Madariaga Bartolome
1768-1835
Nor zan
«Markiñako euskerea esaten jakona, gipuzkoarrenaz nastauta egon arren, garbia, lotsazkoa ta ederto oguzia edo ebagia beti izan da. Bizkaian Markiña aldekoa ta Gipuzkoan Tolosa aldekoa dira entzuterik geien daukenak. Markiñakoa bestearen aldean sendoa da, errotsua, mendi mutilla lakoxe azkarra. Tolosakoa biguna, udabarriko aizea langoxe ots eztiduna, eguzki epeletan ta sutondoan azi edo iñuturiko umea legezko azal-zuria. Markiñakoa arra da, Tolosokoa emea; ta mutil zarra ta neska zarra izateko jaioak ezpalitzaz, bien ezkontzatik sorturiko seiña edo aurra, munduan ez dagon lakoxe berbeta edo izketea izango litzake» [1].
«Bizkaian Markiña aldekoa...». Euskera jator eta ederraren iturria da Markiña aldea. Eta, zorionez, euskal-idazle askoren sorlekua bere izan da. Markiña aldeko erri baten, Etxebarrian, jaio zan Madariaga Bartolome bere.
Mutil kozkorra zala, Markiñako karmeldarren komentura joan zan. Eta Lazkanon, Panplonan eta Tudelan egin ebazan abade-ikasketak.
Meza barria emon ondoren, oraindiño gaztea zala, sermolari izateko izentau eben bere nagusiak. Eta or doa gure «Aita Prai Bartolome Santa Teresa» Euskalerrian zear, kristiñau-fedea sendotu ta zabaltzen, euskaldunak ezagutu ta onbideratzen.
Eta entzute andiko sermolari egiten da; erririk geienetan ezagutzen dabe Aita Bartolome.
Eta erririk-erri sermoagiñen diardula, abadeak euskal-liburu barik dagozala konturatzen da ta liburu bat idatziteko asmoa artzen dau. «Ikusirik, irakurlea, zareana zareana, ez daukazula zeure euskeran pulpituan esateko zer irakurririk, entero gitxi baiño, gogoratu jatan kristiñauaren ERAKUTSIKO lau zatiak pulpituti esateko edo prediketako ikasikizunetan imini bear nituala. Adiskide askok aurreratu nabe sail oni ekitera. Esaten eben txito asmo ona zala. Eta onera jakinekoa euskal-errietako Kura jaun ta eleiza gizonentzat» [2].
Arrezkero, sermoagiñen eta idazten diardu Aita Bartolome arduratsuak.
Baña, alako baten, frantzesak datoz Markiñara. Izan bere, España ta Frantziaren arteko Askatasun-gerratean gagoz.
Frantzesak bota egiten dabez komentutik ango fraile guztiak. Eta aurrean darabillez. Eta, batez bere, Aita Bartolomeri iñon direanak egiten deutsez. Esku-lotu ta Bilbora daroe, eta juizio antzerako bat egin ondoren, bere jaioterrira dakarre ta parrokuaren menpean izten dabe, sermoiak egitea ta konfesetea galazota [3].
Orrexegaitik, andik urteetara bere, gogoan ditu frantzesak. «Nor oian sartu da irago direan urteetan, prantzesen bildurrak ikara eragin bagarik? Nok ames egin dau beste gauzarik? Nor geratu da negargarri bagarik» [4].
Baiña egunak joan, egunak etorri, estu ta larri ibilli ondoren, gerratea bere amaitu zan. Eta 1813-an, Markiñako komentura joan zan barriro Aita Bartolome.
Leenengotan, bakarrik egon zan. Gero, beste fraile-lagun batzuk bere etorri jakozan. Eta, leenengo leenengo, komentua garbitu ta konpondu egin eben.
1818-garren urtean, Aita Bartolome egin eben komentuko Nagusi. Gerorantza bere, bein baiño geiagotan izan zan Nagusi. Eta ainbeste ta ainbeste sermoi ta idazlan eder egin ondoren, Burgos aldean il zan gure Aita Bartolome odolgarri gartsua.
Gizon jatorra ta gogorra izan zan. Borborka ura darion iturria dirudin etorri oneko sermolari ospetsua; euskal-idazle sakon, argi ta jatorra.
Idazlanak
«Kristiñautzako siniskizunak, egikizunak, eskakizunak ta artukizunak dira eleiza gizonen lelengo erakuskizunak ta kristinauen ikasikizunak. Au izan da nire lana» [5].
«Ikasikizunak» iru liburutan argitaratu ziran:
«Jaungoikoaren amar agindueetako lelengo bosteen ikasikizunak». 1816-garren urtean.
«Jaungoikoaren amar agindueetako lelengo bosteen ikasikizunak». 1817-garren urtean.
«Eleizako zazpi Sakramentuen ikasikizunak». 1819-an.
