literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.394 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal idazleak»
Mikel Zarate

Derioko Seminario-Ikastetxea, 1970

 

Mogel Juan Antonio

1745-1804

 

        Nor zan

        Markiñako mediku baten semea izan zan Mogel Juan Antonio. Bere aitaren aldeko aurretikoak erriojatarrak izan ziran.

        Jaio Eibarren jaio zan, bere aita ango mediku izan zala. Baiña amaika urtetik asita, gaiñerako urterik geienak, Markiñan edo Markiña aldean emon ebazan gure Mogelek.

        Bere aita ezeze, bere aitaita be medikua izan zan. Berak, ostera, abadetzarako bidea artu eban.

        Abade noz egin zan ez dakigu. Baiña 1770-garren urtean, beiñik-bein, Markiñan bertan dago abade. Gero, andik bost urtera, Etxebarriako San Andresera doa. Eta antxe amairu urte egin ondoren, Markiñara dator barriro eta Xemeingo parrokua izango da amasei urtean, il arte [1].

        Gorengo maillakoa etzan izan baiña, bere denporako izkuntzalari nagusienen artean egoan [2].

        Euskal-iberismuaren aldekoa zan. Bere ustez, «euskerea zan antxiñako España guztiko berbeetea. Euskereak ez dauka, ezagututen direan beste berbeetakaz alkartasunik. Euskereak daukaz txito antxiñakoa dalako usain ta siñisgarri asko ta gauza askotan» [3].

        Apartekoa izan zan Mogel izkuntzalari legez. Orduko beste askoren aldean zuurra, zentzunduna ta apala izan zan. «Bakotxak gorde bear dau bere tokia, ta ez agertu eragin, soñekoz edo aoz, eztana. Ez dozu iñoz entzun euskera asko esangurako au: Maria bitxigiña, sua da ogigiña? Eta beste oneek: Zulo bakotxari laakoa; aziak berea kirtena, ez dau gizonak izan bear urtena?» [4].

        «Ez dozu uste izan bear Bizkaiti kanpora ez dagoala gauza onik; arrotz ta erbestekoak makal, baldan, baldres, motz, oker, zital, asto ta dongaak direala. Errikoiegia danak begi itsuak eukiko ditu; beintzat bai erdi geundu ta leusotuak» [5].

        Baiña izkuntzalari legez baiño euskal-idazle legez dogu, batez bere, apartekoa. Ontan, bai, ba da, benetan, bana-banakoa. Eta onexegaitik egin da egin bere ospetsu.

        «Basarteko Ikastetxe Nagusian» ikasi eban euskera Mogelek; baserritarrak izan ziran gure Maisuaren maisuak; baserritarrak izan ziran berak irakurri ebazan «liburu biziak».

        Zergaitik joan zan «Basartera» euskera ikasten? Berak erantzungo deusku:

        «Bati baño geiagori entzun deutsat, baserritarretan dagoala euskera garbia; Gaztelan izan gareanok ta uri barruetakoak erdera askogaz nastetan dogula euskerea» [6].

        «Ez dozu entzuten, zelan gure baserritar ta beste nekazari askok diarduen berbeetan, labandu ta ezetan katigatu baga? Baña zoaz praile, abade ta beste andiki askogana: Zelango estura ta larritasunak kontu luzetxu bat esan bear bada!» [7].

        «Emendi aurrera artuko dot ardura andi bat, baserritar ta beste nekezale erdera bagakoetati euskerea ondo baño obeto ikasteko» [8].

        Ondo baiño obeto ikasi eban ikasi bere Mogelek. Bai ba! Erria, baserria da euskera bizi ta jatorraren iturri eder bat-eta.

        «Euskera aberastu nai duenak, dijoala baserririk-baserri, erriz-erri ta euskalkirik-euskalki; or arkituko ditugu euskeraren mamia, bizkortasuna, itz ezezagun ta gaiñerakoak» [9].

        Liburuetako iturritik bere edan eban ura Mogelek. «Liburu euskera garbikoak irakasten dabee ondoen zelan jokatu izen ta berboetan» [10]. «Erosiko ditut, topau al daidazan, basko ta kiputzeko liburuak bere, euskera guzti-guztietakoa aituteko» [11].

        Olantxe, erri ta liburuen iturriko ura edanaz, egin zan Mogel euskal-idazle jator ta euskal-idazle on guztien jarraibide. Bera dogu gure bizkaierazko euskal-literaturaren zimendua; bera dogu, ametsezko Euskalerrian barik, egiazko Euskalerrian bizi izan zan Maisu ona, garbikeri bako garbizalea, sakona, zabala, umoretsua.

 

        Idazlanak

        Asko idatzi eban Mogelek, bai bizkaieraz, bai gipuzkoeraz, eta baita erderaz bere. Ikusi:

        «Konfesio ta Komunioko Sakramentuen gañean Erakasketak». Gipuzkoeraz eginda dago.

        «Konfesino ona edo zeinbat gauzak lagundu bear deutseen Konfesinoari ondo egiña izateko». Bizkaieraz.

        «Kristinauaren jakinbidea». Asteteren dotriñea bizkaieratuta.

        «El Catequista vascongado — Kristau Erakasle euskalduna». Argitaratu barik dago liburu au. Esku-idatzia Bilboko Diputaziñoko Liburutegian dago. 388 orri ditu.

        «Kristinauaren erakuspena edo Doctrina christiania, zeñian agertu ta adierazoten dirian astiro, itaune ta erantzunakaz, kristinauaren ezaguerara eldu ezkero sinistu, eskatu, egin ta artu biar dituanak...» Argitaratu barik au bere. Derioko Abade-ikastetxean dago esku-idatzia. 441 orri ditu.

