literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Irune Berro
Berria, 2004-05-29
Paddy Rekalde:
«Oraingo Bilbo ez da lehengo hiria; agintariek erraldoikeriaz jantzi dute»

Guggenheim museoaren filosofiak “kolonizatutako” hiriaren alderdi gizatiarra landu du ‘Bilbo dub kronikak’ poema liburuan.

Bilboko kaleetan barrena ikusitakoa eta bizitakoa jaso du Paddy Rekaldek (Deustua, 1964) Bilbo dub kronikak poema liburuan. Bilbo “top model bihurtu” nahi dutela salatu du, eta “Guggenheim museoaren erraldoikeriaren itzalpean” bizi direnei buruz idatzi. Susa argitaletxearen eskutik plazaratu du idazle bizkaitarrak bere laugarren liburua.

Bilbon gertatuko aldaketez mintzo zara liburua zabaltzen duen poeman; zubi arteko hiri zahar eta epela erruki barik bortxatu dutela diozu.

Agintariek erraldoikeriaz jantzi dute Bilbo azken hamarkadan. AEBetako hiria bailitzan modernizatu gura dute, proiektu handi eta itsuekin hiriaren betidaniko ezaugarri, txoko, eta izaera ezabatu. Edozein hirik egin behar du aurrera, baina horretarako ez da zertan erraldoikerian erori behar. Bat-batean aberats egin den txiroaren kronika dirudi, berari ez dagozkion kontuei lekua egiten dien hiriaren istorioa: Guggenheim museoa, palmondoak itsasertzean...

Faltan sumatu dituzu “euren odolari txaloka abesten dioten ijitoak, mozkorrak, jonkiak eta maiteminduak bazter batetik bestera, anguleroak kriseiluaren argipean koñaka zurrutean, kontainerrak sutan kale eta zubi artean...”. Baina ez dela iraganmina diozu.

Ez da iraganmina, ez. Ez dut garai hartara itzuli nahi. Eboluzionatu beharra dago. Erraldoikeriak, baina, kaleak hustu ditu, egungo kaleak pasabide hutsak dira. Txikitan eta gaztetan ezagututako Bilbo oso kaletarra eta gizatiarra zen. Oso bestelako giroa zegoen. Erresistentzia itzela zen. Ostegunetik igandera bitartean kaleak sutan ziren. Ez diot hori polita denik, ondo dagoenik, baina gertatutako beherakada ere ez dut gustuko. Egungo gazteek ere badakite oraingo Bilbo ez dela lehengo Bilbo.

Poesia baino gehiago narratiba eginez, Bilbori aplikatu dioten makillajearen azpian bizirik irauten saiatzen den jendeari buruz idatzi duzu: etorkinak, etxerik gabekoak...

Gertatutako, ikusitako eta sentitutako hainbat gauza, istorio eta sentimen kontatzeko kronikak idatzi ditut. Hedabideetan sekula agertzen ez den jende asko bizi da ilunpean, Bilbon. Botereak mimaturiko pertsonak dira egungo gizartearen ardatz, eta nire ustez, pertsona horiek guztiak zaborra baino ez dira.

Gabriel Arestiri idatziriko gutun bi jaso dituzu liburuan. Gaurko Bilbori buruz hitz egiten diozu.

Aresti oso gertu sentitzen dut. Bere obran aipatutako txokoak hurbilekoak zaizkit, baina, batez ere, bere poemetan ageri den erresistentzia jarrera zait gertuko. Modu batean edo bestean, bere garaiko gizartea salatu zuela uste dut; hizkuntza eta literaturarekiko orduko politika.

Aresti ez ezik, Charles Bukowski eta Celso Emilio Ferreiro ere ageri dira zure poemetan. Orainera ekarri eta haien arteko alegiazko elkarrizketa jaso duzu 3 koñak underground poeman. Besteak beste, Bilbao Ria 2000 egitasmoaz mintzo dira. Bitxia benetan.

Errealismo fantastikoranzko joera dut, eta poema hori horren adibide da. Asko estimatzen ditudan poetak dira. Orainera ekarri ditut euren jarrera, sentimen, lengoai eta poetika gaur egungo gertaeren aurrean zeintzuk liratekeen erakusteko.

Gaueko giroak, tabernek, alkoholak eta sexuak presentzia nabarmena dute liburu osoan. Bilboko gauan kokatzen dira istorio gehienak.

Euskal Herriko hiri bakarra Bilbo dela esaten dute batzuek; iritzi berekoa naiz ni. Betidanik izan da jatorri askotako etorkinen topaleku, eta nahaste-borraste horrek beste leku batzuetan aurki ezin daitezkeen giroak sortu ditu; Bilboko gau hiritarrak, esaterako. Nik kaleko istorioak kontatu ditut, eguneroko bizimoduan gertatzen direnak. Eta eguneroko bizimodu arruntean jendeak alkohola edaten du, txortan egin, negar, barre, dantza... Emakume bi elkartzen dira, ijitoek abesten dute... Bilbo da. Batzuek errealismo zikina deitzen diote, baina errealismoak ezin du zikina edo garbia izan, errealismoa baizik. Inguratzen nauen girotik idatzi ditut Bilbon kokaturiko kronikak.

Poesia egiteko moduez hitz egiten duzu liburuan.

Euskal poesia lengoaia gaurkotuagoa erabiltzen hasi da, eta pozten naiz. Gertatu izan da egungo poetek atzoko poetei begira idaztea; hau da, Elliot, Kavafis, Borges eta beste hainbaten poesiari lotuta. Nire ustez belaunaldi bakoitzak bere garaiari loturiko poesia egin beharko luke. Egun badago literatur mundu zabala, eta euskal poetek apenas aipatzen dugun mundu hori. Horrek mementuko aukera asko galtzea dakar.

Zergatik Bilbo dub kronikak izenburua eta ez Bilbo kronikak? Zer esan nahi duzu dub hitz horrekin?

The Clash eta Stiff Little Fingers taldeek estilo asko nahasten zituzten eta dub ikutua eman. Liburuan Bilboko hainbat pasarte eta istorio jaso eta nahasi ditut, gero bihotzetik kontatzeko. Horregatik dub hitza, eginiko estilo nahasketa horrengatik.

 

Bilaketa