Beste ikasikizun batzuk bere idatzita eukazan. Ara zer diñon Ikasikizunetako leenengo liburuaren itzaurrean: «Au aintzat artuten badozu, irakurlaak, laster aterako da bigarren zatia. Baita aren ondorik Sakramentuak, Kredoa ta Aitagurea bere. Baita gero (zeruak lagunduten badeust) Jesukristoren ta Ama Birjiniaren graziazko jazoen ondrarako, Santuen ondo esanerako ta arimeen oitura onerako sermoiak bere. Oneen guztion bearrik gatxena eginda daukat neure moduan». Baiña galdu edo egin dira, antza, esku-idatziak.
Beste liburu ikusgarri bat bere idatzi eban:
«Euskal-errietako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz ospindua».
Bana-banako liburu zoragarri orretan, amazortzigarren gizaldiko jolasak erakusten deuskuz Aita Bartolomek: Erromeria, dantza, bigira, saraoak eta abar.
Argi ta gordin erakusten deuskuz erakutsi bere, eta jolas orrein arerio agertzen jaku.
Erderaz bere idatzi eban zerbait [6].
Orreixek dira Aita Bartolomeren idazlanak. Aztertu daigun, bada, orain, bere euskera.
Oso aberatsa ta indartsua da; euskera ederra ta erreza.
Batzutan, ostera, gogor egiten jaku aren euskera. Zergaitik? Berak darabillen aditz-jokoagaitik. Izan bere, aditz-laguntzallea antxiñako erara darabil, au da, «zu» plurala izan zaneko aditz-laguntzalleak «zuek»'eri ezarrita. Ara, adibidez:
«Zeuek Jaungoikoaren berbeagaz janaria emoten deutsazu Jesukristoren ardi-aldra oni; zeuek erakusten deutsazu Jaungoikoari, lagunari ta norberari zor deutsana; zeuek alderatuten dozu otso deungeetati; zeuek osatuten dozu...» [7].
«I» eta «zu» bakarrik erabilli izan ei dira antxiñatean. Eta «zu» gaurko «zuek» zan. Gero, «zu» singulartu egin zan eta «zuek» sortu zan pluralerako. Eta ortik datorku aditz-jokoetako naastea.
Antxiñako aditz-jokoa erabiltea da, bada, Aita Bartolomeren akatsik andiena.
Erderakadari buruz, ara zer diñoskun berak Ikazikizunetako leenengo liburuaren itzaurrean:
«Esan batzuk imini ditut gogo bagarik, geure euskerako berbeeta nausi, maite, zaar, gaztetu, gozo, prestu, ugarira, geure erruz, erbesteti etorriak. Euskerea berez aberatsa da. Bagenki ondo! Geuk, eleiza gizonok berba askotan naastau ta ezaindu dogu euskerea. Geuri entzunda dakiez baserrietakoak: Jaungoiko Omnipotentia, Poderosoa, Birjina klementisimea, miserikordiosea, mandamentuak, absolbizinoia, dolorea, errestitusinoia..., ta beste onako berba euskal gaiztoko asko. Erdera ez dakien euskaldunak, euren etxeetan ta artu-emoneetan bear daben guztia esaten dabee euskera garbian. Kristiñautzako ikasian dira euskaldun gaiztoak. Ez da au euskerearen errua, ezbada geurea. Ta ain daukeez ia artuak erdeera edo latin berba batzuk eze, eurakin ez bada, aituten ez dabee ondo dotrinia edo kristiñautzako erakutsia. Onen bildurra arren, imini ditut erbeste berba batzuk Ikasikizunetan, bada kristiñautzako erakutsian zuzen aituten emotea leenago da berbetan erakustea baino».
Dana dala, antxiñako aditz-joko ta erderakada ta guzti bere, Bizkaiko euskal-idazlerik onenetakoa dogu Aita Bartolome.
«Fray Bartolome fue un magnífico orador, tonante y fulgurante a ratos, expositor transparente siempre. Son suyas algunas de las mejores páginas de prosa vizcaína; su léxico, no muy purista, es de una extraordinaria riqueza y variedad» [8].
[1] Azkue R.M.
[2] «Jaungoikoaren amar aginduetako lenengo bosteen Ikasikizunak, itzaurrean.
[3] Berak diñonez, ondo eta pozik egon ei zan parrokuaren menpean.
[4] Jaungoikoaren amar aginduetako azkeneko bosteen Ikasikizunak, 53-garren orialden.
[5] Ikasikizunak, leenengo liburuaren itzaurrean.
[6] Ikusi: Villasante, «Historia de la Literatura vasca», 231-garren orrialdean.
[7] Ikasikizunak, lenengo liburuaren itzaurrean.
[8] L. Michelena, «Historia de la Literatura vasca», 112-garren orrialdean.