        «Ipuiñak» [12]

        «Pascalen Gogamenak». «Euskalzale» aldizkarian argitaratu ebazan Azkuek, 1899-an.

        «Peru Abarka. El doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan». Idatzi eta larogei urte garrenean argitaratu zan.

        «Versiones vascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos o demostración práctica de la pureza, fecundidad y elocuencia del idioma Bascuence contra las preocupaciones de varios escritores extraños y contra algunos vascongados, que solo tienen una noticia superficial del idioma patrio».

        «Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, sus correspondientes vizcaínas y castellanas, para que se puedan entender ambos dialectos». «La Historia y Geografía de España ilustradas por el idioma vascuence». «Euskera» aldizkarian argitaratu ziran zati batzuk (1925 eta 1937). «Cartas y disertaciones de Don Juan Antonio de Mogel sobre la lengua vascongada». Madrillen argitaratu tan, 1854-garren urtean; «Memorial Histórico Español», VII-garren tomoan.

        Iztegi andi bat bere egin el eban; baiña galdu edo egin da, antza. Idazlan guzti orreitatik, ederrena ta goragarriena «Peru Abarka» da. Itz-lauzko alkar-izketa luze bat dogu Peru Abarka. Eta antxe agertzen da, bizi-bizirik, amazortzigarren gizaldiko euskal-biziera; antxe ikusten doguz aldi aretako euskaldunen fedea, oiturak, lanak, ipuiñak, bertsoak, esaerak eta abar. Baita erremienta, tresna, abere, landara ta egaztien izenak bere.

        «Bizkaian ez ezik, Euskalerrian argitara den libururik ederrenetakoa da Peru Abarka». [13].

        Euskal-literaturako pitxi eder bat da, leenengo euskal poema, euskalzale guztiak irakurri bear leukeen liburu egokia, onuratsua ta atsegingarria.

        Ba ditu izan akats batzuk euskera aldetik, joskeran batez bere [14]. Baiña aurrenengo doanak uts batzuk egitea, ez da mire egiteko gauzea. Gaiñera, Mogelen euskerea orain berreun urteko euskerea da. Eta, beste alde batetik, dakian baiño mordoilloago idazten dau, irakurleak obeto ulertu dagian:

        «Esaten dabee, gitxien esan bear leukeen askok, euskerea baldresa, traskilla ta soñeko zantarduna dala, ezin iñok apaindu leikiala. Nik gura baneu apaindu, bere etxe ta utxaan daukazan bitxi ta jantzi ederrakaz, apainduagoak urtengo leuke erdera askok baño; baña ezagutuko ez leukee etxekotzat, dongaro jantzita beti ikusi dabenak. Orregaitino, ez dot jantziko jaiegunetako soñekoakaz, esan gura dot, ez dodala irakatsiko noraño elduten dan bere ugaritasuna berbeetan» [15].

        Ba ditu, bada, akats batzuk gure Maisuak bere (nok ez?). Baiña, alan eta guzti bere, Maisua Maisu. Eta berak darabillen euskerea, erri-erriaren euskera ugari landua ta apaindua da. Jakiña; «Basarteko» ikasleak errikoia izan bear [16].

        Ez gaitezan ibilli, bada, «zaietan ziogi, urunetan ero. Zai apur bat galdu ez dedin bildurrez, ta urun ederra galduarren ardurarik ez» [17]. Eta goazan, goazan urunetan gure Mogel andi ta aberatsaren errotara.

 

        [1] On-ona izan ei zan:

                «On bat bear dozu,

                santu lakoa...?

                Or dago Mogel Jauna,

                bana-banakoa».

                        (Azkue Eusebio)

        Frantziako Matxinadatik iges eginda beragana etorri ziran abadeai eta beartsuai lagunduten emon ebazan bere diruak-eta, goian zerua ta bean lurra il zan.

        Gaixo bat ikustera joan zanean, aren gaixoa naastu jakon berari bere eta atatik il zan.

        [2] Artu-emon andiak izan zituan aldi aretako izkuntzalariakaz, batez bere, Humboldtegaz. Beronen laguna eta lankidea bere izan zan. Eta Humboldteri Mogelek emon eutson beronek Markiñako Mugartegiren liburutegian aurkitutako «Leloren kanta».

        [3] Peru Abarka. Editorial Itxaropena. 174-garren orrialdean.

        [4] Ibidem. 35-garren orrialdean.

        [5] Ibidem. 155-garren orrialdean.

        [6] Peru Abarka, 68-garren orrialdean.

        [7] Diálogo entre dos amigos eclesiásticos, el P. Fr. Pedro de Urlia y D. Juan de Zandia. (Durangon 1881-an argitaratutako Peru Abarkaren azkenaldian).

        [8] Peru Abarka, 175-garren orrialdean.

        [9] San Martin Juan. «Mogel», Itxaropena, 1959, 32-garren orrialdean.

        [10] Diálogo entre dos amigos eclesiásticos...

        [11] Peru Abarka, 175-garren orrialdean.

        [12] Ikusi: Milla olerki eder, 253-garren orrialdean.

        [13] «Orixe», «Euskal-literaturaren atze edo edesti laburra», Euskal-Esnalea, 1927.

        [14] Bera bere konturatu zan: «Asi Axular como el P. Cardaveraz ponen el verbo al último de la oración, a no venir con relativo, y será bien se haga así, pues sale más natural... Esta falta me dijo que cometió el inmortal D. Juan Antonio de Mogel» (Añibarro).

        [15] «Konfesino ona», itzaurrean.

        [16] Errikoiegia bere bai. Orregaitik erabiltzen ditu: Mendija, darua, betia, buruba ta abar.

        [17] «Konfesino ona», 21-garren orrialdean.

 

Bilaketa