literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Bizkaiko euskal idazleak»
Mikel Zarate

Derioko Seminario-Ikastetxea, 1970

 

Zabala Juan Mateo

1777-1840

 

        Nor zan

        Bilbotarra izan zan Zabala Juan Mateo. Bere aita Bakiokoa eta bere ama Billarokoa izan ebazan.

        Zeiñetan ez dakigu, baiña frantziskotarren komentu baten sartu zan amabost urte ingurugaz.

        Ikasketak Gaztela aldean egin ebazan. Eta, jakiña, urteetan euskerarik entzun ez egin barik egon zanez, sermoiak egiteko ta konfesetako ta... sortuta eta nagituta egoan Euskalerrira etorri zanean.

        Baiña Astarloaren «Apología de la lengua vascongada» irakurri eban eta orduantxe euskaltzaletu zan.

        Urte batzuk Bilbon emon ebazan Filosofia irakasten (1804-1815). Urte oneitan agertu ziran frantzesak bere (Askatasun-gerratea) eta Galizia aldera iges egin eban Aita Zabalak.

        Gero, 1815-garren urtean, Zarauzko Misiolari-Aztetxera joan zan. Eta, aurrerantzean, antxe Zarauzko komentuan bizi izan zan il arte.

        Misiñoiak emoten bere sarri ibilli zan, baiña Bizkai aldean bakarrik. Eta, Aita Añibarroren antzera, ibiltaldi orreitan batu ebazan euskera ondo ikasteko ta bere idazlanak egiteko materialak.

        Birritan izan zan komentuko Aita Nagusi bere. Eta bigarrenez Aita Nagusi zala, bere bizitzako azkenengo urteetan, estu ta larri ibilli zan.

        Izan bere, leenengo karlistadako gerrate negargarrian gagoz (1833-1840) eta estu darabillez fraileak.

        Ara zer diñon Aita Zabalak, il aurretxoan berak idatzitako karta baten: «Yo he sido conducido dos veces a Guetaria entre bayonetas, y tenido allí en clase de preso con centinela de vista, por estar este pueblo (Zarauz) insolvente en sus contribuciones. Otras dos, por medio de oficio, y tratado con menos rigor por otros motivos» [1].

 

        Idazlanak

        «Ni beti egon naz eta oraindiokarren bere nago, argitaratu bear eztala ondo ta alde guztietara ondo eginda eztagoan liburu(rik). Baita nik bakarrik ta iñok lagunduko ezteustala, Artea ta Berbatoki bi egiteko? Baita, barriz, nok erosteko eskribiduko dira Berbatoki zarrak? Euskerea dabil saki eginik guztien ostikopean, iñok bere ikusi gura eztabela eta euskaldunak eurak erbestetu ta aaztu gura leukela. Antxiñako ipuiñeko leoi zarrari legez, batak emoten deutso adarkadea, besteak ostikadea, besteak aginkadea. Nor(k) bada, erosteko dira libru orreek? Nor(k) irakurteko...?

        Zer? burua galanto ausi liburuak egin eziñik, urtu, orreek argitara aterateko, or ogetamar edo berrogei milla errial, ta gero saguak, zedenak ta autsak jateko? Ezkagoz orren zoroak; eztakit nik zetarako naukan Jaungoikoak, baia orain beintzat eztarabilt olango amesik» [2].

        Aita Añibarroren Idazlanakaz zer pasau zan ikusita edo, muker dago Aita Zabala euskerazko liburuak idazteko. Eta Ulibarrik diñotsonean gramatika bat eta iztegi bi egiteko eta Forua euskeratzeko, ezetza emoten deutso.

        Baiña, alan eta guzti bere, idazlan asko egin ebazan. Batzuk lan sakonak dira ta ondo ta zeaztasunez egiñak.

        Ona emen bere idazlanak:

        «El verbo regular vascongado». Bizkaierazko euskal-aditzaren azalpena. Zutanozko ta itanozko era biak noz egokiro erabilli daitekezan bere adierazoten deusku. Lan sakona ta zeatza da; Aita Zabalaren lanik ederrena. Bere bizitzarik geienean ibilli zan ibilli bere lan eder au egiten. 1848-garren urtean argitaratu zan.

        «Noticias de las obras vascongadas que han salido a la luz después de las que cuenta el P. Larramendi». Berrogetamabi libururen zerrenda ta liburu bakotxaren eretxia dakar. Kritiku, zorrotza ta zentzunduna da Aita Zabala.

        «103 conjugaciones del presente perfecto de indicativo o muestra de los 206 presentes de indicativo que da al vascuence don Pablo Pedro de Astarloa».

        «Colección de voces y frases vascongadas oídas en las misiones de Vizcaya».

        «Correcciones a la obra "Urteko domekak", del P. Astarloa».

        «Fábulas en dialecto vizcaíno». Gaxoaldi baten egindako lana. Ogeitairu ipuin dira guztiz, beste izkuntza batzuetatik euskeratuta geienak. Itz neurtuz eginda dagoz. Euskera asko ta ondo daki Aita Zabalak, baiña gatza falta jako. «Zabalaren ipuiñak gar eta ardura andiz irakurri nituan; baiña, tamalez, gatzontzian gatz gitxitxu idoro neban» [3].

 

        [1] Villasante, «Historia de la Literatura vasca», 237-garren orrialdean.

        [2] Aita Zabalak Ulibarri Jose Poulori bialdutako karta batetik artua.

        [3] Eguzkitza, «Lenengo euskal-egunetako itzaldiak»; 14-garren orrialdean.

 

Bilaketa