Kerexeta Jaime
Elorrion jaioa (1918). Abadea.
Olerkari legez agertu eban bere burua Kerexetak euskal-Íiteraturaren plazan.
Gerora, olerkiak alde batera itxita, Liburu Santuak eta Meza-liburua euskeratzen ekin deutso. Eta lan bear-bearrezkoa ta txalogarria egin dau. Bere idazlanik ederrenak oneixek dira:
«Orbelak» (1958). Olerki txorta bat.
«Bitargi» (1960). Bigarren olerki txorta.
«Jesukristo gure Jaunaren Barri Ona (Ebanjelio Alkartuak)» (1960).
«Eguneroko Meza» (1963). Meza-liburua.
«Didaje (Amabi Apostoluen Irakaspera)» (1965).
«Apostoluen egiñak eta idazkiak» (1965).
«Jesukristoren Barri Ona (Lau ebanjelioak)» (1966).
«Salmutegia» (1967).
«Umeen Biblia» (1969).
«Euskerari buruz, barriz diñosku berak bere «Eguneroko Meza»-ren itzaurrean ezin eder egin daikeoet guztiai: batzuek euskera landua dakie, beste batzuek ez: urliak euskera garbia nai dau, berendiak orrenbeste be ez. Ta, zoritxarrez, geienak ez dabe artu iñoiz eskuan euskerazko gramatikarik, eta, beraz, ez dakie esaera bat zuzen ala oker dagoanik. Eskerrak, orraitiño, gure erriak bere joskera jatorra galdu ez daualako!
»Gaitz, benetan, guztien gogoa betetea! Alan be, bide bakarra artu dot: bai mordoillokeritik, bai garbikeritik alde egiñik, erdiko bidetik joatea. Bestetara ekitea, barriz, gaur euskeraren kontra egitea dala uste dot.
»Beste onenbeste diñot itzai buruz be... Gaiñera linguista guztiak diñoenez ez dira berbak izkuntzari bizitza emoten dautsenak, joskera jatorra ta gramatika baiño. Gramatika da edozein izkuntzaren arima. Ez, ostera, edozelan asmatutako gramatikarik, erriaren izkera jatorra oiñarritzat daukan gramatika baiño. Eta errian sendo sartuta dagozan itzak len zuzen sortuak izan ezarren, naiz erderatik etorriarren edonoiz erabilteko eskubide oso-osoa dago, bai berbetan, bai idaztez».