literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal idazleak»
Mikel Zarate

Derioko Seminario-Ikastetxea, 1970

 

Eguzkitza Juan Bautista

1875-1939

 

        Nor zan

        «Gure erri maite oni bere siñesmen eta ekandu onetan iraunazoteko, lenen eta aurrenengo Goiko Jaunaren laguntza da; baiña orren urrengo, eguzkiaren azpian daukagun laguntzarik onena, geure euskerea da; laguntzarik onena, Euskalerriaren gogoa, bere izakera berezia, bere barreneko arpegia darakusan ispillua, geure asabakandik datorkigun euskera zaar au da. Izkuntza aldatzea, erriaren gogoa aldatzea da: baiña gogoa aldatzeak, aurreragoko siñeste, ekandu ta izakeraren aldatzea beragaz daroa; augaitik, Euskalerrian, bere siñeskintza ta ekanduai eutsiteko, bere gogoari gogo orren mendu ta izakera bereziari eutsi bear dautsegu; baiña oni eutsiteko, euskerea galdu ez dedin, lan egin bear dogu. Gizon eta erri bakoitzak izkuntzaren bidez bere barreneko bizia agertu ta azaldu daroa: augaitik, edozein errirentzat ogasunik bereena, bere mendu ta izakeraren agerpenik garbiena bere izkuntza da: Euskalerriarentzat, euskerea» [1].

        Orra or, oraintxe ezagutzera goazan gure idazle Eguzkitza Juan Bautistaren eretxi sakon bat, bere asmo nagusia ta jokabidea.

        Euskaldun, fededun eta jakitun izan zan Eguzkitza. Eta, euskeraz, bere fedea ta jakituria euskaldunen buru-biotzetan ereiten alegindu zan, bere bizitza guztian, «orain arte lez, aurrerantzean be, euskerea geure siñestearen lagun eta jagola izan dakigun» [2].

        Lemoan jaio zan Eguzkitza. Il bere bertan egin zan.

        Abadea izan zan. Eta leenengo abade-ikasketak Zornotzan (Amorebietan) egin zituan. Gero, Bitoriara joan zan eta ango Abade-Ikastetxean egin ebazan Filosofia ta Teolojia.

        1899-garren urtean egin zan abade. Eta Lekeition emon zituan bere bizitzako urterik geienak. Ango Latin-ikastetxeko irakasle izan zan.

        Abade-alkarte bat sortu zan 1912-garren urtean; «Jaungoiko-Zale Bazkuna». Kristiñau-Ikasbide lanak egiteko sortu zan eta lan asko egin eban Kristiñau-ikasbide, liburu, aldizkari ta abar argitaratuaz. Ba, Alkarte orrek argitaratzen eban aldizkaria atonduten ebenen artekoa egin eben Eguzkitza.

        Euskaltzaindikoa bere izan zan, 1919-garren urtetik asita, au da, Euskaltzaindia sortu zanetik eta aurrera.

        Bere denporan oso entzute andikoa izan zan. «Gai zailletan eta argi euskerez au baino obeki mintzatu denik ez dakit ote den Euskalerrian» [3].

 

        Idazlanak

        Gizon fiña izan zan Eguzkitza, eta idazlan asko egin ebazan eta sakonak. Sustraira, unera, sakonera joten dau beti. Eta, augaitik, gai sakonak eta zaiilak darabilz geienetan: Teoloji-gaiak, Filosofi-gaiak, euskera-gaiak... Jakintza arloan diardu, euskaldunak eta euskera jakintza maillaratu gurarik. Eta jakiña, eskoladun irakurleak bakarrik ulertu daikeez ondo aren idazlanak. Ikusi daiguzan, bada, zeintzuk direan:

        «Garbitokiko arimaen illa». Sarda y Salvanyren liburua euskeratuta.

        «Andra Mariaren Loretako illa». Gure eleizatan, maiatzeko illean, sarri irakurri izan dan liburu sakona; sakonegia erriarentzat. Andra Mariaren birtuteen azalpen bat da.

        «Gizarte-Auzia. Ugazaba ta langille arteko goraberak». Sozialismua, komunismua, sindikalismua ta abar zirala ta etzirala sortu zan gizarte-auzia azaltzen dauan liburua. Idazlan txalogarria, euskeraz gitxi erabilli diran gaiak darabilzalako. Gaiñera, aldi aretako gizarte ta politika giroa ikusteko bere zerbait balio dau.

        «Argi Donea». Gipuzkoaerazko Aita Baltzolarena bizkaieratuta. Auxe bai dala oraintsurarte gure parrokietan sarri be sarri erabilli izan dan eleiz-liburu mamintsua!

        «Kristiñau-ikasbidea». Guk gaztetan ikasi genduana. Teolojia guztiaren laburpena.

        Gaiñerako lanak aldizkarietan argitaratu ziran: «Jaungoiko-Zale»: «Ekin»; «Euskera» (euskerari buruz egindako ainbat idazlan sakon eta eder); «R.I.E.V.» eta abar.

        Bere sermoe mordo bat dago oraindiño argiratu barik.

        Bere denporako irakurleak, batez bere abadeak, zeruraño goratu eben Eguzkitza. «Sakona, egokia, mamintsua da Eguzkitza; euskera erreza, gozoa ta erritara darabil», esaten eben.

        Guri, ostera, gogor samar egiten jakuz aren idazlanak. Euskeraz gai sakonak irakurten oitu barik gagozalako? Urteotan jakintza arloan egin diran aurrerapideak Eguzkitzaren lanak atzean itxi dabezalako? Ez dot uste orregaitik bakarrik danik, bada gai sakonak erabilli egin bear dira euskeraz bere, eta (bigarren itaunari erantzuteko) idazle bakotxa bere aldiratuta irakurri bear da.

        Zergaitik egiten jaku, bada, gogor eta astun samar?

        «Maixu batek lez idazten dau beti Eguzkitzak: Argi, otz, zuzen, kontuz... Bear bada, astunegitxua egiten jaku, luzarora, bere idazkerea, itzen garbitasunari ta gramatikako legeai lotuegia edo dalako» [4].

        Bizkortasuna, arintasuna, falta jako, sarri askotan, gure Eguzkitza jakitunari. Esatekoa argi ta garbi, neurtuta ta zeatz esan gurarik, lotu eta gogortu egiten dau euskerea. Gaiñera, erdel-usaiña daben berbak alboratu egiten ditu, ta, orrek bere, illundu ta moteldu egiten dauz bere idazlanak. Baiña, alan eta guzti bere, zer-ikasi asko dogu beragan, bai gai aldetik, bai euskera aldetik.

        Akatsak, kentzeko erakusten dira, landarea obeto azi daiten, ez landara ederra ebagi ta sasira jaurtiteko.

 

        [1] Lenengo euskal-egunetako itzaldiak, 127-garren orrialdean.

        [2] Idem, 128-garren orrialdean.

        [3] Orixe, «Euskal literaturaren atze edo edesti laburra».

        [4] Etxenagusia Karmelo, «Euskal Idazleen Lorategia», 231-garren orrialdea.

 

Bilaketa