzarik ez dagoenez, geuk egin behar izaten dugu itzulpena. Eta oso zaila da norberaren testuen itzultzea.

Baduzu Zeruetako erresuma frantsesera itzultzeko asmorik?

Bai, eginen dut itzulpena. Ez naiz hasi, baina eginen dut. Lehenik, utziko diot liburuari euskaraz bizitzen.

 

Bilaketa