Barrutia Pedro
1682-1759
«Gabonetako Ikuskizuna (Acto para la Noche Buena)». [1].
Ona emen gure leenengo teatro lana, beste euskal-liburu askoren antzera, oraintsurarte illunetan eta autsartean euki dogun teatro-pitxi ederra.
Nork egin eban? Ziur ez dakigu; baiña 1711-tik 1752-arte Mondragoeko eskribaua izan zan Barrutia Pedrok egin ei eban [2]. Aramaiokoa izan zan Barrutia.
Zer da «Gabonetako Ikuskizuna»? Antxiñako «misterio» bat dirudi [3].
Zergaitik euki dogu baztartuta? Euskera mordoilloz txipristinduta dagoan urregorria ikusi ez dogulako.
Egia da izan, uts asko ditu euskera aldetik. Uts asko ditu, bai. Baiña gai aldetik? Azalari bakarrik begiratu barik, mamiña bere ikusi daigun, idazlan bat azala eta mamiña, biak batera, da-ta. Euskerari bakarrik begira egonda ez dogu ezer egiten. Zenbat idazlan ganorabako daukaguzan «euskera ederrez» jantzita!
Euskeraz ez da sarri egin «Gabonetako ikuskizuna» lako teatro-lan ederrik. Axe da, benetan, euskaldunentzat euskaldun erara egindako misterioa! [4]. Amazazpigarren gizaldiko euskaldunak ezagutzeko egoki-egokia.
Gaia Gabonetako gaia da: Jesusen jaiotza. Eta ederto josita dago itz neurtuz, dantza ta kanta ta guzti. Eta Gabonetako erlejiño-giro gozo ta liriku baten sartzen gaitu Gabonetako kanta ta erreguakaz:
«Gaur dala gabon gaba,
gaur dala gabon,
gaur egiten jaku
Jangoikoa gizon» [5].
«Adanen pekatua kausa izanik,
denbora luzean gabiltza itxurik.
Desegindu beiz zeure argiak
gure biotzetako odei guztiak.
Pobrero jaio zara, Jesus dulzea,
ediro ezin arren ostatu obea.
Portale ori itxita, zatoz geugana!
Bakizu gure biotzok zureak dirana» [6].
Baiña erlejiño-giroaren seriotasuna astunegia izan ez dakigun, euskaldunen esaerak eta umorea agertzen dira aringarri:
«Berbok eder aoan,
orapilloa kolkoan» [7].
«Zurekin beti gerran baño
obe dot zu baga bakea» [8].
«Auxe dala Zeledon,
artu bai ta ez emon» [9].
«Beti arran eginik,
naduka adikaturik.
Erri bateko kanpaetzat
eztau bere parerik» [10].
«Auxe dok, auxe, gure morroe,
alper kazadorea.
Kazara doean orduan beti
aldamenean botea.
Ak ari sarri emon oi jeutsak
apa gozo dultzea» [11].
«Gure mutil au izango jaku
santu guztiz andia,
alboan falta dakionian
kuartilloko ontzia.
Aritxabaltxo gurea,
zezen-toreadorea,
penitentzia egite ori
ez dok intxaur-saltsea» [12].
Ezizen eta anakronismu barregarriak bere ugari agiri dira.
Euskalerrian oraintsurarte indar andia euki dauan siñeskeri bat bere antxe agertzen da. Begira:
«Adi, adi, adi, adi,
adi ezazuz berba bi:
Azkonarraren atzamartxoa
ekarriko dot menditi,
begizkorik eztegizuen
bulartxorean isegi» [13].
Oso aberatsa da Gabonetako Ikuskizuna, bai gai aldetik, bai eusko-folklore aldetik eta bai teatro-lan aldetik bere.
Eta euskera aldetik? Len bere esan dogu. Uts asko ditu; erderazko joskera ta berbak nunnai aurkitzen doguz. Baiña, alan da guzti bere, zenbat esaera ta antxiñako aditz-jokera eder!
[1] Ikusi: «Teatro Zaarra». Auspoa Liburutegia. 1965.
[2] Ikusi: Aresti Gabriel, «Pedro I. de Barrutia Mondragoeko eskribauaren Gabonetako Ikuskizuna, euskeraz eskribidutako lenengo teatruzko lana», «Euskera» (1959), eta «Primera aportación para el conocimiento de la vida y obra de Pedro Ignacio de Barrutia y Basagoitia (1682-1759)», «Euskera», (1960).
[3] Asierako teatroak (Españan beintzat) eleizetan egiten ziran, eleizkizunen antzera, salbaziñoko misterioak obeto ulertu egizan erriak. Teatro orrei «misterioak» eritxoen. Eta Gabonetakoak eta Pasiñokoak izan ziran entzutetsuenak.
Leenengotan abadeak eurak egiten ebezan. Gero,laikoak bere parte artzen asi ziran. Eta urteak joan, urteak etorri, serioegiak ziralako edo, barregarrikeri batzuk erantsi eutseezan. Eta, jakiña, kale-usaiña artu eben. Orregaitik, 1559-garren urtean, teatro orreik eleiz-barruan egitea galazo egin eban Eleizeak.
Arrezkero, eleizpean egiten ziran. Eta, azkenean, plazan edo beste leku egoki baten. Barrutia edo dana dalakoaren «Gabonetako ikuskizuna» «misterio» bat dogu. Baiña azkenaldiko misterioa, eleizatik kanpora egitekoa.
[4] «Pasado y presente, sagrado y profano, Belén y Mondragón se entrecruzan y combinan mediante un artificio tan hábil como sencillo» (Mitxelena Luis).
[5] «Teatro Zarra», 45-garren orrialdean.
[6] Idem, 41-garren orrialdea.
[7] Teatro zarra. 32-garren orrialdean.
[8] Idem, bardin.
[9] Idem, 31-garrenean.
[10] Idem, 24-garrenean.
[11] Idem, 30-garrenean.
[12] Idem, 35-garrenean.
[13] Idem, 43-garrenean.